blogak

Smithyrenbloga

RINCON DE ALANO (2.357 m): EKIALDEKO KORRIDORETIK, 600 m, AD-. AIZKORRISMOA PIRINIOETAKO BIHOTZEAN... 2022/02/13


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Aupa Asier!! Asteburu hontako ideian bat?
- Lanbaten lana dauket...
- Vaya... ta igandeako planik? Nahibazu egunen bertan eskalau daiken korredoren bat egin dezakegu, burun Rincon de Alanoko ekialdekoa dauket.
- Uhmm, korredore hoi kondiziotan egongo da?
- Pasa den asteburun hala zeon. Bestela deskantsau ta hemen ingurun zeoze eskalau nahibazu nere aldetik arazoik ez...
- Igandeako txarra dator, ez?
- Atsalde-gau parteako hala emanda dau bai. Nere kalkulun arabera, goizeko bostetan geldituzkeo atsaldeko seietako etxen gare: bi ordu eta erdi kotxez jundaetorri, zazpi ordu inguru kotxetik kotxera ta ordubete inguru gauzak prestatu ta gero kotxen erropaz aldatzeko.
- Bale!!!!

Hau izan zen kronika honen errudun izan zen Whatsapp elkarrizketa.

Rincon de Alano (2.357 m) Alano mendilerroko mendebaldean dagoen mendia da, bere hegoaldean dagoen eta mendilerroko mendirik altuena den Peña Forcatik Paso Cherón (leku batzuetan Rincón bezala ere ezaguna) mendi-lepoak banatzen duena. Alano mendilerroa osatzen duten beste mendien antzera mendi ikusgarria da, oso estetikoa. Eskaladari dagokionez, mendi honetako eskaladarik ezagunena kronika honetan azaldutako ekialdeko korridorea izango litzateke, teknikoki zaila ez den korridore bat (AD-) eta luzeraren aldetik 600 metro luze dituena. Osagai hauekin astebururo mendizalez beteta egon daiteken korridorea dela pentsatu dezakegu, baina errealitatea bestelakoa da, korridore honetan bakarrik egotea ohikoena izaten delako.

Ez naiz ongi gogoratzen korridore honen berri izan nuen lehen aldia noiz izan zen, baina esango nuke 2011ko urtarrilean Davidwil-ek mendiak.net web orri oparoan partekatutako kronika izan zela honen inguruan irakurri nuen lehenengoa. Zabal xamarra zirudien arren, korridorearen estetikak txundituta utzi ninduen. Hurrengo urteetan zehar korridore hau “ahaztuen” karpetaren barruan geratuko zen hautsa hartzen, pasa den otsailaren 9an facebook-en korridorearen argazki batzuk ikusi eta baldintza onetan zegoela irakurri nuen arte. Orduan sortu zen kronika honen hasierako elkarrizketa.

Korridorea igotzeko planteamendua sinplea zen: igandean etxetik goiz atera eta arratsalderako itzuli. Mendian arinago ibiltzeko, korridorearen zailtasun maila eta elur-baldintzak oso onak zirela jakinda, soka eta eskaladako materialik ez eramatea adostu genuen, motxilari hainbat kilo kenduz. Honekin ez dut esan nahi korridore hau eskaladako materialik gabe igo behar den korridore bat denik. Erabaki hau oso subjektiboa da eta norberak erabaki beharko du bere ezagutza, trebezia eta eskarmentuaren arabera. Badaezpada hau argitu nahi dut, kronika honen helburua ez delako korridore hau sokarik gabe igo daitekeela gomendatzea. Izan ere, korridorearen amaieran sortzen den elur-erlaitzaren arabera soka eta eskaladako materiala erabiltzea gomendagarria izan daiteke.

