blogak

Smithyrenbloga

PALA DE IP (2.779 m), IPAR-MENDEBALDEKO KORRIDORETIK, 800 m, D. 2020/01/05

"- Benga 10 minutu gehio ta kotxen gareee!!! - Bota nuen biok animatu nahian, aparkalekuraino luzatzen den pistara iritsi ginenean.

Erlojuak arratsaldeko hirurak laurden gutxi adierazten zuen furgoneta aparkatuta genuen lekura iritsi ginenean.

Hamar ordu eta laurden inguruko ibilbidearen ondoren, oinak egosita eta eskuin horkatila eta belauna minberatuak, furgonetara lehenbailehen iritsi nahi nuen. Eta a zer nolako atsedena hartu genuen motxila astuna lurrera bota eta mendiko botak kendu genituenean!!"

Ip bailara inguratzen duten mendien artean ikusgarritasuna Punta Escarra eta Collaradak eramaten badute ere, erakargarritasunari dagokionez, Pala de Ip-ren ipar hormak parekorik ez dauka.  Chogolisa gogorazten didan mendi trapezoidal honen idatzizko lehen erreferentzia Labañak 1610 urtean egindakoa da: "Ip ibaia haitzetatik jaisten da". Izan ere, batzuen esanetan, erromantze aurreko hizkuntzan, Ip hitzak "ura" izendatuko luke. Beste batzuek aldiz, Ip hitza euskal "ipar" hitzetik datorrela diote. Ip hitzaren jatorria edozein dela ere, mendi erakargarri honek bi bailara banatzen ditu: iparrean Izas bailara, hegoaldean aldiz, Ip bailara, izen bereko ibona eta aterpea dituena.

Pala de Ip, Vertice de Anayet menditik ikusita.


Lehenengo igoeraren inguruko informaziorik ez dut aurkitu, baina ziurrenik, Pirinioetako mendi askorekin gertatzen den moduan, lehen aldiz artzain edo ehiztariren batek igoko zuen. Ipar hormari dagokionez, lehen eskalada Artal eta Fayosek 1971 urteko azaroan egin zuten. Hauen ondoren, Ursi Abajo, Murciano, Münsch, Ravier, Thivel eta Corominas bezalakoek bide ezberdinak ireki zituzten. Gure alpinisten artean, 2011ko otsailaren 5ean, Iñigo Andola eta Joseba Larrañagak "AHT-rik ez" bidea irekita, ipar hormari euskal zigilua jarriko zioten. Ipar horman irekitako bide guztien artean (dozena inguru), ipar-mendebaldeko korridorea (800 m, D) eta Ursi bidea (800 m, MD+) dira gehien errepikatzen direnak, azkeneko hau, udan ireki bazen ere, neguan batez ere eskalatzen dena.

Pala de Ip-eko ipar hormako edozein eskaladak jardunaldi luzea dakar. Hau gutxi ez bada, hurbilketa zaila eta luzea duen mendia da. Hauek guztiak osagai nahikoak dira eskalada bakarti baten aurrean egongo garela ziurtatzeko. Hain zuzen ere, horregatik dio Asierrek interneten ipar hormako bideen inguruko informazioa eskasa dela. 

Ipar-mendebaldeko korridorea zirku batek bitan banatzen du. Beheko zatiak, ipar-ekialdeko orientazioa dauka, eta bertako zailtasun guztiak bi irtengunetan kontzentratzen dira. Korridorearen goiko zatiak ipar-mendebaldeko orientazioa du eta zailtasun osoa amaieran duen irtengunean dauka. Ipar horman dauden beste bideekin gertatzen den moduan, korridore honi buruzko informazio zehatza topatzea ez da erraza. Web orri pare batean eta etxeko liburu eta aldizkari zahar bateko informazioa irakurri ondoren (denak "kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean daude), igoera nondik eta nola egin argi gelditu zitzaigun; jaitsierak aldiz, zalantza handia sortu zigun: hegotik edo iparretik? Hegoko aukerak seguruagoak badira ere, luzeagoak dira. Iparreko aukeran aldiz, motzagoa bada ere, elur-jausien arriskua handia da. Jaisteko hirugarren aukera bat ere badago, La Molera mendira arte gandorra jarraitu eta hemendik Izas bailarara jaistea, baina aukera hau ez genuen kontutan hartu, denetatik luzeena izango zela uste genuelako.

Azkenean, "Wikiloc" web orritik hainbat ibilbide deskargatu, hauen zati ezberdinak itsatsiz ibilbide berri bat sortu eta GPSan gorde genuen. Elurraren baldintzaren arabera, zein bide hartu La Tronquerako arrailan erabakiko genuen.

Ibilbideari aurre egiteko dena prest genuen. Bagenekien luzea izango zela, metatutako desnible positiboa handia izango zela, ziurrenik bakarrik egongo ginela eta oso nekatuta bukatuko genuela. Baina esfortzu osoak merezi zuen eta bagenekien ere korridorea baldintza ezin hobeetan zegoela.

