blogak

Smithyrenbloga

ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "ARANBELTZ" BIDEA, 175 m, 6a, V/A0. 2019/12/01

“Plim”
- Bihar jun behar gea? Euri asko itten ari da – Josuk.
“Plim”
- Negatik bai, ea Asierrek ze esateun – nik.
“Plim”
- Ba hemen bezela euria egin badu ez dakit ba lehorra egongo dan – Asierrek.

Arratsaldean botatzen ari zen euriaren eraginez elkarri whasaap-etik bidalitako mezuak ez ziren oso baikorrak. Bi ordu beranduago gauza asko aldatu ez bazen ere, gutxienez horma zein egoeran zegoen ikustera joango ginela argi gelditu zen:

“Plim”
- Ze ordutan bihar? – Josuk.
“Plim”
- Zortzik aldea? Zortzi terditan? Nei berdin zait – nik.
“Plim”
- Ustet bustita aurkituko dugula, zuri 8:30tan hartuko zaitut – Josuk.
“Plim”
- Materiala nere kontu – nik.
“Plim”
- Ados – Asierrek.

Larunbat arratsaldean botatako euri-jasaren ondoren ez zen harritzekoa gure arteko mezuak ezkorrak izatea. Azaroko asteburuak euripean joan dira, triste, baita ia hilabete osoa ere. Izan ere, hogeita bat egunetan jarraian bustita pasa ondoren, eguzkia astean zeharreko egun bakar batzuetan agertu da, indarrik gabe, gogorik gabe. Hau dela eta, abenduko lehen igande goizerako ostarteak iragarrita zeudela ikusteak eskalatzeko gogoa berpiztu eta, bide batez, abstinentzia-sindromeari aurre egiteko aukera paregabea izango zela pentsatu genuen, nahiz eta gure baikortasuna azaroan ikusitako eguzkiaren parekoa izan.

Club Vasco de Camping Elkarteko Rafa Elorza eta Sergio Martinek lau egun lehenago ireki eta sare sozialetan partekatutako “Aranbeltz” (175 m 6a, V/A0) bidea zen buruan genuena, zailtasun maila ertainekoa izanda, harkaitz hezearekin ere eskalatzeko gai izango ginela uste genuena. Bide aproposa eskaladaz berriro ere gozatzeko.

"Aranbeltz" bidearen kokalekua. Hurbilketarako bidea puntu orlegiz adierazita dago. Puntu zuriz adierazitako hurbilketa jaiegunetan bakarrik jarraitu beharrekoa da, pista harrobitik pasatzen baita.


Rafa eta Sergiok 2019ko otsailaren 16an “Pop Circus” (200 metro, 6a+, 6a/A0) bidea ireki zutenetik, Ziordiako Arbara ekialdean “Sopa de Perejil” (220 metro, 6b+, 6a/A0), “Begipean” (200 metro, 6a) eta “Aranbeltz” (175 m 6a, V/A0) bideak ireki eta 1972 urteko “Iradierti” (45 m, 6a+) bidea berreskuratu dute baita "Iradierti-TET" bariantea ireki ere. Besteok gozatu ahal izateko lan luzea, lan gogorra eta lan itzela horma honetan egin dutena. Beraiek bakarrik dakite soketatik zintzilik bideak garbitu eta ekipatzen pasatako orduak. Lan mardul honengatik eskerrak ematea besterik ez dugu. Milesker eta zorionak bihotzez!!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 175 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martinek, 2019ko azaroren 27an.
- Zailtasuna: 6a (V/A0). Luzez-luze: 1ºL: 6a, V/A0 (40 m), 2ºL: III (40 m), 3ºL: V (25 m), 4ºL: IV (35 m) eta 5ºL: IV (35 m). Bidea arazorik gabe jarraitzeko hainbat harkaitz-zubietan kordelak jarrita daude.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express-zinta, zinta uztailak bilguneetarako eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, artaka-trabagailu jokoa, Alien semaforoa eta Link cam jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Goiko argazkian bezala, hurbilketa puntu orlegiz adierazita dago. Puntu zuriz adierazitako hurbilketa jaiegunetan bakarrik jarraitu beharrekoa da, pista harrobitik pasatzen baita.


