blogak

Sustatu

Mintzoak.eus berriztuta eta Eleketa erakusketa abian

Mintzoak proiektuak, Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ekimenak, webgunea berriztu du. Ahotsak proiektuaren ekimen osagarria da (elkarrekin partekatzen dituzte bi proiektuak grabaketak), eta Euskal Kultur Erakundeak kudeatzen du. Era berean, Eleketa izeneko erakusketa sortari ekin dio EKEk.

Une honetan webguneak biltzen ditu 929 grabaketa, 810 lekukorenak, 2.249 pasartetan bilduta, eta horietarik 914 bideo/soinu fitxategiekin daude ikus-entzungai. Herriz herriko aurkibidea bereziki interesgarria da, eskualdeka banatua, euskalki desberdinen doinua entzuteko. 

Bideotarik batzuek azpidatziak dituzte itsatsita (aurkibideetan, CC ikonoari begiratu). Adibidez bideo honetan, Lekorneko Besta Berri ospakizunak deskribatzen dizkigutelarik. 

Mintzoak proiektua honetan datza: Ipar Euskal Herriko ahozko memoria kolektiboaren bilketa, artxibaketa eta hedapena. 2007tik 2009ra EKE-k bere ekimenez eraman zuen, eta 2009tik hona Pirinio Atlantikoetako departamenduaren laguntza ofiziala du, et “Eleketa” izeneko programa bilakatu da. Ipar Euskal Herriko elkarte, irrati eta pertsona pribatuen artxibo soinudunen eta ikusentzunezkoen tratamendua publikoa da helburu, eta Pirinio Atlantikoetako artxibo zentroaren zaintze eta balorapen programaren egitekoetan da ofizialki.

Mintzoak proiektuak bildutako materialarekin erakusketa ere prestatu da, "Eleketa, ahozko oroimenak" izenekoa. Irailaren 25etik azaroaren 7ra, Pierre Espil mediatekan, Hazparneko lurraldeko 68 lekukoek beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute, 200 bideo-pasarte, irudi, objektu, artxiboko erreportaien eta bideo-sorkuntzen bidez. Aurrerago, Eleketa erakusketak Iparraldeko beste lurraldeetan ibiliko dira, betiere tokian tokiko testuinguruari egokituz, han eta hemen bildu lekukotasunak baloratuz. 2020ko azaroaren 13tik abenduaren 13ra Donibane Lohizunen erakutsiko da adibidez. 

Eleketari buruzko informazio gehiago hemen.

Ikus Mintzoak.eus berria: Webgune berrizketa diseinatu eta prestatu du teknikoki CodeSyntax-ek, Sustatu egiten duen enpresak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07