blogak

Smithyrenbloga

PICO SERRATO (2.888 m): IPAR GANDORRETIK, 250 m, III+/IV. 2019/08/26

Pico Serrato eta honen ipar gandor ikusgarria (argazkian ezkerrekoa) Bramatueroko aintziratik ikusita.


Bizitza luze askotako bidea da. Badira gozamen eta azkartasunez eskalatzen diren luzeak baita majo sufrituta eskalatzen direnak ere. Badira udaren epeltasunean, eguzkipean, eskalatzen diren luze goxoak baita negu hotzean, dar-dar batean eskalatzen diren luze izoztuak ere. Luze batzuk bakardadean eskalatzen dira, gehienetan aldiz sokaren bestaldean norbait lotuta dago, laguntzen, maitasun eta segurtasuna ematen. Tarteka badira beste batzuek jarritako aseguruak, baina gehienetan aseguruak norberak jartzen ditu. Ederra izango litzateke hoberena eman eta gero, soka azkenean dagoela, eskuak urratuta, ezpainak zartatuak, atseden hartzeko gogoz bizitzaren azken bilgunera iristea, behera begiratu eta irribarre maltzur batekin “bide honek merezi izan du!!!” munduari oihukatzeko.

2015eko azaroaren 22an, Carlos Martinek "Mendiak" webgunean “Pico Serrato 2888 mts, arista NNW Espolón Patty” izenburupean kronika bat idatzi zuen. Bertan, 2001eko abuztuaren 12an Ania Marzoarekin batera eskalatutako gandor honen ingurukoak azaltzen zituen, Patty artzain txakurraren omenez izendatutako zutena. Dirudienez hau izan zen gandor honen lehen eskalada, aurretik honen inguruko azalpen, kronika edota erregistrorik ez baitzuten topatu. Kronikan IV+/V- zailtasuna, granito ona orokorrean, auto-babeserako aukera handiak eta erraz jarraitzeko ibilbidea bezalakoak irakurtzeak erakarri ninduten, eskalada hau ametsen karpetara ziztu bizian pasatuz.

Ia lau urte beranduago, eskaladako oporraldia Panticosa aldean pasatzearen arrazoi nagusienetakoa, nagusiena ez bazen behintzat, karpetan gordetako amets hau betetzea izango zen.

SARRERA MODUAN

Pico Serratok hainbat izen ezberdin jasotzen ditu eta Serrato izenez mendi honen inguruko hainbat leku eta aintzira azaltzen dira. Mapa batzuetan Peña Xuans bezala azaltzen da, beste mapa batzuetan izen hau Xuans aintziraren hegoaldean dagoen mendiak jasotzen badu ere. Mendira eramaten ditudan Alpina mapetako Tena bailarako mapako izendapenean ere aldaketak izan dira: 2008-2009 urteko mapan Pico Serrato izena azaltzen den bitartean, 2016koan O Peñón izena jasotzen du.

Izenak izen, granitozko mendi hau inguruan dituen hirumilako guztien (Infernuak, Balaitus, Vignemale…) itzalpean dago bisitari gutxi jasoz, udan batez ere. Neguan aldiz, ohikoa da mendebalde eta hego-mendebaldeko korridoreetan mendizaleak ikustea, hauen indar eta trebetasun jolas-leku bihurtzen baitira. Internet korridore hauetako azalpen eta kronikaz betea dago.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 250 metro.
- Luze kopurua: 6 (2 tximinian eta 4 ipar horman).
- Nork irekia: Ania Marzoa eta Carlos Martinek, 2001ko abuztuaren 12an. Beraiek ipar hormako ezproia eskalatu zuten (III+/IV) baita guk ikusi ez genuen diedro bat ere (IV+/V-).
- Zailtasuna:III+/IV. Tximiniako luzeak:1ºL: III+ (50 m) eta 2ºL: II/III (15 m). Ipar hormako luzeak: 1ºL: III+/IV (35 m), 4ºL: III+ (35 m) eta 3ºL: III+ (25 m).
- Orientazioa: Iparraldea.
- Ura: Casa de Piedra eta Bachimañako goiko aterpeetan ez ezik, bidean ura jaso daiteken hainbat errekasto zeharkatzen dira.
- Hurbilketa: GR-11 ibilbidea jarraituko dugu Bachimañako goiko aintzirara arte. Aintzira mendebal ertzetik inguratuz (bide bat dago) honen ipar ertzera pasatu eta Bramatueroko aintzirara igoko gara. Aintzira hau hego ertzetik inguratu eta Pico Serratoren mendebaldeko sakanan sartuko gara, sartu eta berehala ezkerrean dagoen kanal harritsu bat igo eta honen gainetik gandorrera zuzentzeko. Casa de Piedra aterpetik lasai joanda hiru ordu eta erdi pasa genuen.
- Jaitsiera: Panticosako bainuetxetik Pico Serratora doan ohiko bidetik, Labaza eta Serrato aintziretatik pasatuz. Gailurretik Panticosako bainuetxera lasai joanda hiru ordu eta berrogei minutu behar izan genituen.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Gandorra eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISAK

Gandorrera iristeko eskalatu behar den  hasierako tximiniaren krokis zehatza.


