blogak

Smithyrenbloga

MIDI D'OSSAU (2.884 m): IZARRAK LURRERATU ETA PIRINIOETAKO GAILURRAK ARGITU ZITUZTEN GAU HURA 2022/07/02


Izar bat Midi D'Ossauko gailurrean.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Ideiak, sinesmenak edo ametsak, txoriak bezala, askeak eta kolore anizdunekoak dira, haizea, hodei eta izarrekin jolasteko jaioak. Ez ditut atsegin txoriak kaioletan sartzen saiatzen diren ehiztariak, ehiztariak pertsona, elkarte edo ideologiak badira ere, kaiola urrezkoa bada ere, atea irekita uzten badute ere.

Nire ideia, sinesmen edo ametsekin bat datorren ekimen edo aldarrikapen batean parte hartzeko eskatzen didatenean edo aukera dudanean ez dut bitan pentsatu ere egiten, txori-ehiztariak gertu ibili daitezkela dakidan arren. Hau izan zen Unaiek luzatutako gonbiteari baiezkoa eman nionaren arrazoi nagusia. Beno, eta bizipena, baita motxilaren pisua ere, Leku, Iker eta Asierrekin partekatuko nuela.

Uztailaren 2an "Gure Esku Dago" plataformak antolatutako "Pirinioetako bidea" ekimenaren barruan argiztatzeko aukeratu genuen mendia ezin zen beste bat izan, frantziar talde baten lapurreta saiakera bat pairatu genuen arren. Pirinioetako mendirik ederrena Vignemale bada ere, Midi D’Ossau da iparrizar titulua duena, ongi irabazitako titulua gainera, mendilerroko mendi guztiek bere inguruan biratzen dutelako. Honegatik edo, Raul kamerari profesionala bidelagun izango genuen, taldea lautik bostera handituz.

Mendi baten gailurrera arteko bidea beti bera da, baita bertaraino iristeko eman behar diren pausuak ere. Ahaztuta genuena zen Midira gailurrera iristeko eman beharreko pausu hauek ez direla modu berean ematen 15 kiloko motxilak sorbaldetan iltzatuta dituzunean, ezta, arrazoi beragatik, tximinien zailtasuna igotzen denik ere.

"16:00, Midi D'Ossau, gorantz"

Igoera espero bezala joan zen: sorbaldak minberatuta, ura aurreztearen mesedetan deshidratazio puntu bat eta ohiko baldarkeriaren eraginez gailurreko harkaitzekin hanketan hartutako kolpeak, Ikerrek hartu zuena batez ere.

Pombie mendilepoan Midiri begira, betiko itxura helezinarekin, beti bezain eder.

Pombie aterpearen parean.

Lehen tximiniaren oinera iristen, parean Ekialdeko kontrahorma ikusi daiteke.

Lehen tximinian, hiruetatik zailtasunik handiena duena.

Bigarren tximinian.

Bigarren eta hirugarren tximinien arteko hormatxo motzean.

Hirugarren tximiniari, igoerari saltsa pixka bat emateko edo, ezkutaketara jolastera bururatu zitzaion, bidea mugarri galgarriez estali eta GPSa erotuz. Rein de Pombie igo genuen azken alditik hartxingadia luzatu egin dela ere iruditu zitzaigun. Hori bai, giro ona ez zen inongo momentuan erori, beheraka zetozen mendizale guztiek gailurra uzten azkenekoak zirela esaten baziguten ere. Eta hau guztia Raulen grabaketen artean, gora eta behera denbora osoan, a zer nolako pasada hartu zuen.

Hirugarren tximinia "aurkitu" genueneko argazkia. Tximiniaren goiko gurutzea ikusi daiteke.

Gailurrera iristen, atzean Midiren gailurraurrea ikusi daiteke.

"20:45, Midi D'Ossau, gailurra"

Gailurrean, arnasestuak, pisua lurrean uztearen lasaitasuna, eta bakardadea, aire korronteekin jolasean batera eta bestera zerua marraztuz zihoan belatxinga talde batek apurtzen zuena. Harri baten azpian “kleenex” batek opari marroi bat ezkutatzen zuen bibak eder bat baztertu ondoren, motxilak gailurrean zehar sakabanatutako beste bibak lekuetan banatu genituen. Ez nuen sekula pentsatuko zerriek 2.884 metroraino igotzeko abilezia izango zutenik.

