blogak

Sustatu

2020ko porrot teknologiko handiena, Quibi-rena

1.500 milioi dolar erre ondoren, Quibi itxiko dutela iragarri dute bere fundatzaileek, sei hilabete iraun duen streaming zerbitzuaren porrota zertifikatuz. Inbertsoreei zerbait itzultzeko geratzen omen zaie (350 milioi dolar), baina galera handiak izango zituzten askok, baita ere seguruenik konpainiaren bi fundatzaile nagusiek, Jeffrey Katzenberg ekoizleak (Disneyko exekutibo eta Dreamworks-en fundatzaile izana), eta Meg Whitman teknologien enpresariak (eBay-ko buru hainbat urtean). 2020ko porrot teknologiko handiena hau, duda barik.

Mugikorrera prestaturiko formatu laburreko eduki original mordoarekin egin zuen salto sareetara aplikazioak, baina ez dute inondik esperotako harpidetza kopururik ezta eraginik lortu ere. AEBetan 5 dolarreko harpidetza zen hilean, eta Europan dexente garestiagoa, 9 eurokoa. Teknikoki, filmak modu berezian zeuden grabatuak, eta ikuspegi bertikal zein horizontalarekin kontsumitu zitezkeen mugikorrean, eta telefonoa mugituz gero ikuspegia ere instantean aldatzen zen. Baina hasieran, ez zegoen eduki hori telebista arruntera igortzerik ere, eta hori ere oztopo alferrekoa zen (Twitch edo Youtube, aldiz, erraz samar ikus daitezke etxeko telebistan gaur egunean).

Eduki original mordoa sortu zuten, baina zerrendari begiratzen badiozue, inongo programa edo telesail izeik ez zaizue ezagun edo erdi-interesgarri suertatuko. Eduki-katalogo hori beste zerbitzu eta telebista ekoizle batzuei saltzen saiatu omen dira azken asteetan, ez arrakasta handiarekin. Orain merkealdiko prezioan joango dira, eta akaso agertuko dira Netflix edo beste toki batzuetan.

Pandemiaren urtean izan da Quibiren lantzamendua (apirilean), baina memeen munduan eta sare sozialetan beste hainbat zerbitzuk lortu dituzte milaka erreferentzia, eta Quibik batere ez. Ikus-entzunezkoen kontsumoak eta zerbitzuek gora egin duen sasoi batean egin du porrot Quibik, non eta beste hauek arrakastatsu ekin dioten:

  • Disney+. Ez da gehien erabiltzen den streaming zerbitzua, baina AEBetan indartsu hasi da eta bere marka bat bederen, The Mandalorian Yoda-txiki pertsonaiarekin, mundu guztian egin da ezaguna.
  • Apple TV+. Hauek ere pandemia baino lehentxoago irten ziren, eta ez dira streaming zerbitzuen lehen lerroan jarri, baina bigarren lerroan behintzat, Apple zaletuen merkatu tarte txiki baina indartsuan, eta produktu duinak ere atera izan dituztela jakina da, hala nola The Morning Show telesaila edo Greyhound filma.
  • Gainerako streaming zerbitzuetan beherako joerarik ez da nabari. Globalki, Netflix da indartsuena, HBO ere fuerte dabil (Estatu Batuetan HBO Max zerbitzu gehigarria jarri dute), eta Amazon Prime Video ere erabiltzaile askorengana iristen da.
  • Mugikorreko kontsumo gaztean, Twitch (jabetzaz, hau ere Amazonena) kristo guztiak erabiltzen du (euskaraz jartzeko eskaera eta guzti), eta 2020an TikTok bideoen eztanda urtea izan da.
  • Denbora laburreko formaturako, horra TikTok, eta Youtube ere, inork ez du Youtube erabiltzeari utzi.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07