blogak

Sustatu

Independentea agerkari negazionistak artikuluak argitaratzeari utzi dio

Azken hilabeteetan negazionismoaren hauspotzaile izan den agerkari digitalak, Independenteak, ez du artikulu gehiago argitaratuko. Artxiboa sarean geratuko da, baina itxura batean, izoztuta geratuko da edukia. Kote Camacho Independentearen sortzaileak egindako lanaz harro dagoela adierazi du agurreko mezuan. Azalpenen gisa Camachok salatzen duenez, Independentearen bilakaeran oztopo gaindiezina suertatu izan da hedabidea agertu zenean Sustatuk argitaratu zuen titularra: "Independentea: Berriaren kontrako hedabide digital bat jaio da".

Independentearen aurkezpen artikuluan, aipu gehiago zeuden Berriari, eta Berriak ustez hartutako bide zentsuratzaileari buruz, hedabidearen ildo propioa izango zenari buruz baino. Eta hortik izenburua. Jakitun gara beste edozein epiteto sinesgarri jarrita ere, ez zitzaiela gustatuko: hedabide negazionista edo azientifikoa izateko itxura guztia zuela, adibidez. Horrek ere balioko zuen.

Guztiarekin, Sustatuk titular hura aukeratu izana terriblea izan da Independentearentzat. Idatzi du Camachok:

(...) momentu horretan ohartzen ez baginen ere, “kontra” jaio ginenaren mezu oker hori izango zen pixkanaka-pixkanaka euskal gizartean gehien barneratuko zen irakurketa, Independenteari dagokionez. Egun bakar batean ia-ia zapuztu egin zen hilabetetan zehar nekez diseinatutako eta altxatutako giro gogotsu eta itxaropentsua. Tupustean okertu zen. Dramatikoki. Ez ditut operazio hauen atzean dauden izen-abizenak inbokatu nahi. Hau irakurri eta erantzungo dutela jakite hutsak dardara eragiten didalako, eta idazten jartzeko sekulako balazta eragin dit horrek, beraz, askoz erosoago geratuko nintzateke azaldu gabe, baina honaino ekarri gaituen ibilbidea azalduko nuela zin egin dut.

(...)Egun, hilabeteak pasata, ez dugu uste irakurketa gaizto horri buelta emateko gai izan garenik.

Hortaz, iazko urri amaieratik orain arte egindako ibilbidea zaila izan da; Sustatugatik batik bat. Tarte honetan, disparatea ("teoria mikrobiarra faltsua" dela, dio batek) eta gezurra (Bizkaiko biologoen dekano ezaguna, inon gezurtero gezurtirik bada...) izan dira nagusi Independentearen ibilbidean, eskuin muturreko Qanon konspirazioarekin lotura argumentalak barne, zenbait artikulugile eta ohiko iruzkingileen eskutik. Hona adibide batzuk, agenda global maltzurrak, Soros, juduak, Kalergi plana, aldaketa klimatikoa gezurra dela, eta ohiko susmagarrien totum revolutum horrenak:

Pandemiaren kontuetatik aparte, hizkuntzalaritza fantastikoak ere izan du agerpenik, Josu Naberanen eskutik batez ere; eta tarteka beste iritzi estandarrago batzuk, horietako batzuk beste hedabide batzuetatik kopiatuak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07