blogak

Smithyrenbloga

TXINDOKI (1.341 m): MENDEBALDEKO GANDOR "INTEGRALA", 225 m, V. 2020/07/04

Txindoki, maiatzeko ilargi betearen begiradapean.


Mila aldiz ibili gaitezke bide beretik, mila aldiz pago zahar beraren itzalpean atseden hartzeko; mila aldiz harkaitz bera eskalatu dezakegu, bere zimurrak mila aldiz laztantzeko; mila aldiz gailurrik kuttunenean eseri gaitezke, mila aldiz gozatutako paisai bereaz berriro ere gozatzeko. Eta esperientzia hauetaz guztietaz mila aldiz gozatzen badugu ere, beti egongo da lehen aldiz harrituko gaituen esperientzia berri bat aurkitzeko arriskua: bide berri bat, zuhaitz berri bat, harkaitzean zimur berri bat, paisaian ikusi gabeko leku berri bat. Garai bateko 3D marrazkien moduan, esperientzia berria ikusi eta bizi ahal izateko indarra egin beharko dugu, pasiboki mugituz gero esperientzia egunerokotasunaren ikusmiraren barruan geldituko baita.

Kronika honetako eskalada goiko hausnarketaren adibide garbia da: Txindokiko mendebaldeko gandorra askotan eskalatuta genuen arre, gailurraren gertutasunaz itsututa beharbada, diedro nabarmen hau "ikusi" gabe genuen, nahiz eta beti bere ondotik pasatu. Guretzat existitzen ez zen harri pusketa bat besterik ez zen, Erlabeltzeko puntaren bidean ezkerrean axolagabetasunez begiratu eta uzten genuena. Asierrek bertan arreta jarri eta eskalatu zuen arte:

- Eskalada oso politte da, kintokoa eo...

Asirrek diedro "ikustezin" honen berri eman zidanean eskalatzeko gogo bizia piztu zitzaidan. Txindokiko gandorra milagarren aldiz eskalatuko genuen, lehen aldiz harrituko gintuen esperientzi berria bizituz. Oraingoan Aitor bidelagun izango genuen, azkenaldian Josuren sokalagun bihurtu dena, esperientzia berri hau aberastuz.

Ez dakit sekula izan duzuen Txindokiko mendebaldeko gandorraren lehen eskaladaren kronika irakurtzeko aukera. Pyrenaica aldizkariaren 23 zenbakiaren konikaren irakurketak ("kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean kronika honen esteka duzue), egun arinki eskalatzen dugun gandor honetako eskaladak 1951 urtean izan zuen balioaz jabe egiteko balio digu. Hiru saiakera egin behar izan ziren gandorra bere osotasunean eskalatzeko: 1949 urteko azaroaren 7an izan zen lehena. 9 orduko borrokaldiaren ondoren, Anton Saenz de Basagoitia, Jose Maria Peciña eta Jaime Reñé-k, ekaitza bortitz batek behartua, azken diedroa eskalatu gabe utzi eta gandorretik ihes egin behar izan zuten, ipar hormara 25 metroetako rappel bat eginez. Urtebete beranduago, Jaimeren lekua Jose Arratek hartu eta zazpi ordu eta erdiren ondoren azken diedroaren azpira iritsi ziren. 5 metro eskas eskalatu ondoren, ekaitz berri batek behartuta, gandorra berriro ere ziztu bizian utzi behar izan zuten. Urtebete beranduago, 1951ko urriaren 21an, hiru eskalatzaileak Larraitzetik gandorra eskalatzeko helburuarekin hirugarrenez abiatu ziren, oraingoan ere ekaitzaren beldurrez, bidean topatu zuten artzain batek ekaitza botako zuela esan zien eta. Eskalatzen hasi eta bost ordu eta hogeita bost minutu beranduago, hiru eskalatzaileen irrintziak Txindokiko gailurretik lau haizeetara zabaldu ziren. Gandorra eskalatuta zegoen. Kronikan egiten duten eskaladaren deskribapena zehatza da, dardaratsua, Alpeetako eskalada handi bat deskribatzen ariko bailiran. Pasagune bakoitza zehaztasunez deskribatuta dago eta, gandorraren eskalada ezagutzen baduzue behintzat, kronika osoan beraien sokalagun sentituko zarete. Kronikaren esaldi honekin geratzen naiz: "Auguramos en nuestro cambio de impresiones, un gran porvenir escalatorio a esta cresta que acabamos de vencer por primera vez. Puede llegar a ser un magnífico campo de acción para los escaladores del País Vasco; en pocos sitios de nuestra tierra encontrarán más bella vía de escalada". Etorkizunak zalantzarik gabe arrazoia emango zien.

