blogak

Sustatu

Itxialdia bukatzearekin batera, berrikuntzak eta funtzionalitate berriak Mendiak.eus eta Mendiak APPean

Ondo bidean, datozen egunotan amaituko da larraldi egoera Euskal Herrian (Iparraldean zein Hegoaldean) eta itxialdia bukatzearekin batera Euskal Herriko lurraldeetan barrena mugitzeko aukera ere izango dugu denbora gutxi barru (dagoeneko mugikortasuna librea da eremu batzuetan). Une egokia izan daiteke, beraz, mendira joateko eta Euskal Herriko txoko eta bailarak ezagutzeko. Euskal Herriko mendien inguruko aplikazioa da Mendiak APPa (eta bere webgunea, Mendiak.eus). 2016an sortua, harrezkero eguneraketak eta hobekuntzak egiten jarraitu dugu. Azken hilabeteotan egindakoen berri eman nahi dizuegu. Izan ere, eguneraketa mordoxka egin baititugu konfinamenduan zehar, behin gure etxeetako ateak irekita, guztion esku daudenak.

2016ko udazkenean sortu genuen Mendiak webgunea eta APPa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 2.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilterraz bat eskaintzen die informazioa aurkitzeko, mendi-igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko. Norbere estatistikak historikoak gorde eta kontsultatzeko aukera ere eskaintzen du aplikazioak.

Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta. 

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Azken hilabete eta asteotan, besteak beste, mapak eguneratu eta hobetu ditugu, informazio praktiko gehiago erantsi diegu mendi-fitxei eta Euskal Herriko mendilerroen bista berriak garatu ditugu, gure herrialdeko mendilerro nagusien fitxekin eta mendi-zerrendekin.

2019ko berrikuntzak

Azken hilabeteotan ondorengo funtzionalitateak hobetu ditugu eta baita funtzionalitate berri batzuk gehitu ere.

  • Mapa Layer berriak aplikatu dizkiogu, OSMko mapa berriak erabilita, APPean zein Mendiak webgunean. Horrela, mapen karga eta abiadura hobetu dugu eta mapen edizioa moldagarriagoa bihurtu da, alderdi grafikotik ere hobetuz.
  • Mapa Layer horiekin Trackak marrazteko aukera ere hobetu dugu, mendi-bideak ere bistaratuz, eta erabiltzaileentzat mapa erabilgarriagoak eginez, informazio osatuagoa dutenak.
  • Mendien fitxa berriak eta informazio zabalagoa. Eduki aldetik ere lan handia egin da azken hilabeteotan. 125 track berri gehitu dira datu-basera (mendirik garrantzitsuenetan), eta 500 mendi berri gehitu dira datu-basera. Gainera, mendi ezagun eta igoenen kasuan, informazio praktikoa ere editatu eta zabaldu da.
  • Aplikazioaren alderdi ludiko eta soziala ere garrantzitsua izan da beti guretzat, eta aurten urrats gehiago eman dira zentzu horretan. Igoera bista propioak sortu dira, igoerei atsegiteak emateko eta iruzkinak egiteko sistema garatu da, erabiltzaile bistan eguneraketak egin dira... Azken batean, aplikazioaren alderdi sozial hori indartzea izan da azken asteotako helburu nagusietako bat. Honi guztiari esker, igoerak partekatzeaz gain, estekatu egin ahalko dira eta jakinarazpenak ere mendizale baten igoera jakin batera bideratu ahal izango dira.
  • Erronka berriak gehitu ditugu dominen atalean. Mendizaletasuna bultzatze aldera, mendizaleei erronka txikiak proposatzen dizkiegu. 2019an zehar 10 erronka berri gehitu ditugu Mendiak-era, eta erronka horiek gainditu ahala domina birtualak irabaziko ditu mendizaleak. Tresna hau, batez ere, familientzat eta mendizale gaztetxoentzat dago pentsatuta.

Mendilerroen bista berriak

Gainera, atal berria gehitu dugu Euskal Herriko mendien webgunean, Euskal Herriko mendilerro nagusien informazioa biltzen duena. APPean ere laster izango duzue eskuragai.

Mendilerroen atal berri horretan, Euskal Herriko mendikate edo mendilerro nagusien mapa aurkituko duzue, eta Euskal Herriko mendilerro guztien zerrenda ere kontsultatu daiteke. 214 mendikate aurkituko dituzu zerrenda horretan, Abartan mendilerrotik hasi eta Zarikietako mendietaraino.

Esan bezala, berrehundik gora mendikate dira gure lurraldean identifikatu ditugunak, eta 2000 menditik gora gure datu-basean kontsultatu ahalko dituzunak. 

Mendilerro bakoitzaren fitxan, mendilerro horren inguruko informazioa, kokapena, mapa eta mendien zerrenda aurkituko ditugu. Hona hemen, esate baterako, Aralar edo Aizkorri mendikateen informazioa.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07