blogak

Sustatu

Bizum bidezko ordainketak posible dira jada webguneetan, adibidez Erran.eus-en

Erran.eus agerkari lokalak ordainketa modu berria ezarri du bere webgunean eta Ttipi-Ttapa aldizkarian urtebetetze zoriontzeak argitaratzeko: Bizum bidez. Tokikom Plataforma darabilen webgunea da Erran, eta CodeSyntax-ek egin du egokitzapena. Ordainketa plataforma batekin konexioa doan (ia) edozein webguneren esku dago jada Bizum bidezko kobraketa egiteko modua, merkataritza elektronikoa erraztu dezakeen kontu bat. 

Espainiako zenbait banketxek partekatzen duten ordainketa sistema mugikorra da Bizum, eta Hego Euskal Herrian hedatuen dagoen mugikorreko ordainketa sistema da. Merkataritza elektronikorako aukera hau ez dute Bizum-en integratutakjo entitate guztiek eskaintzen, baina laster hedatuko dela uste dugu. Kutxabank eta Caixabank-ek (Nafarroan CAN irentsi zuen erakundea) eskaintzen dute jada aukera eta Laboral Kutxak laster eskainiko duela iragarri du.

Merkatariaren aldetik, "ordainketa pasarela" edukitzea da kontua. Halako bat garatua badu, eta bere banketxea Bizum aukera berri honetara egokitua badago, urrats gutxitan konfiguratuko dute aukera berria informatikariek. Kasu honetan, Erran.eus-ek bazuen lehendik ere ordainketa sistema (txartelez eta Paypal bitartez egitekoa), eta hortaz aukera bat gehitzea izan da kontua.

Eroslearen aldetik, Kutxabank eta Caixabank-en Bizum bertsioak edukita, lehen urrats bat egin behar du erabiltzaileak: gako pertsonalizatua lortu. Lehen erosketa egiten duen unean bertan egin dezake, edo Bizum baduzu zure patrikan, orain egin eta gero nahi duzunean erabili.

Zure Bizum aplikazioan ireki eta han egon behar du aukera gakoa lortzeko. Zuk zeuk aukeratu dezakezu 4 zifrako sekuentzia. Sekuentzia hori dakizunean, erosketak egin ditzakezu Bizum onartzen duten tokietan, eta hori egiteko ez duzu behar aplikazioa duen telefonotik jardun beharrik. PC batean web nabigazioa eginez egin dezakezu erosketa, eta eskuan duzun Bizum-dun telefonoa baieztapena bideratzeko erabliko duzu.

Erran.eus-eko zorion-agurren kasuan, ezkontza eta jaiotza oharrak desgaituta dituzte, baina urtebetetze ohar bat enkargatu dezakezu. Guk geuk hori egin dugu, sistema instalatu ondoren, badabilela probatzeko. Hemen emaitza. Prozesua honela da, kasu honetan: zoriontze oharra prestatu, eta ordaintzera pasatu. Beste webgune batean erosketa saskia betetzea litzateke, eta gero ordaintzera pasatu. Kasu honetan, erosketa saskia 5 edo 10 eurokoa izango da, segun eta argazkia handi ala txiki agerrarazi nahi duzun. Erosketa egiteko orduan, Bizum bidez egiteki aukeratzen baduzu, interfaze hau agertuko zaizu webean:

Zure telefonoa eman, eta gorago aipatu dugun zure Bizum gakoaren lau zifrak aukeratu. Ordaintzeko emandakoan, beste urrats bat:

Mugikorrean SMS bat jasoko duzu zenbaki-kode batekin, eta horixe sartu behar duzu. Egina geratzen da horrela. Prozesuan, Erran.eus kasuan, e-posta mezu bat ere jasoko duzu ordainketa bideratu dela baieztatuz. Prozesuan ez dago komisio kobraketarik ez eroslearentzat ez merkatariarentzat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07