blogak

Smithyrenbloga

PALAS (2.974 m): HEGO-EKIALDEKO GANDORRETIK, 300 m, AD/III+. 2020/07/27

Palaseko gailurra.


Traductor al castellano.

Haur nintzela, mendi bat marrazteko eskatzen zidatenean paper zurian triangelu itxurako bi marra margotzen hasten nintzen. Bi marra soil hauek oinarri bezala hartuz mendia margotzen jarraitzen nuen: gailurrean elurra, mendi magalean zuhaitzak eta mendiaren oinean, baserri baten inguruan, behiak, ardiak eta erreka bat ere margotzenn nituen. Marrazkiari amaiera emateko, gailurrean ikurrina bat edo gurutze bat margotzen nuen eta, guztiaren gainetik, zerua, hodeiak eta eguzkia. Marraztearen teknika hobetzen hasi nintzenean, mendiari sakontasuna eman nahian bi marrei hirugarren bat gehitu eta triangelua piramide bihurtzen hasi nintzen.

Haur nintzeneko mendi horietako bat...


Margotutako mendi guztiek gauza bera zuten komunean: triangelu itxurako bi marra soilekin hasten zirela. Beharbada hau da piramide itxurako mendiek nigan sortzen duten erakargarritasunaren iturri eta zergatia, mendi hauek mendiaren izaerarik primitiboena, garbiena, islatzen didatelako. Mendi ederrak dira, estetikoak, geometrikoak, perfektuak: Txindoki, Anboto, Udalatx, Anie, Balaitus, Gran Facha, Cervino, Alpamayo, K2...

2005eko irailean Palas lehen aldiz ikusi nuenean liluraturik gelditu nintzen. Baina hamar urte pasa beharko ziren anaiarekin mendi hau lehen aldiz igo arte, tartean, hirumilakoen sukarrak jota, Pirinioetara altuera honetatik gorako mendiak bakarrik igotzera joaten ginelako. Zorionez, azken urteotan sukar hau pasa zait eta, mendi hauetara guztietara igotzea baztertzen ez dudan arren, momentu honetan ez da lehentasun bat, edo gutxienez, ez ohiko bideetatik. Horrek ez du esan nahi hirumilako bat ohiko bidetik igoko ez dudanik, ez eta gutxiagorik ere, jejeje.

Palasera itzuliz, hego-ekialdeko gandorra eskalatzea aspaldi amesten nuen. Harkaitz oneko gandorra, ikusgarria eta, zailtasunari dagokionez, erraza. Julian Arruyer, Armand Petijean eta Robert Ollivierrek 1937ko uztailaren 30ean eskalatu zuten lehen aldiz, mugaren hegoaldean gerra zibil odoltsu bat ematen ari zen bitartean. Robert Ollivierrek sortu eta bere izena daraman frantziar gida ospetsuaren arabera: "Belle escalade de difficulté moyenne, à recommander. Elle se déroule dans l'un des grands sites granitiques des Pyrénées" (Zailtasun erdiko eskalada ederra, gomendatzekoa. Pirinioetako leku granitiko handietako batean gertatzen da). Osagai gehiago behar al dira eskalada hau amesteko?

Kuriositate moduan, gandorra lehen aldiz 1937 urtean eskalatu bazen ere, 1913 urtean, Von Martin, Schmidt eta Riebeling alemaniarrek hegomendebaldeko gandorra eskalatu eta orduz geroztik Piton Von Martin izena eramango zuen bidea ireki zutenean, gailurretik hego-ekialdeko gandorra destrepatuz jaitsi ziren.

Palas, Balaitusetik ikusita. Gorriz, hego-ekialdeko gandorra, puntu zuriz aldiz jaitsierako ohiko bidea, Ledormeur tximiniatik doana.