Ipar gandorrean eta ipar horman eskalatutako luzeen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago...


DESKRIBAPENA

Oporraldiko hirugarren gaua nahiko ona izan arren, bi egunetan eskalatutako 1.200 metroen nekea pixkanaka metatuz zihoan, zelai orlegian pausatutako elur maluten moduan, poliki-poliki, atsedenik hartu gabe. Furgonetaren kokalekua aldatzeak ere lagundu zuen, lehenengo gauean jasanezin bihurtu zen errekaren zaratatik urrun lo egin genuelako. Izan ere, iratzargailuek  greba egitea erabaki ondoren jaikitzeko ordua ordubetez atzeratu zen, jejeje.

Iratzargailuen grebaren berri izan genuenean ziztu bizian jaiki eta, gorputza oraindik esnatu gabe, egunak pasa ahala gogortzen hasitako gailetak zintzurretik pasatzera behartu genituen. Aurretik genuen jardunaldia hamabi ordutatik gorakoa izango zela aurreikusita, kezkarik handiena furgonetara egun argiz iristea zen. Bezperatik prestatutako motxilak hartu eta, oraindik lo-zakuetako berotasuna gorputzean, kalera atera ginen.

Asteburua atzean, aparkalekua erdi hutsik zegoen, oporraldien amaieraren seinale. Goizeko zazpietan Casa de Piedra aterpearen ondotik pasa eta GR-11 bidean gora hasi ginen.

Bachimañako aintziretako aterpera arteko igoera pazientziaz hartu genuen, indarrak gordez. Aurreko egunetako jendetzaren burrunbarik gabe, mendeetan granitoan bidea irekitako Caldarés errekaren oihartzuna zen bailaran entzuten zen hots bakarra, gure pausoei erritmoa jarriz. Poliki baina gelditu gabe, ordu eta erdiko igoeraren ondoren aterpearen parera iritsi ginen.

"Aterpearen gainetik, egunsentiaren lehen argiekin borrokan, Pico Serratoren silueta (ezkerrean) zeruertzean nagusitu zen".


Aterpearen gainetik, egunsentiaren lehen argiekin borrokan, Pico Serratoren silueta zeruertzean nagusitu zen. Gelditu gabe, Bachimañako Goiko aterpearen bila jarraitu genuen, izen bereko aintziraren ipar ertzean eraikitako aterpe txikia. GR-11 bidea jarraituz aintzira mendebaldeko ertzetik inguratzen hasi eta, bihurgune nabarne batean mendebaldera jo eta maldan gora hasten den lekuan, aintziraren ertzetik gertu jarraitzen duen bidexka bat zuzen jarraitzen hasi ginen GR-11 bidea utziz.

Bachimañako goiko aintziraren mendebaldeko ertzan, GR-11 bidea utzi ondoren. Karratu zuriaren barruan Bachimañako goiko aterpea ikusi daiteke.


Hasieran argia bada ere, eskuak erabiliz jaitsi beharreko hormatxo baten ondoren mugarrien atzetik jarraitu genuen, aintzirara ipar mendebaldetik iristen den errekastora zuzenduz. Errekastoa ahal izan genuen leku errazenetik gurutzatu ondoren aintziraren ipar ertzera pasa ginen.

Bachimañako goiko aintziraren ipar ertzean. Parean, mendi guztien gainetik, Pico Serrato eta honen ipar gandorra (ezkerrekoa).


Berriro ere nabarmena den bidexka bat jarraitu eta hainbat errekasto gurutzatu ondoren, Bachimañako goiko aterpe txikira iritsi gabe, honen iparreko zelaian jarritako argibide-postera iritsi ginen. Goizeko bederatziak eta hamar ziren.

Bachimañako goiko aterpea eta Pico Serrato.


Eguzkiaren goizeko izpiek, hodeiekin borrokan, mendiak oraindik zeharka argitzen zituzten kolore ikusgarriaz apainduz. Kolore gorrixkaren gainetik, mendiaren bizkarrean jarritako zapi zuri baten moduan, Infernuen marmolezko hormaren kolore zuria nabarmentzen zen.

Atzera begirada, "kolore gorrixkaren gainetik Infernuen marmolezko hormaren kolore zuria nabarmentzen zen".


Argazki pare bat egin eta bidean gora jarraitu genuen, Bramatueroko (edo Gramatueroko) beheko aintziratik saltoka jausten den erreka eskuinean utziz.

Bramatueroko aintzirara igotzen, behean ezkerrean Bachimañako goiko aterpea ikusi daiteke.


Hamabi minutu eskas beranduago, aintzira mendebaldetik ixten duen zementuzko hormarekin topo egitearekin batera, parez-pare Pico Serratoren ipar gandorra azaldu zen. Mendiak hodei zuriz estalitako zerua piramide baten moduan mozten zuen, itsura ikusgarria emanez:

- Hemendio ikusita espektakularra da.
- Bai, kriston pinta dauke.