Kronika honetako azken diedroa lehen aldiz nork eskalatu zuen ez dut inon topatu, baina argi dago gandorra lehen aldiz eskalatu zutenak ez zirela izan. Lehen eskalatzaile hauek nortzuk izan ziren bilatzen jarraitu beharko dut... 

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 190 metro aristarako + 35 metro azken diedroa eskalatzeko.
- Luze kopurua: Gandorra 60 metroetako sokarekin 5 luzeetan eskalatu badaiteke ere, normalean 6-7 luzeetan eskalatzen da. Diedroa luze bakarrean eskalatzen da.
- Nork irekia: Jose Mª Peciña, J. Arrate eta A. Saenz de Basagoitia 1951ko urriaren 21ean. Diedroa lehen aldiz eskalatu zutenak zeintzuk izan ziren ez dut inon topatu.
- Zailtasuna: V. Gandorra  luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: II (25 m), 3ºL: III+ (30 m), 4ºL: IV- (30 m), 5ºL: IV (25 m), 6ºL: IV+ (20 m) eta 7ºL: III (30 m). Diedroko luzea: V (35 m).
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Larraitzeko iturrian hartu daiteke baita, jaitsieran, Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larraitzetik Txindokira doan ohiko bidea hartuko dugu. 20-30 minuturen ondoren, pinudiaren hasieran dagoen langa pasa ondoren bidea utzi eta ezkerrera joko dugu, Amezti mendira zuzenduz. Amezti ezkerretik inguratu ondoren lepo batera iritsi eta hemendik gora zuzen jarraituko dugu, tarteka eskuak erabiliz, lehen luzeko diedroaren azpira iritsi arte. Larraitzetik lasai joanez gero ordubete inguru pasako dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: Txindokira iristen den ohiko edozein bidetik, gandorraren amaieran muntatutako rappel lerrotik (bi rappel) edo Erlabeltzeko puntaren azpian dagoen "Arrastrakulos" kanaletik.
- Eramandako materiala: 10 express zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Azken diedroan lau aseguru jarraita badaude ere, ongi etorri daitezke tamaina erdiko friend batzuk.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Txindokiko mendebaldeko gandorraren nondik norakoak. Goien azken diedroaren kokalekua ikusi daiteke.


Azken diedroaren krokis zehatza. Borobil gorriaren barruan luzeko spit bakarra, hiru "X" gorriak aldiz, iltzeen kokalekua.


DESKRIBAPENA

OHARRA: mendebaldeko gandorraren deskribapen zehatza hemen idatzita dudanez, ez naiz detaile tekniko eta eskaladaren azalpen zehatzetan geldituko.

- 60 metrotako beste soka? - Galdetu zidan Asierrek oinez hasi aurretik.
- Maleterotio eztezu hartu? - erantzun nion txantxetan ari ote zen pentsatuz.
- Ez...

Kotxearen maletategia ireki eta hutsik zegoela ikusi nuen.

- Ostia, etxen utziet!!!!

Etxean utzitako sokaren bila joatea burutik pasa zitzaidan momentu berean Aitorrek kirol-eskaladako 80 metroetako soka bat kotxean zuela esan zigun:

- Erdin korapiloa egin eta 40 metrotara eskalauko deu - proposatu zigun.

Motxilatik zintzilik nuen 60 metroetako soka "fina" kotxearen maletategira bueltatzen nuen bitartean Asierrek 80 metroetako soka "potoloa" hartu zuen. Goizeko zazpiak eta laurden izan arren Larraitzeko aparkalekua kotxez, furgonetaz eta auto-karabanaz beteta zegoen, camping baten itxura emanez. Horren goiz iritsita ere bidea hasten den ataka metalikotik hain urrun aparkatzen nuen lehen aldia izan zen. Kotxeek erdian utzitako pasilloa zeharkatuz atakara iritsi, kolokan dauden egurren gainetik zeharkatu eta maldan gora hasi ginen.

Sasoi betean bazaudela uste baduzu ere Txindokiko igoerak ahuldaderik ezkutuena beti uzten dizu agerian. Honegatik, hurbilketa mantxo hartu genuen, solasaldi itxuroso bat mantentzeko abiadura zuhurra eramanez.

Metroak irabazten genituen heinean bailara estaltzen zuen behe-lainoa behean gelditzen hasi zen. Izarek erdi-estalitako ohe baten moduan, behe-lainoa eguzkiaren lehen izpien indarrez pixkanaka jasotzen hasita zegoen, bailarako muinoak eta baserriak agerian geldituz.