MAT taldean nire asmoen berri eman nien: La Sarra urtegitik atera, hego-ekialdeko gandorra eskalatu eta La Sarrara itzuli, zorte pixkat batekin etxera afaltzera goiz itzultzeko. Guztira 12-13 ordu inguruko ibilaldia, uda honetarako buruan dugun helburu nagusirako entrenamendu ederra. Lekuk baiezkoa berehala eman zidan, Josuk eta Asierrek aldiz elkarrekin eskalatzeko konpromisoa jada hartuta zuten. Eskaladan zehar gogoan behin baino gehiagoan izango genituen...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 300 metro.
- Luze kopurua: Nahi adina egin daitezke. Guk 7 luzeetan eskalatu arren, luze gutxiagotan eskalatu daitezke. Gomendio moduan, gutxienez hiru luze egitea gomendatuko nuke: hasierako tximinia eta goiko piramidean eskalatu genituen lehen bi luzeak (gure bosgarren eta seigarren luzeak).
- Nork irekia: Julian Arruyer, Armand Petijean eta Robert Ollivierrek 1937ko uztailaren 30ean.
- Zailtasuna: AD/III+. Luzez-luze: 1ºL: III (35 m), 2ºL: III (45 m), 3ºL: III (45 m), 4ºL: III (45 m), 5ºL: III+ (45 m), 6ºL: III+ (45 m) eta 7ºL: II+ (45 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea. Goizetik eguzkiak jotzen dio.
- Ura: Arrieleko aintziren inguruan ura hartzeko aukera handia dago baita, Frantziatik etorriz gero, Arremoulit aterpean ere.
- Hurbilketa: La Sarra urtegitik Arriel aintziretara doan ohiko bidea jarraitu genuen. Arrielgo Goiko aintzira atzean utzi ondoren Lavedan atera doan ohiko bidea jarraitu beharrean, honen eskuinean dagoen kanal erraz bat eskalatu genuen (II/II+), aterako hurbilketa zuzenagoa eginez.
- Jaitsiera: Ledormeur tximiniatik. Tximiniara iritsi aurretik kontu handiz jaitsi behar da, botatzen diren harri guztiak tximiniaren gainera erortzen direlako. Tximinian ere, II/II+ zailtasun ingurukoa, kontuz ibili beharra dago azpitik datozen mendizaleei harririk ez botatzeko. Tximiniaren jaitsiera errazteko uztaidun parabolt bakarrez hiru rapel puntu muntatuta dauden arren, bertan dagoen harri aske pila  kontutan izanda, ez dakit rappel egitea ideia egokiena izango den, sokak jasotzeko orduan harri asko botako denaren susmoa daukat eta.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 8 express zinta,  Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako 8 zinta-uztai harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Komeni da zinta-uztai asko eramatea, gandorraren ertzetik eskalatzen dugunean eskertuko dugulako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu lasai joanda. Ibilbide osoa burutzeko hamahiru ordu behar izan genituen oso lasai joanda eta atsedenaldiak zenbatuta.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Palaseko hego-ekialdeko gandorraren nondik norakoak. Puntu zuriz oinez egiten diren metroak eta jaitsiera.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

La Sarrako urtegira gaueko bederatzietan iritsi ginen. Igande arratsaldea izanda, etxera itzultzen zen kotxe ezberdinek osatutako koloreaniztuneko sugearen kontrako noranzkoan joan ginen denbora osoan.

Gure asmoa sinplea zen: afaldu, La Sarra inguruan lo egin, goizeko hiruak eta erdietan esnatu eta goizeko lauetarako ibiltzen hasi. Kotxea aparkatu bezain pronto, bakarrik muntatzen den kanpin-denda txiki horietako bat zelaigune batean jarri eta, zakuak barrura bota ondoren, afaltzen hasi ginen. Ez zen denbora luzea igaro Guardia Zibilen 4X4 ibilgailu bat iritsi zen arte.

Guardia Zibilek non eta nola lo egin behar genuen ikusi zutenean, La Sarran akanpatzea debekatuta dagoela argudiatuz eta, gure bizkarrezur eta loaldiaren hobe beharrez, kotxe barruan lo egitea iradoki ziguten. Isunaren mehatxupean, afaldu ondoren kotxearen atzeko eserlekuak bildu eta, maletategia hustu genuenean, logela prestatzeari eman genion.

"Logela" prest!!!


Loaldia itzela izan zen, sakona, erosoa. Alde ederrean sardina lata baten barruan mugitu ezinik eta bizkarreko minekin "lo" egitea, hasiera bateko belar gozo eta bigunaren gainean lo egitea baino. Bizipen "mistiko" honen ondoren, hemendik aurrera furgoneta, kanpin-denda edota aterpe batean lo egitea baino kotxeko maletategian lo egitea hobe izango genuela erabaki genuen. Izan ere, norbaitek aurrea hartu baino lehen, bizkarreko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako terapia gisa kotxearen maletategian lo egitea patentatzea pentsatu dut, jejeje.

Kotxetik oker eta baldar atera eta ornoak bere lekuan jarri ondoren gosaldu egin genuen. Goizeko laurak eta hamar ziren ibiltzen hasi ginenean.

- Ze ordutan bizi gaittuk? - Galdetu zidan Lekuk Arrielgo aintziretara daraman bidegurutzera iritsi ginenean.
- Bostak eta laurden - erantzun nion -. Denboraz ondo goatzek...

Arrielgo aintziretara daraman bidea hartzen den bidegurutzean.


Bidegurutzean arropa kentzeko aprobetxatu genuen. Goizeko bostak eta laurden izan arren beroa egiten zuen.

- Eztiat imajinatzen jaisten gaittukenen hemen ingoeken beroa.

Atseden motz baten ondoren GR-11 ibilbidea utzi genuen Arrielgo aintziretara daraman bidea hartuz. Arrielgo sakanaren igoera erabateko lasaitasunez hartu genuen, hauspoa berotu gabe. Honelakoetan ilunpetan igotzea abantaila izaten da, kopetako linternak argitzen dituen metroen gainetik zenbat gelditzen den ez baita ikusten. Aldapa lasaitzearekin batera, zeruertza Frondiellen profilak zerra baten moduan moztu zuen.

Frondiellen profila zeruertza mozten.


Goizeko seiak eta hogeita bost ematear Arrielgo Beheko aintziraren ertzera iritsi ginen. Batetik bestera zebilen haize leunak aintziran islatutako Palasen irudia mugitzen zuen, mendia dardarka egotearen efektua imitatuz.

Palas, Arrielgo Beheko aintziratik ikusita.


