blogak

Smithyrenbloga

PONDIELLOS ORRATZA (3.011 m), EKIALDEKO EZPROITIK: "INTERACTIVA" BIDEA, 650 m, D+/V. 2022/09/09


Eguzkiaren lehen argiak Pondiellos Orratzako ekialdeko ezproia argitzen.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Ostia, Reversoa etxen utzi diat!!! - bota zidan Lekuk kezkatuta motxilari begira, motxilaren barruan erantzun baten bila ariko balitz bezala.
- No jodas!!! Bromatan ai haiz, ez?
- Ez, ez, seguro etxen geatu dekela - erantzun zidan motxilan behin eta berriz begiratuz.
- Buffff!!! Bueno, txarrenen aurretik dijonai nere Reversokin aseguratu ta bigarrenai nudo dinamikokin aseguratuko diau - erantzun nion - Asier ta biok Vignemaleko norten aittu giñuztean modun.
- Ta etzeok mosketoiekin nolabait zeoze ittea? - galdetu zidan -, nudo dinamikoa aspaldi ez diat egin eta.
- Rappelatzeko bazekiat baietz, baña aseguratzeko etzekiat - erantzun nion, disimulatzen saiatzen ari nintzen urduritasunaren maila igotzen ari zitzaidala sentitzen nuen bitartean -. Nik mobilen nudo dinamiko baten argazkie beti eramaten diat nola itte deken ez ahazteko, pasako diat.


Modu zirraragarri eta baikor honetan hasten da kronika honetako abentura bertikala, jejeje. Nola bukatu genuen? Beherago irakurtzeko aukera izango duzue baina "spoiler" moduan esango dizuet Leku eta biok onik gaudela, inongo kalterik gabe. Dena den, une honetara iritsi aurretik badago zer kontatua Pondiellos orratza eta eskalada-bide honen inguruan.

Pondiellos orratza, ondoan dituen Garmo Negro, Argualas, Algas edo Picos del Infierno mendien itzalpean egon da beti, izan ere Pirinioetan hirumila metrotik gorako mendien lehen zerrendetan ez zen agertu ere egiten. Mendi hauek guztiek osatzen duten Pondiellos mendiguneak (edo Argualasetako puntak) zerutik ikusita "S" alderantzikatu baten itxura dauka eta gaur egun mendizaleen artean oso bisitatua izaten den mendigunea da, ziurrenk kotxea uzten den lekutik hauen gailurrera iristeak ez duelako jardunaldi luze bat eskatzen.

Historia pixkat eginez, mendi hauetara egindako lehen igoera dokumentatua 1791 urtekoa da. Urte hartan Vicente Heredia, Carlos IV espainiar erregearen kartografo bat, Espainia eta Frantziaren arteko muga ezartzeko helburuarekin Argualas mendira igo zen, gailurrean mugarri handi bat eraikiz. Dokumentuan argi geratzen ez dena da Argualas izan ote zen igotako mendia, beste batzuen arabera Algas izan baitzen. Igoera honen ondoren, urteetan zehar hirumilako hauek guztiak mendizaleen artean ahaztuak geratuko ziren, Henri Russell (Vignemalera lotuta geratuko zen Henri Russell bera) 1867 urteko uztailan Picos del Infierno mendiak igo zituen arte. Urte batzuk beranduago, 1876 urteko ekainean, Russell izango zen Garmo Negro igotzen lehena. 1880 urtean Saint-Saudeko kondeak Argualas mendia igoko zuen, lehen igoera dokumentatua aldarrikatuz. Hemendik aurrera, urteetan zehar mendi hauek pixkanaka mendizale gehiagoren interesa piztuko zuten, baina gehienek "ohiko bideetatik" igoko zituzten; izan ere, mendi hauetako hormak ez dira oparoak harkaitz eskaladako eskalada-bideetan, beharbada harkaitza ere orokorrean hauskorra dutelako.

Pondiellos orratzaren lehen igoeraren inguruko daturik ez dut topatu. Ziur naiz oharkabean pasatzen den mendi hau erabat ahaztua egongo litzatekela hirumila metro baino gehiago izango ez balitu. Honegatik, orratz honi xarma berri bat aurkitu nahian bere ekialdeko ezproian Julio Benedé, Domingo Esteban eta Luis Rollok "Interactiva" bidea ireki zutenean (1998 eta 1999ko abuztuan), orratz honen eskaladak bazter guztietako eskalatzaileak erakarri zituen, nahiz eta lehenengo errepikatzaileen artean gehien komentatutakoa bertako harkaitzaren egoera kaskarra izan. "Interactiva" izena hainbat luzek eskalatzeko dituzten aukera ezberdinetatik eman zioten, norberak erabakitzen baitu luze hauek nondik eskalatu: tximinia bertikal bat, diedro bat, ezproiaren ertza edo harkaitz-plaka bat. Sendero Limite taldekoen web orrian irakurri dudan datu kurioso bezala, Ainhoa izeneko emakume bat (ez dute abizenik zehazten) izan zen 2010eko uztailaren 5ean eskalada-bide hau eskalatu zuen lehen emakumea.