Eta neguan baldintza ezin hobeak aprobetxatu behar dira...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 16,5 km, horietatik korridoreak 800 metro ditu.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.585 m.
- Nork irekia: Silverio Artal eta Ricardo Fayosek 1971ko azaroan eskalatu zutela esaten bada ere, datu okerra izan daiteke, izan ere, beraiek igoera Campanal de Izaseko mendebaldean dagoen diedrotik egin zuten, bidearen irekieran idatzita utzi zuten erreseinaren arabera.
- Zailtasuna: D. Zailtasun osoa hiru irtenguneren eskaladan kontzentratzen da, lehenengo biak korridorearen beheko zatian daude, hirugarrena aldiz, korridorearen irteeran. Lehenengoak, korridorearen hasieran, 10 metro inguru eta 75-80º ditu. Bigarrena, 15 metro ingurukoa, korridorearen beheko zatiaren amaieran dago eta, elur eta izotz kantitatearen arabera, 75º eta IV zailtasuna izan dezake. Hirugarren irtengunea, 15 metro ingurukoa, korridorearen irteeran kokatzen da eta, elur eta izotz kantitatearen arabera, 75º edo IV zailtasuna izan dezake. Hauek zailtasun "ofizialak" dira. Gure kasuan, ezohiko baldintzengatik, korridorea "errazagoa" topatu genuen, AD edo AD+ zailtasunaren baitan.
- Orientazioa: Beheko zatiak ipar-ekialdea, goikoak aldiz, ipar-mendebaldea.
- Ura: Igoeran hainbat errekasto gurutzatuko ditugu.
- Hurbilketa: Col de Ladrones gotorlekutik Izas bailara alderik alde zeharkatu genuen, GR-11 ibilbidearen markak jarraituz. GR-11 ibilbideak iparrera, Formigalera, zuzentzen hasten denean, utzi eta pixkanaka iparrera jo genuen, Pala de Ip mendiaren ipar hormara hurbilduz.
- Jaitsiera: Pala de Ip-ek osatzen duen gandorra mendebaldeko noranzkoan jarraitu genuen, La Tronquerako arrailara iritsi ginen arte. Bertan iparrera hartu eta, kanal tente bat jaitsi ondoren, La Tronquera eta La Molera mendiek iparrean osatzen duten bailara alderik alde zeharkatu genuen, Samán edo Iserias ibonera iritsi arte. Hemendik behera, Iserías harresia saihestuz, bideak itzulinguru handia egiten du berriro ere Izas bailarara iritsiz. Kontu handia izan behar da jaitsiera honekin, elur-jausien arriskua handia baita. Hemendik jaitsi aurretik, ongi ziurtatu elur-jausien arriskua baxua dela.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 6 express zinta, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, izotzetako lau torloju, elurretako hesola bat eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ibilbide osorako hamar ordu eta laurden, atsedenak barne. Lekutik lekura, korridorea eskalatzen hasi aurretik eta gailurrean pasatako denbora kontutan hartu gabe:
  • Col de Ladrones gotorlekuko aparkalekua - korridorearen hasierako sorbaldara: hiru ordu eta erdi.
  • Korridorearen eskalada: ordu bete eta berrogeita hamar minutu.
  • Korridorearen amaiera - tontor nagusia: hamabost minutu inguru.
  • Tontor nagusitik Col de Ladrones gotorlekuko aparkalekura: Hiru ordu eta erdi.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, hurbilketa; gorriz, korridorea eta gailurrera arteko bidea; urdinez, jaitsierako bidea.


Krokisa zehatzago. Irteenguneetako zailtasun mailak korridoreak D zailtasuna duenekoa dira. Guk korridorea ezohiko baldintza onean topatu genuen, krokisean azaltzen dena baino errazagoa.


Korridorearen beheko zatia, zirkura iristeko eskalatzen dena. Irteenguneen zailtasun maila korridoreak D zailtasuna duenekoa dira. Guk irtenguneak ezohiko baldintza onean topatu genituen, krokisean azaldutakoa baino errazagoak.


Korridorearen bigarren zatia, zirkuaren gainetik eskalatzen dena. Irteengunearen zailtasun maila korridoreak D zailtasuna duenekoa da. Guk irtengunea ezohiko baldintza onean topatu genuen, krokisean azaltzen dena baino errazagoa.


DESKRIBAPENA

Alarmak normalean baino baxuago jo zuela iruditu zitzaidan, lo zeudenen erreakzioaren beldur izango balitz bezala. Eta ez da harritzekoa, goizeko hirurak eta erdi ez baita esnatzeko ordu normal eta osasungarria. Gaueko haize ufaden txistu eta oihuak gure ametsekin nahastu ziren, errealak edo amestuak ziren ez jakiteraino.

- Gaur gutxiñez hemendio bakarrik ateako gea - esan zidan Asierrek furgonetaren leihotik begiratu ondoren.

