blogak

Sustatu

Euskal gaiak The Economist eta The New Yorker astekari ezagunetan

Euskal gaiak agertu dira nazioarteko ingelesezko bi astekari inportantetan berriki. The Economist aldizkariak euskararen normalizazioari begiratu dio, eta The New Yorkerrek berriz Mondragoneko esperientzia kooperatiboari. Sarean daude bi artikuluak.

The New Yorker: Mondragon taldeko kooperatibak

Erreportaia landua da The New Yorker aldizkarikoa. Izenburu eta luzapena, honakoak ditu:

How Mondragon Became the World’s Largest Co-Op - In Spain, an industrial-sized conglomerate owned by its workers suggests an alternative future for capitalism.

Nick Romeo kazetaria apirilean izan zen Debagoienean, eta zenbait kooperatibatan hainbat lagun elkarrizketatu zituen. Soraluce, Mondragon Unibertsitatea edo Fagor Automation enpresetan izandako esperientziak biltzen ditu erreportaian. Historia ere egiten du, Jose Maria Arizmendiarrietan zentratuz, eta ULGOR lehen enpresa sortu zuten bost fundatzaileak aipatuz.

Estatu Batuetako ingurune ekonomikoarekin konparatzen du kooperatibismoaren esperientzia, AEBetan esperantza gutxi izango lukeela ereduak aipatuz. Non eta AEBetan enpresa bateko exekutibo nagusiaren eta langile xumeenaren arteko soldata desberdintasuna 351-1 den, Mondragon taldean 6-1 dela azpimarratzen du kazetariak. Gainerakoan, kritika batzuk ere aipatzen ditu, nola atzerrian enpresa filial gehienak langile ez-kooperatiboz osatuak dituen taldeak, tokian tokiko baldintza kapitalista arruntetan. 

Artikulua hemen irakur daiteke. Ordainpekoa da The New Yorker, baina hilean artikulu kopuru bat doan irakurtzen uzten dizu, eta sarbidea izango duzu orduan ez baduzu besterik bisitatu azken egunetan. TuLankide agerkari kooperatibistak ere eskaini dio bisita eta erreportaiari artikulu parea.

The Economist: Euskararen normalizazioa

The Economist aldizkarikoa gehiago da iruzkin landu bat erreportaia bat baino. Europako hizkuntza gutxituei eskaintzen zaien begirada da, baina euskararen kontuak aipatzen dira gehien, normalizazio edo berreskurapenean arrakasta izan duen hizkuntza gisa aurkeztu geurea. Izenburu hau du: The struggle to preserve regional languages - Activists in the Basque Country and elsewhere have triumphed—within limits

Topiko zaharren bat edo beste aipatzeaz gain, ezagutzan aurrera egin dela azpimarratzen du The Economist-eko kazetariak. Erabileran hainbeste igartzen ez dela onartzen du, eta horretarako motibo batzuk aipatu. Hizkuntza politika derrigortzeari buruzko iruzkinen ere badago tartean... doinu baikor eta lagunkoi bat nabarmentzen da, dena dela.

Artikuluko testua hemen dago, eta ordainpekoa da The Economist, baina doako izen-emate batekin artikulu multzo bat doan irakur daiteke. Horrez gain, egunero egiten duten gaien podkastean agertu zen kontua, eta testuko puntuak ia osoki daude audio horretan, hemen, 17. minututik aurrera. The Economist-ek ez du izenperik paperean edo Interneten, baina podkastean zehazten da Lane Greene izan dela kazetaria, hizkuntza gaietako aditua The Economist-en eta aldi berean Madrilgo korrespontsala.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07