Krokisa zehatzago..


Krokis zehatza beste ikuspuntu batetik.


DESKRIBAPENA

Putzuek errepidea tapizatzen zuten zerura zuzendutako ispilu txikien modura. Hauetan islatutako behe-laino gris eta ilunean begirada galduta, Josuren kotxeko argiek espaloia argitu zuten.

- Ez dakit ba pareta nola eongoen…
- Bazpare deportibako soka hartuet, txarrenen Eginoa jun ta zeoze ingo deu – esan nien.
- Behin hauntzaño junda saiau beharko gea, ez altzun ba Mikelek esan lehorren eozeñek eskalatzeola? Jejejeje – erantzun zuen Josuk, bustitako bide bat eskalatu eta majo estutu ondoren, ustez Mikel Saezek txantxetan bota zuena gogora ekarriz.

Josuk motorra itzali zuenean, termometroak zortzi gradu adierazten zuen. Izara baten modura basora tinko eutsitako behe laino itxi eta astun batek Arbara ekialdeko horma ezkutatzen zigun:

- Paetaño jun beharko deu bustita daun edo ez ikusteko, jejeje – bota nien kotxetik motxila hartzen nuela.
 - Behin paetaño junda seguro goitio ateako geala, nahiz ta artifizialen eskalau - ohartarazi zidan Josuk umoretsu.

Asierrek begirada lainoan galdua zuen, serio, eskalatzeko aukerak balantzaren beso bakoitzean jartzen ariko balitz bezala. Traste guztiak hartuta behe lainoaren ahoan sartu ginen.

Belarrak zapatila eta galtzerdiak bustitzeko beldurrez, Arbara Ekialdeko bide guztietara iristeko Rafa eta Sergiok ireki eta txukundu duten bidetik jo beharrean pistan gora jarraitu genuen, harrobiara joan nahiko bagenu bezala.

Laino artean pistan gora, ezkerreko kartelean "Aranbeltz" izena irakurri daiteke.


Ezkerrerako bihurgune itxi eta nabarmen bat hartu ondoren maldan gora hasi eta, hormaren azpiko harritzaren parean eskuinerako bigarren bihurgune itxi batera iritsitakoan, behe lainoaren mugatik gertu, pista utzi genuen.

Lehen bihurgunea atzean utzi ondoren. Argazkian, zuhaitz artean monolito nabarmena ikusi daiteke baita, zeruertzean, Ziordiako ezproia ere.


Gure helburua "Aranbeltz" bidearen azpiko harritzara ahalik eta goien iristea izan zen. Igandea izanda ez genuen inongo arazorik izan, baina kontutan izan lanegunetan pistatik ezin dela ibili, harrobian lanean aritzen direlako.

- Hara mugarri bat!! – Bota nien harritzan metro batzuk gora egin ondoren.

Bigarren mugarri bat ikusteak poztu gintuen, bide onetik gindoazenaren seinale.

Harritzan gora, nire ondoan mugarrietako bat ikusi daiteke.


Menhir erraldoi baten moduan zerura altxatzen den monolito nabarmen bat eskuinean utziz zuhaitz artean sartu eta, hauen arteko bidexka jarraituz, parez pare enborrean jarritako kordel gorridun zuhaitz bat topatu genuen: bidearen oinean geunden.

Bidearen oineko zuhaitza.


Zuhaitzaren atzeko horma tenteari begiratuz lehen luzeko parabolt bakarra lokalizatu genuen.

- Pareta nahizta bertikala ez izan sekoa daula emateo.
- Bai, hemen azpin behintzet hala emateo – erantzun zidan Asierrek.