Col de Ladrones gotorlekuko aparkalekuan bakarrik geunden. Aparkalekura Canfranc Estación herritik iritsi ginen, herritik bostehun bat metro iparrera eskuinera pista bat hartuz, N-330 errepideko 668 kilometro-puntuaren ondoan. Aragon ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta bi kilometro inguru igo ondoren, gotorlekuaren ondoko aparkalekura arratsaldeko zazpirak aldera iritsi ginen. Bertaraino iristen den pista partikularra bada ere, ez genuen bertatik ibiltzea debekatzen duen seinale, kate edo langarik topatu. Biharamuneko motxila astunak prestatu eta etxetik ekarri genituen ogitartekoak afaldu ondoren, gaueko bederatzietarako lo zakuetan goxo-goxo geunden, Morfeok bere erreinura noiz eraman zain.

Lo zakuen epeltasuna nagikeriaz utzi, bezperan utzitako ogitartekoen hondarrak gosaldu, alpinisten arropak jantzi eta, beharrezko guztia gainean generamala mila aldiz begiratu ondoren, goizeko laurak eta erdietan martxan jarri ginen.

Ilargia ilgoran, eguzkitik jaso eta islatutako izpiak ez ziren nahikoak bidea erabat argitzeko. Kopetako argiak piztu eta, GR-11 ibilbidearen markak jarraituz, basoaren iluntasunean galdu ginen.

Goizeko laurak eta erdi, furgoneta ordu batzuetarako utzi aurretik.


Lehen metroetan ur-presa batera doan pista bat jarraitu genuen. Ur-presara iritsi aurretik pista utzi eta, erreka ezkerrean utziz, basoan gora hasi ginen.

- Eztu hotzik itten - esan zidan Asierrek maldan gora hasi ginenean. Bezperan gradu bakarra izan arren, aparkalekua utzi genuenean kotxearen termometroak bost gradu markatzen zituen. Altuera irabazten genuen heinean graduak pixkanaka gora ari zirela zirudien.

- Hoixe ai nintzen nire pentsatzen - erantzun nion beroki eta polarraren kremailerak beheraino irekiz - deskuidauezkeo basotik ateatzen geanen frexkogo ingou.

Beroa genuen, ez igoerako abiaduragatik, noizik eta behin aire korronte bero bat zeharkatzen genuelako baizik. Bideak ezpel, pago eta pinuek hartutako basoa zeharkatzen du, ezkerrean Izas bailaratik jaisten den erreka utziz. Zerua izarrez estalia izan arren, basoaren iluntasunak paisaia ezkutatzen zuen, errealitatea kopetako argiek argitzen zuten metro gutxira murriztuz.

Aldapa gogor baten ondoren basoa atzean utzi eta bailararen zabaltasunera iritsi ginenean, ekialdetik noizean behin zetorren haize fin eta freskoa eskertu genuen. Iluntasunean eta erreferentziarik gabe, galtzeko beldurrez, hemendik aurrera GPSaren pantailatik begirik altxatu gabe jarraitu genuen.

Bideari baino pantailari arreta gehiago jarrita, Izas bailara zeharkatzen hasi ginen, errealitatearekin lotzen gintuen ezkerreko errekaren hotsa bidelagun genuela. Errekatik aparte, bailara osoa lotan zegoela zirudien. Bailara osoa Asierrek esnatutako sarrioa izan ezik, jejeje.

Goizeko 5:45tan, Iserias ibonera doan bidegurutzea dagoen harkaitz handira iritsi ginen.

Harkaitz handia.


- Gero dena ondo badijo hemendio jaitxiko gea - esan nion Asierri harkaitzari argazki bat egitearekin batera.

Harkaitz handia atzean utzita, tarteka GR-11 ibilbidearen gainetik, tarteka ezkerretik, Izas bailararen zeharkaldiarekin jarraitu genuen. GR-11 ibilbidea iparrera, Formigalera, zuzentzen hasten denean, utzi eta pixkanaka ipar-ekialdera jo genuen, Pala de Ip mendiaren ipar hormara hurbilduz.

Hotz handirik ez egon arren, geroz eta maizago zeharkatzen hasi ginen elurtegietako elurra oso gogorra zegoen, tarteka pausua eman aurretik mendiko botekin lehenik elurrean arrasto bat egiteraino. Azkenean, 1.750 metro inguruan, kranpoiak jartzea erabaki genuen.

- Hara, atzetio bi argi datoz - esan zidan Asierrek kranpoiak jartzen zituen bitartean.

Atzera begiratu eta bi argi izpik une labur batez iluntasuna moztu zuten.

- Esperoet GPSkin etortzea edo gure argik ikustea, ze bestela gauez bidea topatzeko eztakit ba nola ibilikoien - erantzun nion.

Kranpoiak jarrita, metroak lehen baino seguruago irabazten hasi ginen, baita arinago ere. Hiru errekasto gurutzatu ondoren, azkenekoaren eskuin eta ezker ertzetik tarteka ibiliz, pixkanaka iparreko noranzkoa hartu eta Pala de Ip mendiaren ipar hormara zuzendu ginen.