Aintzira ixten duen zementuzko horman, parean gaurko protagonista.


Mendiari begiradarik kendu gabe horma alderik alde zeharkatu eta aintziraren hegoaldeko ertzera pasa ginen, mugarrien atzetik, ertzaren ondotik doan bidetik aintzira inguratuz.

Pico Serratoren mendebaldeko sakana begi-bistan izan genuenean egokiena bertatik igotzea izango zela erabaki genuen, hurbilketaren inguruko informaziorik ez genuen eta. Sakanaren sarrerarekin topo egitearekin batera orain arteko bidea utzi eta sakanean gora pixkanaka metroak irabaziz hasi ginen, mugarriak jarraituz, Lumiacha urmaelak eta Xuans aintziratik behera datorren errekastoa ezkerrean utziz.

Bidea utzi eta sakanan sartu ginen lekuan. Argazkian gero igoko genuen kanal harritsua eta gandorraren oinera arteko bidea ikusi daitezke.


Gandorraren oinera nondik igo ez genekien, eta metroak irabazi ahala sakanaren ezker horma aztertuz gindoazen, horma hau Pico Serratoren ipar gandorraren jarraipena baita.

- Aukera deun lehenengon hobe deu gora tiratzea.
- Bai, bazpare hobe izangoa – erantzun nion Asierri.

Eta lehenengo aukera sakanean gora hasi eta berehala ezkerrean dagoen kanal harritsu bezala azaldu zitzaigun. Harritza batetik gora igotzeak izugarrizko pereza ematen zigun arren, goian igotzerik izango ez genuenaren beldurrez sakana zeharkatu, kanalara iritsi eta eskuineko (igoeraren noranzkoan) hormatik gertu mantenduz igotzen hasi ginen, bertako harri eta harkaitz-plaka trinkoen gainetik.

Kanal harritsua.


Igoera beldur ginena baino askoz erosoagoa izan zen, kanalaren lepora iritsi aurretik hegoaldera jo eta, tarteka eskuak erabiliz, sakana dominatzen duen ezker hormaren gainera igoz.

Ordura arte botatako izerdia haize hotz batek ziztu bizian moztu zidan, hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatuz. Asierrek haize-kontrako txaketa janzten zuen bitartean, hozten ez jarraitzeko, gelditu gabe gora jarraitzea erabaki nuen. Parez pare, itsasontzi baten brankaren moduan, Pico Serratoren ipar gandorrera igotzeko atea ixten duen horma bertikala altxatzen zen.

"Parez pare, itsasontzi baten brankaren moduan, Pico Serratoren ipar gandorrera igotzeko atea ixten duen horma bertikala altxatzen zen". Argazkian tximiniaren oinera arteko bidea adierazita dago.


- Pareko hoi al da terzeroko tximenea? – Galdetu nion Asierri horma goitik behera erdibitzen duen tximini bertikal eta nabarmena seinalatuz.
- Ezetz esperoet.

Horma erditik erdibitzen duen tximiniaren itsura beldurgarria da. Bertikala izateaz aparte goiko zatian makurtzen dela dirudi. Argi zegoen hori ez zela bila ari ginen "terzeroko tximinia".

Hormaren ezkerralderra (ekialdera) desbideratzen hasi eta, gure lasaitasunerako, ordura arte mendiaren erliebeak ezkutatutako tximinia agerian gelditu zen.

Gandorraren hasierako tximiniaren nondik norakoak, zuriz oinez jarraitutako bidea.


Argazki honetan Bachimañako goiko aintziratik gora jarraitutako bidearen nondik norakoak ikusi daitezke.


Azken metro batzuk ibili ondoren, goizeko hamarrak eta erdietan tximiniaren oinera iritsi ginen, aurreikusitakoa baino ordu eta erdi lehenago.

- Ona izango zen tximenea sikiera señalatzea - esan zidan Asierrek mugarri txiki bat eraikiz.
- Bai, ze aproximazioa nundio egin eztau iñun explikauta.

Tximinia azpitik ikusita.


Motxilak lurrean utzita eguneko lehen atsedena hartu genuen. Barratxo bat murtxikatzen genuen bitartean altxatutako haize hotzak haize-kontrako txaketa janztea behartu ninduen. Euri konturik iragarrita egon ez arren zeruari zeharka begiratzen genion, noizik eta behin hodei ilunen batek zerua alderik alde ziztu bizian zeharkatzen zuelako. Hogei minutuetako atsedenaren ondoren eskaladako traste guztiak atera eta eskalatzeko prestatu ginen.

- Gaur nei tokatzen zait hastea, jejeje – aldarrikatu nuen atzoko azken luzea Asierrek eskalatu zuela gogoratuz.

Burdin guztiak arnesean zintzilikatu eta sokaren muturra lotu nuenean eskalatzen hasi nintzen.

