blogak

Sustatu

Adur Azken Erronka, Telegram bidezko jokatzeko euskarazko rol jokoa

Duela urtebete kaleratu zen Adur, Euskal Erdi Aro mitologikoan girotutako rol jokoa, formatu fisikoan (liburua eta txanponak), Eneko Gomez-Acedo bere sortzaileak crowdfunding kanpaina batean finantziazioa lortu ondoren. Sortzaileak urrats bat aurrera egin du orain: online bertsioa sortu du, MMPORG joko gisa, Telegram bidez testualki jokatzen ahal dena; Adur Azken Erronka deritzo.

Rol jokoko unibertsoan, "Iruñeko Erresuma, Basajaunak, Lamiak, Mari jainkosa bera eta beste hainbat izaki miresgarri agertzen dira. Jokoaren barruan jokalariek sorginak, gerlariak, nekazari, artzainak eta bestelako pertsonaiak irudikatuko dituzte. Jokoak Euskal Historiako gertaerak eta elementu miresgarriak nahasten ditu, eta jokalariek aurkituko dituzten egoera zailei nola aurre egin erabaki beharko dute. Natura osoan zabaltzen den Adur bizindarra erabiltzen ikasi, eta sorginkerien bitartez ingurunea eraldatu ahal izango dute Erronkak gauzatzeko".

Rol joko horren bertsio digitala da Adur Azken Erronka. Testualki jokatzen da, Telegrameko esteka honetan sartuta, eta bertan dauden aukeretan aurrera eginez. Esate baterako, eszenatoki desberdinak daude jokoan, eta aukera egiten baduzu batean, Telegrameko talde batean sartuz egiten duzuna da ingurune horretara salto egin.

Eragiketak egiten ahal dituzu zerbitzariarekin... /fitxa galdetzen diozu eta zure pertsonaiaren indar eta ezaugarriak azaleratzen dizkizu, jokoan barrena aldatuz joango direnak.

Doakoa da jokoa eta web bidez zein aplikazioaren bidez joka daiteke Telegramen. Dozenatxo pare bat lagun aritu dira azken asteetan adiktiboki itsatsita, jakin dugunez.

Teknikoki, Adur Azken Erronka zera da, Lineako jokalari anitzeko rol-joko masibo edo MMORPG bat. Adurren sortzaile Eneko Gomez-Acedok honela itzuli du kontzeptua: "Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela", JUERJOI bat, laburtuta. Horrek esan nahi du jokalariak ez dabiltzala bakarrik jokoaren barruan Iruñeko Erresuma digital mitiko horretan. Era horretan, elkarrekin bidaiatuz eta elkarri lagunduz, jokalariek informazioa eta objetuak truka ditzakete, pertsonaiek erronkak gainditzeko, jokoaren helburua lortzeko: Heroiaren bidea gauzatzea.

Gehiago jakiteko, https://www.adurjokoa.eus/azken-erronka/

Eta jokoan Telegram zuzenean sartzeko, hemendik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07