blogak

Sustatu

Abian da CAF-Elhuyar sariketa, zientzia etorkizuneko giltza dela erakusteko asmoz

Abiatu da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen sariketa. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin.

“Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” da 2022ko edizioaren leloa. Izan ere, gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea... Horretarako, zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere. Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta lehen pausoetako bat CAF-Elhuyar sariketan parte hartzea izan daiteke. Leloarekin bat egiten duten egile eta sortzaileek euren lanak kategoria hauetan aurkezteko aukera izango dute:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
  • Zientzia-kazetaritza arloko lanak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.
  • Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura ere.

Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.

Lanak 2022ko otsailaren 12ra bitartean aurkez daitezke, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07