blogak

Sustatu

1 Fasearen berezitasunak EAEn, zalantzaz beteak

Asteburu osoan zalantzan izan gaituen Eusko Jaurlaritzaren erabakimen eta komunikazio politikak, gaur goizaldean (1:30 aldera) argitu ditu puntu batzuk, baina beste batzuk airean utzi ditu oraindik. Espainiako BOEk ostiral gauerditik argitzen ditu 1 Faseko konfinamenduko baldintzak (Hego Euskal Herrian aplikatzekoa), baina larunbatetik Eusko Jaurlaritzak PDF baten bidez EAEko baldintza bereziez informatzen zuen. PDF horren lotura eta aipua atzo eguerdian desagertu zen Euskadi.eus-eko Koronabirusaren informazio orritik (fitxategiak bertan iraun arren), eta informazio ordezkapena EHAA buletinean etorri da. Hala ere, PDFan zetozen puntu batzuei buruz ez dio ezer EHAAkoak, eta ez dago argi zein lege-irizpiderekin ireki nahi dituen ikastetxeak Hezkuntza Sailak, ezta zertan den maskaren erabilera toki itxietan.

EHAAn agertzen den Lehendakaritzako dekretuak bakarrik aldatzen ditu BOEk zehaztutako puntu batzuk, BOE bertan adierazten zen bezala, honakoak: "Agindu horren 2.1 artikuluaren bigarren paragrafoan zehazten denez, Estatu osoan aplikatzekoak diren jarraibide komunak ezertan eragotzi gabe, VIII., IX., X. eta XI. kapituluetan aurreikusitakoa eta 41. eta 42. artikuluek xedatutakoa ez zaizkie aplikatuko eranskinaren hamabosgarren apartatuan jasotako lurralde-unitateei, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoei."

Hori horrela izanik, ikastetxeen jarduera arautzen duen BOEko alorra VI. kapitulua da, eta han ez da baimentzen ikastetxeen irekierarik ikasleentzat, bakarrik langileentzat, garbiketarako eta funtzio administratiboetarako. Nondik lortzen du baimena orduan Jaurlaritzak 18an ikastetxeak ikasle batzuentzat zabaltzeko? Asteburuko PDF misteriotsuan agertzen zen, eta Hezkuntza Sailak BOEkoa agertu aurretik baldintza hauek zehaztu zituen maiatzaren 7an. Baina, maiatzaren 9ko BOEk debekatu egitren du hori, eta EHAAko dekretuan ez dator debeku horren gaineko punturik.

Jaurlaritzaren PDFan zetorren beste puntu batek zera zioen: "Gune itxietan maskara erabiltzea". Infinitibo horren esanahia, gomendioa ala betebeharra zen, ez zegoen argi, baina beste bi derrigortasunen ondoan agertzen zelarik (10 pertsona arteko bileren muga, edo urruntze soziala), derrigorra izango zela pentsa zitekeen.

Baina ez, ez da etorri horren argipenik EHAAn. Eta BOEk ere ez du derrigortzen.

Argipenak, beraz, mugikortasunari eta beste puntu batzuei dagozkienak dira, eta hauek dira.

2. artikulua.– Mugikortasuna eta zirkulazio-askatasuna.

1.– Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

2.– Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.

3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

4.– Nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.

3. artikulua.– Kirola eta ariketa fisikoa.

1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren mugartearen barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.

2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.

3.– Banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta eta bizilekua dagoen udalerriaren barruko edo mugakideetako kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

5.– Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.

4. artikulua.– Kultura.

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

5. artikulua.– Ikus-entzunezko lanen ekoizpena eta filmaketa.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta filmatzeko jarduerak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 29., 30., 31. eta 32. artikuluen arabera egingo dira.

Dokumentazio pixkat gehiago... Asteburuko PDF delakoa gaur goizean oraindik hemen dago, baina badaezpada kopia egin dugu. Ikus nola Euskadi.eus-en agertzen zen nabarmen larunbat eta igande goizean, baina ez ordea igande eguerditik aurrera:

Larunbatean:

Igande eguerditik aurrera:

Bestalde, beste dokumentu bat, Ertzaintzaren instrukzio batzuenak, beste baldintza batzuk aipatzen dituztenak. VOST Euskadi taldearen bidez lortu dugu hori.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07