Palasen eskuinean, zeruaren argitasunari kontrastea eginez, txirrista erraldoi baten moduan hego-ekialdeko gandorra nabarmentzen zen:

- Hortxe gaurko helburueeee!!! - bota nion Lekuri makuluekin seinalatuz.

Hortxe gure helburueeee!!!!


Beheko aintzira eskuin ertzetik (hego-ekialdetik) inguratuz Arrielgo Goiko aintzirara iritsi ginen, hau ere eskuinetik (ekialdetik) inguratzen hasiz. Argitasuna iluntasunari lekua hartzen zihoan heinean, bi dimentsioetako mendietan harkaitz eta sakanak bereizten hasi ziren, paisaiari sakontasuna eman eta hiru dimentsioetakoa bihurtuz.

Arrielgo Goiko aintziraren ertzean Palas mendiari begira.


Palasera doan ohiko bidea Arrielgo Goiko aintziraren ipar ertzean hasten da. Oraingoan, bertaraino joan beharrean, Ibon Chelau aintzirara igotzen den bidea utzi genuenean hartxingarran metroak pixkanaka irabazten hasi ginen, Lekuk interneteko kronika batean topatu zuen kanal baten bila.

Arremoulit mendia, Arrielgo Goiko aintziratik ikusita.


Metroak pixkanaka irabazten genituen heinean orain arte itzalita egondako gailurrak urre kolorez pizten hasi ziren, egunsentiari harrera eginez.

Egunsentiaren lehen argiak gailurretan.


Arremoulit (ezkerrean) eta Arriel (eskuinean) mendien gailurrak urrez jantzita.


Igoera maldaren erdira arte gutxi gora behera erosoa topatu genuen eta lurrean ongi finkatutako harkaitz-bloke handien gainetik oreka-jokoak eginez metroak pixkanaka igo genituen. Maldaren erditik gora aldiz, harri solteak azaltzen hasi ziren, igoera ezerosoagoa bihurtuz. Kanalera iritsi aurretik tarte batzuetan harea ere topatu genuen, eta hemen kontu handiz ibili behar izan genuen maldan behera irrist ez egiteko. Lekuk adierazitako kanlak azpitik ikusita horma bertikal baten itxura zuen:

Argazki honetan gorriz igoeran jarraitu genuen bidea eta zuriz jaitsieran jarraitutakoa margotu ditut.


- Hortio errex igotzeik zeokela ziur hau? - bota nion kanalaren azpira hurbildu ginenean.
- Trepadatxo bat besteik ez dekela irakurriat - erantzun zidan aurrea hartuz.

Kanalera hurbiltzen, gorriz gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.


Lekuren erantzunak ez ninduen erabat konbentzitu eta, hau gutxi ez bazen, ohiko bidetik oso desbideratuta geunden. Hala ere, kanalera hurbildu ginenean, Lekuk esan bezala, kanalak zailtasun handirik ez zuela baieztatu genuen eta II+ inguruan ibiliko dela adostu genuen. Hori bai, kontuz ibili behar da bertako harkaitzarekin, harri solte asko dagoelako.

Lehen metroak kanalaren erditik igo genituen, bertan dauden harri askeak ez botatzeko kontu handiz ibiliz. Kanalaren amaieran dagoen hormara iritsi aurretik harri argiz osatutakok ezkerreko horma eskalatzen jarraitu genuen (II+), hormak osatzen duen gandor batera iritsi ginen arte.

Leku gandorraren ertzean.


Gandorratik gora harkaitz gorriz estalitako harkait-plaka inklinatu bat eskalatu genuen (II+) kanala bere osotasunean eskalatuz.

Harkaitz gorriak hasten diren lekuan.


Leku kanalaren azken metroetan, Arrielgo aintzirak behean gelditzen dira.


Kanaltxoa eskalatuta, Palasek Sommet de Batcrabère mendiarekin osatzen duen goi-lautadaren hegoaldeko ertzera iritsi ginen. Behera begiratu eta goi-lautada elurtegi handi batek estaltzen zuela ikusi genuen:

- Hobe diau pareta hontatio altura galdube jarraitzea - esan zidan Lekuk, Lavedan atea seinalatuz.

Lekuren aholkuari kasu eginez, altuerarik galdu gabe, Sommet de Batcrabère mendiaren hego-mendebaldeko horma zeharkatzen duen erlaitz belartsu bat igotzen hasi ginen.

Erlaitz belartsua, atzean, Lavedan atea.


Erlaitzak zailtasun handirik ez dauka (II/II+) eta tarteka irtengunetxo txikiren batean arreta jartzea besterik ez zigun eskatu.

Erlaitz belartsuan.


Gure kezka eta beldurrik nagusiena erlaitza bat-batean moztu eta horma bertikal baten gainean amaitzea zen. Baina oraingoan bete betean asmatu eta erlaitzak inklinazioa galdu eta harkaitz artean desagertu zenean Lavedan atera arte zailtasunik gabe iritsiko ginela ikusi genuen.

Erlaitz belartsua harkaitz artean desagertzen den lekura iristen eta Lavedan atera arte gutxi gora behera jarraitutako bidea.


