blogak

Sustatu

Alkandora hawaiarrak bai, Boogaloo mugimendua ez

Joan den astean, UEUko uda ikastaroen irekiera birtualean, Koldo Garcia genetistak sarrera hitzaldia egin zuen. Alkandora koloretsua zeraman Garciak, eta bere aurkezle Xabier Landabidea Deustuko irakasleak nabamendu zuen bazegoela intentzio bat horretan, aldarri bat kolore hauez jabetu diren Boogaloo mugimenduen kontrakoa. Beste txiolari bati ere ikusi nion, Beñat Irasuegiri, agerpen bat Twitterren ildo beretik: jantzi ditzagun koloreak alkandoretan, ez dezagun onar ultraeskuin arrazistaren apropiazio kultural hau gertatzen. Nik ere lagun hauekin bat egiten dut, apur bat harriturik Bogaloo delako tribuaren hautu estetikoarekin... Kontuak azalpen bat behar duelakoan, lerrotxo batzuk jarraian..

Laburki: Boogaloo mugimendua Estatu Batutako eskuin mutur supremazista, macho-itxurako eta milizian baten eran armatutakoaren azken adierazpen kulturala da. Trump presidentearen aldeko sutsuak, besteak beste Koronabirusaren itxialdia salatzera dedikatu dira, askatasunaren kontra doalako...

Baina mugimenduaren estetikan badago nahaste arrari bat, kamuflajea, arma automatikoak eta alkandora hawaiarrak nahasten dituena... eta azken horrek barrena ukitzen digu arropa-pieza bitxi eta koloretsu hauen zaletuoi. Ez gara asko alkandora hawaiarren zaletu euskaldunak, eta Leire Narbaiza blogaria beti kontra izango dugu, baina hala ere, protesta egiteko eskubidea dugu.

Kontua, nola iritsi dira faxista horiek alkandora hauetara? Interneteko subkultura eta memeen eboluzioaren kasu bitxi bat dago hemen jokoan, hortik irakurritakotik laburtzen saiatuko naizena:

1). 1984ko film txar txar bat, Breakin' delako break-dance filmaren partea, zeinak izenburu hau izan zuen: Breakin' 2: Electric Boogaloo.

2). Harrezkero, zenbait zirkulotan, edozein gairen jarraipen edo bigarren parteari, "electric boogaloo" luzapena jartzen zitzaion.

3). 2012tik aurrrera, Interneteko zirkulo supremazistetan, AEBetako gerra zibilaren edo Sezesio gerraren bigarren edizio bat gertatu beharko dela komentatzen hasten dira. Esklabistek galdu zutenaren jarraipena, bigarren partea... Hau da, Civil War 2: Electric Boogaloo.

4) Laburturik, gerra horren premia edo ezinbestekotasuna aldarrikatzen dutenak dira Boogaloo mugimendua.

5) Interneteko muturreko posizioetan azken aldian gertatzen den bezala, jarrera eta mezu ultra hauen defentsan badago seriotasunaren eta parodiaren arteko nahasketa bat; batez ere sare sozialetako eztabaidetan erabiltzen dena. Berba-joko arrazistena eta matxistena egiten harrapatzen bazaituzte... defentsa eskura duzu: "ei, txantxa besterik ez zen, nola hartu duzu serioski?". Boogaloo delakoarekin ere berdin, "Gerra zibila 2, electric boogaloo esaten badut txantxa bat besterik ez da, berba joko bat, adierazpen askatasun inozentea."

6) Txantxa-egia dikotomia hori indartzeko, beste elementu arin, txantxa-itxurakoak eta parodikoak sartzen dira komunikazioan. Ultraeskuin berriaren ikonoetako bat Pepe Igela da, adibidez, kirtenkeriak esaten dituen marrazki bat.

7) Txantxa estetiko horren ondorio dira, halaber, Boogaloo hitzaren aldaera fonetiko batzuk. Berez bugalú ahoskatzen da, eta aldaera ikoniko batzuk dira "Big igloo" forma (eta hortaz, igluen marrazkiak mugimenduaren ikur dira) eta baita 'Big luau' delakoa. Luau bat festa hawaiar tradizional bat da, askotan turistentzat berregiten dena espektakuluetan, eta Luau handi bat, hortaz, Boogaloo delakoaren beste aldaera bat da. Alkandora hawaiarrak beraz, big luau hori ospatzeko dira.

8) Baina dena ez da txantxa... Txantxaren elementuak apropos lantzen dira, baina egiazkotasunaren, mehatxuaren eta indarkeriaren sinboloak ere espresuki nahasten dira taldearen agerpenetan. Alkandora hawaiarrak bai, baina arma automatikoak ere bai.

Eta horixe da, bada, disparate hau. Igluak, igelak, luauak eta alkandorak... ez da posible guztiak sinbolo gorrotagarri bilakatzea. Ezin dugu utzi esvastiken pareko bihur daitezen. Txotxolo horientzat izango dira bai, esvastikaren eta bandera konfederatuaren osagarriak, baina guretzat ez.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07