Inguratzen gintuen guztia bustia izan arren horma lehorra zegoela zirudien: "Earki", pentsatu nuen, "gutxiñez gaur eskalauko deu". Motxiletatik trasteak atera eta hormari zeharka begiratzen nion bakoitzean konfiantza sentimendu batek hartzen ninduela sentitu nuen. Eskaladak erakutsi didan gauzetako bat da konfiantzaz sentitutako egunak aprobetxatu beharra direla, nire kasuan behintzat, ugariak izaten ez direlako: “zergatik ez?” pentsatuz Josu eta Asierri begiratu nien:

- Luze honi nik emangoiot – bota nien hotz – ondo?
- Ondo Xabi, eman lasai. - erantzun zidaten.

Materiala arnesaren uztaietan banatzen. Gorriz, bide osoan jarritako parabolt bakarraren kokalekua.


Materiala arnesaren uztaietan kontu handiz banatu, talkie-ak piztu eta Josuk eskalatzen hasteko keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 40 metro, 6a, V/A0. Katu oinak ahalik eta lehorren mantentzeko helburuarekin, eskuin oina kordel gorridun zuhaitzaren enborrean jarriz ezker oina hormako helduleku nabarmen batera igo nuen hormara pasatuz.

Lehenengo asegurutik (zulo batetik pasatako kordel gorria) sokak pasatzen.


Bertatik, gorago dagoen zulo txikian jarritako kordel gorritik lehenengo express-zinta pasatu eta, honen azpiko zulo batean zutik jarri nintzen (IV+).

- Pasoa oiain eskubira pasatzen izangozu – esan zidan Asierrek azpitik.

6a pasabidea babesten duen paraboltetik express-zinta pasatu aurretik.


Bi metro pasatxora luzearen pasabiderik gogorrena babesten duen parabolta dago. Gorputza erabat luzatuz bertatik bigarren express-zinta eta sokak pasatzea lortzearekin batera arnasa lasai hartu nuen.

Soka gainetik eta gainera paraboltaren segurtasunak ematen duen lasaitasunarekin, kordel gorria jarritako zuloan eskuin oina sartu, hormaren kontra oreka mantenduz gorputza pixkanaka altxatzen joan eta zulo honetan zutik jartzea lortu nuen (V).

Orain eskuinera pasa beharra nuen. Zutik nengoen zulo txikian oinen kokalekua aldatuz eskuin eskuarekin hormaren eskuin ertzera ongi iristen nintzela ikusi nuen. Josuri abisatu ondoren gorputza eskuin aldera bota eta, eskuin eskua askatu gabe, zeharkaldia eginez luzearen pasabiderik zailena atzean utzi nuen (6a). Pasabide hau paraboltari helduz gero V zailtasunaren baitan dago.

- Onaaaaa!!!

Pasabiderik zailena atzean utzita, konfiantzaz gainezka, hormaren eskuin ertzetik eskalatzen jarraitu nuen (IV+), honen gaineko harri txiki eta belarrez estalitako erlaitz inklinatua zeharkatu eta arrail nabarmen bat goitik behera erdibitzen duen horma bertikalarekin topo egin arte.

6a pasabidea atzean utzi ondoren harkaitz-plakaren eskuin ertzetik eskalatzen (IV+).


Arrailak, bertikala izan arren, heldulekuak onak ditu. Nondik eskalatu begiratzen hasi nintzenean oinak jarri beharreko heldulekuak bustiak eta lokaztuak zeudela ikusi nuen. Hau gutxi ez bada, arrailaren azpiko harria, bertara igotzeko lehen oina jarri beharko nuena, kolokan ikusteak alarmak piztu zizkidan.

- Ez do zaile ematen baña bustita eonda eztakit ba – bota nien – ea zeoze sartzeko lekuik topatzeten.
- Bai, ze hortio eroiezkeo lurreaño eroiko zea – erantzun zidan Josuk paraboltetik nengoen lekura asegururik ez nuela gogoratuz.

