blogak

Sustatu

Euskarazko bideojoko berriak Game Erauntsiaren katalogoan: Arclight Beat, Kogarashi eta GrinGoRun

Bideojoko berriak gehitu dira gero eta zabalagoa den euskarazko bideojokoen katalogora. Game Erauntsiak jasotzen duen katalogo horretan 3 izen berri gehitu dira azken asteotan eta hona dakarzkizuegu hirurak: GrinGoRun, Arclight Beat eta Kogarashi.

GrinGoRun

Lehenengo joko hau Android eta PC plataformetan aurkeztu du Victor Barañano garatzaile bilbotarrak. Bakarkako lana izan da berea.  

Zaldi gainera igo eta txanponak biltzea da arkade estiloko joko honen muina. Cowboy baten rola hartuta zaldi gainera igo eta txanponak biltzen aritu beharko dugu, beraz. Helburu hori lortzeko hainbat oztopo gainditu beharko ditu jokalariak (arrokak, kaktus landareak, mexikarrak eta bestelakoak saihesten ibili beharko gara) eta zaldia gobernatzea ere ez da lan makala izango. Helburua, ahalik eta txanpon gehien jasotzea ahalik eta denborarik laburrenean. 

GrinGoRun Android gailuetarako merkaturatu da, baina Barañanoren Itch.io webgunean ordenagailu bidez ere joka daiteke. Esan bezala, dohainik eta euskaraz joka daiteke abentura txiki zein dibertigarri hau.

Kogarashi

Kogarashi. Joko txikia, laburra baina ederra da. Euskaraz egoteaz gain, doakoa da: Steam bidez eskura daiteke musu truk. 

Abura Akago izeneko suzko deabruaren rola hartuko dugu titulu honetan. Izoztutako Japonian esnatuko da gure protagonista: Yuki Onna damak eta bere izotzezko deabruek herrialdearen kontrola hartu dute. Horiek garaitzea izango da gure helburu nagusia, horretarako hiru dimentsioko borroketan parte hartuta.

DigiPen Europe Bilbo ikastetxeko laugarren mailako ikasleek egin dute lana eta zentro honetako kideek egin duten lana goraipatzekoa da, kalitatez zein kantitatez lan handia egiten ari baitira. Besteak beste, hurrengo aipatuko duguna, hau ere duela gutxi argitaratua: ArcLight Beat.

ArcLight Beat

Gorago aipatu dugun Kogarashi bezala, hurrengo hau ere DigiPen Europe Bilbao ikastetxeko laugarren mailako ikasleen lana da. Doan lortu daiteke PCrako garatutako joko hau: Steam saltokian zein ikastetxeko webgunearen bidez deskarga dezakezu bideojokoa. Euskaraz aritzeko ez duzu ezer berezirik egin beharko: ezarpenetara sartu eta hizkuntzen artean hauta ezazu.

Eta, zer da bada Arclight Beat? Puzzleak, musika eta plataformak uztartzen ditu lan minimalista honek. Musikaren erritmoa jarraituz, jauzika joan beharko gara, plataforma batean aurrera, saltoka eta kutxa baten kontrola hartuta. Doinuaren atal desberdinetarako elementu edo mekanika desberdinak ezarriko ditugu: esaterako, abesti hasieran plataforma batzuk mugitzeko agindua jarri dezakegu, ondoren gune batzuek jauzi plataforma bezala funtziona dezaten. Musika eta bideojokoak uztartzen dituen lan interesgarria. 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07