Ezproi hau eskalatzearen interesa aspalditik zetorkigun arren, onartu beharra daukat hasiera batean gure gogoa Pirinioetako beste horma batean zegoela. Tamalez, aurtengo udako oporraldiak sasoi fisikoan utzitako arrasto nabarmenak helburu "errealago" bat hartzera eraman gintuen, nahiz eta hartuko genuen astindu fisikoaz jakitun izan. Larrunarrira hiru igoera eta Eginon hiru eskalada egin ondoren, nire burua engainatzen saiatu nintzen sasoiko zegoela sinestarazteko, sasoi puntu hau erdipurdikoa bazen ere. Aiiiii kirola egitea zein eskergabea den!!! Hilabeteetan irabazitako sasoi fisikoa hiru astetan galdu daiteke. Hau ez da edandako garagardo eta jandako zikinkeriekin gertatzen, hauekin hiru astetan irabazitakoa galtzeko hilabeteak behar izaten direlako.

Ibilbideari kezkak kendu eta erosoago bihurtzearren Panticosako "Casa de Piedra" aterpean afaldu, lo egin eta gosaltzea erabaki genuen. Plangintza, teorian behintzat, erraza zen: ostegunean lana egin ondoren Panticosara afalzeko iritsi eta ostiralean, Gipuzkoan jai eguna zela aprobetxatuz, ibilaldia egin eta etxera bueltatu. Modu honetan larunbata eta igandea agujetak modurik "duinenean" pasatzeko izango genituen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 650 metro.
- Luze kopurua: 12.
- Nork irekia: Julio Benedé, Domingo Esteban eta Luis Rollok, 1998 eta 1999ko abuztuan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (20 m), 2ºL: IV+ (45 m), 3ºL: IV+ (40 m), 4ºL: IV+ (30 m), 5ºL: II (105 m), 6ºL: IV+ (40 m), 7ºL: IV+ (45 m), 8ºL: V (45 m), 9ºL: III (85 m), 10ºL: IV+ (45 m + 15 m rappel puntura iristeko), 11ºL: IV+ (45 m) eta 12ºL: III (90 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Panticosako bainuetxean hartu daiteke. Igoeran hainbat errekasto ikusiko ditugu baina udan ganadua gertu ibiltzen denez ez dakit bertako ura oso fidagarria izango den.
- Hurbilketa: Panticosako bainuetxetik Pondiellos mendi-lepora doan ohiko bidetik. Orratza denbora osoan begi-bistan dugunez, hobekien ikusten dugun lekuan bidea utzi eta bertara desbideratzea besterik ez da. Panticosako bainuetxetik oso poliki igota 2 ordu eta erdi behar izan genuen ezproiaren oinera iristeko.
- Jaitsiera: Pondiellos orratzera izen bereko mendi-lepotik doan ohiko bidetik. Oso poliki jaitsiz 3 ordu behar izan genuen Panticosako bainuetxera iristeko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 10 express zinta (gehienak luzeak edo oso luzeak), Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa (artaka-trabagailu bakarra 11. luzearen hasieran erabili genuen) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 5 ordu eta laurden, lasaitasun osoz eta argazkiak etengabe eginez.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: 11 ordu eta 55 minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak hego-mendebaldetik ikusita.

Ibilbidearen nondik norakoak ipar-ekialdetik ikusita.

Krokis zehatza.

Azken luzeetako krokis zehatza.

Eskalada-bidea hasten den lekura arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

Jaitsieran jarraitu genuen ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Antisozial militantea banaiz ere (karneta ere badut) gogoko ditut mendiko aterpeetan mendizaleen artean sortzen den giroa eta hizketaldiak, afarietan batez ere. Ez naiz besteen hizketaldietan gonbidapenik gabe sartzen den horietakoa baina mahai inguruan sortzen diren hizketaldi hauek adi-adi entzutea gustatzen zait. Mahaia eta afaria partekatzen duten mendizaleek esaten dutenari arreta jarriz gero gauza interesgarri asko entzun eta ikasi daitezke: mendizaletasuna nola bizi duten, egiten ari diren ibilbideen inguruko xehetasun, itxaropen eta beldurrak edo mendiaren etorkizunari buruz dituzten kezkak, besteak beste. Postrera iritsi aurretik mendizale onaren dekatologoa zein izan beharko litzateken edo eskaladako "master class" bat ere entzuteko zortea izan dut noizbait, jejeje!!!! Irailak 8ko afaria ez zen ezberdina izan eta GR-11 ibilbidea, hirumilakoen igoerak eta Larrunarriko mendebaldeko gandorraren eskaladaren artean zopa, solomoak eta yogurt bat pasa ziren kotxearen bidaiak utzitako eztarri gosetuetatik.