- Tximiniaren lehen luzea, 50 metro, III+. Lehenengo 20 metroetan zailtasun handirik ez dagoen arren (II/III), ordainean bazter guztiak harri ezegonkorrez betea daude eta kontu handiz eskalatu behar da harririk ez botatzeko. Lehen metro hauek Cadier orratzera igotzeko eskalatu behar den tximinia gogora ekarri zidaten.

Tximiniaren lehen metroetan, harri solteak nonahi.


Harkaitza trinkoa dirudien arren, kontu handiz eskalatu behar den horietakoa da.


Lehen hogei metro hauen ondoren arrail bertikal batek goitik behera irekitzen duen horma batekin topo egin nuen. Puntu honetan ezkerreko horma eskalatzen jarraitu behar da, tximiniak ezkerrera jotzen baitu.

Hormaren parean.


Harkaitzaren sendotasun eskasak ez zidan konfiantza handirik ematen. Pareko hormaren arraila nituen friend-entzat zabalegia zenez, pasabidea aseguratzeko leku sendo baten bila hasi nintzen. Kolokan zeuden hainbat harkaitz kendu eta lurrean kontu handiz kokatu ondoren, hormaren oinean Alien gorria trabatzeko arrail aukera bat topatu nuen.

- Oain bazpare kontuz ibili ze harroka honekin ez naiz bate fiatzen.

Alien-a sendo trabatuta zegoela ziurtatu ondoren horma eskalatzen hasi nintzen. 8-10 metro zuzen eskalatu ondoren (III+) berriro ere eskuinera jo nuen tximinia jarraituz.

Horma azpitik ikusita, eskuinean arrail nabaria ikusi daiteke.


Konfiantza handirik ematen ez duen bigarren hormatxo batean (4-5 metro, III+) luzeko bigarren friend-a trabatu eta, harririk ez botatzeko kontu handiz eskalatu ondoren, tximiniaren pasabiderik zailena atzean gelditu zen.

Asier bigarren hormatik ateratzen.


Bi hormatxo hauek atzean utzita tximiniak bertikaltasuna galtzearekin batera harri askeen kantitatea handituz doa. III zailtasunaren baitan dagoen azken metro batzuk kontu handiz eskalatu eta Asierrek talkie-tik 4 metro soka eskas nituela esan zidanean, tximiniaren eskuineko ertzera hurbildu eta bertako harkaitz handi batetik zinta luze bat pasatuz bilgunea muntatu nuen.

Bigarren hormatik bilgunera arteko zatia, argazkian antzematen ez bada ere oso hautsia dago.


- Joer tximineakin, dena hautsita dau! –bota nion – goiko granitoa hola badau, eztakit ba!
- Bai, kontu haundiz ibili beharko gea - Erantzun zidan Asierrek pasabide zailenetik atera zenean.

Lehenengo bilgunean.


- Tximiniaren bigarren luzea, 15-20 metro, II/III. Asierri soberan nuen materiala eman ondoren eskalatzen jarraitu zuen, harririk ez botatzeko kontu handiz, zailtasunik gabe gandorraren ertzera iritsiz. Metro hauetako erraztasuna ikusita, bilgunea muntatu baino eskuz aseguratu ninduen, soka tente mantenduz.

Bigarren luzean.


Tximinia eskalatu eta gandorraren ertzera azaldu nintzenean ikusmirak txunditu ninduen. Ordenik gabeko harkaitz-blokez osatutako gandor horizontalaren gainetik Pico Serratoren ipar horma ikusgarria altxatzen zen. Oraindik ez genekien aurretik zer genuen baina onartu beharra daukat ikusmira honek zirrara sortu zidala.

Gandorraren ertzera iristerakoan dagoen ikusmira.


Gandorra horizontala zela ikusita, bakoitzak sokaren metro batzuk bildu eta gandorraren ertzetik erdi- oinez jarraitu genuen, ezproi nabarmen baten oinera iritsi ginen arte.

- Ta oain nundio?
- Eztakit ba - erantzun zidan Asierrek - espoloiak goien kontinuidadea izangou?

"Ta oain nundio?". Azkenean eskuinean ikusten den bira jarraituko genuen.


Zalantzan geunden ezproia zuzen eskalatu ala ez eta, era berean, ezproia eskalatu eta bestaldean horma bertikal bat topo egiteaz beldur ginen. Bidearen inguruko azalpenak irakurrita ere ez genuen ezer argirik atera. Ezproiaren eskuinetik (mendebaldetik) bira nabarmen bat zihoala ikusi eta beharbada hortik jarraitu beharko zela pentsatuz, Asierrek bertatik jarraitu zuen ipar-mendebaldeko gandorrera zuzentzen den kanal argi eta nabarmen baten oinera iritsiz.

- Hemendio emateo espoloiak kontinuidadea daukela!!!! - bota zidan.

Asier geroago bilgunea muntatuko genuen lekuan.


Zalantzak berriro ere. Ezproiaren ertzetik edo ezproia inguratuz? Azkenean ezproia inguratzea erabaki eta Asier zegoen lekutik eskalatzen hastea erabaki genuen 0 bilgunea muntatuz.