Artaka-trabagailu jokoa atera eta, gorputza luzatuz, ertain bat sendo trabatzeko leku bat topatu nuen. Piztutako alarmak baretzearekin batera, oinak non eta nola jartzen nituen ongi begiratuz, arraila eskalatzen hasi nintzen.

Arrailaren lehen metroak eskalatzen (V).


Metro batzuen ondoren gorputza berriro ere luzatu eta arrailaren amaierako harkaitz-zubi batetik jarritako sokatik express-zinta eta bi sokak pasatuz horma uste baino zailtasun gutxiagorekin eskalatu nuen (V).

- Joer, tentsio gehio pasaet hemen 6a pason baño!!! – bota nien hormaren gaineko erlaitzetik.

Arrailatik ateratzen.


Arraila azpitik ikusita. Bigarren asegurua harkaitz-zubi batetik pasatako soka gorri batean jarrita dago.


Arraila eta horma eskalatuta, luzearen zailtasun handienak amaitu eta, eskuineko joerarekin, hormatxo ezberdinak eskalatzen jarraitu nuen (II/III), tarteka harkaitz-zubi ezberdinetan bidea ez galtzeko jarritako kordeletatik aseguratuz. Harkaitz hotzaren eraginez, metroak irabazi ahala behatzak hozten joan zitzaizkidan eta noizik eta behin gelditu behar izan nuen eskuak besapeetan sartu eta epeltzeko.

Ustez 40 metro inguru eskalatuak nituenean, belarrezko kanaltxo baten ondoan harkaitz-zubi batetik pasatako kordel gorri eta luze bat topatu nuen. Josuri talkie-tik honen berri eman eta berrogei metro eskalatuak nituela baieztatu ondoren, kordela friend batekin sendotuz bertan bilgunea muntatu nuen.

Lehen bilgunea.


Bideko luzerik gogorrena modu garbian eskalatzeak askatutako endorfinen euforiaren sentsaziopean eskuak hotzak izatea berdin zitzaidan. Zoriontsu nengoen, pozarren esango nuke. Atzera begiratu eta ikusmirak txunditu ninduen. Sokak biltzearekin batera eskuek normalean duten tenperatura beroa berreskuratu zuten.

Lehen bilguneko ikusmira. Zoriontsu sentitzerakoan paisaiak modu ezberdinean bizitzen dira.


Asier 6a pasabidean.


Lehen bilgunean. Puntu gorriz bigarren luzeko lehen metroen nondik norakoak. Atzean, laugarren luzea amaitzen den punta ikusi daiteke.


- Holako egunek gehiagotan izango banittu... - bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Luze ona, gañea bustin ateatzea bere meritue bazeuken - esan zidan atzetik zetorren Josuk.

Asierri gainean nuen material guztia eman eta, telefonoan generaman krokisa begiratuz bigarren luzea nondik zihoan ikusi ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 40 metro, III. Bilgunetik zertxobait eskuineko joerarekin eskalatzen hasi eta, belar bustia ekidinez, harkaitza ahalik eta gehien zapalduz, bilgunearen gaineko bi zuhaitz nabarmenen arteko pasabidera zuzendu zen (II/II+), laugarren luzea amaitzen den punta erreferentzi bezala hartuz.

Bigarren luzean eskuinera egin beharreko lehen metroetan, zuhaitz nabarmenen arteko pasabidera hurbiltzen (II/II+).


- Eskuk izoztuta dauzket - esan zidan Josuk.
- Nik ere reunioa iritsi naizenen hala neuzken baña soka bildu ondoren berotu zaizkit - erantzun nion Asier begi bistatik galtzearekin batera.

Asier bitartean zuhaitzen artetik pasatu eta pareko horma bertikalera zuzendu zen (II/II+). Horma eskalatzen hasi aurretik friend bat sendo trabatu eta lehen metro bertikal eta trinkoak bertako helduleku ederrak aprobetxatuz erraztasun osoz eskalatu zituen (III).

