blogak

Sustatu

Euskararen Gogoetaguneak hausnarketarako ponentzia sorta porestatuko ditu, eta gero publiko egingo ditu

Euskaltzaindiak Euskararen Gogoetagunea aurkeztu du, Jon Sarasua irakasleak koordinatzen duen think-tank bat, euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko asmoz. Momentuz bi ponentzia idatzi dituzte, baina ez dira publiko egin, beste dozena bat ponentzia osatu ondoren, "kontraste-taldean aztertu, hobetu eta onartuko dira, eta ondoren plazaratu egingo ditugu, eztabaida publikorako baliagarri izan daitezen”.

 

Ostiralean aurkeztu zuten egitasmoa Donostian eta bertan Jon Sarasuak esan zuen: “XXI. mendeak galdegai berriak ekarri dizkio euskararen bideari, eta une honetan norabide-krisi baten zantzuak bizi ditu. Abagune honetan, euskararen inguruko iritzi argitaratuak dibergentzia handi samarra agertzen du egoerari buruzko balorazioan, analisi eta planteamenduetan. Egoera honen erdian, elementu baten falta sumatzen da: bisio edo etorkizun-ikuspegia, eta horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusien marrazkia. Neurri batean, horretara dator egitasmo hau, arnas luzeko estrategiak marraztera, etorkizun-ikuspegiarekin”.

Jon Sarasuaz hain, Gogoetaguneak idazkari teknikoa du (Ibon Usarralde), eta 10 laguneko kontraste-talde bat. Bere lehen lanetan, ponentzia batzuk landu eta emaitzak "gizartearen eskura" jartzea du helburu. Ponentzia horietan lehena Sarasuak aurkeztu zuen ekitaldian, "Euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun ikuspegia".

Beste ponentzia bat ere prest dago, "Euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia". Kontraste taldeko Jon Aizpiruak eta Olatz Altunak idatzi dute hori. Eta beste batzuk ere etorriko dira, baina itxura batean ez dira oraingoz publiko egingo beren edukia. Jon Sarasuak adierazi zuenez, “datorren urteari begira, beste 5 ponentzia mahairatuko ditugu, eta aurrerago beste sei-zazpi. Ondoren, kontraste-taldean aztertu, hobetu eta onartuko dira, eta ondoren plazaratu egingo ditugu, eztabaida publikorako baliagarri izan daitezen”.

Argazkia eta informazioa, Euskaltzaindiaren webgunetik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07