Ipar hormara hurbiltzen.


Korridorearen hasiera arteko azken zatia 50º ingurura tentetzen da eta haizeak hormatik eramandako elur hauts geruza batez topatu genuen. Bastoiak elurretan sendo sartuz, metroak poliki irabazten joan ginen, presarik gabe, izerdirik bota gabe, aurretik genuen bidea luzea zela jakinda.

Korridorearen hasiera arteko azken zatian. Zerua pixkanaka argituz doa.


Azken esfortzu baten ondoren, denbora gutxian metatutako metroengatik erdi arnasestuka, zeruertza horitzen hastearekin batera, hormak korridorearen azpian osatzen duen sorbaldara iritsi ginen. Goizeko zortzirak ziren.

Sorbaldan haizeak gogor jotzen zuen. Arnesa kranpoietatik pasatu nahian nenbilela, haize ufada batek Asierren artilezko txanoa aidean eraman zuen. Hau ikusita, elurretako hesola elurretan sartu eta, haizeak ezer ez eramateko, bertatik gauza ezberdinak zintzilikatu nituen: motxila, arnesaren zorroa, eskaladarako materialaren poltsa, txamarrak, eskularruak... Azkenean kranpoiak kendu behar izan nituen arnesa oinetatik pasatu ahal izateko.

Sorbaldan trasteak prestatzen. Korridorearen lehen zatia garbi ikusi daiteke.


Prestaketa lanetan ari ginela, gu bezala, azkeneko egunetan sare sozialetan partekatutako hormaren inguruko egoera paregabearen amua irentsita, bi sokada hurbiltzen zirela ikusi genuen.

- Hoik honea iristeako eskalatzen hasita egongo gea - esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatuko balu bezala.

Azkenean ez ziren gure atzetik eskalatzen hasiko.

Prestaketa lanetan nahi baino motelago ibili ginen eta, nahi baino azkarrago, erlojuak zortzirak eta erdi markatzen zituen. Korridorearen hasierako irtenguneari begiratu nion.

- Eztezu uste hoi sokaik gabe eskalauko deula?
- Eztakit, baña hemendio eztu zaile ematen -  erantzun zidan Asierrek eskuetan zuen soka berriro ere bilduz.

Erantzun zidan Asierrek eskuetan zuen soka berriro ere bilduz.


Dena prest genuela ikusi ondoren, lehen irtengunera zuzendu, irekitzen hasita zegoen errimaia zailtasunik gabe gurutzatu eta, pioletak elur gogorrean sartuz, eskalatzen hasi ginen.

Lehen irtengunearen lehen metroetan.


Normalean 75-80º izaten dituen irtenguneak gehienez 65º inguru zituela esango nuke. Irtengunearen 10-12 metroak zailtasunik gabe irabazten joan ginen. Erraza izanda ere, sokarik gabe eskalatzeak zuhurtzia osoz eskalatzea eskatzen du, mendiaren nahieraren menpe denbora osoan gelditzen zarelako. Hau dela eta, denbora osoan, kontzentrazioa galdu gabe, pioletak eta kranpoiak non sartu ongi begiratuz eskalatu genuen.

Irtengunearen amaierara iristen.


Haizearen eraginez, goitik jausitako elur-dutxa fin bat lepotik behera sartzen zitzaigun. Hau gutxi ez bada, atzetik zetorren Asierrek nik botatzen nituen izotz pusketen erorketa ere jasan behar izan zuen.

Irtengunearen gainetik behera egindako argazkia, Asierren atzean atseden hartu genuen sorbalda ikusi daiteke. 


Lehen irtengunean.


Lehen irtengunea eskalatu ondoren, elur-pala bat eskalatzen jarraitu genuen, lehen metroetan 45-50º inguru eta ondoren 50-55º izango dituena, gainean ikusten den bigarren irtengunera zuzenduz.

Elur-palaren lehen metroetan. Elur gutxiago dagoenean, lehen bilgunea nire eskuinean dagoen harkaitz handian muntatzen da.


Lehen irtengunea atzean utzi ondoren.


Bigarren irtengunera zuzentzen ari ginela, eskuinean beste irtengune bat ikusi genuen, itsura batean, errazagoa zirudiena.

- Parekoa edo eskubikoa da eskalau beharra deuna? - Galdetu nion Asierri galdera atseden hartzeko aprobetxatuz.

"Parekoa edo eskubikoa da eskalau beharra deuna?"


- Parekoa esango nuke, baña oaintxe esangoizut. - Erantzun zidan telefonoa ateraz. Telefonoan gordetako argazki ezberdinak begiratu eta eskalatu beharreko irtengunea parekoa zela baieztatu zidan.

"Parekoa esango nuke, baña oaintxe esangoizut".


Bigarren irtengunea gertu ikusi arren, elur-pala amaigabea zirudien. Uste baino gehiago kosta zitzaigun irtengunearen oinera iristea. Neguko lehen elur irteera izanda, 15 metro ingururo gelditu beharra genuen, kexaka hasten ziren hanka eta bikiei atseden emateko.

