blogak

Sustatu

COVID-19.eus aplikazioa frogatu dugu

Atzo aurkeztu zuen Osakidetzak COVID-19.eus aplikazioa. Instalatu eta frogatu egin dugu. Euskaraz txukun dago eta erabilgarritasun akats batzuk badituen arren, ondo egina dirudi egon diren epeetarako. Eta azkar garatu den arren, zalantza dugu fase honetan jada baliogarritasun handirik izango ote duen.

Aplikazioa aurkitzea ez da erraza

Google Play eta App Storen egongo delakoan, bila joan zaitezke, baina ez dira aurkitzen errazak. Garatu duen enpresaren profilean dago. HEMENDIK deskargatu dezakezue Androiderako. Oraindik ez dago App Storen.

Izenak ez du aurkitzen laguntzen. Pentsa dezakezuen moduan azken asteetan COVID-19 izenarekin milaka aplikazio berri agertu dira, eta norbaitek lotura eman ezean, aurkitzeko oso zaila da. Guk Urkulluren txiotik aurkitu dugu.

Bestalde .eus bukaera izatean aplikazioak, izen hori duen webgune bat egongo zela uste genuen, baina covid-19.eus domeinu horrek ez du edukirik erakusten eta frogako orri horietako bat erakusten du, Catalunyako Internet enpresa baten izena erakutsiz (eta ez da aplikazioa garatu duen enpresaren izena). Hau ere nahasgarria da. Ez dakigu domeinu horretan informazioa azalduko den hurrengo egunetan edo "detaile" hau eskapatu zaien.

Are deigarriagoa da ikustea nola (askotan bezala) spot eta publizitate kanpaina guztia prest dagoen, baina oraindik detaile batzuk falta diren (webgunea, iOS-eko bertsioa...). Pentsatu nahi dugu publizistak app garatzaileek baino azkarrago lan egin dezaketela eta horregatik gertatu dela.

Aplikazioa txukuna da, ongi garatua dagoela dirudi

Badaude erabilgarritasun akats batzuk, erabilera zailtzen dutenak, baina hain azkar garatzen den eta sakon frogatu gabeko app batean oso arruntak dira eta zuzenduko dituzte hurrengo asteetan ziurrenez. Orokorrean egitura ongi antolatuta dago, aplikazioa argia da, euskarazko bertsioa ondo dabil eta abar. Epeak kontutan izanda uste dugu garatzaileek lan ona egin dutela.

Zertarako balio duen

Kontzeptua honela laburtu dezakegu:

  • Telefono zenbakien bidez zure inguruan dabiltzan pertsonen zerrenda gehitu behar duzu aplikazioan.
  • Erabiltzen den datu pribatu bakarrak zure telefono zenbakia, posta kodea eta zure kokapena konpartitzea dira. Nahi baduzu eposta edo benetako izena jarri daiteke.
  • Zure ingurukoek ere aplikazioa instalatzea komeni da, beraiek ere beraien sarea osatuz.
  • Ingurukoen sareak bi maila ditu: Etxekoak eta Ohiko kontaktuak.
  • Behin zure kontaktuak definituta, nahi duzun aldiro autoebaluazio test bat egin dezakezu aplikazioan bertan (Sukarra duzu? Eztula duzu? eta abar...)
  • Halako batean zure sareko norbait isolamendura edo koarentenara sartzen bada (gaixotu delako edo bere gertuko bat gaixotu delako), zure aplikazioan egoera hori azalduko da eta pentsatzen dut Osakidetzatik deituko dizutela, neurri bereziren bat hartu behar bazenu.

Pribatutasunaren kezka

Kezka zabaldua da aplikazio hauekin datu gehiegi ematen diegula gobernuei, non gauden, norekin gauden edo norekin dugun harremana.

Kasu honetan tarteko soluzio bat planteatu dute, telefono zenbakia, posta kodea eta kokapena bakarrik eman behar dira. Baina aplikazioa ez da gure agendara sartzen, ez ditu gure kontaktuak zerrendatzen, guk zerrendan aukeraketa egiteko. Norberak sartu behar ditu ingurukoen telefono zenbakiak, eskuz.

Horrek erabilgarritasunetik zaildu egiten du kontua, (pribatutasunaren alde, bestalde). Tarteko soluzio bat da eta eraginkortasunaz zalantzak zabaltzen ditu.

Google Playko erabiltzaileen iruzkinetan nabari da pribatutasunari garrantzi gutxiago ematen diotenen kexua, eta sarean (Twitterren batez ere) irakurri daitezke pribatutasunaren ardura dutenen kezkak. Ez dirudi bi aldeetako norbait kontsolatuko duenik erdibideko soluzio honek.

Ez da beranduegi?

Bestalde, atzoko konfinamendu osoaren aginduaren ondoren, badu zentzurik aplikazio honek? Hau da, batzuontzat duela 15 egunetik aplikazio honek ez du zentzurik, etxean konfinatuta bait gaude. Oso ondo dakigu norekin eta non egon garen azken 15 egunotan. 4-5... gehienez gertuko 6 pertsonarekin. Normalean gure ingurua ondo kontrolatzen dugu.

Guk geuk app hau instalatu dugu froga egin eta zuei kontatzeko, baina arrazoi hauengatik kenduko dugu telefonotik. Baina agian zerbait ez dugu ondo ulertu, norbaitek azalpen gehiago baditu, eskertuko dugu.

Aplikazioak zentzua du konfinamendu gabeko edo konfinamendu mugatu bateko bizitzan, agian pasa den asteko egoeran, non gizartearen zati handi bat lanera joaten zen. Baina asteburu honetatik aurrera ez dirudi zentzurik duenik, ez bada konfinamendua altxatzen digutenerako eta tarteko mugimendu maila bat baimentzen digutenerako.

Koreako bertsioa

App honen inspirazioa Koreatik omen dator. Baina Koreako estrategia orokorrak eta aplikazioak beste berezitasun batzuk omen ditu:

  • Ez da datu pertsonalik eman behar. Kokapena bakarrik. Sistemak kode anonimo bat asignatzen dio telefono bakoitzari.
  • Aplikazioak metro batzuetara gerturatzen eiren pertsonak trackeatzen omen ditu, eta horren errejistroa gordetzen du norberaren telefonoan.
  • Norbera gaixotzen bada telefonoa osasun arduradunei eman, eta telefonotik deskargatuko dituzte azken 10 egunetan guregandik gertu egon diren pertsonen kodeak, eta pertsona horiei notifikazio bat iritsiko zaie, test-ak egin ditzaten.
  • Batetik gobernuak ez du inoren daturik izango.
  • Bestetik, oso efektiboa da sareak sortzean, ez bait da ezer ere egin behar aktiboki, telefonoak bata bestearekin komunikatzen dira gerturatzeen errejistroa eramanez.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07