0 bilgunea muntatu genuen lekutik ezproiaren oinera egindako argazkia.


- Lehenengo luzea, 35 metro, III+/IV. Asier horma inklinatuaren punturik errazenak topatuz zuzen eskalatzen hasi zen (III/III+), horma bertikal batekin topo egin zuen arte. Zuzen eskalatzen jarraitzea baztertuta, friend bat sendo trabatu eta ezkerrera horizontalean zeharkaldia eginez hasi zen.

- Bufff!! Hemen harrik oso suelto dare - esan zidan harkaitz zuri batzuen gainetik kontu handiz pasatuz.

Pasabide delikatu hau atzean utzi eta 5-6 metroetako zeharkaldi horizontalaren amaieran, horma bertikalak ezkerrean duen punturik ahulenera iritsi zen. Bertan, luzeko bigarren friend-a trabatu eta hormatxoa eskalatu zuen (III+/IV) gandorraren ertzera arte doan bira belartsu batera iritsiz.

Luzeko pasabiderik zailenean, horma bertikalaren punturik errazena eskalatzen.


- Espoloia hemen bukatzea ta gañea hito bat dau!!!
- Bide onetio goazenen señale!! - oihukatu nion bilgunetik.

Ezproiaren amaiera eta mugarria (eskuinean ikusten den harri piloa)  ikusi daitezke.


Bira belartsua eskuinera metro batzuetan jarraitu ondoren, harkaitzik trinkoenean bilgunea muntatu zuen.

Ezproia non eta nola amaitzen zen ikusi genuenean zuzenean eskalatu ez izanaren tristura azaleratu zitzaigun: "beste baten izan beharkoa!!".

- Bigarren luzea, 35 metro, III+. Asierri bi friend-ak eman eta, denbora ez galtzeko, eskalatzen jarraitu zuen. Harkaitz-plaka inklinatu ezberdinak eskuin ezker diagonalean zeharkatuz (III) gandorraren ertzera hurbildu zen.

Zeharkaldiaren amaieran, puntu gorriekin diedro etzana (argazkian ez da ikusten) nondik doan adierazita dago.


Gandorraren ertzetik burua atera eta hautsi eta bertikala zegoela ikusi zuenean, horma ezker eskuin diagonalean zeharkatzen duen diedro ireki itsurako bat amaiera arte eskalatu zuen (III+) bira harritsu eta estu batera iritsiz.

Biratik behera egindako argazkia. Hemen ere harriak sendoak ez direla ikusi daiteke.


Gandorraren ertzera berriro ere hurbiltzeko asmotan biratik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen (III+) pixkanaka ezkerrera desbideratuz. Soken marruskadura gogortzen hasi zenean, ertzetik gertu, diedro inklinatu baten azpiko harlauz baten arrailean bi friend sendo trabatuz bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea, argazkiaren ezkerrean diedro inklinatua ikusi daiteke.


- Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Bilgunetik gorako aukerak aztertzen hasi ginen. Interneteko deskribapenaren arabera hemendik gorako punturen batean diedro nabarmen bat eskalatu beharra zegoen, IV+/V- zailtasunekoa eta helduleku onak dituena. Bilgunearen ezkerreko diedroak deskribapenekoarekin ez zetorren bat. Oso zikina zegoen, heldulekuak ez ziruditen onak eta honen gainean, tapoi moduan, harkaitz-bloke bat zegoen. Panorama hau ikusita, diedroa ezkerrean utzita Asier bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasi zen (III+).

Hirugarren luzeko lehen metroetan.


- Tipo hontako eskalada da Midiko iparren denbora guztin dauna - esan zidan lehen metroak eskalatu ondoren, Midi D'Ossau mendian berriki eskalatuta zuen embarradere bira gogora ekarriz.

12-15 metro zuzen eskalatu ondoren horma bertikal batekin topo egin zuen, harkaitz-bloke erraldoi baten itsura duena. Horma hau ezker edo eskuinetik eskalatzea aztertu zuenean, eskuinean osatzen duen diedro irekia eskalatzen jarraitu zuen (III+) gandorraren ertzera iritsiz.

Luzea amaitzeko, azken metro erraz batzuk eskalatu ondoren (III) hormaren gainera igo eta bertako harkaitz-bloke batetik zinta bat pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Hirugarren bilgunean, diedro irekia eskuinean ikusi daiteke.


Hirugarren bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.


Gertuago, argazkiaren ezkerrean eskalatzea erabaki ez genuen diedroa ikusi daiteke.


- Hemendio aurrea eskalada bukau dela emateo.
- Igual eskalatzean diedroa aurreago dau - esan nion eskalatzen hasi aurretik.

Nondik arraio eskalatzen ari ote ginen izan zen hirugarren luzean zehar pentsatzen joan nintzena. Irakurritako deskribapena eta eskalatzen ari ginen bidea ez zetozen bat eta horrek sentsazio gazi gozoa sortzen zidan. Harkaitzaren kalitateari dagokionez, ipar horman eskalatutako hiru luze hauetan harkaitza txarra ez izan arren, kolpekatzen genituen harlauz gehienek huts hots susmagarri batekin erantzuten ziguten.