- Han goien bi tipo zerek!! - esan zidan Lekuk Lavedan atearen ipar-mendebaldean dagoen punta seinalatuz.

Puntaren harkaitzen artean kaskodun bikote bat Palaseko hego.ekaldeko gandorraren oinera hurbiltzen ari zen:

- Joer, ba badek kasualidadea norbait hemen topatzea - erantzun nion -, arista honta jende asko ez dekelako etortzen eta.

Harkaitzen arteko pasabiderik errazenak zeharkatuz (II), Lavedan atetik Arrielgo aintziretara zuzentzen den bidexkara iritsi ginen.

Lavedan atera iristen, gorriz bertara iristeko bidea, zuriz aldiz, atearen ipar-mendebaldean dagoen punta saihesteko bidea.


Ez dago Lavedan ateraino igo beharrik Palaseko hego-ekialdeko gandorra eskalatzen hasteko, lehen luzea Arrielgo isurialdeko horma eskalatuz hasten da eta. Honegatik, atera igotzen hasi aurretik ipar-mendebaldean duen punta ezkerretik inguratzea da biderik zuzen eta azkarrena. Hau jakinda ere Lavedan atera igotzea erabaki genuen.

Lavedan atea Arrielgo isurialdetik ikusita.


Frantziatik haize hotz eta indartsu batek atea indartsu zeharkatzen zuen hotz sentsazioa areagotuz. Harkaitz-bloke handi bat eskalatu ondoren (II) atea zeharkatu eta frantziar isurialdera pasa ginen haizearengatik babesteko. Eguzkiak lehen aldiz aurpegia ferekatu zigun berotasun sentsazio faltsu bat emanez.

- Gaurko haize fuertea emanda zeok - esan zidan Lekuk -. Baina 40 km ordutio behera zeoken bittarten peligorik etzeok.

Lavedan ateko frantziar isurialdean.


Zerbait jan eta edaten genuen bitartean eguzkitako krema eman eta arnesak janzteko aprobetxatu genuen. Hasiera batean Arriel aldera jaitsi eta ipar-mendebaldeko punta saihestea pentsatu arren, azkenean punta eskalatzea erabaki genuen, aurretik zihoan kordadari denbora eta tarte gehiago emateko. Kaskoak jantzi ondoren eskalatzen hasi ginen.

Puntara arteko eskalada III- zailtasuneko horma bertikala eskalatuz hasten da. Eskalada zaila ez bada ere, tartean harkaitz-plaka batek osatutako erlaitz inklinatu batean III zailtasuneko ageriko zeharkaldi bat egin beharra izan genuen. Puntaren gailurrera iritsi eta behera begiratu nuenean, argi gelditu zitzaidan Palaseko hego-ekialdeko gandorra berriro eskalatzen badut punta hau ez dudala eskalatuko, punta hau eskalatzea interes handirik ez daukalako.

Punta eskalatzen.


Puntaren gailurra eta Palas lotzen dituen duen gandor zabala zeharkatu eta hego-ekialdeko gandorraren branka bertikal eta ikusgarria eskuinean utzita eskalada hasten den "0" bilgunera zuzendu ginen.

"0" bilgunera arteko hurbilketa eta lehen luzearen nondik norakoak.


- Goizeko zortzi t'erdik dittuk, denboraz ondo goatzek, ez? - galdetu zidan Lekuk.
- Bai, oso ondo - erantzun nion -. Honearte lau ordu ta lau ordu t'erdi inguru pasako geniala kalkulauta neukean...

Lehen luzean eskalatzen den tximinia lokalizatzea ez da zaila, hormak duen pasabiderik errazena delako. Tximinia amaitzen den lepotxoa identifikatzea ere erraza da, estu eta berezia delako. Haizearen babesean egongo ginelakoan "0" bilgunea ahal izan genuen lekurik eroso eta altuenean muntatzen saiatu ginen. Baina gaurkoan haizeak ez zigun atsedenik emango.

Itzalpean eta haize ufaden menpe, gorputzak hotzagatik uzkurtzen hasi ziren. Behatzetako sentsibilitatea galdu aurretik, material guztia prest nuenean denborarik galdu gabe eskalatzen hasi nintzen. Goizeko bederatziak laurden gutxi ematear ziren.

- Lehenengo luzea, 35 metro, III. Lehenengo luzea Arriel isurialdetik gandorrera zuzentzen den tximinia erraz hau gandorrera arte eskalatzea besterik ez da. Tximinia honen eskalada ez zitzaidan zaila iruditu. Pasagunerik errazenak bilatuz eskalatu nuen, III zailtasuneko hormatxo edo irtenguneak II/II+ zailtasuneko pasaguneekin tartekatuz. Tximinia osoa garbia topatu nuen, beste eskalatzaile bat pasa zenaren arrastorik gabe. Harkaitza, trinkoa eta itsasgarritasun handikoa, gozamena iruditu zitzaidan, metroak erraz eskalatzera ahalbideratuz. Gainera, irakurrita nuen moduan, autobabeserako aukera handiak daude, friend, artaka-trabagailu eta zinta-uztaiak jartzeko aukera handiak emanez. Konturatu nintzenerako gandorraren ertzean nengoen (30 metro, III).

