blogak

Sustatu

Ekimen pilotua: Txikipedia ari dira elikatzen ikastoletan

'Nik, zuk, guk… 250 bai?' izeneko proiektu pilotua abiatu dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Lankidetza saio honetan, Txikipedia elikatzeari ekin diote Euskal Herriko hamalau ikastolatan. Helburua da otsaila eta martxoa bitartean 250 sarrera berri idaztea Txikipedian, euskarazko Wikipediaren haurrentzako artikulu egokituen atalean. Dagoeneko martxan da proiektua, eta lehentasuna jartzen ari dira emakumezkoen biografietan, bereziki zientzialarienetan.

Ikastolen Elkarteak ohar batean nabarmendu duenez, «hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira». Horrez gain, «sarean oro har eta Wikipedia/Txikipedian zehazki, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da».

Hauek dira ekimenean parte hartzen ari diren ikastolak: Aita Larramendi (Andoain); Andra Mari (Etxarri Aranatz); Armentia (Gasteiz); Asti Leku (Portugalete); Betiko (Leioa); Elgoibar ikastola (Elgoibar); Ikasberri (Azpeitia); Iñigo Aritza (Altsasu); Laskorain (Tolosa); Lautada (Agurain); Lizarra ikastola (Lizarra); Orereta (Errenteria); Paz de Ziganda (Atarrabia); Txintxirri (Elorrio); Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo).

Ikastola horietarako helburu hauek markatu ditu elkarteak:

  • Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
  • Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Konpetentzia digitala lantzea.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuz, proiektua nola doan jakinaraziko da.

Txikipedia kontsultatzeko, webguneaz gain, aplikazioa ere badago:

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07