"Nor dator nirekin gailurraurreko argia muntatzera?" zioen Asierren begirada isilak gure begirada nekatuekin gurutzatzen zen bakoitzean. Nekeak gogoa lapurtzen du baina honaino bihotzari kasu egitera igo ginen eta jakina da bihotzak gogoa berpizteko indar nahikoa duela; honegatik tripodea, bateri bat eta "Gure Esku Dago" plataformaren bandera bat hartuz Asierren pausuak jarraitu nituen.

Gailurraurreko argia muntatzen.

Gailurraurreko argia, atzean gailurrekoa ikusi daiteke.

Midiko gailurreko argia.

Raul, bizipen eta uneen "harrapagailua" eskuetan duela.

Solomo eta tortilla ogitartekoen usainen artean ezerezetik txori batzuk agertu ziren, ogi apurren bila zetozenak. Ba al da mendi baten gailurrean lagun artean etxean egindako ogitarteko goxoa jatea baino plazer handiagorik? Ez, oraingoan lurrera ez zen ogi apurrik erori, eta txoriak etsita, agertu ziren bezala desagertu ziren.

Afaltzeko prestatzen.

Gailurreko ogitartekoak plazer hutsa badira, ilunabar eta egunsentiak ordaindu ezineko ikuskizunak dira, palkoko eserlekua duzunean batez ere. "Eta guk palkoan lekua ongi merezita genuen!!!" Hodeiek osatzen zuten atze-oihalaren bestaldean eguzkia eguneko azken ikuskizuna antzezteko prestatzen zen bitartean, gailurreko eserleku pribilejiatuetan lekua hartzen hasi ginen. Haizeak atze-oihala altxatzearekin batera ikuskizuna hasi zen.

Ikuskizuna hastear...

Raul detaile guztiak harrapatu nahian.

Midiko taldea.

Ilunabarra ikuskizun hunkigarria da, intimoa, egunaren amaiera bada ere, kolore biziz janzten duena. Irudi batek mila hitz baino gehiago balio badu, ilunabarra horren isla da. Pentsamendu eta hausnarketa sakonenak azaleratzeko ahalmena du, eta beharbada honegatik ikuskizun isila da.

Hausnarketarako unea.

Eguzkia eta lurra besarkatzear.

Eguzkiak hodeiak urrez eta laranjaz tindatzen zituen bitartean, zeruertzera hurbilduz joan zen, denbora geldiezina dela gogoratuz. Honelako uneak izaten dira zorionekoa naizela gogorazten didatenak, nahiz eta tristura puntu bat ere eragiten didaten, ez ditudalako zure ondoan partekatzen.

... ez ditudalako zure ondoan partekatzen.

Zeruertzarekin elkartu eta lurrak besarkatu zuenean, eguzkiak bizitza aldarrikatuz azken oihua bota eta ortzia mendebaldetik ekialdera gorri biziz margotu zuen, utziko zuen hutsunea nolabait bete nahi izango balu bezala. Ikuskizunaren amaieran ez zen txalorik izan, ezta hitzik ere, ezer esateko ez zegoelako. Ehunka ilunabar ikusi baditut ere denak izan dira ezberdinak, bakarrak, errepikaezinak, neguko goiz hotz batean eroritako elur malutak bezala.

Zerua gorri biziz tindatuta.

Une hauengatik bakarrik merezi du mendien gailurretan egotea.

Raulen kamera sutan...

Gorriak indarra galdu eta iluntasuna nagusitzen hasi bitartean bada une bat zerua kolorerik gabe geratzen dena, zerua eguzkia lotaratzearen dolua egiten ariko balitz bezala. Une horren amaieran izarrak, gauaren iragarle, bata bestearen atzetik pixkanaka pizten hasten dira, zerua argi pinportez zipriztinduz.

Izarrak pizteko zain.

Baina gaurkoan izarrek, zerutik jaitsita, Pirinioetako gailurrak piztea erabaki zuten, zeruko amets, desio eta nahiak eskuetako hatzekin ukitu ahal izateraino hurbilduz.

Pirinioetako gailurretako izarrak...

Zeruan iluntasuna nagusituz zihoan heinean gailurretako izarren argiaren distira geroz eta gehiago nabarmentzen joan zen, momenturik ilunenean argiek gehien argitzen duten unea dela gogoraziz. Izar bat, beste izar bat, beste izar bat... gailurretako iluntasunean deskubritzen genuen izar berri bakoitzaren atzean mendizale talde bat zegoela jakiteak hunkitu ninduen. Eta izar guztiak bide berean, argi bera eginez, amets bakarra aldarrikatuz. Nolatan ez dira izarrak jaitsiko herriek zer izan nahi duten askatasunez erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko, hauek hartzen duten erabakia edozein bada ere? Ez al dugu amets bera bilatzen norbanakoekin? Orduan, zergatik ez herri batekin?

