blogak

Sustatu

Europako urteko zuhaitza aukeratu

Urtero egiten den bozketa eta sariketa berezi bat: Europako Urteko Zuhaitzaren aukeraketa. Otsailaren 28a arte dago epea, edozeinek web bidez boza emateko. Estatuen araberako aurre-aukeraketa batzuen ondorioa da, eta ez Espainian ez Frantzian ez dugu aurkitu euskal zuhaitzen partaidetzarik, baina tira, badu interesa bere bitxitasunean.

Espainian, euskal zuhaitzik gabeko aukeraketa batean, Aragoiko arte zahar bat da hautagaia, Lecina herrian dago, "carrasca" esaten diote bertan arteari, nonbait (gaztelaniaz, encina). Hemen Espainiako aukeraketei buruzko webgune parea: BatBi.

Frantziako hautagaia, makal ikusgarri hau, La Pouplie esaten diote. Hemen ere, ez dirudi Euskal Herriko zuhaitzik sekula sartu denik lehiara, mapa honek erakusten duenagatik behintzat.

Beste ale ikusgarri batzuk:

  • Lau enborreko Ypresko gaztainondoa (goiko irudikoa). I. mundu gerran Flandriako trintxeretan enbor soil bezala geratu zen doi-doi bizirik, baina harrezkero, hazi da, eta forma berezi bat hartu du lau enborretako izakia bihurtuz.
  • Txekiako sagarrondo hau: ez adinez ez tamainaz ez dirudi bereziki deigarria, baina badu bere xarma, merendero batean itzala ematen.

Aurreko urteetako garaileak ,hemen zerrendatuta. Iazko garailea Txekiako pinu bat izan zen, laku batean harri artean haztea lortu duen ale berezi bat.

Euskal Herriari dagokionez, Hegoaldeko administrazioetan bada "aparteko zuhaitz" izendapena eta babes-maila, eta hauek dira izendapen horrekin Wikipediak aipatzen dituen arbolak,.

Europako lehiaketarako, hilabete amaierara arte bozkatu daiteke https://www.treeoftheyear.org  webgunearen bidez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07