blogak

Sustatu

Bloomberg Terminalak: presidentegaiaren negozio informatiko handi baina ezezaguna

Estatu Batuetako lehendakaritzarako primarioetan, gaur Super-Asteartea da. Lehen aldia da demokraten lehian hautagai aberatsena sartzen dela: Michael Bloomberg New York-eko alkate izana. Ikusteko dago nola irtengo zaion jokaldia (inkestetan Bernie Sanders askoz indartsuago dago), baina aprobetxatuko dugu aukera esplikatzeko zein den Bloomberg-en aberastasunaren iturria; IKT alorreko indar handi baina askorentzat ezezaguna: Bloomberg ordenagailu-terminalak.

1981an sortu zuen Michael Bloomberg-ek Bloomberg LP izeneko enpresa. Unitate desberdinak ditu konpainiak, baina bere diru iturri nagusia dira Blooomberg Terminalak, ordenagailu berezi batzuk hardware eta software propioarekin dabiltzanak, eta gauza baterako erabiltzen direnak bereziki: finantza informazioa denbora errealean jaso eta kudeatu.

Funtzionatzeko, ordenagailu hauek, informazio-jario batera lotuta egon behar dute: sistema eragile propioa dute, baina sareko konexiorik gabe, alferrik da: finantza informazioaren azkartasuna eta eragiketak egin edo zaintzeko bat-batekotasuna da balio ematen diona sostemari. Hortaz, harpidetza ezinbestekoa da, eta horixe da irabazien gakoa: 20.000 eta 24.000 dolar arteko urteroko harpidetza eskatzen da. 2019. urtearen amaieran, 325.000 ziren harpidedun horiek.

Harpidedunak, hortaz, ez dira hainbeste, baina Wall Street, Frankfurt eta horrelako finantza-zentroetan ezinbestekoak dira, eta sistema lehiakideak egon badauden arren, merkatu txiki honetan liderrak dira. 2018an 10.000 milioi dolarreko irabaziak izan zituen Bloomberg-ek (estimazio batzuen arabera, enpresa ez baitago burtsan), eta %75 terminalen sistemari esker dira.

Pantaila anitzeko konfigurazio batekin erabili ohi dira Bloomberg Terminalak, eta ez dago grafikoetan berritasun handirik azken 20 urteetan. Fondo beltzaren gainean, taulak, mini-lehioak eta grafikoak pilatzen dira. Informazio hori erabiltzeko, ezagunak dira berezko teklatu batzuk, zeinak funtzioen tekla-lerro bikoitza izan ohi duten, kolorezko tekla hori eta berde mordoxka batekin.

Esteka honetan azaltzen dira teklatu honen funtzio tekla koloredun horiek zer egiten dute, horretan baitatza Bloomberg ordenagailuen arrakastaren gakoa. Bloomberg terminalen negozioaz gehiago, hemen.

Michael Bloomberg super-aberatsa

Ordenagailuen negozio horrek super-aberats bihurtu du Michael Bloomberg. Estatu Batuetako lehendakaritzara sekula aurkeztu den gizonik aberatsena da, askogatik, Trump bera baino askoz dirudunagoa da. Bideo honetan grafikoki irudikatu dute hori:

Dirutza horrekin, Bloombergek desberdin enfokatu ditu primarioak. Hautagai guztiek, tradizionalki, lehenbiziko primario txikietan (Iowa eta New Hampshire) ahalegin handia egiten dute medioetan faborito agertu ahal izateko. Bloombergek ez zuen han parte hartu, eta aldiz publizitate gastu erraldoiak egin ditu gaurko estatu handienetan, Texasen eta Kalifornian esaterako, ordezkari harrapaketa handi bat egiteko esperantzarekin.

Ikusteko dago nola irtengo zaion jokaldia: demokrata moderatuen bandera harturik, lortu du orain arte ondo ibili den Pete Buttigieg (euskaraturik, Budetxetx) lehiatik joatea (etsi egin du), baina estatu handi hauetan ere Bernie Sandersek abantaila handia omen dauka inkestetan. Ikusiko dugu bihar emaitzak errepasatuta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07