Sarrera honekin amaitzeko, izenburuan zergatik Aizkorrismoa Pirinioetako bihotzean? Aizkorriko kanalei buruz eman izan ditudan "Aizkorriko kanalak: alpinismoa Goierriko bihotzean" hitzaldiaren izenburuarekin hitz-joko bat egiten saiatu naiz korridorean bizi izan genituenak esaldi batean laburtzeko. Korridorearen azken zatia behe lainoak irentsita pasa genuen, ikuspena metro apur batzuetara murriztuz. Honek galtzera eta korridorea bere osotasunean ez eskalatzera eraman gintuen, irteera originalari aldaera bat egitera behartuz eta zailtasun maila AD+ ingurura igoz (korridoreari jarri diodan AD- zailtasun maila bere osotasunean igotzen denekoa da). Mendiaren ekialdeko horma eskalatzen ari ginenean behin baino gehiagotan Aizkorriko kanaletako eskaladekin gogoratuko ginen, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Ibilbidea osoaren luzera 10 km inguru diren bitartean, korridoreak 600 metro ditu.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.250 metro.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzeak eginez eskalatu.
- Nork irekia: Datu hau ez dut topatu.
- Zailtasuna: AD-.
- Orientazioa: Ekialdea. Eguzkiak goizetik ematen dionez goiz ibili beharko dugu.
- Ura: Hurbilketan eta jaitsieran hainbat errekasto topatuko ditugu.
- Hurbilketa: Selva de Ozatik Rincon de Alanora doan ohiko bidetik, Estriviella sakana igotzen duena. Basotik ateratzen garenean korridorea parez-pare izango dugu.
- Jaitsiera: Selva de Ozatik Rincon de Alano doan ohiko bidetik, Paso Cherón (edo Rincón) mendi-lepotik pasatuz.
- Eramandako materiala: Korridorea baldintza bikainetan zegoela ikusita ez genuen eskaladako materialik eraman baina baldintzen arabera 30 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 4 express zinta, friend eta artaka-trabagailu jokoa, izotzerako hiru torloju, elurretarako hesola bat eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak gomendagarriak izan daitezke.
- Ibilbidea osatzeko pasatako denbora: Sei ordu inguru, atsedenaldiak barne. Korridorea bi ordu pasatxoan eskalatu genuen, atsedenaldiak eta "galduta" ibilitako denbora zenbatuta.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak hodeiek uzten duten arte. Eguraldi onarekin galtzeko arriskurik ez dauka. Urdin argiaz margotuta jaitsierako bidea ikusi daiteke.

Krokis zehatza, hau ere hodeiek uzten duten arte. Korridorea bere osotasunean eskalatzen denean duen zaitasunik handiena irteeran osatzen den elur-erlaitza eskalatzea da. Itzuli beharko gara krokis hobeago bat marrazteko, jejeje.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Kontuz ibilbide hau erabiltzeko garaian, guk egindako ibilbidea delako, hau da, ibilbidean ez da korridorearen igoera bere osotasunean agertzen.

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Asteburuetako goizeko bostetan ez dira paisaiak existitzen, ezta herriak, mendiak edo errepideak ere. Munduaren izatea argi elektrikoek argitzen dutenera mugatzen da. Argitasun artifizial honetatik kanpo iluntasuna besterik ez dago, egunsentiak egunero desegiten duena. Iluntasun honen erdian kotxe baten argiek errepide, zelai eta basoen tarte mugatu bat iluminatzen zuten, iluntasunak ezkutatzen zuena une labur batez azaleratuz. Eta kotxearen barruan Asier eta biok gindoazen, argiek ziztu bizian argitzen zutenari begira, egunsentiaren zain, pertsona normalek lo egiten zuten bitartean.

Goizeko zazpiak eta erdi ematear zeuden kotxearen motorra Oza aterpearen ondoko aparkaleku izoztuan gelditu zenean.

- Gaur ere bakarrik ibili behar gealakon nau – esan nion Asierri kotxeko argiak itzali nituenean.
- Bakarren bat oain iristen ez bada seguro baietz.

Aparkalekua hutsik zegoen, erdi-ilunpean, hotz, abandonatuta egongo balitz bezala. GPS aparatuak sateliteak harrapatzen zituen bitartean mendiko botak jantzi eta patxadaz gosaltzeko aprobetxatu genuen, gaueko baraualdiari amaiera gozoa emanez.

Kotxeko maletategian eserita, termoko kafearen berotasuna ezpainetatik sabelera pixkanaka zabaltzen zela sentitzen genuen bitartean haizeak ordenik gabe mugitzen zituen hodeiei begira geunden. Hodeiak, izara zuri baten moduan Castillo de Acher menditzarra estaltzen saiatzen ari ziren, zeruari eguraldi aldaketaren usaina emanez.

Martxan hasteko prest. Atzean Castillo de Acher erdi-lainotua ikusi daiteke.