Gandorraren ertzean, tximinia eskalatu ondoren.


Ertzetik jarraituz bost metro inguru gehiago eskalatu eta betortz itxurako harkaitz-bloke baten ingurutik zinta-uztai luze bat pasatuz bilgunea muntatu nuen.

"0" bilgunea lehen bilgunetik ikusita.


Haizeak gogor jotzen bazuen ere, eguzkiak hotz sentsazioa nolabait engainatzen zuen. Soka jasotzen nuen bitartean ordu batzuk beranduago jaitsiko genuen Ledormeur tximinia parean ikusi nuen. Gandorretik ikusita, Palaseko hego-mendebaldeko horma bertikalki erdibitzen duen orbain eskalaezinaren itxura dauka. Bitan pentsatu gabe argazki makina atera eta argazki pare bat egin nizkion.

Ledormeur tximinia gandorreko lehen bilgunetik ikusita. Nork esango luke hortik igotzea (edo jaistea) dagoela...


Ez dakit pasatzen ari zen hotzagatik edo eskalatzeko zuen gogo biziarengatik, baina Leku bilgunera berehala iritsi zen.

Tximiniaren azken metroetan. Argazkian tximinia amaitzen den lepo estu eta berezia ikusi daiteke.


- Errexa, ez?
- Nei hala iruittu zaiak - erantzun nion -. Berotzeko ondo zetorrek, jejeje.

Lehen bilgunean.


Luzean zehar hiru seguru besterik ez nituen jarri. Hasiera batean gure asmoa hemendik aurrera ensanblean ahal genuen guztia eskalatzea bazen ere, aurretik zihoan kordada oso urrun ez zegoela ikusita, beste luzea bat eskalatzea erabaki genuen.

- Bigarren luzea, 45 metro, III. Bilgunetik gertu dagoen harkaitz-moko batetik zinta-uztai bat pasa ondoren, Lekuk gandorraren ertzetik erdi-oinez jarraitu zuen, ekilibrista baten moduan bi isurialdeen artean oreka mantenduz.

Bigarren luzearen lehen metro horizontaleetan.


Lekuren eskalada oso azkarra zen eta kosta egiten zitzaidan soka behar zuen abiaduran ematea. 25 metro inguru eskalatuak zituenean, 4-5 metroetako irtengune/hormatxo batera iritsi zen. Irtengunearen eskuinetik eskalatu (II+) eta bere gainean seguru bat jarri ondoren berriro ere  bizi-bizi hasi zen, aurretik zihoan kordada harrapatzera iritsi zen arte.

Irtengune edo hormatxoa eskalatuta, bilgune baten bila. Lekuren gainetik frantses kordada ikusi daiteke.


- Leku, bost metro baño gehio eztittuk geldittuko - esan nion -, nunbaitten reunioa montau beharkoek.

Bere inguruan begiratu ondoren, harkaitz-bloke sendo baten ingurutik zinta-uztai bat pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Bigarren luzea lasai eskalatu banuen ere, sokak irtengunea ezkerretik eskalatzea behartu ninduen, zertxobait makurtua dagoen hormatxo batetik, hain zuzen ere. Hala ere, bertako helduleku ederrak aprobetxatuz, azpitik zirudiena baino errazago eskalatu nuen (III).

Irtengunea eskalatu ondoren. Atzean Sommet de Batcrabère mendi ikusgarria.


- Oaingoz zemuz? - bota nion bilgunera iritsi nintzean,
- Gozatzennnnn.

- Hirugarren luzea, 45 metro, III. Bilgunetik atera eta harkaitz-bloke handi bat frantziar isurialdetik inguratu nuen berriro ere gandorraren ertzera itzuliz (II+).

Harkaitz-blokea inguratzen. Borobil gorriaren barruan trabatutako friend-aren kokalekua adierazita dago.


Metro batzuk ertzetik jarraitu ondoren friend bat trabatuta duen arrail bertikal bat topatu nuen, punta batean amaitzen dena. Friend trabatuan lehen luzeko lehen express-zinta pasatu eta arraila zuzen eskalatu nuen (3 m, III).

Arraildun hormatxo bertikala eskalatzen.


Hormatxoa eskalatu ondoren metro gutxi batzuk destrepatu eta harkaitz-plaka inklinatu berezi batzuetara iritsi nintzen. Harkaitz-plaka inlinatu hauetan oinak jartzeko zulo eta arrail batzuk daude, plaken zeharkaldia dezente erraztuz (II). Zailtasunik handiena haize ufadak izan ziren, zutik jartzen nintzen bakoitzean batera eta bestera mugitzen nindutelako.

Harkaitz-inklinatuen zeharkaldian.


Harkaitz-plaka inklinatuen zeharkaldia amaituta, bigarren punta batera igo eta ertzetik mantendu nintzen lepo nabarmen batera iritsiz. Lepoan aurretik zihoan frantses kordada oraindik atera gabe zegoen.

Bigarren bilgunea eta lehen punta bigarren puntatik ikusita. Atzean, Balaitus.


Bigarren punta frantziar isurialdetik destrepatu eta lepoan bilgunea muntatzeko leku baten bila ari nintzela, frantziar kordadako bigarrenak bilgunea muntatuta zuten harkaitz-blokearen ondoan zegoen beste batean zinta-uztaia pasatzera gonbidatu zidan.