- Ze ordutan jaikiko gaittuk?
- Etzekiat, bosteterdik aldea gosaldu? - Proposatu nion Lekuri -, Hola seietako martxan jarriko gaittuk.
- Primeran!!!

Gosariak goizeko seiak eta erdietan ematen hasten zirela esan ziguten arren, "Casa de Piedra"-ko zaindariek gurekiko izan zuten arreta bihotzez eskertzekoa izan zen, goizeko seiak eta laurdenetarako aterpeko atarian geundelako motxilak zintzilikatuak eta GPS aparatua piztuta, goxo-goxo gosaldu eta loaldia ordu erdiz luzatu ondoren.

Goizaren iluntasunera irten ginenean atentzioa deitu zigun aparkatutako kotxeetan ihintzarik ez ikustea, gaua hotza izan ez zenaren seinale. Baina benetako atentzioa deitu ziguna, eta hau izan zen kezkatu gintuena, bainuetxea inguratzen duten hirumilakoak hodeiez estalita ikustea izan zen, itxura beldurgarri bat hartuz:

- Gaurko ebiik etzeok emanda, ez?
- Ez - erantzun zidan Lekuk -, hodei batzuk eongo dittuk baña ebi asuntoik ez.
- Ea gutxiñez goiko lañoteri horrek ez diken harkaitze bustitzen - erantzun nion kezkati hodeiei begira.

Bezperan adostu genuen moduan Pondiellos mendi-lepora daraman bidea oso poliki hartu genuen, presarik gabe, gure helburu nagusia ibilaldiaren amaierara indarrez iristea zelako: "nahiz eta horretarako buelta 3-4 ordu gehiago luzatu behar izan!!!". Ilargi bete erraldoi eta ikusgarri baten gauaren bezperan geunden arren, hodeiek ez zuten bere argiari pasatzen uzten, basoan zegoen argi apurra gure kopetako argietara mugatuz.

Kontuen artean mendian sigi-saga doan maldan altuera hartzen gindoazen heinean Panticosako Bainuetxeko argiak pixkanaka geroz eta beherago geratuz joan ziren, beraiekin bezperako hizketaldi, algara eta irribarreak geratuz. Basoaren iluntasun isilean mendi osoan bakarrik geundela sentitzen genuen eta gure arnasketa eta pausu lasaien gainetik ez zen besterik entzuten. Hau dela eta, a zer nolako ezustekoa hartu genuen Mallata Bajaren parean harkaitz baten gainean eserita zegoen mendizale bat bat-batean topatu genuenean!!!

Abiadura lasai bat eramateko kontzentratuta, hodeiak pixkanaka desegiten ari diren bitartean.

Mallata altara iritsi ginenerako eguzkiaren lehen izpiak eguna argitu nahian hodeiekin borrokan ari ziren. Borroka oraingoz hodeiek irabazten ari baziren ere, izpiek hauen artean zulo batzuk egin eta, kolorerik gabeko horma biluztuen artean, Pondiellos orratzeko ekialdeko ezproia hori kolore ahul batez argitu zuten, gure helburua zein izan behar zen adierazi nahiko balute bezala.

Eguzkiaren lehen izpiak Pondiellos Orratzeko ekialdeko ezproian proiektatzen.

Gauza on guztiekin gertatzen zaigun moduan, hasperen bat iraun zuela iruditu zitzaigun une labur eta magiko honen ondoren, pixkanaka indarra hartuz zihoan haize hotz batek hodeiak desegiten hasi zen, gailurretara sendo itsatsiak zeudenak ezik.

- Hau bailara eta mendin arteko tenperatura diferentzigatik sortze deken haizea dek - esan zidan Lekuk konfiantza osoz, haizeak gailurretako hodeiak ez eramateak kezkatzen ninduela esan nionean -. Ikusiko dek, eskalatzen hasten gaittukeneako hodeiak junda eongo dittuk.

Mallata Altaren goikaldean Pondiellos mendi-lepora doan bidea utzi eta orratzera zuzendu ginenean, senak parean genuen hormaren ezkerrean dauden ezproi inklinatuetara joatea gomendatzen zigun arren (errazenak izatearen itxura dutelako, noski), "Interactiva" bideak jarraitzen duen ezproia hormaren erdian dagoen ezproi estu eta bertikala dela baieztatu genuen, kolore argia duena eta, ondoan dituen beste ezproiekin alderatuz, eskalatu ezinaren itxura duena. Tira, zailena eta beldurgarriena izatearen itxura duen ezproira zen zuzendu beharra ginena, jejeje.

Pondiellos mendi-lepora doan ohiko bidea utzi genuen lekutik ezproiaren oinera arte jarraitutako bidea.