- Goizen oskarbi eongo zela esanda zeon ba… - esan zidan Asierrek zerura begira.
- Ba bai – erantzun nion -, ea gaueako emanda zeon marroia ez den aurreratu behar…

Zeruari begirik kendu gabe, zortziak ziren aparkalekuaren ekialdean dagoen pista nabarmenera zuzendu ginenean. Pista hau GR-11.1 bidea ere bada, baita Estriviellako sakanara eta Peña Forca mendira doan ohiko bidea ere.

Pista hasten den lekuan.

Pistari jarraituz pinu eta pagoek partekatzen duten baso iluna zeharkatzen hasi ginen, altuera pixkanaka irabaziz. Estriviellako errekaren zurrumurru urruna neguak zuhaitzei lapurtutako hostoez egindako alfonbraren “kras-kras-kras” hotsarekin nahasten zen eta iluntasuna adar biluzien artetik ihes egitea lortzen zuten argi izpiek ezabatzen hasita zegoen, basoari armonia magiko bat emanez.

Hostoe alfonbra zeharkatzen, "kras-kras-kras".

Pista amaiera arte jarraitu genuen. Hemendik aurrera bidexka nabarmen batek Estriviellako sakan malkartsua osatzen duen eskuin hormaren (igoerako noranzkoan) ahuldadeak aprobetxatuz sigi-saga eginez igotzen du. Igoera lasai hartu genuen, aldapa handia izateaz gain tarte batzuetan oraindik urtu gabeko izotz lekuak zeudelako. Pirinioetan ohikoa den moduan, altuera irabazten joan ginen heinean baso ilunak desagertzen joan ziren, izei eta zelaiak nagusitzen hasi eta paisaiari itxura alpinoa emanez.

Aldaparen amaierara iristen. Ezkerrean ikusten den horma ikusgarria Mallo L'Hastial mendiaren ipar horma da.

Aldaparen amaieran, bidearen bi ertzeetan dauden azken izei txikiak atzean geratu zirenean orain arteko ikusmira itxia zabaldu zen: Estriviella bailaran geunden, kubeta glaziar baten oroitzapen galdua, izen bereko errekaren inguruan osatu dena. Udaberrian bizitza borborka izaten duen bailara zintzilikatu honetan entzuten zen gauza bakarra hodeiei bultza egiten zien haize hotza zen. Belarra, izotz eta elurrak erretakoa, lastoa zirudien eta bailara urdin kolore biziaz zipriztintzen duten lirioak aldiz lehor eta horiak, urteek zahartutako papel horixka batez eginak egongo balira bezala.

Izeiak atzean utzi ondoren, izotzak erretako zelaia zeharkatzen. Hurbilketa denbora osoa GR-11.1 ibilbidearen gainetik egiten da.

- Suposatzea hemendio korredorea ikusteala – esan zidan Asierrek.
- Ah bai? – erantzun nion.

Asierrek telefonoa atera eta parean genuen horma erdi ezabatuan argazkian ikusten zuena identifikatzen hasi zen. Gure aurrean, urrun oraindik ere, Rincón de Alano mendiaren ekialdeko korridoreak osatutako elurrezko mingain luzea hodei artean galtzen zen, igoeraren azken zatia ezkutatuz.

- Sikiera bost minututan zabalduko balitz – erregutu nuen – hola korredore osoko argazkie ingo nuke…

Estriviella bailara zintzilikatuan. Parean, argazkiaren erdian. ekialdeko korridorea "ikusi" daiteke.

Baina hodeitza altxatuko zen itxaropena bailarari irabazten genion metro bakoitzarekin galtzen joan zen, haizeak urrun eramango balu bezala. Castillo de Acher mendiaren inguruan, erregela batekin marraztuta egongo balitz bezala, hodeien lerro zuzen batek dena estaltzen zuen, arratsaldeko ekaitzaren eszenatokia prestatzen. Haizearen eraginez hodeien maila noizik eta behin jaisten bazen ere, inguratzen gintuzten mendien gailurrak agerian uzteko inongo asmorik ez zutela argi eta garbi zegoen.

Hodeien mugimenduei begira ari ginela, elur zurian gauza laranja batek atentzioa deitu zidan:

- Ostia, piolet bat!!
- Benetan? – erantzun zidan txantxaren bat izango zelakoan.
- Hortxeeee!!! – erantzun nion aurkitutako pioleta airean batera eta bestera astinduz.