- Gracias.

Leku bigarren puntaren puntan. Balaitus nonahiko izango zen eskalada osoan.


Hirugarren bilgunean. Argazkian laugarren luzearen lehen metroen nondik norakoak ikusi daitezke.


Azken bi luzeen zailtasuna ikusita ensanblean inongo arazorik gabe eskalatu daitezkeela iruditu zitzaigun.

- Aurretio zijoztenak luzeka eskalatzen ai dittuken bittarten eztiat uste ensanblen metro asko eskalatzeko aukera izango diagunik - esan nion Lekuri -. Lasai hartu beharkoiau.

Aurreko kordada gu baino polikiago eskalatzen ari zen eta gainera, haizeak beraien arteko komunikazioa dezente trabatzen zuen. Honelakoetan zer egin behar den argi dago: pasatzen uzten ez duten bitartean eskalada lasai hartu, atzetik ibili eta beraien eskalada errespetatu enbarazurik egin gabe. 

- Laugarren luzea, 45 metro III. Luzearen gainetik dagoen 5-6 metroetako horma zertxobait ezkerretik eskalatzen hasi behar da, erlaitz txiki eta inklinatu batera igotakoan honen eskuinean dagoen arrailetik eskalatzen jarraitzeko. Lekuk metro hauek lasai hartu zituen, pasagunea Totem batekin aseguratuz. Horma zailtasunik gabe eskalatu zuen (III).

Horma eskalatu ondoren.


Horma eskalatuta gandorrak bertikaltasuna galtzen du. Abiadura hartuz, harkaitz-plaka argi batzuk erdi oinez zeharkatu zituen (II), helduleku ederreko bigarren hormatxo batekin topo egin zuen arte.  Gelditu gabe horma erditik eskalatu (II+)  eta talkie-tik bost metro soka eskas gelditzen zirela esan nionean harkaitz-bloke baten inguruan bilgunea muntatu zuen.

Luzearen hasierako horma eskalatuta, harkaitz-plaka argien zeharkaldiaren hasieran.


Argazki honetan harkaitz-argien zeharkaldia eta bigarren irtengune edo hormatxoa ikusi daitezke, baita bilgunearen kokalekua ere.


Gure parean gandorraren zailtasunik handienak dituen hormatzar piramidala zegoen.

- Hemendio aurrea oinez tarte luze bat ibili behar dek - esan nion Lekuri -. Onena soka jaso ta oinez jarraitzea diagu.
- Hobe, aurretio zijoztenak alde indiate ta... - erantzun zidan.

Adostu bezala, laugarren bilgunean soka jaso genuen. Metro batzuk gandorraren ertzetik ibili ondoren gandorra zabaltzen da, harkaitz-bloke, harri suelto eta belarrez estalitako terraza zabal batean bihurtuz. Jaitsieran baieztatuko genuen bezala, terraza honetara Arriel isurialdetik erlaitz belartsu bat jarraituz iritsi daiteke, beraz, erlaitz hau beharbada gandorraren ihesbide ere izan daiteke.

Oinez arin hasi ginen, presaka ariko bagina bezala. Abiadura ez genuen luzaroan mantendu, altuerak berehala arnasestuka hastea behartu gintuelako. Parean genuen hormatzarra ezkerretik inguratzen hasi ginen, gandorraren ertzera arte zuzen-zuzen doan kanal/tximinia nabarmen baten oinera iritsi ginen arte.

Kanal/tximinia azpitik ikusita.


Frantses kordadak kanala luze batean eskalatu bazuen ere guri ez zitzaigun zaila iruditu. Kanala oso tentea ez zirudiela eta harkaitza trinkoa zela ikusita, ensanble moduan eskalatzen hasi ginen.

Kanalaren lehen metroetan.


Kanalak dituen 50 metro inguruan II+ eta III zailtasuneko pasagunean tartekatzen dira, denak harkaitz ederrean, denak primerako heldulekuekin. Metro hauek guztiak kontzentrazio osoz eskalatu genituen, kanalari metroak azkar irabaziz.

Kanalaren erdian gutxi gora behera.


Irteeran kanala zertxobait tentetzen bada ere (III) arazorik gabe eskalatu genuen, mugarri handi batek koroatutako erlaitz horizontal, handi eta eroso batera igoz.

Kanalaren irteeran. Atzean, mendi guztien gainetik, Arriel ikusgarria.


Triangelu itxurako hormatzarraren oinean geunden. Orain etorriko ziren gandorraren luzerik tekniko, zail eta ederrenak.

Gandorraren bigarren zatia, gandorreko zati tekniko eta politena. Azpian oinez egindako tartea ikusi daiteke, baita ensanble moduan eskalatutako kanal/tximinia ere.


- Bosgarren luzea, 45 metro, III+. Pareko horma eskuin-ezker diagonalean erdibitzen duen arrail nabarmena eskalatzen hasi nintzen. Tentea izan arren, helduleku oso onak ditu eta metroak zailtasun handirik gabe irabazi nituen (III+). Eskalatzen hasi eta 4-5 metro ingurura trabatutako friend batetik lehen express-zinta pasatu nuen.

