blogak

Sustatu

Baleak: karbono isurketak kontrolatzeko izakiak

Zenbait zientzalarik argitaratu duten artikulu baten arabera, balea bakar batek 30.000 zuhaitzek adina karbonoren "kaptura" eragin dezake naturan, eta hortaz, baleen ugalketa karbono isurketen kontrolerako neurri eraginkorra izan liteke. Karbono kontrolerako neurriek duten prezioen arabera, bi milioi dolarreko balioa luke baleak berak, merkatuko prezioetan. Ikerketa, bitxia bada ere, Nazioarteko Diru Funtsa edo IMF delakoaren webgunean argitaratu da, hango estatistiken arduradun bati ideia interesgarria okurritu zitzaiolako honetaz azterketa egitea.

Baleen elikadura zikloak fitoplanktonaren ugalketa eragiten du nabarmen, eta itsasoko mikro-landare hauek baso amazonikoek bezalako gaitasuna dute karbono isurketak atmosferatik kentzeko. Era berean, animalia handiak eta bizitza luzekoak izanik, gorputzetan ere karbonoa gordetzen dute baleek, eta hiltzen direnean, naturalki hil badira bederen, beren hezurdurarekin batera itsas-hondora omen doa karbonoa. Hortaz atmosferatik lurpera karbono zikloa "bahitzeko" ingeniaritza prozesuekin konpara liteke balearen "funtzionamendua".

Azterketa honen jatorrian IMF-ko goi funtzionari bat omen dago, Ralph Chami izenekoa, zeinak, baleak ikuskatzen izandako esperientzia batek bultzatuta, pentsatzeari ekin zion bere bulegoan ea baleen bizi zikloak ba ote zuen eraginik karbono isurketekin eta haiek neurtzeko metodo ekonomikoekin (The New York Times-ek kontatzen du istorioa). Lehenbiziko zenbaki batzuk eginda, zientzialari batzuekin kontsultatu zuen Chamik bere ustea, eta haiek baieztatu zioten baietz, zentzua zuela esaten zuenak.

Ondorioa artikulu hau izan da, Chamiren izenpea eta beste zenbait zientzalarirena duena.

Argitaratutako datuen arabera, fitoplanktonak gaur egunean Amazoniak baino lau bider gehiago karbono harrapatzen du atmosferatik. Balea gehiago balego, fitokplantona ere gehiago egongo zen, eta biderkatu egingo zen efektua. Kalkulatzen da gaur egunean 1.3 milioi balea handi daudela itsasoetan. Baleazale komertzialen aroa baino lehen, 4 edo 5 milioi izango ziren gutxienez. Hortaz, egoera hartara itzultzeak eragin handia izango luke karbono isurketen kontrolean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07