Midiko izarrak.

Pirinioetako argi-bidearen zati bat.

Gu horrela ikusten gintuzten. Argazkia Iñigo Lazkozena da.

Izarrezko argi-bideak ordu eta erdiz argitu zituen Pirinioetako gailurrak, gailurretan geundenon ametsak. Ekintza xumea egin genuen, hunkigarria, errespetutsua, ideologiarik ulertzen ez duen isiltasunean.

Izarraren azpian denbora pasa.

Izarrek gailurretatik zerura itzuli zirenean lo-zakuetan sartu ginen. Elkarren ondoan pasa genuen gau ikusgarrian anaia eta biok Hartz Handiarekin jolastuz iparrizarra deskubritu genuen, Esne Bidea agurtu genuen eta noizik eta behin zerua marrazten zuten izar iheskorrei desioak eskatu genizkion. Tarteka gogor jo zuen haizeagatik izan ez balitz gau ederra izan zen.

Hoteleko logelako bistak.

Ez dakit zein ordu zen haizeak esnatu ninduenean, baina zerua gau osoan argitu ondoren izarrak itzaltzen hasita zeuden. Lo-zakura nahi baino lehenago eraman zuen ondoeza gaindituta, Raul, kamera eskuetan, batera eta bestera berpiztuta zebilen. Gorputzak sendatzeko izaten duen ahalmena beti izan da misterio bat niretzat.

Raul berpiztua.

Ilunabarra ikuskizun itzela bada, egunsentia zer esanik ez. John Lennon-ek esan omen zuen egunsentia ikuskizun ederra bada ere, ikusle gehienak lo egoten direla oraindik. Lo egoten zaretenontzat, gailur batean egunsentian zerua beltzetik zurira pasatzen da, hutsean geratuz. Eta gau osoan atseden hartu ondoren, eguzkiak pixkanaka, mihise bat izango balitz bezala, zerua suzko kolorez margotzen hasten da mendi eta bailaratan argi eta itzalez osatutako dantza paregabea sortuz. Ez da erraza honelako ikuskizun bat hitzetan jartzea baina sentiarazten zaituena ez dut uste bake eta askatasun sentsaziotik urrun egongo denik.

Lo-zakua jasotzen eguzkia irten baino lehen.

Egunsentiaren miraria badator...

Eguzkiaren lehen izpiak ekialdeko mendien atzetik irten zirenean isiltasuna nagusitu zen. Zerua laranjaz jantzi eta mendietako itzalak infinituraino luzatu ziren argitasunetik ihesi. Inguratzen gintuzten mendi eta bailarak urre eta gorriz koloreztatzen hasi ziren egun berria agurtuz. Egunsentia gogoko dut, aurretik egun berri bat bizitzeko aukera dudala gogorazten didalako.

Egunsentiaren magia.

Raulen kamera sutan.

Mendi eta bailarak kolorez janzten.

Eguzki izpiek mendien itzalei tiraka hasi zirenean motxilak egin genituen, gure inguruan hegan hasi zen putre harro baten begirada axolagabearen azpian. Tristura eragiten du motxila eginda ikustea, gailurra utzi eta bailarara itzuli behar duzula esaten dizulako, baina ez genuen ordu batzuk beranduago igoko zen jendetzarekin borrokan hasteko gogorik. Midiko putrea bezalakoa izan nahiko nuke, gailurretik gailurrera hegan egin eta munduari zerutik begiratzeko, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe.

Gidoirik gabeko elkarrizketa motz eta grabatu baten ondoren, putrearekin batera gailurra utzi genuen.

"7:45, bibaka, Midi D'Ossau, beheruntz"

Motxilak egin ondoren.

Midiren egunsentiko itzala.

Petit Midi eta Midiren itzala.

Eguzki izpiak itzalei tiraka.

Elkarrizketa unea.