Bi ordu eta erdiko igoera lasaiaren ondoren ezproiaren oinera iritsi ginen. "0" bilgunea ez dago ezproia hasten den lekuan, honen eskuin ertzetik igotzen hasi eta metro batzuetara baizik. Parabolt bat eta laranja koloreko margoaz margotutako puntu handi batek adierazten dun bidearen hasiera.

"Interactiva" bidearen hasiera, argazkiaren eskuinean bidea eskalatzen hasteko dagoen bigarren aukera ikusi daiteke: ezproiaren eskuinean dagoe diedroa.

- Ostia, Reversoa etxen utzi diat - bota zidan Lekuk kezkatuta motxilari begira, motxilaren barruan erantzun baten bila ariko balitz bezala.
- No jodas!!! Bromatan ai haiz, ez?
- Ez, ez, seguro etxen geatu dekela - erantzun zidan motxilan behin eta berriz begiratuz.
- Buffff!!! Bueno, txarrenen aurretik dijonai nere Reversokin aseguratu ta bigarrenai nudo dinamikokin aseguratuko diau - erantzun nion - Asier ta biok Vignemaleko norten aittu giñuztean modun.
- Ta etzeok mosketoiekin nolabait zeoze ittea? - galdetu zidan -, nudo dinamikoa aspaldi ez diat egin eta.
- Rappelatzeko bai, baña aseguratzeko etzekiat - erantzun nion disimulatzen saiatzen ari nintzen urduritasunaren maila igotzen ari zitzaidala sentitzen nuen bitartean -. Nik mobilen nudo dinamiko baten argazkie beti eramaten diat nola itte deken ez ahazteko, pasako diat.

Telefonoaren bila eskua poltsikora eraman nuenean arnesean malloi batetik beti zintzilik eramaten dudan "Tibloc" aparatuarekin gogoratu nintzen: "eta atzetik datorrenari honekin aseguratzen badiogu?". Aparatu hau erreskateetarako erabiltzen den blokeatzaile ultra-arin bat da eta berez ez dago atzetik eskalatzen datorren eskalatzailea aseguratzeko ziurtata, baina Lekuri buruan nuen ideia esan nionean argi geratu zen korapilo dinamikoarekin aseguratzeak baino konfiantza handiago eman zigula eta, egia esan behar bada, momentu hartan erreskate egoera batean egongo bagina moduan sentitzen ginen.

- Nahibaek ni hasiko nauk eskalatzen ta prueba ingo diat ea zemuz dijon - proposatu nion Lekuri -, ta bestela nudo dinamikokin asegurauko diat.
- Adossss!!! - Erantzun zidan.

"Interactiva" bidea hasteko bi aukera ditugu: "0" bilgunea dagoen lekutik ezproiaren ahora igo eta bertatik jarraitu (bi luze, IV eta IV+) edo bilgunearen eskuinean dagoen diedro nabarmena eskalatu (beste bi luze, IV eta IV+). Eskalatzen hasi aurretik dagoeneko odolean bueltaka genuen adrenalina kopurua nahikoa zenez, lehenengo aukera hartzea erabaki genuen.

Ordu erdiko "atsedenaldiaren" ondoren, material guztia prest eta Reverso-aren ezustekoak eragindako hipertentsio arteriala eta takikardia bere onera itzuli zirenean, ezproia eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 20 metro, IV. Bidearen hasiera adierazten duen paraboltaren ezkerretik horma bertikala metro pare batean eskalatzen hasi eta pixkanaka ezker joerarekin eskalatzen jarraitu nuen, ezproiaren ahora hurbilduz. Lehen metro hauetan harkaitza oso hotza zegoen, oraindik eguzkiaren izpirik jaso gabe. Ezproira iritsi nintzenerako behatz-puntak izoztuak nituen:

Hasierako metro bertikaletan.

- Zemuz Xabier?
- Oaingoz oso ondo - erantzun nion behatzei putz eginez - baña behatz-puntak izoztuta zeuzkeat.

Sendero Limite-koen krokisean lehen metro hauei IV+ zailtasuna ematen badiote ere, ez zitzaidan IV baino gehiago iruditu, eta hori behatz puntak "izoztuta" nituela.

Argazki honetan bidearen hasieran dagoen parabolta ikusi daiteke baita laranjaz margotutako puntua ere.

Ezproira iritsi nintzenean hormaren bertikaltasuna jaisten zela ikusi nuen. Lehen metro batzuetan ezproiaren eskuinean mantendu ondoren, pixkanaka honen ahora igo nintzen bilgunera arazorik gabe iritsiz (III+). Bertan bi parabolt topatu nituen, bietako bat hori kolorekoa.

Ezproian.

- Oain etxoin pixkat Leku, ea "Tibloc"-akin aseguratzeik zeukeaten - esan nion bilgunea muntatu nuenean.