Bigarren irtengunera iritsi aurreko elu-pala "amaigabean". Hanketako bikiek berotu ederra hartu zuten.


Irtengunearen oinetik 20 metro ingurura, elur-pala alderik alde zeharkatzen zuen pitzadura batekin topo egin genuen. Pitzadura hau ere, korridorearen hasieran topatu genuen errimaiaren moduan, zailtasunik gabe gurutzatu genuen, gorako martxarekin jarraituz.

Pitzadurara iristen.


- Nahibazu aurretio jarraittukoet - proposatu zidan Asierrek nire ondora iritsi zenean.
- Lasai, zati hau nik bukaukoet ta bigarren zatie zuk iriki nahibazu.
- Okay.

Hanketako bikiei atseden ematen. Argazkian bigarren irtengunea nondik eskalatu genuen marraztuta dago.


"Nahibazu aurretio jarraittukoet".


Bigarren irtengunea, egoera normalean 75º edo IV zailtasuna izaten duela irakurrita genuen. Oraingoan, gehienez 65º gradu inguruko inklinazioa izango zuela iruditu zitzaigun. Atseden hartzen ari ginen erlaitz txikia utzi eta eskalatzen jarraitu genuen.

Bigarren irtengunearen lehen metroetan.


Irtengunea egoera paregabean zegoen: elur gogorra, trinkoa eta aurretik pasatako mendizalen batek utzitako arrasto txiki batekin.

Irtengunearen erdian.


Asier irtengunearen lehen metroetan.


Metroak pixkanaka irabaziz, hanketako bikiak kexatzen hasi zirenean pasabide tenteenetik atera eta, arin-arin, irtengunearen (eta korridorearen lehen zatiaren) amaierara iritsi ginen.

Bigarren irtengunearen eta, korridorearen lehen zatiaren, amaieran.


Gure begien aurrean Pala de Ip-eko ipar mendebaldean zabaltzen den zirkua azaldu zen. Zirkuaren eskuin aldean, erdi ezkutuan, zerura zuzentzen den korridorearen bigarren zatia sumatzen zen.

- Leku ederra, eh?
- Joer, ba bai.
- Fijau zea han azpitio arrasto bat datorrela? - Esan zidan Asierrek zirkuaren mendebaldera seinalatuz.

Berak adierazitako lekura begiratu eta oin arrasto bat ikusi nuen.

- Deskuidau ezkeo Izastik datorren bide normaletio korredoreko beheko partea ebitatzeko honaño igo leike - erantzun nion. Jaitsieran deskubrituko genuen horrela dela.

Korridorearen bigarren zatia eskalatzen hasi aurretik atseden hartuko genuela erabaki eta, denbora galdu gabe, zirkua zeharkatzen hasi ginen.

Zirkua zeharkatzen, parean, korridorearen bigarren zatia.


Haizeagatik babestuta, zirkuan gure pausuen hotsen gainetik ez zen besterik entzuten. Bat batean, denbora gelditu izan balitz bezala sentitu nintzen, ilargian oinez ariko banintz bezala. Ez zen hanketako bikien minik, ez zen arnasesturik, sudurretik biriketara sartzen zen elur freskoaren usaina baizik. Asierrek irekitako arrastoari jarraituz, zirkua poliki zeharkatu nuen, arnasketa bakoitza azkenekoa balitz bezala gozatuz.

Zirkuaren zeharkaldian. Irekitako arrastoa jarraituz, korridorearen lehen zatiaren irteera ikusi daiteke.


Zeharkaldiaren amaieran atseden hartzea erabaki genuen. Pioleten laguntzarekin elurrean plataforma txiki bat egin, bertan motxilak utzi eta eguneko bigarren barratxoa jan eta ura edateko aprobetxatu genuen.

Zirkuaren zeharkaldiaren amaieran.


- Bukaera gertu ikustea...
- Bai.
- Zenbat ustezu tardauko deula goraño? Ordubete eo?
- Pentsatzet ordu erdi eo berrogei minutu ingurun goien izango geala - erantzun zidan Asierrek konfiantza osoz.

Motxilak berriro ere sorbaldetatik zintzilikatu, kranpoiei pilatutako elurra kendu eta, pioletak burutik helduz, korridorean gora hasi ginen.

Korridorearen lehen metroetan.


Lehen metroetako inklinazioa 45º ingurukoa da, batzuetan gutxiago, batzuetan gehiago. Korridorea mehartzen duen harkaitzetara iritsitakoan inklinazioa pixkanaka goraka doa.

Korridorean mehartzen hasten den lekuan.


Lehen harkaitzen parean. Azpian zirkuan egindako zeharkaldia eta korridorearen lehen zatiaren irteera ikusi daitezke.


Korridorearen lehen zatiko bi irtenguneen arteko tarteak hanketako bikietan emandako errepasoaren ondoren, metroak lasaitasunez irabazten hasi ginen, indarrak gordez, atseden motzak eginez. Altuera eta airearen arintasunaren eraginez, metroak igo ahala bihotz taupadak eta arnasketak azkartuz zihoazen, altuerara ohitu gabe egotearen seinale.

