blogak

Sustatu

Euskeraren Xarmaren 4. Bilkura martxoaren 7an Elgoibarren

Larunbat honetan Euskeraren Jatorriak Euskeraren Xarmaren 4. Bilkura egingo du Elgoibarko Aubixan. Orain arte hiru bilkura egin dira eta bakoitzean gaur egun euskeraren jatorriari buruz proposamenak egiten ari direnen lanak sakonki ezagutu ahal izan ditugu.

Gure hizkuntzaren jatorria argitzeko bide luzea dugu. Batetik, Iruña-Veleiako grafitoei esker, badakigu alboko hizkuntzak baino gutxiago aldatu dela, unibertsitatean sarbiderik ez duten ikertzaile askok aspalditik proposatu ziguten moduan. Bestetik, azken hamarkada luzean Euskeraren Jatorriak egindako biltzarretan ikasi dugun moduan, euskera munduko hizkuntza askorekin aspaldiko loturak ditu, seguruenik, sedentarizazioa prozesua hasi baino lehen: iberierarekin, Mediterraneoko beste hizkuntza zaharrekin, Europako toponimia osoarekin…

Eta, hizkuntzaren sorreraren prozesua milaka eta milaka urtez luzatu zela ere kontuan hartu behar dugu. Beraz, fase guztiak azaltzeko teoria egokiak behar ditugula: nola sortu ziren lehenengo soinuak? Nola elkartu ziren? Nola garatu ziren kontsonanteak denboran zehar, hau da, zeintzuk dira hastapenekoak eta zeintzuk berriagoak? Nola elkartzen hasi ziren soinuak hitz kate luzeak egiteko? Soinuek eta euren esanahiek hasieran loturarik al zuten? Edukitzekotan noiz utzi zioten lotura hori edukitzeari?

Galdera asko dira baina gure aurreko eta oraingo ikertzaileen lanak elkarren ondoan jarrita, gauza batzutan bat datozela ikusten ari gara eta adostasun horietatik (momentuz gutxi) euskeraren jatorria topatzeko bidezidor txiki bat osatzen hasi gara.

Bide horretan biltzarrak eta bilkurak euren helburua betetzen ari direla uste dugu eta larunbat honetan, batez ere, soinuen sorrera faseari garrantzia ematen dioten ikertzaileak izango ditugu Aubixan:

  • Iosu Urrexola Atxak gorputzak berak egiten dituen soinuak kontuan hartuta, hizkuntza sortu ahal izan zela proposatu duen teoria berria azalduko digu.
  • Xebe Diez Zumalabek hizkuntza soinua besterik ez dela, bibrazioa mota bat… eta beraz, hizkuntzaren jatorria soinuen interpretaziotik egin behar dugula dio.
  • Iñigo Larragoiti Gonzalez de Mendibilek bokal eta kontsonante bakoitzaren atzean esanahi bat dagoela defendatuko du eta horietan oinarrituta hitzak zentzua hartzen joan direla.

Informazioa eta izena emateko: euskerarenjatorria@gmail.com

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07