Harritu gintuen norbaitek bidearen erdian pioleta galtzea. Bezperan izan zen erreskatean galdu ote zen pentsatu genuen hasiera batean, erreskateko helikopterotik erorita, pioleta hormatik urrun zegoen eta.

- Sare sozialetan pioleta topau deula idatziko det… - esan nion Asierri pioleta pasatuz.
- Bai, ea jabea azaltzean… - erantzun zidan motxilan sartuz.

Pioleta motxilan gorde ondoren. Atzean, Castillo de Acher inguruan biltzen ari zen hodeitza geroz eta nabarmenagoa zen.

Korridorearen oineko zabalgunea hormetatik eroritako harriz josita zegoen, elurraren kolore zuria kolore marroi eta grisez zikinduz. Bastoiekin harri txiki hauen gainetik azkarrago igoko ginela jakinda, kranpoi eta pioletik gabe ahal izan genuen tarterik luzeena igotzen saiatu ginen, malda tentetzen hasi zen arte. Orduan, korridorearen bazter bateko harkaitz zabal baten gainean motxilak utzita, piolet, kranpoi eta kaskoa jartzeko eguneko lehen atsedenaldia egin genuen:

- Arnesa ekarrizu? – galdetu zidan Asierrek.
- Bai, etxen dauketen txiki bat, pioletak lotzeko – erantzun nion -, hola pioleta eroiezkeo ez det galduko...

Korridorearen azpiko zabalgunean, piolet eta kranpoiak atera aurretik.

Atsedenaldian goian topatuko genuenera prestatzen hasi ginen: ikuspen eskasa, hezetasuna, haizea eta hotza. Ikuspen eskaserako GPS aparatua genuen, beti ere korridorea bertikal ez zen bitartean, bertikaltasuna nagusi den lekuetan GPSetako fidagarritasuna ez baita handia izaten. Hezetasuna, haizea eta hotzari aurre egiteko aldiz motxiletan nahiko arropa genuen: “egoera oso gaizki jarri beharko litzake goitik ez ateratzeko”, pentsatu nuen korridorea Asierren atzetik igotzen hasi nintzenean.

Korridorearen lehen metro etzanetan.

Korridoreak elur asko ez bazuen ere, zeukan elurra gogorra zegoen, igotzeko oso ona. Lehen metroetan nahiko etzana zela iruditu zitzaigun (30º-35º inguru) eta motxiletan gordetako bastoiak faltan bota genituen metroak azkar eta erosoago irabazteko. Izterretatik tira eginez metroak patxadaz irabaztea besterik ez zen geratzen, aurretik igoera luzea genuelako.

Elur gutxi dagoela dirudien arren egoera onean topatu genuen.

45º inguruko irtengune motz bat igo ondoren, errepide baten erdian dagoen biribilgune handi bat izango balitz bezala, korridorea bitan banatzen duen harri eta lurrez osatutako uharte handi batera iritsi ginen.

Lehen irtengune motzera hurbiltzen.

- Ezkerretio eo eskubitio? – galdetu nion Asierri uhartearen azpira iritsi nintzenean.

Korridoreari egindako argazkietako batean ikusitakoaren arabera ezkerreko adarra tenteagoa zela iruditu zitzaigun. Bata besteari begiratu eta ez genuen ezer esan beharrik izan ezker adarretik (40º) igotzen jarraituko genuela erabakitzeko.

Korridorearen ezkerreko adarretik igotzen...

Asier ezkerreko adarrean.

Gorago...

Ez dakit eskuineko adarra zein baldintzatan egongo zen baina ezker adarrean hormatik eroritako harri txiki asko topatu genituen. Bi adarrek berriro ere batzen diren lekura iristeko bigarren irtengune motz bat igo behar izan genuen, lehenengoaren malda beretsukoa (45º inguru) baina zertxobait luzeagoa.

Ezker adarraren azken zatian. Amaieran bigarren irtengunea ikusi daiteke.

Bigarren irtengunea igo ondoren, argazkian ez da ongi nabaritzen.

Bigarren irtengunea atzean uztearekin batera korridorearen maldak berriro ere behera egiten du (35º inguru) metroak azkar irabaztera ahalbideratuz.

Korridorean berriro ere. Nire gainean izotz plaka handi bat ikusi daiteke.

Atzera begirada, ikusten denez, zailtasunari dagokionez oraingoz korridore erraza da.