Horma bertikalean, sarrerako zailtasunak atzean utzi ondoren (III).


Hormaren inklinazioa pixka bat galtzearekin batera, ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen (II/III) pareko horma tentearen oineko harkaitz-zubi batetik pasatako soka urdin pare bat ikusi zuen arte.

Horma bertikaletik bigarren bilgunera arteko tartea eta hirugarren luzeko lehen metroen nondik norakoak.


Bigarren bilguneko soka parea.


- Pentsatzet reunioa hemen montaukoela - esan zigun - hemendio gora pareta bertikala jartzea ta.
- Gutxi gora behera beste berrogei metro inda izangoittuzu - esan nion bigarren luzeak ere berrogei metro zituela gogoratuz.

Josu eta biok luzea lasai eskalatu genuen, hizketan, kalean garagardo bat hartzen ariko bagina bezala, estutzen den bideetan hizketaldiak urriak izaten baitira. Luze hau trantsiziozkoa iruditu zitzaigun, erraza, azkar eskalatzen den horietakoa. Harrrigarria bada ere, lehen luzea baino etzanagoa izan, harkaitza lehorra zegoen.

Bigarren bilgunera iristen.



- Hurrengoaire zuk eman beharkoiozu - esan nion Asierri - aurreko luzek zuentzat eztu luze bezela kontatzen, jejeje.

Josu ere ados egonda, luzean berreskuratutako materiala Asierri eman eta, hirugarren luzea eskalatzen hasten zuen bitartean, bigarren bilgunea muntatutako erlaitzean argazkian egiten batera eta bestera mugitzen hasi nintzen.

Hirugarren luzearen hasieran eskalatzen den hormaren zati bertikala bustia zegoela ikusi genuen. Rafa eta Sergiok Facebook-en partekatutako argazkietako bat begiratu eta luzea bustitako zatiko tximinia irekian gora zihoala ikusi genuen.

- Hirugarren luzea, 25 metro, V. Asier bilgunetik atera eta eskuinean kokatutako tximini busti, motz eta irekira zuzendu zen (III).

Tximiniaren azpian kokatu zenean oinak non jarri ongi begiratuz gorputza pixkanaka altxatzen hasi zen. Asierren mugimenduak neurtuak ziren, oinak jarri aurretik heldulekua irristakorra ez zela ziurtatuz. Metro pare bat eskalatu ondoren, harkaitz-zubi batetik uztai-zinta bat pasatu zuen luzeko lehen asegurua jarriz.

Tximinia irekian (IV+) azpiko harkaitz-zubitik uztai-zinta pasatu ondoren.


- Ez da zaile baño bustita...- bota zigun.

Asier poliki baino segurtasun osoz eskalatzen ari zen. Bigarren harkaitz-zubi batetik bigarren express-zinta jarri ondoren tximini irekia ixten duen sabaiaren azpira iritsi zen (IV/IV+).

- Oain eskubitio ezkerrea dijon pitzaduratio jarraitu beharren zare - esan nion.

Link cam horia arrailean sendo trabatu eta, ezkerrera jarraituz, sabaia azpitik saihestu zuen (V). Arrailak friend-ak trabatzeko aukera handiak dituen arren Asierrek beste bat bakarrik trabatu zuen.

Arrailaren zeharkaldiaren (V) hasieran.


Arrailaren amaieratik gora zuzen eskalatzen jarraitu (IV+) eta sabaiaren gainera igo zen. Hemendik aurrera zailtasuna jaisten da eta azken metro batzuk arazorik gabe betez (II/II+), pareko hormaren oinean kordel urdin batez muntatutako bilgunera iritsi zen.

Hirugarren bilgunean, atzean, laugarren luzeko lehen metroen nondik norakoak.


