blogak

Sustatu

Biko-teka: Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra

Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak koordinatuko duten tailer honen helburua. Iruñean izango da lau egunez ikastaroa, eta formatua bera du originala: bekatu egingo dira 8 bikote bertara joan daitezen. Hau da, interesa baduzu idazle edo ilustratzaile gisa, bikotea aurkitu behar duzu (beste 'erdia': ilustratzaile/idazle binomioan), eta batera aurkeztu.

Tailerraren xede nagusia euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.

Tailerrean zehar ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, film, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira. Ikasleek formazio saioetan azalduko diren gaiei loturiko erantzun berehalakoak proposatu beharko dituzte: testuari nahiz irudiari dagokionez.

Gehienez irudigile eta idazle banak osatutako 8 bikotek parte hartuko dute. Baldintza hauekin:

  • Idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete, bakarka zein binaka. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie, posible den heinean.
  • Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.
  • Parte-hartzaileek euskaraz jakin behar dute.
  • Galtzagorri elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

2020ko urtarrilaren 27tik 31ra izango da tailerra, Iruñean, egun osoko jardunaldietan (37 ordu, guztira). Informazio gehiagorako galtzagorri.eus webgunean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07