Trabatutako friend-aren parean.


Gandorraren ertzera iritsi gabe, arrailaren bi heren eskalatuta nituenean, eskuinean dagoen erlaitz inklinatura igo eta zeharkatu nuen (II+), parean sabai nabarmen batekin topo egin nuen arte. Aurretik zihoan kordadak hasierako arraila gandorraren ertzera arte eskalatu zuen bertatik eskalatzen jarraitzeko.

Parean nuen sabaia eskuineko harkaitz- plaka tentea eskalatuz saihesten da (III).

Sabaiaren azpian, harkaitz-plaka tentea seinalatuz. Puntu gorriz nik jarraitutako bidea, puntu zuriz aldiz frantziarrek jarraitutakoa (kordadaren bigarrena argazkian ikusi daiteke).


Harkaitz-plakaren azpian bi iltze daude. Goikotik express-zinta luze bat pasatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

Harkaitz-plakaren oinean jarritako bi iltzeak.


Harkaitz-plaka, bertako arrail eta zuloak aprobetxatuz uste baino errazago eskalatu nuen (10 m, III). Plakaren gainean, tximinia inklinatu baten oinean, hirugarren iltze bat topatu nuen. Tximiniaren oinera frantziar kordadaren bigarrenarekin batera iritsi nintzen. Errespetuz pasatzen utzi eta iltzetik express-zinta luze bat pasatu ondoren tximinia bere atzetik eskalatzen jarraitu nuen.

Plakaren gainean...


Plakaren gainetik bilgunera eginako argazkia. Lekuren atzean erlaitzean dagoen mugarri handia ikusi daiteke.


Tximinia eskuinean dagoen erlaitz eroso bat topatu arte eskalatu nuen (III-). Erlaitz eroso honetara igo eta, bere eskuinean, frantziarren bilgunearen azpian, Totem hori eta artaka-trabagailu batekin bilgunea muntatu nuen. Luze honetan komeni da tximinia aurretik jarritako express-zintak luzeak izatea soken marruskadura ekiditeko.

Leku aseguratzen ari nintzela frantziarren mugimenduak adi jarraitu nituen. Aurretik zihoana ez nuen solturaz eskalatzen ikusten eta momentu batez bide okerra hartu ez ote zuenaren susmoa hartu nion.

Leku tximinia inklinatuaren amaierara iristen, azpian hego-ekialdeko gandorra bere osotasunean ikusi daiteke.


- Luze hau izugarri gustatu zaiak!! - bota zidan Lekuk bilgunera hurbildu zenean.
- Ba oain zetorrekena denetatio hobena dekela esango nikek - erantzun nion gainean neraman krokisa irakurriz -, honen arabera bai behintzat...

Krokisa irakurtzen. Nire gainean frantziar kordadaren bigarrena bilgunetik ateratzeko prest.


- Seigarren luzea, 45 m, III+. Lekuk bilgunea muntatuta genuen lekutik metro pare bat igo eta eskuinera jo zuen erlaitz inklinatu bat zeharkatuz. Gaineko harkaitz-plaka handiak osatzen duen ezproira igo aurretik, bertan dagoen harkaitz-adar nabari batetik zinta-uztai txiki bat pasatuz luzeko lehen asegurua jarri zuen. Soka bertatik pasa zuenean gorputza pixkanaka altxatu eta ezproiaren gainera igo zen (III+).

Ezproiaren gainean, zinta-uztaia pasatako harkaitz-adarra ikusi daiteke.


Harkaitz-plakaren ezker ertzetik metro pasatxora mantenduz, zuzen eskalatu zuen ezkerrerako joera duen arrail nabarmen bat jarraituz (III+). Leku gozatuz zihoan, lasai, dena kontrolpean zuenaren sentsazioa transmitituz.

Harkaitz-plakaren erdian.


Arrailean bi iltze daude. Luzeari segurtasun gehiago emateko bi iltzeen arteko harlauz batetik zinta-uztai bat pasatu zuen. Arraila eskalatzearekin batera erlaitz txiki batera iritsi zen.

Erlaitzetik behera egindako argazki honetan arrailean dauden bi iltzeen kokalekua ikusi daiteke baita Lekuk zinta-uztaia pasa zuen harlauza ere.


Erlaitzean.


Erlaitzaren eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen, hormatik zentimetro gutxira banatuta dauden harkaitz-bloke handi batzuen gainetik (III), gandorraren ertzera igoz.

Harkaitz-blokeen zeharkaldiaren amaieratik behera egindako argazkia.


Horma eskalatu ondoren. Lekuren azpian harkaitz-blokeak ikusi daitezke.


Gandorraren ertzetik metro batzuetan jarraituz, harkaitz-bloke handi batzuek osatzen duten diedro baten azpian bilgunea muntatu zuen.

- Ostia ze luze onaaaa!!!! - bota nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Ba nei aurrekoa gehio gustau zaiak - erantzun zidan -, etzekiat, konpletogoa eo...

Seigarren bilgunean, atzean zazpigarren luzearen hasieran eskalatzen den diedro bertikala ikusi daiteke.