Vignemale gandorraren ertzetik nabarmenduz...


-Egie esan deskribapenare ez da oso detailatue - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Ba ez - erantzun nion - ta argazkitan ere ez da oso ondo ikusten nundio kristo ibili zien.

Asierrek esan bezala hemendik aurrera eskalada amaitzen zela zirudien. Berak zuen soberako materiala hartu eta gandorraren ertzetik jarraitu nuen ensanble luzean eskalatzen jarraitzeko asmotan. Gandorraren ertzetik 20 metro inguru jarraitu eta bertako harkaitz-bloke ezegonkorretan ezusteko pare bat izan ondoren honen ezkerrera (ekialdera) pasatzera erabaki nuen.

Gandorraren ertzaren ekialdera pasa aurretik.


Asier hirugarren bilgunean.


Ertzaren ekialdetik jarraituz pasabide delikatu bat atzean utzi (III) eta berriro ere gandorraren ertzera hurbildu nintzenean sokaren marruskadura izugarria zela ikusi nuen.

- Hemen reunioa montaukoet! Sokak gehiegi tiratzeo ensanblen jarraitzeko!! - Oihukatu nion Asierri.

45 metro inguru eginak nituen. Harkaitz-bloke baten inguruan zinta bat pasatu eta azken bilgune bat muntatu nuen.

Gandorraren azken bilgunea muntatutako lekuan


Asier bilgunera iritsi zenean soka bildu, ensanble motzagoa egin eta gandorraren ertzetik jarraitu genuen oraindik diedroa topatuko genuenaren itxaropenean. Baina diedrorik ez genuen topatu eta zailtasunik gabe Pico Serratoren gailurrera iritsi ginen.

Gandorraren azken metroetan, parean gailurra ikusi daiteke.


"Ze ingo deu ba!!! Hau bukau da ta hemen diedroik eztau!!!"


Gandorraren azken metroetan...


Gailurreko sentsazioa, eguraldia bezala, arraroa zen. Gandorra eskalatua zegoen, tartean gandorretik, tartean ipar hormatik, eskalada polita eginez, baina eskalada borobila izateko zerbait falta zenaren sentsazioa giroan nabari zen. Pico Serratoko gailurra zapaltzen genuen lehen aldia izanda, nahikoa izan zen ingurura begiratzea sentimendu gazi-gozo hau nolabait malgutzeko.

Ekialdean, guztiaren gainetik Vignemaleko mendilerroa nabarmentzen zen.

Vignemaleko mendilerroa.


Ekialdera egindako argazki panomarikoa, argazkiaren ezkerrean Bramatueroko goiko aintzira ikusi daiteke.


Mendebaldean eta ipar mendebaldean aldiz, Panticosa gaineko eta Balaitus inguruko hirumilakoak ziren zeruertzeko nagusi.

Frondiellak eta Balaitus. Azkeneko honen eskuinean, behatz txiki bat bezala, Costerillou dorrea ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean Gran Facha Pecicoko goiko lakuaren gainetik.


Mendebalde eta ipar-medebaldera egindako panoramika, Tena bailarako hirumilako gehienak ikusi daitezke baita Bachimañako bi aintzirak eta izen bereko aterpea ere. Eskuinean, urrun, Balaitus eta Frondellak.


Pico Serratoko gailurrean, 2.888 metro.


- Ze ordutan bizi gea?
- Ordubik hamar gutxi - erantzun zidan Asierrek.

Batera eta bestera argazkiak egiten nituen bitartean ordu laurdeneko atsedena hartzeko aprobetxatu genuen, eguneko bigarren barratxoa janez. Jaitsieran arin ibiliz gero Casa de Piedra aterpean dutxa beroa hartu eta afaltzeko denbora izango genuela kalkulatu ondoren, traste guztiak jaso eta martxan jarri ginen.

Jaitsieraren lehen metroetan, atzean Vignemale.


Motxilatik mapa atera eta bat batean begiak ia aurpegitik atera zitzaizkidan. Mapan ez zen itzulerako biderik azaltzen!!!!

- Ostia Asier, hemen bideik ez da azaltzen!!!

Txundituta Asierri mapa pasa nion. Lasaitasun osoz mapa itzuli, eskua poltsikora bota, telefonoa atera eta bezperan Bachimañako aintziretako aterpean zintzilikatutako mapari egindako argazkia erakutsi zidan:

- Hemen badau? - bota zidan irribarretsu.

Argazkia begiratu eta puntu gorriz adierazitako bide bat marraztua ikusi nuenean arnasa lasai hartu nuen.

- Bufff!!! baukeu nola jaitsi. - erantzun nion whatsapp bidez argazkia jasotzearekin batera.

Bachimañako aintziretako aterpean zintzilikatutako mapari egindako argazki "salbatzailea"...


