blogak

Sustatu

Duka txori ez-hegalari desagertua (baita hiztegitik ere)

1677an argitaratu zuen Piarres Etxeberri "Dorre" lapurtarrak Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa izeneko lana, gure inguruko itsasoetan egoki nabigatzeko hainbat aholku ematen dituen gidaliburua. Hortxe aurkituko dugu, ziurrenik euskarazko txori-izenak biltzen dituen lehenengo zerrendatxoa dena. Sei izen besterik ez, baina arrazoi historikoengatik aipagarria, besteak beste, lehenengoz (eta agian azkenengoz euskal idazle klasikoen artean) XIX. mendean desagertu zen pottorro handiaren (Pinguinus impennis) aipamena egiten duelako, hegan egiteko gaitasunik ez duen hegazti bat.

Idazleak, Ternuko kostaldea deskribatzeko orduan, Bankuko xorien ezagutzak izeneko ataltxoan, sei txori-espezie aipatzen ditu: dukak, gorrak, xukutun-xoriak, usoak, potorroak (alzidoak) eta marloiñak (kaioak). Azken hirurak badakigu zer diren; lehenengo hirurak ez, ordea, ez baitira berriz agertzen inolako hiztegi edo hegazti-zerrendatan.

Hala ere, duka horren inguruko deskribapena nahiko garbia da, eta nire teoria botatzera ausartuko naiz, naturalistikoa ez ezik, baita linguistikoa ere: dukak Atlantiko iparraldean bizi ziren pinguino edo pottorro erraldoiak dira (Pinguinus impennis), eta baliteke transkripzio arazo bat ere egotea izenean, eta benetako izena *aukak izatea (dukak horren ordez). Hala aipatzen ditu Etxeberrik:

Jakiteko duzu noizere hurbiltzen baitzare Ternuago lehorretikan 100 lekoetarat kausituko duzu xori bels handi batzuk, zeina ezin bola baitaiteske eta euskaldunek deitzen tuste dukak, hek ikusten tutzunean bankarrengatik guardia emanen diozu zure buruari eta guardia emanaraziko zure iendeari.

Beltz, handi eta hegan egin ezin dutenak. Aukerarik sinesgarriena honakoa iruditzen zait: dukak Pinguinus impennis dira, XIX. gizaldian betirako desagertu zen pottorro handia.

Marinel europarrek Antartika aldea exploratzen hasi arte, hauexek ziren "benetako" pinguinoak (gaelikotik, pen gwyn). Europarrek ezagutzen zituzten pinguino bakarrak, alegia. Alzidoen familiako espezierik handiena zen; metro beteko garaiera zeukaten eta 5 kg-ko pisua. Eta ezin zuten hegan egin.

Atlantiko iparralde osoan bizi zen garai batean pottorro handia (XV. mendeko lekukotasun idatziak daude alzido handi hauen inguruan), Floridan hasi eta Mediterraneoraino. Hegazti honen aztarna arkeologiko aberatsenetakoak Euskal Herrian bertan ditugu, Lekeitioko Santa Katalina kobazuloan. Ilustrazioan, beren hedapen historikoa eta azken gotorlekuak ageri dira mapan, eta baira ze itxura zuten.

Informazio gehiago, neure blogean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07