blogak

Sustatu

Durangoko Azokak denda aurre-ireki eta ekitaldien erreserba antolatu du

Durangoko Azokak ireki du jada beredenda: katalogoa has zaitezkete errepasatzen, Azokaren egunetan erosketak egin nahi badituzue (erosketa prozesua abenduaren 4an aktibatuko baita, gaur zortzi, datorren asteko ostiralean). Katalogo horretan 2.319 produktu daude, 852 dira nobedadeak. Era berean, Azoka hutsik egotetik urrun egongo da azkenean: 100 ekitalditako egutegi bat prestatu da, eta presentzialki zein urrutitik jarraitzeko bideak aurkeztu dituzte.

Era berean, Azokak iragarri du Durango bera ez dela hutsik eta mutu izango: Landako Gunea bera eta Plateruena Kafe Antzokia gune aktiboak izango dira. 100 kultura ekitaldi inguru, guztira. Plateruenan izango dira aurten disko aurkezpenei lotutako zuzenekoak. Guztira 37 musika-talde igoko dira taula gainera, estilo guztietakoak. Landako Gunean, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira: solasaldi literarioak, proiekzioak, ipuin kontalariak, ikuskizunak.

Ekitaldi guztiak aurrez aurre ikusteko aukera izango dute Durango eta mugakideak diren herrietako biztanleek, baina aforoa mugatua denez beharrezkoa izango da aurrez webgunean erreserba egitea: kontsultatu egitaraua, hautatu ekitaldi bat, eta gorde tokia. Esate baterako, Mikel Urdangarinen disko aurkezpena, abenduaren 6an. Leku erreserbari emanez gero, tiket-plataforma batera zoaz, eta "erosketa" egin behar duzu (zero euroko prezioan), sarrera batekoa edo bikoa (gehienez).

Jarduera hauek guztiak doakoak izango dira, eta, adierazi bezala, Durangoko eta inguruko herrietan bizi direnentzat bakarrik. Erreserba edukita, ekitaldira aurretiaz joateko eskatzen da; eta mugikorrean edo inprimatuta erreserbaren agiria eraman beharko duzu. Plateruenan edo Landakon, distantzia eta beste neurriak bete beharko dira (maskara derrigorrezkoa 6 urtetik gorakoentzat).

Bertakoak ez direnentzat, bi streaming kanal irekiko dira, eta hortaz Landakon edo Plateruenan gertatzen den guztia zuzenean jarraitu ahal izango da bideoz. Beraz, Azokako egunetan (abenduaren 4tik 8ra) 10:30etatik 21.00ak arte martxan izango diren bi telebista seinale izango dira.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07