Pixkanaka, korridorearen zatirik mehartuena zeharkatzen joan ginen.

Zatirik mehartuenaren amaieran.


Argazki honetan zati mehartua garbi ikusi daiteke.


- Goraka zoatzela eztu ematen enkajonatue dala, eh? - Galdetu zidan Asierrek argazki bat egiten zidan bitartean.
- Ba ez - Erantzun nion buelta emanez - goitio datorrenare earra emateo.

Korridoreak duen zabalgune motzean.


"Goraka zoatzela eztu ematen enkajonatue daula, eh?" Galdetu zidan Asierrek argazki bat egiten zidan bitartean.


Zabalgune motz batetik igaro ondoren, korridorea berriro ere mehartu zen, azken irtengunera iristen ari ginenaren seinale.

Hirugarren, eta azken, irtengunera iristen.


Irtengunearen azpira iritsi eta, gelditu gabe, Asierrek eskalatzen hasi zuen. Irtengune hau egoera normalean 75º inguru edo IV zailtasuna duen arren, aurreko bien moduan, ez dugu uste 65º baino gehiago izango zituenik.


Azken irtengunearen erdian.


Asierrek eskalatzen zuen bitartean, elur-hauts eta izotz pusketatxoak kolkotik sartzen zitzaizkidan.

- Ah pajaroooo!!! Hau hasierakogatik mendekue da!!! Jejejeje - bota nion irribarretsu, lehen irtengunean berak jasan behar izan zuen elur-dutxa gogoratuz.
- Ze ustezu bat? Nahita ai naiz, jejeje - erantzun zidan umoretsu.

Asierrek irtengunea erraztasun osoz eskalatu zuen. Alde batera bota eta, elur-dutxa gelditu zenean, bere pausuen atzetik, nik ere irtengunea zailtasun eta estutasunik pasa gabe eskalatu nuen.

Irtengunearen zati tentean.


Azken irtengunea (nire azpian irteera ikusi daiteke) eskalatu ondoren.


Azken irtengunea atzean utzita, korridorearen amaierara iristeko, 45º inguruko elur-pala igotzea besterik ez genuen. Azken metro hauek poliki hartu nituen, ematen nuen pausu bakoitzari zukurik handiena atera nahian. Nekatuta sentitu arren, ez nuen korridorea amaitzerik nahi.

Azken elur-pala igotzen.


Goizeko hamarrak eta hogeian, ilunpe eta itzaleko erreinutik eguzkiaren erreinura pasa ginen.

Eguzkira iristeko azken pausuak. Gainean Pala de Ip-ren mendebaleko tontorra ikusi daiteke.


Eguzkiaren izpiak aurpegian sentitzeak indarberritu gintuen. Erlojua begiratu eta korridorearen bigarren zatia eskalatzeak ordu erdi baino gutxiago eraman gintuela ikusi nuen, nituen aurrikuspenetatik urrun. Asier, bitartean hegoaldetik igotako hiru mendizaleekin hizketan ari zen. Korridorearen egoeraren berri eman ondoren, bioi argazki bat egiteko eskatu eta, beraien atzetik, gailurrera zuzendu ginen.

Korridorearen amaieran zoriontsu. Atzean, izandako elur-jausi batek utzitako orbaina ikusi daiteke, baita Pala de Ip-eko bi tontorrak ere.


Pala de Ip-ek bi tontor ditu: mendebaldekoak 2.775 metro neurtzen dituen bitartean, ekialdekoak lau metro gehiago ditu. Mendebaldekoa atzean utzi ondoren, bi tontorren arteko gandor zabala jarraituz, ekialdekora iritsi ginen.

Bi tontorren arteko gandor zabalean.


Gailurrean zoriontsu!!!! Ese MAT!!!!


Gailurrean, iparretik zetorren haize fin batek bazterrak hozten zituen. Hego aurpegira pasatu eta, haizegatik babestuta, motxilak lurrera bota genituen. Barratxoak ongi sartzen badira ere, zein ondo sartu zitzaigun goizean gordetako hirugihar eta piper berdeetako ogitarteko erdia!!!

Neguko eguzkiaz eta mendi honek duen ikusmiraz gozatzen, hamaiketakoa egiteko denbora patxadaz hartu genuen. Gailurraren sentsazioa basamortuko ispilatzearen modukoa izaten da, ilusio bat besterik ez, jaitsierarako behar den denboraren lapurra baita. Eta hau neguan garrantzitsua izaten da, elurra biguntzen hasi aurretik jaisten hasi beharra dago eta.

- Oaindio bide luzea daukeu ta jaitxiera ere ea zemuzkoaen - gogorazi zidan Asierrek.

Collarada, Pala de Ip mendiaren hegoaldea dominatzen.


Punta Escarra aldiz, ekialdeko erregea.