Ez zitzaidan asko kostatu metalezko aparatu txikitik soka eta segurtasun mosketoi bat pasatu eta ongi funtzionatzen zuela ikusteko eta gainera korapilo dinamikoa baino segurtasun handiagoa transmititzen duela iruditu zitzaidan. Ayyyyy, aparatu hau Asierrekin Vignemaleko ipar klasikoa eskalatu nuenean eduki izan bagenu!!!

Lehen bilgunean, eskuinean diedroa ikusi daiteke.

Leku berehala iritsi zen, arintasunez eskalatuz. Ordurako, soka biltzeko egindako mugimenduen ondorioz behatz-puntak berriro ere beroak nituen:

Leku ezproiaren ahora iristen.

- Hola bai ondo - esan nion jantzita zituen eskularruei begira -. Nik ekarri dizkiaten fiñek ez diat uste luze bat aguantauko dutenik.
- Taktoa pixkat galtze dek baña earki nijek.

"Tibloc" aparatua nola erabili erakutsi nionean aparatuen arteko trukea egin genuen: berak "Tibloc"-a eraman zuen bitartean ni "Reverso"-arekin geratu nintzen.

- Hurrena zer dek?
- Kuarto mas - erantzun nion -. Krokisen arabera espoloiaren filotio ahalik eta gertuen mantendu beharko haiz ta ia soka osoa beharko dek, luzek 50 metro inguru zeuzkik eta.

- Bigarren luzea, 45 metro, IV+. Ezproiaren ahotik ahal izan zuen gertuenen mantenduz Lekuk eskalatzen jarraitu zuen, hormari metroak irentsiz. Lehen friend-a trabatu zuenetik gutxira, bilgunetik 8-10 metro eskalatuak zituenean (IV) bat-batean geratu zen:

- Hara, hemen iltze gorri bat zeok!!! - oihukatu zidan luzearen bigarren express-zinta bertatik pasatuz.

Iltzearen parean.

Iltzetik gora ezproia pixkanaka tentetuz doa, baina heldulekuak ez dira txarrak, noizik eta behin agertzen den harri solteren batengatik ez bada. Ezproiaren zailtasuna IV mailan mantentzen bada ere, Lekuk eskalatzen zuen metro bakoitzeko abiadura geroz eta gehiago mantxotuz zihoan:

- Gauzak diferente ikuste dittuk aurretio eo atzetio jute haizenen - esan zidan.
- Ta segurok hik jartze dittukenen gehio oaindio, jejeje.

Lekuren eskalada moteltzen bazihoan ere segurtasun osoz eskalatzen ari zela transmititzen zuen, estutasunik pasa gabe. Goi-mendian egiten den eskaladak ez dauka zerikusirik eskalada-eskola batean egin daiteken eskaladarekin, harkaitza, klimatologia bortitzaren eraginez, orokorrean hauskorragoa izaten delako. Behin eskalatzaile bati entzun nion moduan, goi-mendian "sartu aurretik atea jo behar da", harkaitza sendoa den ala ez jakiteko ematen zaizkion kolpeei erreferentzia eginez. Honegatik, orokorrean eskalada motelagoa izaten da, eutsi behar den heldulekua sendoa izango dela bermatu behar delako.

- Hemen beste iltze bat zeok!!!

Luzean topatu zuen lehenengo iltzea 10 metro ingurura geratu zenean bigarren iltze bat topatu zuen, uztai bat duen iltze herdoildu eta zahar bat.

Ezproiko harkaitzak kolorea aldatzen duen lekura iristen.

Harkaitza kolore argia izatetik ilun kolorea izatera pasatzen den lekuan ezproia 3-4 metroetan bertikal bihurtzen da, ordura arteko eskalada zailduz. Lekuk, pasagune hau aseguratu nahian, bertara iritsi aurretik express-zinta luze bat pasatu zion friend bat trabatu zuen eta, bide batez, atsedenalditxo hau ere aprobetxatu zuen eskularruak kentzeko:

- Bazpare harkaitza hobe tanteatzeko, asuntoa tente jartze dek eta, jejeje - esan zidan irribarretsu eskularruak berokian gordez.

Harkaitza marroi iluna den tartea da bigarren luzeko pasagunerik zailena, duen bertikaltasunagatik eta, helduleku onak dituen arren, harkaitzaren kalitatea zertxobait jaisten delako. "Ateari joz", Lekuk tarte honi metroak zuhurtzia handiz irabazi zizkion, heldulekuak ongi aukeratuz eta aseguratzen ari zionari harri txikiak botaz (IV+), honelako lekuetan normala den bezala. Horma ilunaren gainetik zerua ikusten hasi zenean, ezproia koroatzen duen harkaitz-blokearen ondotik pasatu, ezproiaren ahotik metro gutxi batzuetan jarraitu (II) eta, 10-12 metro erdi-oinez ibili ondoren, harkaitz-plaka inklinatu, argi eta nabarmen batean dagoen bilgunera iritsi zen, zinta zahar batekin lotutako iltzea eta parabolt hori batez osatuta dagoena.

