blogak

Sustatu

IƱaki Segurola, persona non-Greta

Iñaki Segurola euskalari, idazle, euskaltzain urgazle eta polemista atzo hil zen 60 urterekin. Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuan lan egin zuen 1990eko hamarkadatik, eta baita Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan ere. Saiakera liburuak idatzi zituen, bere iritzia uhin eta zutabeetan banatu, eta eleberri bat argitaratu zuen iaz Koiteretzia.

Iñaki Segurolaren espiritu polemista eta prosa finaren adibide dira Urola Kostako Hitzan idazten zituen 'Puntuka' izeneko iritzi zutabeak. Uste dugu gehienak bilduta daudela Uztarria agerkarian. Horietako baten zatia hemen, bere luma zorrotzaren adierazgarri, eta prosa prezisoan:

Aurtengo udaberrian uretan surfista neoprenatu batekin gurutzatu, eta ni larru librean ikuste hutsarekin hoztu egiten zela bota ez zidan ba! Emanber jende-modu honi ahaztu egin zaiola zer zen gorputza itsasoan eta itsasoa gorputzean sentitzea. Gorputza kondoituta sartzen dira uretara, eta halaxe behar duela irudituko zaie, eta orobat itsasoan egin litekeen gauza bakarra dela beren taula horiekin ostiyena jotzen ibiltzea modu ikusgarri eta erakusgarri batean. (...)

Goikoa, Surf artikulutik. Polemikarako bere gogoaren adierazle, Maialen Lujanbioren bertsokerari kritika bat 2017an.

Ahotsez ere ematen zituen danbatekoak. Euskadi Irratian 10 minutuko sermoia eman zuen zenbair urtez, lehenbizi Arratsean saioan, eta azken hilabeteetan Amarauna saioan (hemen bilduma bat).

Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrin saioan ere parte hartzen zuen, zeinagatik Argia Saria jaso zuen irratsaioak 2020an. Saria jasotzean deitu zien bere irratiko lagun eta ko-sarituei Persona non-Greta zirela, baina tira, bere buruarentzat ere balio zuela ulertu zitzaion. Unea bideoan (16.20tik aurrera):

Bere saiakera liburuak izan ziren:

  • Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005, Alberdania).
  • Nere gorringotik (2008, Alberdania).
  • Arrazoia ez dago edukitzerik (2012, Alberdania).
  • Sed qui sua (2020, Erein) 

Azken horri buruzko elkarrizketak eskaini zizkion Urola Kostako Hitzari eta Argia aldizkariei, eta  bateko eta besteko iritzi potolo batzuk bildu genituen Sustatun, hemen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07