Berogei minutu inguruko atseden luzearen ondoren, gailurrean gustura geunden arren, beherako bidea hartu beharra genuela erabaki genuen.

Pala de Ip-ko gailurrean. Atalaia ederra.


Mendebaldera jarraituz, ahalik eta denbora luzeena gandorraren ertzean mantentzen saiatu ginen. Ekialdeko tontorra bigarrenez atzean utzi ondoren, gandorrak maldan behera egiten du. Tarteka zegoen izotz gogorrean irrist ez egiteko kontu handiz jaitsiz, goizeko hamaikak eta erdietan La Tronquerako arrailara iritsi ginen.

Arrailatik iparrera arrasto bat zihoala ikusi genuen.

- Arrastoa badau hemendio Izasea norbait jaitxi denen señale izangoa - esan zidan Asierrek.

Ez genuen denbora luzea itxaron behar izan zein bide hartuko genuen erabakitzeko. Bitan pentsatu gabe arrailatik iparrera doan kanala jaisten hasi ginen.

Jaitsierako kanalean.


Kanala tentea bada ere (50º inguru), bertan zorionez ez genuen elur gogor edo izotzik topatu. Halere, kanala, aurretik genuen arrastoa jarraituz, kontu handiz jaitsi genuen.

Kanala azpitik ikusita.


Jaitsierako arrastoa ekialdera zuzentzen zen, korridorearen bi zatien arteko zirkura, hain zuzen ere.

- Arrasto hau ez da ba zirkon ikusi deuna izango, ez? - Galdetu nion Asierri.
- Ikusita noa dijon seguro baietz.

Poltsikoan gordeta nuen GPSa hartu eta gure bidea mendebaldera zihoala baieztatu genuen, parean genuen bailaratxoa alderik-alde zeharkatuz.

Kanala jaitsi ondoren alderik alde zeharkatutako bailaratxoa.


Bailara zeharkatzen genuen heinean, La Tronquerako ipar hormako kanal eta goulotte-ak behin eta berriz atentzioa deitu ziguten.

- Deskuidauezkeo hoik ere eskalauta eongoie.
- Ez dakit ba bakarren bat honaño oñez igoko eongoen ehun metro eskas eskalatzeko. - Erantzun zidan Asierrek.
- Bueno, igual nekau gabe ta oaindio eskalatzeko gogokin jaitxien bakarren batek eskalauko zitun, jejeje.

La Tronquerako ipar hormako kanaletako bat.


Atzera begirada...


Bailaratxoaren zeharkaldiaren amaieran, Samán edo Isería ibona dagoen bigarren bailaratxora jaisten hasi aurretik, muino txiki bat igo behar izan genuen. Nekea apurka-apurka gure hankez jabetzen hasita zegoen, eta muino txiki hau nahi baino gehiago igotzea kosta zitzaigun.

Muinora igotzen.


Muinoaren gainean, eguzkiaren izpiez bigarrenez gozatuz, atseden txiki bat hartzea erabaki genuen.

- Hara ze formazio berezik - esan zidan Asierrek atzera seinalatuz. Atzera begiratu eta Asierrek seinalatzen zidan lekura begiratu nuen.
- Ostras!! Oain enaiz gogoratzen baña formazio hoik izena daukea... - erantzun nion ikusten ari ginen formazio berezia Campanal de Izas zela gogoratu gabe. Argazki pare bat eginez berriro ere martxan jarri ginen.

Campanal de Izas.


Muinotik behera, Samán edo Iserías ibona dagoen bailaratxora iritsi eta, ibona gure ezkerrean genuenean, eskuinera (iparrera) jo genuen malda baten ondoren hirugarren bailaratxo batera iritsiz.

Izotz, elur eta harkaitzaz osatutako bailara bakarti honetan lekuz kanpo geundela zirudien. Bertatik pasatzen ziren lehen izaki bizidunen sentsazioa genuen, begiratzen genuen lekura begiratzen genuela ez baitzen bizitza arrastorik sentitzen. Baina, kuriosoa bada ere, honelako leku bakartietan izaten da bizien sentitzen garen lekua. 

Samán edo Iserías ibona dagoen lautadatxoan eta hemendik behera jarraitutako bidea.


Hirugarren bailaratxo hau Iserías harresia gainetik alderik alde zeharkatzen du. Harresiaren gainetik, bailatxoa mendebaldeko noranzkoan zeharkatzen jarraitu genuen pinu batzuetara iritsi ginen arte. Hauetan, berriro ere ekialdera hartu genuen harresia gure eskuinean utziz.

Iserías harresia saihesteko jarraitutako bidea.


Iserías harresia atzean utzita, kranpoiak ez kentzeko, elur zatiak ahalik eta gehien aprobetxatuz jarraitu genuen, Izas bailara zuzenduz.

Jaitsierako bailara ezberdinetako zeharkaldian, tarteka harriaren gogortasunaren pareko izotz-plakak zeharkatu behar izan genituen. Asierrek zeharkaldiaren amaieran esan zidan bezala, iparreko jaitsiera hau kontu handiz hartu beharrekoa da, hainbat lekuetan irrist egitea arriskutsua izan daitekeelako.