Harkaitz iluneko tartean pasagunerik errazenak bilatzen. Azkenean bere eskuinean ikusten den kanal antzekora sartu behar izan zuen.

Bigarren luzea, lehenengoarekin alderatuta zorrotz jarritako IV+ bat iruditu zitzaidan, harkaitz iluneko zatian batez ere. Hemen ez nuen behatzetan hotzik pasatu!!! Jejeje.

- Kieto parau, hor kriston argazkie daukek eta!!!- Esan zidan Lekuk ezproiaren gainera iritsi nintzenean -, emaiak denbora kamara ateratzeko.

"... hor kriston argazkie daukek!!!"

Bigarren bilgunearen kokalekua ezproiaren gainetik ikusita. Hirugarren luzearen lehen metroetako nondik norakoak ikusi daitezke.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Hirugarren luzea eskalatzeko hiru aukera ditugu: harkaitz-plakaren ezker aldetik atera eta ezproiaren ertzetik jarraitu (III+), harkaitz-plakaren goian eta eskuinean dagoen tximini estu bat eskalatu (IV+) edo tximinia honen eskuinean erdi ezkutatuta dagoen diedro gorrixka bat eskalatu (V). Guk bigarrren aukera aukeratu genuen, beste bi aukerak eskalatutako inor ezagutzen ez genuelako.

Tximiniaren oinera iristeko bi aukera ditugu: lehenengoa (bietatik errazena), bilgunearen eskuinetik oinez atera eta, harkaitz-plakaren eskuin ertzetik mantenduz, erdi-oinez iristea izango litzateke (II). Bigarren aukera harkaitz-plaka eskuin noranzkoan eskalatuz joatea da, harlauza nabarmen batera zuzenduz (III+). Plaka trinkoa zela ikusita, oraingoan aukerarik "zailena" aukeratu genuen.

Plakaren lehen metroetan.

Harkaitz-plakaren eskaladaren lehen metroak dira zailenak, helduleku txikiak dituelako eta lehen metro hauetan tenteagoa delako (III+). Parean dagoen harlauza nabarmenera hubiltzen nintzen heinean harkaitz-plakaren inklinazioa jaisten zela ikusi nuen. Pasagunea babeteko harlauzan Totem bat trabatu eta bertatik express-zinta bat pasatu nionean, harkaitz-plaka eskalatu nuen tximiniaren azpian kokatuz.

Tximiniaren oinean. Totem-a trabatutako harlauza ikusi daiteke.

- Bakik zertako jarri diaten friend-a, ez? - bota nion Lekuri txantxetan - Hiri hemendio igotzea behartzeko, jejeje.
- Ah pajarooooo, jejejeje - erantzun zidan.

Bigarren bilgunea tximiniaren oinetik ikusita.

Tximinian sartu aurretik krokisa begiratu nuen bertatik igo beharra nuen ala ez baieztatzeko. Azpitik begiratuta, tximinia estua, bertikala eta ezerosoa zela iruditu zitzaidan. Eta tximinia eskalatzen hasi nintzenean estua, bertikala eta ezerosoa dela egiaztatu nuen. Pertsona argala naizen arren motxila eta arnesetik zintzilik neraman guztia tximiniaren bi paretetan behin eta berriz trabatzen zen, eskalada oztopatuz: "irrist egiten badet, gutxiñez, trabatuta geratuko naiz naun lekun" pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Tximinia osoan, hasieran topatu nuen harkaitz-moko batetik pasa nuen zinta-uztaia izan ezik, ezin izan nuen aseguru bat ere trabatu, batetik ezin nituelako nire beso luzeak ongi mugitu eta bestetik tximinian dauden harkaitz eta harriak sendoak ez izatearen itxura dutelako. Behin baino gehiagotan V zailtasuneko diedroan sartuta nengoela burutik pasa zitzaidan eta halaxe jakinarazi nion Lekuri:

- Ez naiz ba kintoko diedron sartuta egongo?

Onartu beharra daukat lasaitu ederra hartu nuela tximinia eskalatu eta ezproira igo nintzenean. Tximinia atzean utzita, ezproiaren ahotik eskuin aldera jarraitu nuen (II+), parean dagoen horman jarritako paraboltean bilgunea muntatzeko. Parabolt honen eskuinean dagoen harlauzan Totem orlegia trabatuz eta lurrean jarrita dagoen iltzetik pasatako soka zaharretik segurtasun-mosketoi bat pasatuz bilgunea indartu nuen, hiru puntura lotutako bilgune sendo bat lortuz.

Hirugarren bilgunea.

- Honek ze gradu zeukik?
- Krokisen kuarto bezela azaltze dik - erantzun nion.
- Nei gehio iruittu zaiak ba.
- Nei ere bai - erantzun nion -, IV+ gutxiñez bai.

Gerora ikusiko nuen Luichy Alfonsoren "Valle de Tena" liburuan luze hau IV+ bezala mailakatua datorrela.

