blogak

Sustatu

Milioi bat domeinu inportanteenak eta .eus-en sailkapena haien artean

Majestic izeneko analitika zerbitzuak, SEO zerbitzuekin edo webguneen posizionamenduekin lan egiten duenak, datubase interesgarri bat kaleratu du: munduko milioi bat domeinu inportanteenak. Ondorio interesgarri bat atera dute: horietarik %10 ez daude erabilgarri, hilda daude. Guretzat, beste datu interesgarri batzuk ere bai ikerketan: .eus domeinuen sailkapena.

Majestic Million deritzon datubasea osorik jaitsi daiteke, 800 Mb-ko CSV erraldoi bat da. Baina web bidez bilaketak egin daitezke. Tira, top 5a hau da:

│ 1 │ google.com │
│ 2 │ facebook.com │
│ 3 │ youtube.com │
│ 4 │ twitter.com │
│ 5 │ instagram.com │

Hortik beherakoetan... hutsune asko omen. Datuen fidagarritasunari begiratu dio informatikari batek, Craig Campbell-ek, eta datuak guztiz fidagarriak ez direla ikusi du: izatez, domeinuen %10 pasatxo ez daude operatibo. Ustezko milioian, 892.013 "bakarrik" daude martxan.

Horrek esan nahi du estekak hor daudela, beste toki batzuetatik loturak egin direla 100.000 domeinutara baina inora ez doazela gaur egunean. Majestic-ek esistitzen ez diren hainbat domeinutarako loturak zenbatzen ditu.

Ez gara harritzen. Sustaturen duela 20 urteko artxiboari begiratu, klikatu edozein albistetan, eta inongo estekarik agertzen bada, ez du funtzionatuko. Kasu askotan ezta domeinuak ere.

Baina tira, %10 domeinu hilen datua ezkutuan egon arren, Majestic Million datubase interesgarria da. Gure .eus domeinuen sailkapena egin daitekeela ikusi dugu, hemen:

83 .eus domeinu daude milioi erabileenean (.cat katalanak, 581). Euskadi.eus da lehena, sailkapen orokorreko 10.189 postuan. Euskara hutsezko lehena, Berria.eus da, eus-en barne sailkapenean 14., eta sailkapen orokorrean 137.976. postuan. Ondoren, euskara hutsezko hurrengoa Argia.eus dela uste dugu.

Sustatu.eus 54. postuan dago .eus domeinuen artean, eta 692.894.ean "sailkapen orokorrean". Gure historiaren erdian .com izan ginen, eta hara bideratzen zuten domeinuak egongo dira oraindik sarean, baina ez dakigu zenbaketa honek .eus-era ekartzen eta batzen dituen... sustatu.com bilatuta Majesticeko Milioian, ez da agertzen. Baina gure esteka zaharrek, funtzionatzen dute

Adibidez, duela 20 urte, 2002ko uztailean, argitaratu genuen hau: http://sustatu.com/1026722856 Google bidez bilaketak egin eta webguneen emaitzak alderantziz idatziak ematen zituen Elgoog zerbitzua... esteka originalak han jarraitzen du, baina zerbitzua jada ez dabil. Garai hartako irudi bitxi hau ere gorde dugu nolabait...

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07