Aitortu beharra daukat korridoreak oraingoz ez zitzaidala asko gustatzen ari; zailtasunari dagokionez, aldapa bat “besterik gabe” igotzen ari ginela iruditzen ari zitzaidan. Hau dela eta, izotz-plaka handi baten ondoan korridorea zertxobait estutzen den lekuan elur-adar bat leize txiki baten itxura zuen pasagune batera zuzentzen zela ikusi nuenean ez nuen bitan pentsatu ere egin pasagune hura ikertzera joateko.

Argazki honen ezkerrean "leizetxora" zuzentzen den kanaltxoa ikusi daiteke.

- Hortio pasatzea eongo da? – galdetu zidan Asierrek.
- Oaintxe esangoizut – erantzun nion leizetxora zeraman kanaltxoa eskalatzen hasiz.

Piolet eta kranpoien puntak elur gogorrean tinko sartuz, hormatik eroritako harlauza erraldoi batek osatzen duen leize itxurako pasagunera arteko kanaltxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen (55º).

Leizetxora hurbiltzen.

Pasagunetik irteteko 3 metro inguruko irtengune bertikal bat topatu nuen. Pioletak irtengunearen goiko aldean zegoen elur gogorrean sartuz irtengunea azpitik zirudiena baino errazago eskalatu nuen, leizetxoa nire azpian geratuz (65º).

- Hemendio jarraitzeik badauuu!!! – Oihukatu nion Asierri pasagunearen gaineko erlaitzetik gora begiratu nuenean.
- Bale, oain noa!!!

Pasagunea eskalatu ondoren dagoen erlaitz txikian.

Asier leizetxora hurbiltzen.

Asierrek ez zuen inongo zailtasunik izan igota nengoen erlaitzera iristeko. Korridoretik metro batzuk ezkerrera desbideratu ginen arren zoriontsu geunden, zoriontsu batez ere orain arte egiten ari ginen igoera monotonoari bizitasun pixkat eman geniolako.

Leizetxoaren barneko pasagune bertikala azpitik ikusita.

Pasagune bertikala eskalatzen.

Gu geunden erlaitzaren eskuinetik hormari itsatsita 60º-65º inguruko goulotte estu bat zihoala ikusi genuen, korridorean bertan jaiotzen zena:

- Hemendio igo bagiñe ere etzen txarra izango – esan zidan Asierrek.
- Ez – erantzun nion -, baña kobatxo honen xarma ere ez da txarra, jejeje.

Erlaitzetik gora, harkaitz, elur eta izotzez zipriztindutako hormatxo inklinatu eta motz bat misto estiloan eskalatu eta eskuin aldera zeharkaldi bat eginez korridorera itzuli ginen.

Erlaitzetik gorako hormatxo inklinatua eskalatzen hasten.

Asier hormatxo inklinatuan, azpian korridorearen eskuinean zegoen izotz-plaka handia ikusi daiteke.

Korridorera iristen.

Korridorera iristeko egin genuen zeharkaldian.

Konturatu gabe hodeiek hartutako tartearen mugara iritsi ginela ohartu ginen.

- Hemendio gora ebidentenetik igo beharko deu - iradoki zidan Asierrek.
- Bai, ta noizik eta behin GPSa beittu beharko deu ea ondo goatzen ikusteko.

Hodeien erreinuan sartzen.

Ez genuen metro asko igo behar izan dena gandutsu bihurtu zen arte, zeruak eta lurrak bat egin izan balute bezala. Erreferentzia handirik gabe, hegan gindoazela zirudien, hodeien artean noizik eta behin ikusteko gai ginen harkaitz edo horma batek oraindik lurrera itsatsita geundela gogorazten zigun arren.

Hodeien artean "hegan". Tarteka, argazkian ikusten den moduan, parean agertzen ziren harkaitzak erreferentzi bezala hartzen genituen gora jarraitzeko.

- Eskubitio edo ezkerretio? – galdetu nion Asierri korridorea bitan banatzen zela zirudien leku batean.
- Eskubitio pinta ona dauke baña GPSk ze esateo?
- Ezkerretio!!! – erantzun nion elurretan belauniko aparatuari begira nengoela.

"Eskubitio edo ezkerretio?"

GPS aparatuaren pantailaren erdian agertzen zen marra zirriborratuari jarraituz ezkerreko aukera hartu eta 50º-55º inguruko aldapa bat eskalatzen jarraitu genuen, nora eramango gintuen jakin gabe.

Ezkerreko aukera hartu ondoren.

