blogak

Sustatu

2022ko CAF-Elhuyar sariak jakinarazi dituzte

Atzo egin da CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Aurten Elhuyarrek 50 urte betetzen dituenez, ekitaldia berezia izan da, lelo honekin ospatua: “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” izan da. CAF-Elhuyar sarien zioa da euskarazko dibulgazio zientifikoa, kazetaritza idazkeraz, saritzea.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Ane Portillo Blanco berangoztarrak irabazi du artikulu honekin: Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia. Antisorgailuen erabilpen emakumezkoen sexu-desirarekin lotuta... Egileak aukeratu duen gaia, epaimahaiaren iritziz, ez da ohikoa, eta, alde horretatik, auzia plazaratu izana nabarmentzekoa dela aipatu du. Horrez gain, artikuluaren narratiba oso originala dela azpimarratu du, eta irudi batzuk egileak propio sortuak izateak lanari balio handiagoa ematen diola adierazi du.

Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Amaiur Esnaola Illarretak eskuratu du: Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan. Galemys pyrenaicus ur-satorrari buruzko lan bat. Epaimahaiaren iritziz, artikuluak ondo biltzen ditu ikerketa eta ondorioak. Horrez gain, modu atsegin eta erakargarrian kontatua dagoela adierazi du, oso idazkera egokian, eta argazkiek balio erantsia ematen diotela. Hain zuzen ere, testu horretatik ateratako ur-satorraren argazkia da artikulu hau ilustratzeko erabili duguna. 

Zientzia-kazetaritza kategorian, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak. Etxerreko putzua Zaratamo eta Basauri attean dago, kantera zahar batean lanak utzi zituzten 1978an, eta gharrezkero putzua sortu da han: naturak bere erara konkistatu duen toki bat. Kasu honetan, egileak hiru izan dira: Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibañez Espinosa. Epaimahaiak honela definitu du hirukotearen lana: aberatsa eta kalitate onekoa, irudiz eta lekukotasunez ondo hornitua, eta, kontatzen dena tokikoa bada ere, beste leku batzuetarako eredu izan daitekeena. Sakona bezain atsegina dela adierazi du epaimahaiak, eta ondo betetzen duela bere helburua, alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea. Lana Geuria aldizkarian argitaratu zen iazko ekainean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker sariak, eta aurtengo saritua Fatima Villa Gonzalez da, lan honekin: Zer diotso sagarrak jogurtari? Saria irabaztearen zergatiak honela adierazi ditu epaimahaiak, hitzez hitz: “Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du.”

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07