Jaitsiera Midi-a bezalako mendi batean espero daiteken bezalakoa izan zen: Rein de Pombie-n eta hirugarren tximinian ia bakarrik, eta bigarren eta lehen tximinietan igotzen ari zirenak ez molestatzeko rappela tximiniatik kanpo eginez. Ez genuen ezusteko handirik izan jendetza biltzen den mendi bat izateko; frantses batzuek nahigabe bota eta Raul rappelatzen ari zen lekutik metro gutxi batzura pasa zen harritzarra, eta azken tximinia rappelatzen ari nintzela sokaren azpitik sartu zitzaidan egonarri gutxiko mendizale sinpatiko bat ekiditeko eman nuen saltoak eskuin hankan eragin zidan kolpea. Oraindik ere maitasun osoz gogoratzen dut gertakari hau, hanka minberatuan dudan koskor eta ubelduari begiratzen diodan bakoitzean.

Bigarren tximiniara iristen.

Bigarren tximinia rappelatzen.

Azken rappela prestatzen.

Azken rappelean, Midi bezalako mendi batean seguruena goiz ibiltzea da.

Tximinietako zalaparta eta galdutako mugikorra aurkitu zuen mendizale zoriontsu bat atzean geratu ziren arte ez genituen kaskoak kendu, beharbada oraindik bigarren tximiniako harkaitz itsu eta jauzilaria gogoan genuelako. Hemendik behera eguzkitako krema saioa, umore ona, irribarreak, Raulek Pombie aintziran hartu zuen bainua, eta Peyreget-eko izarraren azpian egon zen mendizale taldea ezagutzeko aukera: aupa neskak!!!

Suzon mendilepora iristen.

Balaitus, Palas, Arriel...

Midi-a Pombie aterpetik ikusita.

Pombie aterpearen itzalpean motxilan soberan zegoen ogitartekoaren pisua sorbaldetatik urdailera pasa arren, kotxera iritsi arte ez ziren hauen kexak isildu.

Irribarreak, besarkadak, etorkizuneko planak, promesak eta agurrak. Honela amaitu izan dira mendiko irteerak, norbait ezagutzen duzunean batez ere. Honela amaitu zen gure irteera ere.

"12:13, Midi D'Ossau, bukatuta"

Taldeko argazkia. Aupa zuek!!!!

Hurrengo egunak tristura handiz gogoratzen ditut, txorien ehiztariak batetik zein bestetik agertu zirelako ekimen hau babestu, kritikatu edo gaitzesteko. Horren isla sare sozialetako eztabaida eta komentarioak, komunikabideek ekimenaren berri emateko modua, politikoen aldeko eta kontrako adierazpenak eta beraien burua politikotzat ez dutenen jarrera politikoak. Midi-ra hurbildu ginenak argi genuen zer aldarrikatu nahi genuen; honegatik tristura eragin zidan ekimen honek izan zitekeen oihartzuna baliatuz beste aldarrikapen mezu eta banderak ikustea, nahiz eta aldarrikapen hauekin ados egon nintekeen. Historian zehar mendia aldarrikapen eta propaganda lekua izan da; gailurretan jarritako ikur erlijioso eta politikoak, banderak, pintadak edo hain modako dauden mendi-lasterketetan adibidez, marka komertzialen publizitatea ikustea besterik ez dago. Maite ditugunei agur esateko lekua ere bihurtu da, gailurretan beraien errautsak astinduz edo plakatxoak jarriz. Ez dut egin genuena justifikatu nahi eta ulertzen dut mendia aldarrikapenetarako lekua ez dela esaten dutenen iritzia, zenbait mendietan gertatzen dena ikusi ondoren ados nagoelako. Baina kronikaren hasieran idatzi dudan moduan, Unairi ekimenean parte hartuko nuela esan nionean banekien txori-ehiztariak gertu ibili zitezkeela.

Ingurumenarekin errespetutsu izan ez ginela esaten dutenak dira min egin didaten argudioak. Beti egiten dugun moduan mendiarekin arduratsuak izan ginen eta sortu genuen zabor guztia etxera eraman genuen. Argiek sortu zezaketen ustezko ingurumen-inpaktuari dagokionez, "Parc National des Pyrénées" parkeko agintarien jarraibideak jarraitu genituen denbora osoan eta lanparak plastiko hori batez estali genituen, Midi-a argi zuriekin argiztatzea debekatuta zegoela esan zigutelako. Argiak piztuta egon ziren denborari begiratuz ere, argiak ordu eta erdiz "soilik" piztuta egon ziren. Hau guztia Midi-ari dagokionez, beste mendietan ekimena zer eta nola eraman zen epaitzeko ez daukat argumenturik, bertan ez nintzelako egon.


jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07