Elurra leun-leuna zegoen, arrastorik gabe, guk atzetik uzten genuena besterik ez. Folio zuri batean idazten ari ginenaren sentsazioa genuen, zeharkatzen ari ginen zuritasun garbian arrasto hauskor bat soilik uzten ari ginelako, denboraren eraginez desegiten joango zen arrasto hauskorra, bizitzaren zeharkaldian uzten dugun arrastoarekin gertatzen den moduan.

Malda tentetzen (55º) hasten den lekuan.

"Elurra leun-leuna zegoen, arrastorik gabe, guk atzetik uzten genuena besterik ez."

Metroak irabazten genituen heinean hodeiek antolatutako festari haizea batu zitzaion. Haizea indarra hartzen hasi zen, elur gogorrean itsatsi gabeko elur eta izotz pusketa txikiak airean eramanez. Haizearen indartze hau korridorearen amaierara iristen ari ginenarekin erlazionatu genuen, mendi-lepoetan haizea batera eta bestera ibiltzea ohikoa izaten baita. GPS aparatuaren arabera ere korridorearen amaiera ez zegoen urrun.

Haizeagatik babesteko leku baten bila.

Indarra hartuz zihoan haize hotzagatik babestu nahian korridorearen eskuinean ikusi genuen hormatxo batera hurbildu ginen honen ondotik igotzen jarraitzeko.

Hormatxotik gorako zatian.

Goiko argazkiaren zati berean.

- Hemen kollado batera dijon pareta bat dau – esan zidan Asierrek elurrezko horma baten oinera iritsi zenean - azpitio behintzat itxura politte dauke.

Asierrek esan zidan bezala hormatxoak itxura ederra zuen eta mendi-lepo txiki batean amaitzen zela zirudien. Ordura arte pena handia izaten ari zen ikuspenik gabe igotzea, korridorearen alde batean zein bestean agertzen ziren eta hodeien artean desagertzen ziren elur-adarretatik igotzeko tentaldia behin baino gehiagotan izan genuelako. Eta elur-adar hauek non amaitzen ziren ez jakiteak atzera egin zigun behin eta berriz. Oraingoan aldiz, korridorearen amaiera gertu zegoela uste genuenez, hormatxoa eskalatzea erabaki genuen.

Hormatxoa eskalatzen.

Hormaren 6-7 metroetako eskaladan (60º-65º) elurra oso gogorra topatu genuen arren, piolet eta kranpoien puntak sartzea ez zigun indar handirik eskatu. Hainbeste metrotan “erdi-oinez” igotzen aritu ondoren gozamena izan zen bertikaltasunera pasatzea.

Hormatxoaren amaieran.

Baina hormatxoaren gainera igo ginenean gure oinen azpian amildegi bat zabaldu zen.

- Hemendio aurrea ezin deu jarraitu – esan zidan Asierrek amildegiaren iluntasunari begira.
- Pareta hau jaixtea ere ez da ba errexa izango - erantzun nion.

Aizkora-aho erraldoi baten gainean geunden. Aurretik hodei artean galtzen zen amildegi bat genuen bitartean atzean eskalatutako hormatxoa genuen. Irtenbide bakarra hormak osatzen zuen gandorraren ahotik jarraitzea izan zitekeela pentsatu genuen. Honela ba, bi isurkiko teilatu tente eta inklinatu bat alderik alde zeharkatzen ariko baginen moduan gandorretik jarraitu genuen, bere ahoan haizeak osatutako izotzezko erlaitz fin bat pioletarekin apurtzen genuen bitartean. 8 metro inguruko zeharkaldi “motz” honetan, zuhurtziaren mesedetan alarma guztiak piztu zitzaizkigun. Amildegiko isurialdeko elurra oso bigun eta arina zegoenez, gandorrean oreka mantentzea ez zen erraza. Honegatik gandorraren ahoko erlaitz txikia pioletarekin apurtzen genuen, hormatxoko isurialdeko elur gogorrean kranpoien puntak modu eroso batean sartzeko.

Gandorraren zeharkaldian eskuin pioletarekin izotzezko erlaitz txikia apurtzen.

Gandorraren bestaldean, hodeien artetik harri apurtuez estalitako 3 metro inguruko hormatxo inklinatu bat agertu zen eta hormatxo hau eskalatu ondoren (III-), pinakulu ezberdinez osatutako horma bertikal bat.

