blogak

Sustatu

Napalmak erre zuen neskatoa: 50 urte bete ditu argazkiak

Artikulu hau ilustratzen duen argazkia duela 50 urte egin zen. 1972ko ekainaren 8an, AEBetako undar armatuak Trang Bang herria bonbardatu zuten napalm bonbekin. Nekazari herri hartako biktimen artetik, haur multzo batek ihesean irten zuen, eta herri kanpoan zeuden estatubatuarrekin zegoen Nick Ut argazkilariak argazki hau egin zuen. Erdian, napalmak guztiz erretako neskatoa, Phan Thị Kim Phúc

Nick Ut argazkilaria ere vietnamdarra da, biktima haiek bezala, Huỳnh Công Út da bere izena vietnameraz. Argazkilaritzako Pulitzer saria (AEBetako hedabide alorreko sari inportanteenak) irabazi zuen 1972 hartan irudi honekin: The Terror of War izena jarri zion, Gerrako terrorea.

Batzuen ustez argazkiak lagundu zuen Vietnamgo gerra amaitzen. Izatez, 1972an, jada AEBetako soldaduak gero eta gutxiago ari ziren borrokan, eta tropak murrizten ari ziren. 1975erako amaitu zen guztia, Saigon indar komunistek konkistatu zutenean.

Phan Thị Kim Phúc bizirik irten zen atakatik. Ez zen samurra izan. Berak kontatua da: "Napalma da imajina daitekeen minik beldurgarriena. [..] Urak 100 gradu zentigradutan irakiten du, eta napalmak 800-1.200 gradu zentigradu bitarteko tenperaturak sortzen ditu",

14 hilabete egin zituen ospitalean, azal transplanteak eta sendaketak egiten. Gerora, sinbolo bat bilakatu zen Vietnam sozialistako bizitzan, baina berak bizitza propioa egin nahi zuen, eta medikuntza ikasi. Hori lortu zuen azkenean, Kuban beka bat lortuta, eta han beste medikuntza ikasle batekin ezkondu zen. Eztei-bidaian, Moskura iritsi aurretik, eskala egin zuten Kanadan, eta senar-emazte gazteak hegazkinetik jaitsi eta asiloa eskatu zuten. Harrezkero Kim Phuc Kanadan bizi da.

1996an barkamena eskaini zien AEBetako soldadu beteranoei ekitaldi batean. Baita pertsonalki Trang Bang-eko erasoan parte hartu zuen bati. Hurrengo urtean gerraren biktima diren haurrei laguntzeko Kim Phúc Fundazioa sortu zuen UNESCOren laguntzarik.

50 urteren ondoren, lagunak dira argazkilari hura eta neskato hori. 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07