blogak

Sustatu

Abian da CAF-Elhuyar sariketa, ikusmira urrunean jarrita

Martxan da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria, 2023koa. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu sariketak. Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. "Begiratu urrunera" da 2023ko edizioaren leloa eta lanak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Oraingo honetan, "Begiratu urrunera" leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko. Eta horretara gonbidatu nahi ditu zientzialariak eta zientziazaleak aurtengo CAF-Elhuyar sariketak, lelo horren bidez kultura zientifikoa hedatzera, gaur egungo talaiatik abiatuta, eta urrunera begiratuz. Lanak kategoria hauetan aurkezteko aukera izango dute:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoria ditu: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
  • Zientzia-kazetaritza arloko lanak. Irabazleak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.
  • Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura garatzeko, baita eskultura ere.

Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta bateragarria da beste sariekin.

Lanak 2023ko otsailaren 6ra bitartean aurkez daitezke, helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07