Hormatxoa eskalatzen.

- GPSk ze esateo?
- Korredoretik askoz ezkerrago dau baña igoerako bidea hortxe bertan dau, 30 metro ingurua – erantzun nion pantailari begira.

Sokarik gabe eta eskaladako materialik gabe gainetik genuen horma bertikala eskalatzea baztertuta, bere oinetik ezker noranzkoan zeharkaldi bat egiten hastea erabaki genuen, buruen gainean genuen mendiaren hegoaldeko gandorrera eramango gintuen irteera baten bila.

Zeharkaldiaren hasieran.

Zeharkaldia egiten genuen bitartean GPS aparatuari behin eta berriz begiratzen nion, Rincon de Alanoko gailurrera doan ohiko bidetik zein distantziara geunden jakiteko. 20 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren, itxuraz bide honetara eramango gintuen elurrez estalitako 10 metro inguruko horma tente bat topatu genuen.

Zeharkaldian, horma tentea topatu aurretik.

- Hortio igo ezkeo bidera iritsiko geala emateu – esan nion Asierri GPS aparatuari begira.

Asier hormara hurbildu eta elurraren gogortasuna zailtasun handirik gabe eskalatzeko modukoa zela ikusi zuenean ez zuen bitan pentsatu ere egin horma eskalatzeko (65º-70º).

Hormaren azpiko zatian.

Hormaren irteeran (65º-70º).

- Ze ikustea? – galdetu nion azpitik.
- Ba beste paretatxo bat – erantzun zidan.

Ezin nuen sinetsi. GPSaren arabera bidea 20 metro eskasera zegoela zirudien, zuzen joanez gero, noski. Horma eskalatu eta Asierren ondora iritsi nintzenean, elurrik gabeko hormatxo batek bidera iristera oztopatzen gintuela ikusi nuen.

Hormaren amaieran. Azpian egin genuen zeharkaldia adierazita dago.

- Joer, ba bidea hortxe dau... - esan nion Asierri GPS aparatua pasatuz.

Hormatxoa estaltzen zuten harkaitz ezegonkorren gainetik kontu handiz mugituz, ahal izan genuen leku errazenetik zeharkatu eta azkenik Rincon de Alano medira doan ohiko bidera iritsi ginen.

Harkaitz ezegonkorrez estalitako horma zeharkatzen.

Gure inguruan haize indartsu eta hotz batek mugitzen zituen hodei eta elur pusketa txikien artean, goizeko hamabiak hogei gutxiak aldera mugarri txiki batez adierazitako gailurrera iritsi ginen.

Rincon de Alanako gailurra adierazten duen mugarriaren ondoan, pioletekin MAT-en "M"-a eginez.

Ez zegoen girorik gailurrean egoteko, ikusmira hodeiek estaltzen zuten eta haizeak sentsazio termikoa unetik unera geroz eta gehiago jaisten hasita zegoen. Bion argazki bat egin ondoren beherako bideari jarraitzen hasi genion.

Gailurreko argazkia.

Gailurra hodeien artean estalita geratu zenean berriro ere erreferentziarik gabe geratu ginen, itsu, igoerako arrastoa haizeak dagoeneko eramana zuelako. Egoera honetan, mendiaren hegoaldean dagoen Paso Cherón (edo Paso del Rincón) pasagunea adierazten duen mugarri txikira arteko bidea GPS aparatuari begira egin genuen, gure segurtasun eta konfiantza osoa piladun aparatu txiki honetan jarriz.

Pasagunearen bestaldean haizeak sortutako elur-erlaitzetik jaisteko pasagunerik errazena topatu genuenean hormari begira jaisten hasi ginen (50º-55º inguru) konfiantza GPS aparatutik piolet eta kranpoien puntetara pasatuz.

Paso Cherón pasagunetik jaisten.

Oraindik metro askotan zehar jaitsi behar izan genuen GPS aparatuari begira, hodeien erreinutik irten ginen arte. A zer nolako lasaitua hartu genuen gure oinen azpian Estriviellako bailara zintzilikatua agertu zenean!!!

Hodeien erreinutik irten ginenean.

Ikuspena berreskuratuta, Ozatik Peña Forcara doan ohiko bideari jarraituz metroak arin galtzen jarraitu genuen bailarara iritsi eta ibilbidearen zirkulua itxi genuen arte.

Zirkulua ixten...

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07