Goierri izarak gainetik kentzen...


Gertuago...


- Ea gutxiñez aristan lehenengok gean - esan nien Txindokira doan bidea utzi eta, maldan gora, Ameztira zuzendu ginenean.

Orain arteko martxa lasai hartu bagenuen ere, Ameztira zuzendu ginenean, solasaldiaren mesedetan noski, martxari puntu bat jaitsi genion. Bi mendizaleen arteko solasaldia gai bakarraren inguruan izaten bada, hiru elkartzen direnean zer esanik ez. Hurbilketan inguruko mendiak igo eta horma guztiak eskalatu genituen, udan zein neguan. Solasaldiak Goierriko kronika sozialari errepaso emateko ere eman zuen, inguruko zurrumurru eta esamesei tarte eginez: ez dakit nor banandu egin dela, badakit nork istripua izan duela... Solasaldiak mendi-igoera eta eskalada gida eder bat idazteko materialaz aparte, "Semana" edo "Hola" moduko aldizkari bateko ale batzuk idazteko materiala ere eman zigun, jejeje.

Azken aldian hurbilketek gauza bera izan dute komunean: ihintzagatik zapatila eta galtzerdiek busti-bustiak amaitu dutela. Oraingoan ere, eskalada hasten den lekura iritsi ginenean egin genuen lehenengo gauza zapatila eta galtzerdi bustiak motxilan gorde eta katu-oin lehorrak janztea izan zen. Aitor eta biok hitz egiten jarraitzen genuen bitartean, Asier di-da batean prestatu eta soka eskatu zigun:

- Gaur hobe zu aurretio denbora guztin jutea - esan nion - pentsatzet hola azkarrago ibiliko geala.

Asierri express zintak eta walkie-talkie bat pasatu eta sokaren erdian zortziko korapiloa egin eta arnesera lotu zuenean eskalatzen hasi zen, horizontala utzi eta bertikalean murgilduz.

Lehen bilgunetik egindako argazkia.


40 metroetako luzeak eskalatzera "kondenatuak" izanda ere, eskalada azkarra egin genuen. Asier aurretik, soka potoloetatik ahal zuen moduan tiraka, eta Aitor eta biok atzetik, gelditu gabe metroak irabazi genituen, nahiz eta hasiera batean atzetik zetozen sei kordadetako batek aurrea hartuko gintuela pentsatu genuen.

Laugarren diedroa eskalatzen, gandorrari zailtasuna ematen diona (IV+).


Eskalada osoko ezusteko bakarra laugarren diedroan izan genuen. Bertan, horma bustia topatu genuen, diedro honi zailtasun puntutxo bat emanez. Ez dakit hala izango den baina denbora osoan gandor osoa garbitu denaren sentsazioa izan genuen. Arrailak garbi-garbiak zeuden eta han eta hemen harriak kendu izan direnen arrasto zurixkak ere topatu genituen.

Aitor laugarren diedroa eskalatzen.


Ordu eta erdi baino lehen azken bilgunean ginen soka eta materiala jasotzen:

- Diedroa han goien ikustean punta hoi izangoa, ez? - esan nion Asierri.
- Bai - erantzun zidan.

Gandorraren gainetik, monolito baten moduan, diedroa dagoen horma nabarmen ikusten zen. Hain nabarmena izanda orain arte hain itsu nola izan nintzen ezin nuen sinetsi.

Azken luzean eskalatzen den horma gandorraren azken bilgunetik ikusita. Gailurrean putre bat dago.


Materiala behin behinean motxiletan gorde eta, galtzerdi eta zapatila bustiak jantzi ondoren, martxan jarri ginen, eskaladan zehar "galdutako" solasaldiari berriro helduz. Gandorrak duen harkaitz-blokeen laberintotik atera eta harkaitzen arteko pasabide estuak zeharkatuz, 20 minutu eskaseko ibilaldi lasaiaren ondoren azken hormaren oinera iritsi ginen.

Diedroa perfektua da, liburu erraldoi ireki baten modukoa. Erdian arrail nabarmen bat dauka, edozein eskalatzailearen begitakoa izan daitekeena. Goiko zatian sabai batek hortik pasatu ezin dela argi eta garbi adierazten du. Pena diedro hau gandorraren berezko eskaladaren amaieratik gertuago ez egotea, gandorraren luzerik ederrena izango zelako inongo zalantzarik gabe .

Diedroa dagoen horma. Diedroa hormaren eskuinean ikusten den tximini itxurakoa da.