Tximiniaren irteeratik bilgunera egindako argazkia.

- Laugarren luzea, 30 metro, IV+. Leku bilgunearen ezkerretik aterata horma bertikala zuzen eskalatzen hasi zen, zertxobait ezkerrera botaz (IV+) eta erlaitz txiki baten gainean kokatuz:

- Hortio fisureron bat ikuste dek?
- Ez - erantzun zidan batera eta bestera begiratuz.

Erlaitz txikitik ateratzen.

Krokisaren arabera horma honetan utzitako artaka-trabagailu bat omen dago baina ez Lekuk ezta nik ere ez genuen ikusi. Batera eta bestera begiratzen aritu ondoren, leku erlaitz txikitik atera eta, eskuin joerarekin horma erraz eskalatu zuen, irten aurretik Totem batekin pasagunea babestuz (IV+).

Hormaren gainetik bilgunera egindako argazkia.

Horma bertikala eskalatuta, pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka bat eskalatzen jarraitu zuen, orratz txiki batera iritsi zen arte (II+). Orratz honetako puntan pasatuta dagoen soka batean bilgunea muntatu zuen.

Horma eskalatu ondoren etzanez doan harkaitz-plaka eskalatzen.

- Hurrengo luzea han goien ikuste deken harkaitz gorri harte dek - esan nion bilgunera iritsi nintzenean -. Azkarrago ibiltzeko nahibaek ibiltzen hasiko neok ta soka bukaerara iriste dekenen atera hai.
- Ensanblen?
- Bai, baña pentsatze diat tarten seguro askoik ez dizkiagula jarriko, pareta nahiko etzana ikuste dekelako.

Laugarren bilgunean.

- Bosgarren luzea, 105 metro, II/III. Lekuk soka ematen zidan bitartean bilgunetik atera eta, mendi-lepo txiki batetik pasa ondoren, hormatxo inklinatu bat eskalatu nuen belarra duen aldapa tentera (edo horma etzanera) iritsiz (III).

Hormatxo inklinatua eskalatu ondoren bilgunera egindako argazkia.

- Nahibadek hemendio aurrea soka segurotik askau.
- Bai?
- Bai, arazoik gabe - erantzun nion -, hemendio gora erdi-oinez igotzeik zeokela emate dik.

Lekuk soka askatu zuenean metroak aldapan gora arin irabazten hasi nitzen. Tarte honek ez dauka zailtasun handirik baina deigarria da bertan dauden harkaitz-plaka etzanak dituen inkunstrazioak eta organo hodi luzeen itxura kuriosoa. Aldaparen eskuinean kubo baten itxura duen gorri koloreko horma bat dago (krokisean "kubo gorri" bezala izendatua dagoena) jarritako soka batetik bilgune bat muntatzeko aukera duena, baina ez nintzen bertara zuzendu, seigarren luzea hasten den diedroari begirik kendu gabe, bertara ahal nuen zuzenen iritsi nahi nuelako (II).

Argazki honetan aldapan dauden organo hodi luzeak ikusi daitezke.

Ehun metrotik gora oinez ibili ondoren, koska motz eta erraz pare bat igo (II+) nituenean diedroaren oinera iritsi nintzen.

Bosgarren bilgunea kokatuta dagoen diedroaren oinera iristen. Argazkiaren eskuinean "kubo gorria" ikusi daiteke, baita bertan soka batez osatuta dagoen bilgunea ere.

- Hemen hauspoa notatzen haste dek, eh?
- Bai, nik ere notau diat - erantzun nion Lekuri -, ritmo lasai bat hartzea besteik etzeok, jejeje.

- Seigarren luzea, 40 metro, IV+. Diedroa bi zatitan banatu daiteke: hasierako metroetan inkunstrazio txikiak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu behar da, gero ezker aldera desbideratu eta pasagune estuago bat eskalatzeko. Hasierako plaka inklinatuan parabolt bat eta iltze bat ikusi genituen:

- Pentsatze nian seguroik etzeokela - aitortu nion Lekuri, harkaitz-plakaren azpialdean dagoen parabolt distiratsuan express-zinta eta soka pasatuz-, ta diedroko pitzaduran aseguratuz eskalatze huala.
- Hola azkarrago ibiliko gaittuk, jejeje.

Luze honetako pasagunerik zailena harkaitz-plaka inklinatua eskalatzean dago. Helduleku txikiak ditu baina itsasgarritasun handiko plaka inklinatua da eta ez nuen zailtasunik izan plakaren gainean dagoen iltzera iristeko (IV+).

Diedroaren lehen metroetan.

Iltzetik aurrera ezker aldera hartu eta diedroa estutzen bada ere, hasierako plaka baino errazagoa iruditu zitzaidan (IV), diedroa osatzen duten bi hormetan oinak jarri ahal izateko helduleku on eta sendoak dituelako. Honetaz aparte, metroak eskalatzen diren heinean diedroa etzanez doala iruditu zitzaidan (III).