Luzea eskalatzea uste baino gehiago kosta egin zitzaidan. Tximinia irekian oinak segurtasun osoz jartzeko lekurik ez nuen topatzen. Hankak irekita, hankak itxita, postura guztiak frogatu nituen eroso sentitzeko baina oinak ez ziren harkaitzera sendo itsasten.

Tximini irekian harkaitz bustia ez zapaltzeko postura eroso baten bila.


Arrailaren zeharkaldiaren lehen zatian ere metroak irabaztea kosta egin zitzaidan. Ez zailtasunagatik, katu oinak bustiak izateagatik, oinentzat kokaleku segururik topatzen ez nuelako baizik. Josuk ordea zati hau zailtasunik pasa gabe eskalatu zuen, horma lehorra egongo balitz bezala.

Arrailaren zeharkaldiaren lehen metroetan. Argazkian zeharkaldi honetan trabatutako bigarren, eta azken, friend-a ikusi daiteke.


- Laugarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka tentea ikusi nuenean, zuzen eskalatzen jarraitzea izan zen burutik pasa zitzaidan lehen gauza.

- Hok 6b+ eskalatuta plaka ezkerretio eskalau bazuen zerbaitegatik izangoa - esan zuen Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala.
- Bai, arrazoie dezu. - erantzun nion buruko ideia baztertuz.

Hodeien artean azaltzen hasitako eguzkia eskertu genuen. Harrigarria da dozena erdi izpik berotu dezaketena. Ez zen denbora luzea pasa bi anaiek berokiak kendu baino lehen. Berokiak motxiletan jaso eta Josuk eskalatzen jarraitzeko eskatu zidanean martxan jarri nintzen.

Harkaitz-plaren oinean (II) artaka-trabagailu bat harkaitz-zubi batean trabatzen.


Harkaitz-plakaren ezkerrera zuzendu (II) eta, harkaitz-zubi txiki batean artaka-trabagailu bat trabatu ondoren, metro batzuetan ezkerreko ertzetik jarraitu nuen (III+), helduleku eder batzuen laguntzaz plakara pasatu eta honen gainera igotzeko.

Harkaitz-plaka eskalatzen (III+).


Harkaitz-plaka atzean utzita gaineko horma tentea zuzen eskalatzen hasi nintzen, goiko puntara zuzenduz.

Horma honen eskalada itzela iruditu zitzaidan. Heldulekuak, harkaitz-zubiak eta arrailak ugariak dira seguruak nonahi jartzeko, denbora osoan III+/IV zailtasunean murgilduz. Metroak erraztasun handiz irabazten nituen, eskaladaz gozatuz.

Horma eskalatzen (III+/IV).


Puntaren azpian, eskuin aldean erlaitz zabal bat dago. Bertara iristean luzearen zailtasunik handiena dagoen arren (IV), heldulekuak onak dira. Ezker-eskuineko pasabide motz hau artaka-trabagailu batekin babestu eta, zailtasunik gabe, erlaitzera igo nintzen.

Erlaitzera iritsi aurretik (IV).


Erlaitzera igotzea lortu nuenean honen eskuinera kontu handiz pasa (kontuz harri askeak daude eta) eta Rafa eta Sergiok utzitako iltzea ikusi nuen. Iltzea friend batekin sendotuz bilgunea muntatu nuen.

Laugarren bilgunean.


Laugarren bilgunea.


Sokak jasotzen nituen bitartean begirada ezkerreko horma bertikalera joan zitzaidan. Udazkenak gorritutako zuhaitzen gainetik, hagin baten moduan, kareharrizko horma altxatzen da. Hormari begira, honen ezproi inklinatu eta nabarmenean Rafa eta Sergiok irekitako "Begirapean" bidea eskalatzeko gogoa piztu zitzaidan.

Ezkerreko hormaren ikusmira ederra. "Begirapean" bideak ezkerreko ezproi nabarmena jarraitzen du.


Sokak bildu, segurtagailutik pasa eta talkie-tik abisatu ondoren Josu eta Asier eskalatzen hasi ziren.

