blogak

Sustatu

Inauteriak 2020: gretak, paratxutistak, egunean behinak...

Atzo amaitu ziren aurtengo inauteriak. Han-hemendik jasotako irudiekin bilduma egin dugu, Euskal Herrian agertu diren mozorro bitxien galeria bat. Agertu dira ministroak eta estatuburuak, Greta Thunbergak, paraxutistak, eta Egunean Behin jokoaren interfazeekin mozorrotu direnak ere. Bide batez, Dantzan atarikoei esker, mozorro eta koko-jantzien lexikoaz gehiago ikasi dugu.

Arancha Gonzalez Laya tolosarra Espainiako Atzerri ministroa da urtarriletik, eta Tolosan pentsatu zuen batek hartaz mozorrotzea ideia ona izan zitekeela. Ministroak ondo hartu du ideia eta bere txio-lerroan argitaratu du. Hori bai, mozorrotu dena ere ezagutu duzue akaso... Xabier Zeberio musikari tolosarra da, Alos Quarteteko partaidea.



Ministroaren erreakzioa gertatu zen bezala, Ipar Koreako ordezkari batena ere izan da Arrasateko inauterietako beste talde honen harira. Desfile militarra antolatu zuten sidekar eta tanke eta guzti: Ipar Koreako presidente Kim Jong-Un da, noski. Irudiei agur bero bat egin die Alejandro Cao de Benos-ek, Ipar Koreak Espainian duen ordezkari ofizioso bitxiak.



Agintari ofizialekin jarraituz, Espainiako errege-erreginek agerpena egin zuten Tolosan, alabekin eta gonbidatu berezi batekin: farolatik zintzilik geratu zen paratxutista espainolarekin.

Kasu honetan, badirudi beste paratxutista batzuk ere izan direla inguruan... Mutil hau birala bihurtu da, baina uste dugu ez dela Euskal Herrikoa:



Egunean Behin jokoaz mozorrotzerik erabaki duenik ere bada. Eibarren koadrila bat irten ziren, interfaze dinamiko eta guzti; eta Zumaian, berriz, mozorroa mexikar tradizionala izan zen, baina pertsonaia asmatzeko Egunean Behin erako galderak itsatsi zituzten bizkarrean.

Azpeitian, sona handikoa izan da Egan taldeaz mozorrotu den taldekoa. Ez bakarrik jantzi, kontzertu osoa ere eman dute playback zoragarrian:



Eta Azpeitian halaber, mutil bat Gretaz jantzita. Ez zen bakarra izango Euskal Herrian, baina bereziki deigarria egin zaigu Iruñekoa,Bernart Etxeparen ikastetxean egin zuen greba Greta Thunbergek kalejiren alde. Izan ere, eskoletako kalejiren araudia estutu berri du Enrique Maya Iruñeko alkateak. Euskarazko ikastetxeetan euskara kalera ateratzeko ekitaldiak (Santa Ageda, Inauteriak eta abarrak) oztopatzeko bide bat dela uste dute Iruñeko euskaltzaleek, kalean are gehiago murrizteko euskararen presentzia hutsa.

Eta orain, zintzo ibili Garizuman,

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07