blogak

Sustatu

Josebe Blanco: Internet azkarra baino gehiago behar du landa eremuak ez husteko

Josebe Blanco artzaina eta nekazaria da, Antzuolako Pikunieta baserriaren ardura darama, denbora osoko lanbide bezala, 2014an irakaskuntza utzi ondoren. Barruan Gaude podcast-ean erretratua utzi zuen bere buruarena. Twitterren ere jarrai dezakezua, @hausnarrean profilean, eta gaur bertan, hausnarrean hausnartuz egin duen haria hona ekartzekoa modukoa zela pentsatu dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarpena ikusi du Blancok, Interneteko sare ultraazkarra 1.200 baserritara iristeko plana duela Aldundiak. 

Hori irakurrita, bururatu zaiona.

  1. Sare ultrazkarrera konektatu? Abaila Kooperatibak aukera eman digu interneten bidezko konexioa izateko, komunikazioaren putreen atzaparretik libre.
  2. Baserrietan behar ditugu konektatu gure seme-alabek beren lagunekin, ez internetez.

Eta bigarren puntu horren ondotik, errealitatearen deskribapena:

"Egun arruntetan eskolarako joan-etorria: ordubete (x2 buelta). Bestelakoak daudenean, gaur bezala, 3 edo lau buelta. Urteak dira eskatu dugula beste leku batzuetan dagoen baserrietarako taxi-zerbitzua, behintzat bidaia batzuk arintzeko Antzuolako Udalari eta Landaolari. [Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioa]

"Zaila" omen da, eta beste asko bezala, hemen gaude gure bizkar gainean ekilibristarena egiten, saiatzen gure umeek izan ditzaten kalean bizi direnek dituzten aukerak: lagunekin egon, kirola egin... Hori guztia inor errudun sentitu gabe.

Hori ez da erraza, ordea. Umeek ikusten baitute, sasoi honetan zer nolako lan zama dagoen etxean, eta zer suposatzen digun kalera joan-etorriak egiteak. Guk ikusten baitugu haiek behar-beharrekoak dituztela kalean bizi dituzten horiek, eta zaila da ezetz esatea

Planak asmatuko dira erakundeetatik jendeak baserriko bizimodu aukeratzeko, internet jarri negoziorako eta ongizate maila adierazgarri. Baina jendeak, hemen bizitzeko, behar du sentitu babesa; zaharrek, gazteek eta umeek sozializatzeko baliabideak eta erraztasunak dituztela.

Nazkatura oinarrizko zerbitzu eta baliabide faltaz mendialdean. Internet ongi, baina aurretiko lan asko dago egiteko. Inguruko baserrietara begiratu, eta ez dago inor. Daudenek umerik ez. Umedunek alde egin zuten kalera txikiak eskolan hasi zirenean.

Landa eremua bizirik!"

Irudia: Pikunieta inguruan, elurretan urtarrilean, Blancoren Twitter jariotik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07