blogak

Sustatu

Areciboko irrati-teleskopioaren heriotza

Areciboko irrati-teleskopioak berea egin du. 1963tik funtzionatu izan duen Puerto Ricoko teleskopio erraldoia desegin beharra dagoela jakinarazi du bere kudeatzaileak, AEBetako Zientzia Fundazio Nazionalak.

Krater baten forma duen mendi arteko sakonera natural bat aprobetxatu zuten zientzialariek Areciboko irrati-teleskopioa eraikitzeko. Plater edo disko birakariaren forma duen antena baten eran, kasu honetan kraterraren sakonak egiten du plater forma, eta haren gainean zintzilik dago errezeptorea, hiru zutoin eta kable luzez eutsitako egitura.

Dibulgazio lanetan eta fikziokoetan, sarri agertu den egitura bat da, adibidez Contact filmean (Carl Sagan dibulgatzailearen eleberrian oinarritua). Hain zuzen ere, Carl Saganen Cosmos telesail dokumental mitikoan ere agertu zen Arecibo, eta nola bertatik irrati-seinale bat bidali zen 1974an, Areciboko mezua, 1679 bitetan antolatutako mezu bat (Carl Saganek berak hartu zuen parte haren idazketan). Bi zenbaki lehenen biderketa da zenbaki hori, eta zenbaki lehen horiek bi ardatzetan antolaturik, irudi grafiko/matematiko bat agertzen da.

Hain zuzen ere, irrati-astronomiaren esperantza izan da urteetan irrati seinaleen analisia inteligentzia estralurtarren zantzuak aurkitzea. Hain zuzen ere, estralurtarren seinaleen bilaketarako SETI programak bazuen Seti@Home izeneko ekimen banatu bat, milaka ordenagailu pertsonal erabiliz seinaleak dekodetu edo aurkitzeko, eta horren oinarrian Arecibok jasotzen zituen irrati-seinaleen banaketa zegoen. Tamalez, aurtengo martxoan itxi zuten Seti@Home, estralurtarren mezuen zantzurik aurkitu gabe.

SETI programari ekarpenik egin gabe, beraz, tristeki hiltzen da orain Areciboko teleskopioa. Azken urteetan naturaren kolpeak pairatu ditu, urakan bat 2017an, eta bi lurrikara ondoren. Aurtengo abuztuan, erdiko errezeptoreari eusten zion kable bat jausi zen, eta beste bat jausi denean azaroan, ikusi dute konponketa oso zaila duela egiturak, eta desegin egin beharko dela.

Agur, Areciboko ametsari.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07