Asier eta Aitor prestatzen ziren bitartean, batera eta bestera mugitu nintzen argazkiak egiteko leku egoki baten bila. Orduarengatik, eguzkia hormaren atzetik ateratzear zegoen eta banekien hormatik atera ondoren argazkiak egitea ezinezkoa izango nuela, eguzkia parez-pare izango nuelako. Ahal nuen denbora gehiena diedroaren itzalpean mantentzenn saiatuko nintzela erabaki nuen.

Prestaketa lanetan...


Eskalatzailea eta aseguratzailea prest zeudenean Asier eskalatzen hasi zen.

Diedroaren lehen asegurua, spit zahar bat, oso goien badago ere, bertara iristea azpitik dirudiena baino errazagoa da. Dena den, diedroaren erdiko arraila friend-ak sendo trabatzeko aproposa da. Asierrek diedroaren lehen metro etzanak erraz eskalatu zituen, lasaitasun osoz (II+).

Zati etzana eskalatu ondoren.


Metro etzan hauek eskalatuta, diedroa belar batzuen gainetik bertikal bihurtu arte tentetzen da. Zati honetan ere friend-ak trabatzeko aukera dagoen arren, diedroaren bi hormetan oinak jarri, erdiko arrailean eskuak sartu eta, metro pare bat eskalatu ondoren, diedroaren ezker horman dagoen erlaitz eroso batera igo zen, erlaitzean gorputza luzatuz spit zaharretik lehen express-zinta pasatzeko (IV).

Lehen asegurutik sokak pasatzen.


Asier erlaitzean zegoen bitartean, Aitor eta biok, diedroaren itzalpean, iparretik zetorren haize fresko baten eraginez hozten hasi ginen:

- winestoperra jantzi behar det - esan nion Aitorri.
- Bai, hemen hotza itteik - erantzun zidan gorputza astindu eta Asierri begiradarik kendu gabe.

Erlaitzetik gora diedroaren eskalada amaitzen dela esan daiteke. Arrail nabarmen bat eskalatzen jarraituz, metro batzuk kontu handiz eskalatu (IV) eta, arrailaren gainean zutituz, bere amaierara iritsi zen, luzearen bigarren aseguruaren parean gelditzeko: harkaitzaren pitzadura txiki batean sendo sartutako iltze bat.

- Hortio bi sokak pasau - aholkatu zion Aitorrek - bazpare atzetik goazenak eroi ezkeo penduloik ez itteko.

Arrail nabarmena eskalatzen.


Iltze honen parean, eskaladarik logikoena arrailetik zuzen eskalatzen jarraitu eta goiko gandorrera igotzea dela dirudien arren, hemen hasten da luzearen zatirik ikusgarriena: oinentzat helduleku onak dituen eskuin-ezkerrerako zeharkaldia, horman dagoen sabaiaren azpitik doana.

Oinentzat arraila amaitzen den lekuan, zeharkaldiaren hasieran, argazkian lehen iltzea ikusi daiteke.


Ohikoa duen eskalada zuhur eta lasaiarekin, Asierrek zeharkaldia presarik gabe hasi zuen, esku eta oinentzat  dauden heldulekuak ongi aukeratu eta aprobetxatuz.

Zeharkaldiaren lehen metroetan.


Pazientziaz, mugimendu bakoitza ongi neurtuz, Aitor eta bion animoen artean zeharkaldiaren amaieran dagoen iltzera iritsi zen, luzearen hirugarren asegurura hain zuzen ere (V).

Zeharkaldiaren amaieran.


Bigarren iltzetik ere, Aitorren aholkuari kasu eginez, bi sokak pasatu eta, sabaia ezkerretik saihestuz, helduleku ederrak dituen azken metro bertikal batzuk eskalatu zituen hormaren gainera igoz (III+). Bigarren iltzearen ondoan beste iltze bat badago ere, soken marruskadura handia izango zenaren beldurrez, Asierrek ez zuen bertan express-zintarik jarri.

Azken esfortzua...


Hormaren gainetik behera egindako argazkia.


- Ze esatezu? - galdetu genion.
- Aurrekon pentsau nun modun, kinto ingurun eo ibilikoela... . erantzun zigun.

Asierrek sokak jasotzen zituen bitartean, Aitor eta biok, hotzak uzkurtuta, gorputza berotu nahian, besoak astintzen hasi ginen.

- Utziazu aurretio juten, hoka trabesin zeala argazkik ingoizkizut - eskatu nion Aitorri.

Aitorrek gorputza berotzen jarraitzen zuen bitartean eskalatzen hasi nintzen. Diedroaren eskalada, zaila izan gabe, ederra iruditu zitzaidan. Hori bai, ni lehenengo moduan eskalatu izan banu spit-aren aurretik friend bat gutxienez trabatuko nuela ere argi gelditu zitzaidan, jejeje.