Elurtegi ezberdinak konbinatuz, azken elurtegiaren ertzera iritsi ginen. Eta a zer nolakoa lasaitasuna hartu genuen Izas bailarako belarra zapaltzen hasi eta kranpoiak kendu genituenean!!! Igoerako bidearekin bat egin bezain pronto motxilak kendu eta, atseden hartzeko, oraindik eguzkirik ikusi gabeko belar hezean eseri ginen. Atsedena, kaskoa, arnes, piolet eta kranpoiak motxilan gordetzeko aprobetxatu genuen, baita azken barratxoa jan eta motxilatik bastoiak hartzeko ere.

Iluntasunak eta mendia ez ezagutzeak, ibilitako bidearen distantzia eta denboraren sentsazioa lausotzen du, lainoak basoa lausotzen duen bezala. Izas bailara jaisten ari ginela harrigarria iruditzen zitzaigun igoeran betetako distantzia luzea, igotako metro pila eta metro hauek igotzeko pasatako denbora.

- Hainbeste igo gea? - Esaten zidan Asierrek jaitsitako bideari zeharka begiratzen zionean.

Izasko izotz ur-jauziak lehorrak zeuden. Halere, Asier ur-jauzirik ezagunenen kokaleku eta zailtasuna azaldu zidan: Notre Dame, L'eau l'eau, Ruta Jacobea, Colgada...

Izasko izotz ur-jauziak sortzen diren hormaren zati bat.


Izotz ur-jauziak atzean utzita, beherako bidearekin jarraitu genuen. Metroak galtzen genituen heinean, jaitsieraren hasieran eskuin belaun eta horkatilan molestia bezala hasi zena min bihurtzen joan zen, bota zurrunekin ibiltzeko ohitura faltaren ondorio.

Izas bailaran behera, Tobazo mendia eguzkipean. Zenbat eskalada-bide oraindik horma horretan eskalatzeko!!!


- Benga 10 minutu gehio ta kotxen gareee!!!. - Bota nuen biok animatu nahian, aparkalekuraino luzatzen den pistara iritsi ginenean.

Erlojuak arratsaldeko hirurak laurden gutxi adierazten zuen furgoneta aparkatuta genuen lekura iritsi ginenean.

Azken pausuak...


Hamar ordu eta laurden inguruko ibilbidearen ondoren, oinen azpia egosita eta eskuin horkatila eta belauna minberatuak, furgonetara lehenbailehen iritsi nahi nuen. Eta a zer nolako atsedena hartu genuen motxila astuna lurrera bota eta mendiko botak kendu genituenean!!

Botak kentzea lasaitu ederra bada ere, izerditutako arropa erantzi eta arropa lehorra jazteak preziorik ez dauka. Ura erruz edan eta furgoneta material eta etorkizuneko ametsez bete ondoren, motorra martxan jarri eta etxerako bidea hartu genuen, jatetxe batera bazkaltzeko ordura iristeko itxaropenez. Azkenean, Puente la Reina de Jaca herrian, bazkari goxo baten inguruan, eskalatutako korridorea behar den moduan ospatuko genuen.

Korridorean izugarri gozatu genuen, nahiz eta, ezohiko baldintzengatik, normalean duen zailtasuna baino baxuagoa izan, AD edo AD+ inguruan esango genuke. Duen hurbilketa eta jaitsiera luzeak, gure ustez, ibilbidea borobiltzen du. Asierrek esan zidan moduan, "nunbaiten irakurri det Pala de Ip-eko edozein bide eskalatzea, behar dien ordu pilengatik, alpinistada bat dela". Arrazoi handia Asierrena...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Candanchú Canfranc mapa, escala 1:25.000. Editorial alpina, 1996.
- Villasur E., Armesto J. Valle de Tena, las 50 mejores ascensiones, 148-151. Cuarte (Huesca). Barrabes Editorial, 2004.
- Martínez A. Pala de IP (2.779 m). Una inmensa pirámide truncada. Desnivel revista de montaña, 2011; 303: 30-34.
- Hernández A. Pala de IP (2.779 m). Normales peleonas y una norte de categoría. Desnivel revista de montaña, 2011; 303: 36-41.
- Todoescalada web orria. Corredor noroeste pala ip. Eskuragarri: http://www.todoescalada.net/pala_de_ip.htm
- Mendiak web orria. 2015/03/14. Pala de Ip, corredor Noroeste, 500 m., 75º/IV. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=51579
- Wikiloc web orria. Pala de Ip por el corredor NO. Ilargibeteak igotako ibilbidea. 2015/03/14. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-alpinismo/pala-de-ip-por-el-corredor-no-9076847
- Txastimendiak bloga. 2012/02/01. Pala de Ip (2.779 m). Corredor Noroeste. Eskuragarri: https://txastimendiak.wordpress.com/2012/02/01/pala-de-ip-2-779-m-corredor-noroeste/


jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07