- Zazpigarren luzea, 30 metro, III+. Bilgunetik zuzen atera eta diedrora zuzendu nintzen. Diedroaren erdian arrail nabarmen bat dago. Ahal izan nuen gehiena luzatuz Totem bat ahal  izan nuen altuen trabatu nuen. Segurua goitik izateak ematen duen segurtasunarekin diedroa eskalatzen hasi nintzen.

Friend-a trabatzen.


Diedroaren gainera igotzeko besoetatik tira behar izan nuen. Hala ere heldulekuak oso onak dira eta diedroa azpitik zirudiena baino errazago eskalatu nuen (III+).

Diedro bertikalaren gainean.


Diedroaren gainetik bilgunera egindako argazkia. Duen bertikaltasuna nabaritu daiteke.


Diedroa eskalatuta,  gandorraren ertzetik zailtasun handirik gabe jarraitu nuen (II+) orratz txiki batera iritsi nintzen arte. Orratz hau zuzen eskalatu (III-) ondoren,  parean nuen depresio txiki batean frantziar kordada geldirik zegoela ikusita, harkaitz-bloke batean bilgunea muntatu nuen.

Zazpigarren bilgunean. Nire aurrean orratz txikira igotzeko eskalatu behar den hormatxoa ikusi daiteke.


Leku mendiaren handitasunean galduta.


Lekuk luzea eskalatzen zuen bitartean frantziarrak ensanble moduan eskalatzen jarraitzen zutela ikusi nuen: "aurreko luzetan nola ibili dien ikusita, ensanblen hasten badie gu ere kapaz izango gea", pentsatu nuen.

Leku bilgunera iritsi zenean nire asmoaren berri eman nion:

- Elegante - erantzun zidan -, hola azkarrago ibiliko gaittuk.

Zazpigarren bilgunean.


Hemendik aurrera, gandorraren ertzetik ahal izan genuen gehien mantenduz, gailurrera arte 25 metro inguruko ensanblean eskalatzen jarraitu genuen, friend edo artaka trabagailuak baino harkaitz-blokeetatik zinta-uztaiak pasatuz.

Depresio txikira jaitsi, metro batzuetako zeharkaldi bat frantziar isurialdetik egin eta, orratz bat eskalatuz (III-), gandorraren ertzera itzuli ginen. Hurrengo metroetan ahal genuen denbora gehiena gandorraren ertzetik mantendu ginen, II+ zailtasuneko pasagune eta harkaitz-blokeak eskalatuz eta bion artean denbora osoan aseguru bat gutxienez genuela bermatuz, orratz nabarmen batera iritsi ginen arte. Ez nuen bitan pentsatu ere egin eta, gelditu gabe, orratza zuzen eskalatzen hasi nintzen.

Orratza bertikala izan arren (3-4 metro) heldulekuak oso onak ditu (III). Bertatik jaisteko destrepea aldiz makurtua da, baina honek ere helduleku onak ditu. Lekuri destrepe hau aseguratzeko asmotan, orratzetik jaitsi ondoren, gandorra eskuinean utzita Arrielgo isurialdetik metro batzuetan erdi-oinez maldan gora doan kanal harritsu bat igo nuen, maldaren amaierako harkaitz-bloke batean bilgunea muntatu nuen arte (II).

Leku orratz bertikalaren gainean.


Orratza destrepatzen. Horma makurtua izan arren helduleku oso onak ditu.


- Zemuz dijo? - galdetu nion Lekuri.
- Oaingoz izugarri gozatzen - erantzun zidan orain arte jarritako zinta-uztaiak pasatuz.

Kanal harritsuaren gainetik berriro ere gandorraren ertzera zuzendu ginen punta edo orratz batekin topo egin genuen arte. Orratz txiki honek ertzean duen arrailean Totem bat trabatu eta bertatik eskalatu nuen (III). Orratza atzean utzita, gandorraren ertzetik jarraitu nuen 7-8 metroko diedro inklinatu batera iritsi nintzen arte.

Diedro inklinatuaren oinean.


Diedroaren pareta bakoitzean oinak kokatuz kontu handiz eskalatu ondoren (III), parean lehen aldiz Palaseko gailurra ikusi nuen:

- Bertan zeok!!! - oihukatu nion Lekuri.

Diedro inklinatua eskalatu ondoren.


Diedroaren gainetik gailurrera iristeko modu asko badaude ere, gandorraren ertzetik eskalatzen jarraitzea erabaki genuen. Harkaitz-bloke ezberdinen gainetik jarraituz, 40-45 metroko eskaladaren ondoren (II/II+ pasaguneak), eguerdiko hamabiak eta laurdenean gailurrera iritsi nintzen. Gailurrean frantziar kordadaz gain elkarrekin igotako beste hiru frantziar zeuden.

Palaseko gailurrean.


Leku berehala iritsi zen, hiruko frantziarra jaisten hastearekin batera:

- Earraaaa!!!! Izugarri gustau zaiak!!! - esan zidan.
- Palasea lehen aldiz igotzeko eztek eozein bide aukeratu, jejeje.
- Denboraz zemuz ibili gaittuk?
- Oso ondo, hiru ordu t'erdi pasatxo.

Gailurrera iritsi arteko azken metroetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07