Zatirik ezerosoena erlaitzetik arrailaren amaiera artekoa iruditu zitzaidan, motxilarekin ezker hormari jotzen nionez, oreka galduko nuenaren sentsazioa sentitu nuelako behin baino gehiagotan.

Aitor erlaitzaren gaineko arraila eskalatzen.


Iltzeen arteko zeharkaldia ikusgarria da, itzela. Eskuen heldulekuak oso handiak ez diren arren, nahikoak dira oreka galdu gabe oinak helduleku batetik bestera segurtasunez mugitzeko. Zeharkaldia atzean utzi ondoren ulertu nuen luzea ireki zutenek zergatik ez ziren lehen iltzetik zuzen gandorrera atera.

Aitor zeharkaldiaren hasieran...


Zeharkaldiaren amaieran Asierri eusteko eskatu eta, sokatik zintzilik, Aitorri argazkiak egiten hasi nintzen. Pasatako "freskura" atzean geldituta, Aitor lasai zetorren, kontzentrazio osoz mugimendu bakoitza ongi neurtuz. Eskalada lasai dutenei begira egotea gozamena da, harkaitzaren bertikaltasunean dantzan ari diren sentsazioa transmititzen dutelako. Nire parera iristear zegoela hormaren azken metroak eskalatu nituen.

Zeharkaldiaren amaieran. Argazkian, bata bestearen ondoan dauden azken bi iltzeak ikusi daitezke.


Ederki eskertu genuen eguzkiaren argi eta berotasuna horma ilun eta hotzetik irten ginenean.

Aitor hormaren hoztasunetik eguzkiaren epeltasunera irteten, atzean Txindokiko gandorrako harkaitz-blokeek osatzen duten laberintoa.


Material guztia lurrean zabalduz, katu-oinak kendu eta, oinutsik, harkaitz baten eseri nintzen, belarraren leuntasun eta epeltasuna oinen azpian sentituz. Zapatila eta galtzerdiek eguzkiak berotzen hasitako harkaitz baten gainean hezetasuna galtzen zuten bitartean, luze honen nondik norakoei buruz hizketan aritu ginen. Hirurak ados geunden luze honen edertasunaz. Baita ere, gandorraren azken bilgunetik urrun egonda, tamalez, asko ez dela errepikatuko.

Epeltasuna gorputzera itzuli zenean, motxilak sorbaldetatik zintzilikatu genituen Txindokiko gailurrera zuzenduz.

Zur eta lur gelditu ginen gailurra okupatzen zuen mendizale kopuruarekin. Jendetzaren artean pasatuz, gelditu gabe, beherako bidea hartu genuen, Txindokira izerdi patxetan igotzen ari zirenen kontrako bidea eginez. Metroak galtzen genituen heinean, zeharka gandorrari begiratu genion. Bertako puntu ezberdinetan kordadak ikusten ziren, batzuk mugimenduan, besteak mugimenduen zain:

- Bufff!!! Eskerrak lehenak sartu gean - esan zuen Asierrek.

Jaitsieran pentsatzen aritu nintzen gandorrari amaiera emateko modu eder eta eleganterik badago, azken diedro hau eskalatzea izan daitekeela. Graduari dagokionez ez da luze gogor bat baina, Txindoki bezalako mendi eder batean eskalatzen ari garela kontutan izanda, hau gutxienekoa dela esango nuke. Graduen inguruan Voytek Kurtyka alpinista handiak dioen moduan: "eskaladaren gradua giza harrokeriaren mesedetan bihurtu den erregistro zitala da: ez du inondik inora eskaladaren bizipenaren intentsitatea azaltzen: pozoia eta zitalkeria besterik ez da". Hitz jakintsuak, ez duzue uste?

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Irurak-bat del Tolosa Club. Primera escalada del Txindoki por su cresta occidental. Pyrenaica, 1951; 23: 116-119. Eskuragarri: http://hemeroteka.pyrenaica.com/uploads/aldizkaria/023/pdf/pyrenaica_023_6.pdf
- Rodriguez J.M. Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 144. Deba. Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Obeso G., Arrieta Tx. Gipuzkoako eskalada gida, guía de escalada de Gipuzkoa158-159. Gráficas Lizarra, 2002.
- Kurtyka V. El Maharajá chino. Ediciones Desnivel. Madril. 2015.
- Smithyren bloga. Txindoki, mendebaldeko arista (IV+), 2009/01/02. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2009/08/txindoki-mendebaldeko-arista-iv-090102.html


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07