Diedroaren tarte estuan.

Diedroa eskalatzearekin batera ezproiaren ahora iritsi nintzen berriro ere. Bertan dagoen harkaitz-punta batek osatzen duen harkaitz-zubitik soka bat pasatuta ikusi nuen, baita parean dagoen horma bertikalean puntu laranja batez adierazitako parabolt eta iltze batez osatutako bilgune bat ere:

Diedroaren amaieratik behera egindako argazkia.

- Zenbat soka geratze dek?
- 15/20 metro inguru - erantzun zidan -. Ze ba?
- Hemen soka bat zeok baña paren fundamentuzko reunio bat ikuste diatelako.
- Urruti?
- Ez, 8-10 metro ingurua edo.
- Ordun lasai asko iritsiko haiz - erantzun zidan.

Ezproiaren ahotik metro batzuetan jarraitu ondoren (II+) ez nuen inongo zailtasunik izan bilgunera iristeko.

Seigarren bilgunean. Argazkian zazpigarren luzearen nondik norakoak ikusi daitezke.

- Luze hau pila bat gustau zaiak - esan zidan Lekuk bere burua diedroaren amaieratik agertu zenean - pena luzegoa ez izatea.
- Ba oain zetorrekenak ere itxura earra zeukik - erantzun nion horma bertikala seinalatuz.
- Zer dek? Kuarto? Kuarto mas?
- Kuarto mas.

Leku diedrotik atera ondoren. Bere eskuinean soka batez muntatuta dagoen bilgunea ikusi daiteke (karratu zuriaren barnean).

- Zazpigarren luzea, 45 metro, IV+. Zazpigarren luzea bide honek dituen luze ederrenetako bat da, duen bertikaltasunagatik eta seguruak jartzeko aukeragatik. Leku bilgunetik zuzen atera eta, metro pare bat eskalatuak zituenean, ezker joerarekin bizpahiru metro eskalatzen jarraitu zuen goroldioa duten bi tarteetan oinak ez jartzeko kontu handia hartuz. Ezker joerako metro hauen ondoren, eskuin aldera jo zuen hormaren zatirik bertikaleena eskalatuz (IV+).

_ Onaaaaa!!! - Animatu nuen.

Hormaren zatirik bertikaleena eskalatu ondoren.

Hemendik aurrera ezproia geroz eta gehiago inklinatuz doa gorri koloreko horma bertikal batekin topo egin arte. Zati honetan ezproiaren ahotik jarraitu beharrean Lekuk honen eskuinean mantenduz eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz sendoena duten pasaguneak bata bestearekin lotuz (III).

Horma bertikala amaitzen den lekuan.

Goiko argazkian nagoen lekutik bilgunera egindako argazkia. Ikusten denez, ez genuen ezproiaren ahotik jarraitu.

- Kintoko largoa oain zetorrek, ezta?
- Bai - erantzun nion - ea zemuzkoa deken.
- Ustet bi iltze zeuzkikela.
- Hasieran bai, baña oain bakarra omen zeok - erantzun nion -, bietako bat erdi aterata omen zeoan ta pentsatze diat hoi izango dekela eroi edo kenduta zeokena.

Zazpigarren bilgunean. Atzean kordelak jarrita dituen zortzigarren luzeko iltze bakarra ikusi daiteke.

- Zortzigarren luzea, 45 metro, V. Pasagunea seguru eskalatu ahal izateko, ahal izan nuen gehiena luzatu eta iltzetik pasatuta dauden bi kordeletatik express-zinta motz bat eta soka pasatu nituen:

- Hola gutxiñez lehen metro hauek soka goitio diatela eskalauko dizkiat.
- Luze izatearen abantailak - erantzun zidan Lekuk.

Horma eskalatzen hasi nintzenean atentzioa deitu zidana heldulekuak alderantzikatuak izatea izan zen. Eskuak botatzen nituen heldulekuek ez zidaten konfiantza handirik ematen, harkaitza ere ez delako zimurtsua eta eskuak irrist egingo zutenaren beldur nintzelako. Honegatik, eta oinentzat helduleku onak dituela ikusita, estrategia aldatu eta heldulekuak goitik heldu beharrean alde batetik heltzen hasi nintzen, gorputzarekin kontrapisua eginez. Modu honetara uste baino gutxiago estutuz iltzearen parera iritsi nintzen.

Luzearen lehen 3-4 metro bertikalak eskalatuak nituenean (V), hurrengo metroak ezker joerarekin eskalatu beharko nituela iruditu zitzaidan, baita errazagoak zirela ere.

Lehen metro bertikaleetan.

- Zemuz hau, eroso?
- Hemen nahiko ondo - erantzun nion.
- Ordun argazki bat ingo diat.

Lekuk egin behar zidan argazkirako behera begiratu nuenean hotzikara ba

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07