Maparen argazkiaren arabera, hasteko Pico Serratoren hegoaldeko gandorretik jaitsi eta Xuans eta Batanes mendien arteko lepora iritsi beharra genuen. Pico Serratoren hegoaldeko gandorraren ertzetik ahal izan genuen guztian jaisten hasi ginen horma bertikal batekin topo egin genuen arte.

Horma bertikala topatu genuen lekuan.


Horma zuzen jaistea baztertuta, gandorretik ekialdera erortzen den kanal harritsu bat 15 metro inguruan jaitsi eta hegoaldera horizontalean jarraitu genuen gandorraren ertzera itzuliz. Bertatik Xuans eta Batanes arteko lepoa eta honen aurreko urmael bat identifikatu genuen.

- Putzu hoi referentzi bezela hartu beharren gare - esan nion Asierri telefonoa poltsikoan gordez.

Jaitsitako kanal harritsua.


Zeharkaldi horizontala egin ondoren gandorraren ertzean berriro ere, atzean Xuans mendia. Puntu zuriz gutxi gora behera urmaela arte jarraituko genuen bidea.


Gandorraren ekialdean mantenduz eta urmaela erreferentzi bezala hartuz, biderik zuzenena jarraitzen saiatu ginen, tarteka harri askeen artean, tarteka mugarriez adierazitako bidexka batetik. Orduerdi pasatxoko jaitsieraren ondoren urmaelara iritsi ginen.

Urmaelaren ondoan, eskuinean Xuans mendia.


Urmaelara iristeko gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Urmaela atzean utzi eta Xuans eta Batanes mendien arteko lepoan eraikitako mugarrira iritsi ginen.

Lepoaren mugarrira (argazkiaren eskuinean) iristen.


Maparen argazkia berriro ere atera eta hemendik behera bi aukera genituela ikusi genuen: lehenengoa Batanes mendien hegoaldeko hormaren oinetik zeharka zihoan, zeharkaldi zabal baten ondoren Labazako aintzira ekialdeko ertzetik inguratuz Serratoko aintziretara iristeko. Bigarren aukera leku berera iristen zen, Labazako goiko aintziraren mendebaldeko ertza inguratu eta, "S" bat eginez, Labazako aintzirako ekialdeko ertzera iristeko. Bigarren aukera motzagoa zelakoan lepoa zeharkatu genuen Xuans mendia eskuinean utzi eta Labazako goiko aintzirara eramango gintuen bidearen bila.

"Lepoa zeharkatu genuen Xuans mendia eskuinean utziz...".


Lehenengo metroetan mugarriren bat edo beste ikusteak animatu gintuen arren, Labazako goiko aintziraren ipar-ekialdeko hormaren gainera iritsi ginenean mugarriak bat-batean desagertu ziren.

Hemendik aurrera jaitsieran pasako genuen "abentura" hasiko zen.

Gainetik batera eta bestera ibili ondoren, ahal izan genuen lekurik errazenak topatuz harri ezegonkorrez jositako hormari metroak kenduz joan ginen aintziraren ipar ertzeko harritzara iritsiz. Harri-blokeen gainetik kontu handiz mugitu, eta tarteka irrist eginez, aintzira inguratuz joan ginen honen mendebaldeko ertzean eraikitako mugarri batera iritsi ginen arte.  

Mendebaldeko mugarrira arte harritzaren gainetik jarraitutako bidea.


Mugarritik atzera egindako argazki honetan horma gutxi gora behera nondik jaitsi genuen ikusi daiteke.


Muino harritsuen artean erdi-estalia, mugarria zegoen lekutik Labazako aintzira ez zen osorik ikusten. Mapa atera eta aintzira honen gainetik dauden bi urmael identifikatu genituen.

- Hurrengo pasoa ibon hoita jaixtea da.

Mugarria atzean utzi eta ahal izan genuen biderik erosoena jarraituz urmaeletara jaitsi ginen.

Urmaeletara iritsi arte egindako jaitsiera eta hemendik aurrera jarraitutako bidea. Argazkian, erdi ezkutatuak, Labaza eta Serrato aintzirak ikusi daitezke baita Labaza mendia ere.


Jaitsiera bakarti eta ezerosoa zen egiten ari ginena. Ez dut imajinatu nahi muin baten gainean gure mugimenduak zelatatzen ari zen sarrio bakartiak zer pentsatzen ariko zen, jejeje.

Zelatari bakartia atzean Labaza mendia duela.


Urmaelen parean.


Urmaelak mendebaldeko ertzetik inguratu eta hauen hegoaldeko lepora igo ginen, honen bestaldean bide bat topatuko genuen itxaropenaz. Baina itxaropena antzua izan zen eta bidea espero genuen lekuan horma bat topatu genuen.

Hormaren ertzera azaldu eta Labazako aintzira nondik inguratu identifikatu genuen. Baina honetarako lehenik horma jaitsi beharra zegoen.

Hormaren gainetik egindako argazki honetan Labazako aintzira (argazkian ez da ikusten) nondik inguratu genuen adierazita dago, baita hormatik jaisteko jaitsiko genuen kanal belartsuaren kokalekua ere.


