blogak

Sustatu

Akademiako aktibista zuri-beltzen eskandalu bitxia

Estatu Batuetako akademian eskandalu bitxi baina ez isolatu bat gertatu da irail honetan: ikertzaile eta aktibista afro-latino bati maskara kendu diote; ez afro, eta ez latino, europar jatorriko emakume zuri bat zen. Egun gutxitara, maskara bera erori zaio Black Lives Matter mugimenduan zebilen beste emakumezko bati. Azal beltzaran eta ile kizkurraren atzean, ispilu aurreko langintza estetikoa zegoen, eta identitate-iruzura.

Kasu sonatuena Jessica Krug historialariarena da. Aitortza mezua idatzi zuen Medium-en irailaren 3an, gogorra terminoetan, baina damu espontaneo baten ondorio baino, bere jokabideari igarria ziotelako dela uste da. Identitate lapurreta laster izango zen publiko, eta aurreratu egin zen Krug. 

Jessica Krug irakasle zen George Washington Unibertsitatean (Washington DC), eta normalean afro-latino gisa agertzen zen, inoiz Afrikako beste komunitate batzuekin ere halako lotura difuso batzuk aldarrikatu arren. Ez zuen horretatik ezer: Kansas City-ko komunitate judu zurian hazitako pertsona bat zen. Urteetan, eskolak eman eta artikuluak eta liburuak idatzi ditu belztasuna, arrazialtasuna eta halako kontuez. Jessica La Bombalera gisa ere agertzen zen sarri. Liburu baten eskaintzan aipatu zituen "nire arbasoak, ezezagun eta izengabeak" eta "my barrio" ere bai.

Dena gezurra zela esatearekin batera, kantzelazioa merezia duela dio Krug-ek orain, berak ere kantzelatuko duela bere burua. "Horrek zer esan nahi du? Ez dakit". Auto-kantzelazio kontzeptu berri eta bitxia, kantzelazio kulturaren nahaspila honetan.

Krug-en kasuaren ondoren, CV Vitolo izeneko aktibistari iritsi zaio txanda. Kasu honetan, pertsona hau oso aktiboa izan da Wisconsingo Madisongo Unibertsitatean, Black Lives Mugimenduan eta antzeko ekintzetan. Medium bitartez egindako salaketa anonimo batek jarri du agerian nor den (ingelesez ulertzen baduzu, adi, they singularrarekin dago idatzia guztiz, ez du she/he izenorderik erabiltzen Vitolo aipatzeko). Ondoren, barkamen testu labur bat etorri da.

CV Vitolo delakoak ondo definitu gabeko jatorri arrazial bat aipatzen zuen (batzuetan ipar-afrikar edo arabiarra, beste batzuetan afro-beltza nolabait) eta, beti diskriminazio eta jazarpenak jasan izan dituela aipatu. Baina egia desberdina zen kasu honetan: lau aitona-amonak italiarrak ditu eta Floridako etxe aberats batean hazi zen.

Kasu bietan ageri diren parekotasun psikologiko batzuk Vitoloren kontrako mezutik atera ditugu:

  • "Beti biktima estatus bat aldarrikatzen, baina beti detaileetan ñabardurak aldatzen".
  • "Beltzen borrokarekin konpromisoa bai, baldin eta horrek kapital soziala irabazten duten; baina ez aski konpromiso eta elkartasun non beraiek ez diren erdigunean protagonista izango" (...) "Ezin beltzen askapenaren alde egin, norbera puntu fokala bihurtu gabe".
  • "Zuritasuaren muturreko adibidea, zurien jabetzakoa berez ez den espazio eta esperientzia bakanak ere kapitalizatu egin behar probetxu ateratzeko".

Duela urte batzuk publiko egin zen Rachel Dolezal beltz faltsuaren istorioarekin ere lotu da kontu hau. Inpostore honen kasuan, trans-arraza kontzeptua ere lantzen saiatu izan da Dolezal defentsa eraiki nahian...

Goiko irudian, Jessia Krug makillaje egokituarekin, eta argazki normalago batean. Behean, gauza bera CV Vitoloren kasuan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07