Asier azpiko harkaitz-plaka eskalatzen.


Beraien eskalada lasaia eta neurtua ere izan zen, metro bakoitza gozatuz, eskaladaren amaiera sumatuko balute bezala.

Izagirretarrak horma eskalatzen.


- Luze politte!!! - esan zidan aurretik zetorren Asierrek.
- Bai, izugarri disfrutau det!! - erantzun nion.

Bilgunera iristen.


Rafa eta Sergiok Facebook-en txingorra zela eta azken luzea bilgunearen goiko horma bertikala ekidinez eskalatu zutela kontatu zuten. Hasiera batean hormari zuzen nondik eman begiratzen aritu bagina ere, azkenean Asierrek zentzuzkoena Rafa eta Sergiok jarraitutako bide bera jarraitzea izango zela esan zigun.

- Zu zoaz aurretio, zuk ikusikozu - erantzun zion Josuk.

- Bosgarren luzea, 35 metro, IV. Asierrek punta eskuinetik saihesten duen harkaitz eta belarrez estalitako kanala eskalatu zuen (II/II+) pareko hormarekin topo egin arte.

Hormaren oinean.


- Ez dakit merezion puntara zuzen eskalatzea - bota zigun horma eskalatzen hasi aurretik - puntatik pareta honta kontinuidadeik eztau.

Horma, erdian gutxi gora duen helduleku oneko arrail itsurakoa jarraituz eskalatzen hasi zen (IV). Bertako helduleku ederrak aprobetxatuz ez zuen denbora luzerik behar izan horma eskalatzeko.

Hormaren azken metroetan (IV).


- Reunion!!!!!

Bilgunea ertzeko harkaitz handietako batetik uztai-zinta luze bat pasatuz muntatu zuen.

Josu laugarren bilgunetik atera aurretik.


Kanala igo nuenean ezkerrera desbideratu eta puntak atzeko hormarekin osatzen duen lepo estura hurbildu nintzen.

Kanala igo ondoren (II/II+)


Lepoaren bestaldean ur-tantadun harkaitz-plaka inklinatu bat ikusi nuen.

- Azken luzea igual plaka hortatio gora eskalatuz kontinuidade gehio dauke - esan nion Asierri - baña horrek laugarren luzeare aldauko lukeela esango nuke.

Bilgunera iritsi aurreko horma, laugarren luzekoa bezala, itzela iruditu zitzaidan, pena metro gehiago ez izatea.

Bilgunera iritsi aurreko horma (IV) azpitik ikusita.


Josu bilgunera iritsi zenean bi anaiei argazkia egin eta mendiaren bestaldera pasa ginen materiala jasotzea.

Josu eta Asier azken bilgunean.


- Zenbat urte ez zenula bide oso bat "de segundo" eskalatzen? - bota nion Josuri.
- Ez naiz akordaure itten, jejeje

Eguzkia berriro ere hodeien artean ezkutatu eta tenperatura berehala jaitsi zen. Traste guztiak arin arin jaso, hiruon argazki bat egin eta, ezer jaso gabe uzten ez genuela egiaztatu ondoren, beherako bidea hartu genuen.

Talde argazkia!!!


Bidea ederra iruditu zitzaigun, errepikapen bakarra izan arren harkaitz onekoa. Zailtasunari dagokionez, zailtasun ertaineko bidea izanda, erdi-ekipatutako bideetan eskalatzen hasi nahi dutenentzat bide egokia izan daitekeela uste dut, gozatzeko bidea baita. Baina ez ahaztu bide osoan parabolt eta iltze bakarra topatuko duzuela.

Kronika hau partekatu aurretik Rafak aurreratu didanez bilguneak sendotzeko asmoa dute, baita azken luzeari irteera zuzenago bat emateko asmoa ere. Egiten dutena egiten dutela ziur naiz bide eder hau ahalik eta ederrago bihurtuko dutela. Milesker berriro ere!!!!! 


jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07