Aldera batera eta bestera mugitu ondoren 40 gradu inguruko kanal belartsu bat topatu genuen, kontu handiz jaitsi eta Labazako aintziraren ipar ertzaren gaineko harritzan kokatu gintuena.

Kanal belartsua azpitik ikusita.


Labaza aintziraren gaineko harritzan zehar jarraituko genuen ibilbidea.


Harritzan jarraituko genuen ibilbidea identifikatu ondoren harkaitz blokeen gainetik egingo genuen zeharkaldi luze eta neketsuarekin hasi ginen.

Atzera begirada, argazkian kanal belartsuaren kokalekua eta jarraitutako bidea adierazita dago. Argazkian ere duela hiru urte eskalatutako Bataneseko hego-mendebaldeko korredorea ikusi daiteke.


Nekearen eraginez lehen estropezuak azaldu ziren. Askotan sendoak ez ziren harkaitz-blokeen gainetik saltoka ibiltzetik nazkatzen hasiak ginen eta aurrera begiratzen genuenean ez zirudien panorama aldatuko zenik. Konturatzerako Serratoko aintzira hegoaldetik inguratzen hasiak ginen.

Serratoko aintzirak inguratzen.


Ordubetean ikusi gabe ibili ondoren, mugarriak pixkanaka azaltzen joan ziren, mendizale gehiago ibiltzen den lekura iristen ari ginenaren seinale.

Berriro ere mugarrien atzetik. Argazkiaren eskuinean bat ikusi daiteke.


Serratoko aintzirak kokatutako zelaigune zabala zeharkatu ondoren Panticosako bainuetxea lehen aldiz ikusi genuen. Basamortuan galduta ibili ondoren oasi bat ikusi izan banu bezala sentitu nintzen.

- Bufffff!!!! Bazen garaieeeee.

Haizeagatik babesean, Panticosako isurialdean metroak galtzen genituen heinean tenperatura gora hasi zen aspaldiko partez izerditan hasiz. Malda gogor bat jaitsi ondoren, haize-kontrako txaketak kendu eta eguzkitako krema ematearen aitzakiarekin pinu txiki baten itzalpean atseden motz bat hartu eta ura edateko aprobetxatu genuen.

Panticosako bainuetxeko isurialdetik jaisten.


Malda gogorra atzean utzi ondoren, eskuinean mugarri bat ikusi daiteke.


Gure azpian irekitzen zen bailararen ikusgarritasunaz gozatzeko unetxo bat hartu genuen. Panticosa inguruko hirumilakoek osatutako zirku handiaren azpian bainuetxea eta aintzira ziren gizakiaren seinale bakarra, ziren bien arteko desnibel handia agerian geldituz.

"Gure azpian irekitzen zen bailara ikusgarria zen".


Kantinplorei azken ur tantak lapurtzearekin batera berriro ere martxan jarri ginen. Pinu txikien artean sigi-saga egiten duen bidexka jarraituz hodiaren hormara doan metalezko hodi horizontalarekin bat egin genuen, egun pare bat "Pa ti es vía" bidea eskalatu ondoren jarraitu genuena hain zuzen ere.

Hodiarekin bat egin genuen lekuan.


Hemendik beherako bidea "Pa ti es vía" bidea eskalatu genuenetik ezagutzen genuenez, erritmoa pixkat estutu eta, arin, Panticosako bainuetxera arteko azken metroak bete genituen, furgonetara seiak hogei gutxietan iritsiz, aurrikusita baino bi ordu lehenago. Motxilak minberatutako sorbaldetatik kendu eta dutxatzeko trasteak hartu ondoren Casa de Piedra aterpera zuzendu ginen.

"Home sweet home...".


Egun pare batean errekan ahal den moduan gorputza zatika garbitzeak duen xarma abenturazalea handia bada ere, dutxa bero bat hartzea baino plazer handiagorik ez dago. Eta dutxaren ondoren garagardo hotza bat edaten bada zer esanik ez, jejeje. Horrela amaitu zen gure ibilaldia, dutxa erlaxagarri eta garagardo hotz baten ondoren.

Eguna, kronika hau bezala, luze joan zen, eta gorputzak nekatuak genituen. Gailurrean izandako sentsazio gazi-gozoari buruz zer esan, nire kasuan honen azken arrastoak dutxaren zulotik joan ziren, sentsazio lasaigarri bat geldituz. Ipar gandorrera itzultzen bagara badugu oraindik zer eskalatu!!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2008-2009.
- Valle de Tena mapa. Editorail alpina, 2016.
- "Mendiak" web orria. 2015/11/22. Pico Serrato 2888 mts. Arista NNW Espolón Patty. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=53443
- "Izarraitz montaña" bloga. Escalada Pico Serrato 2888 mts. Pico Serrato 2888 mts. Arista NNW. Espolón Patty, V-, 250 mts. Eskuragarri: https://izarraitzmontana.blogspot.com/2015/09/escalada-pico-serrato-2888mts.html
- "Mendikat" web orria. 2007/09/05. Serrato 2.888 m. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/9228


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07