blogak

Smithyrenbloga

LEITZARAN, "JANNU" BIDEA, 85 METRO, 6a 2017/10/14

Zergatik eskalatzen duzu? Non dago eskaladaren grazia? galderak behin eta berriz entzun izan ditut. Eskalada lurretik hainbat metroetara soka batetik zintzilik egotea, mendi batera igotzeko neke eta sufrimendua jasatea, mendian korrikan aritzea denbora galera besterik ez dela uste duenari mendizaletasunaren pasioa azaltzea zaila egiten zait. "Mendira bizirik nagoela sentitzera noa", "mendian egunerokotasunean aurkitzen ez ditudan erantzunak aurkitzen ditut" bezalako erantzunek pertsonak nahastu eta ordura arteko begirada arraroak ahalik eta arrarorago bihurtzen dira. Azkenean, nahiz eta dotorea ez izan, "gustatzen zaidalako" izaten da erantzunik erabiliena, beste inolako azalpenik behar ez duelako.

Mendian estutasunak pasatakoan aldiz, "merezi du?" galdera izaten da gehien entzundakoa, estutasunen bila nahita joango banintz bezala. Argi daukat pertsona bezala eboluzionatu nahi bada erosotasunaren mugetatik kanpo atera beharra dagoela, "eboluzioa"  fisiko, psikiko eta espirituala bezala ulertuz. Honekin ez dut esan nahi mendira noan bakoitzean estutasunen bila joaten naizenik, ezta gutxiagorik ere, baina erosotasunaren mugara hurbiltzea gustuko dut eta hurbilketa honek noizean behin mugatik ateratzen nau.

Hilabeteak ziren Asierrek "Jannu" bidea begi artean zuela. Etxetik gertu, bide motza eta harkaitz konglomeratuan eskalatzeko aukera du, ezohiko harkaitza Gipuzkoan. Bideak segituan erakarri ninduen: harkaitz mota berria, luze motz baina gogorrak eta orain dudan eskalada mailatik gertu. Tira, erosotasun mugetatik gertu ibiliko nintzela alegia, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 85 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Iker Iriondo.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 5c (15 m), 2ºL: 5b (25 m), 3ºL: 4c (25 m), 4ªL: 6a (20 m).
Orientazioa: Iparra.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera:25 minutu.
Eramandako materiala: 30 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 8 express zinta eta zinta
luze parea bilguneetarako (azkeneko bilgunea osorik muntatu beharra dago).
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bide osoaren krokis erabilgarriak Iñaki Zuzaren "mendia eta eskalada" blogean edo Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogean topatuko dituzue. Guk Iñakiren krokisa eraman genuen.

Lehenengo luzearen nondik norakoak.


Bigarren luzearen krokisa.


Hirugarren luzearen krokisa.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Kotxea Leitzaranen dagoen Otieta aparkalekuan utzi genuen, Leitzaran Bisitarien etxetik gora dagoen aparkalekua. Honetarako Andoain herrian sartu eta Leitzaranera doan bidea jarraitu genuen (oso ondo adierazita dago). Aparkalekua errepideak eskuinera egiten duen bihurgune batean dago.

Aparkalekuan dagoen kartela.


Otieta aparkalekua eta puntu zuriz jarraitu beharreko bidea.


Aparkalekuan hiru bide hartzeko aukera dago: iparraldera tunel bat eta ekialde eta hegoaldera porlanezko pista. Guk hirugarren aukera hartu genuen, hau da, hegoaldera doan porlanezko pista, "Leitzaran" izena duen kartel adierazgarria duena, alegia.

Iparraldean dagoen tunela.


Jarraitu beharreko porlanezko pista, Leitzaran izena duen kartela ikusi daiteke.


Pista hartu eta 30 metro eskasera ezkerrean dugun pinudira zuzentzen den bidexka hartu genuen. Bidexkan, adar artean, "Adarra Mandoegi" dion karteltxo zuria dago.

Bidexkan gora, karteltxoaren kokalekua ikusi daiteke.


Karteltxoa gertuago, ez dakit udaberrian ikusiko den.


Pinudian gora.


Porlanezko pista utzi eta bost minutu eskasera PR arrastoak dituen galtzada batera iritsi ginen. Bidegurutze honetan gorako bidearekin jarraitu genuen.

Galtzadarekin bat egiten den lekuan, puntu zuriz jarraitutako bidea. Karratuan PR arrastoa ikusi daiteke.


Galtzadaren lehen metroetan.


Metroak irabazi ahala galtzada nabariagoa egiten da.


Galtzada harizti bat zeharkatzen du. Metro batzuen ondoren hariztitik atera eta zelai batera iritsi ginen (udaberrian garoaz betea egoten da). Hemendik dagoeneko "Jannu" bideak jarraitzen duen gandorra ikusi genuen.

Zelaian, dagoneko "Jannu" bidea begi bistan.


Zelaiaren amaieran, berriro ere basoan sartzerakoan, bidearen ezkerrean dagoen haritz batean PR marka bat ikusi genuen. Haritz honetan galtzada utzi beharko dugu.

Haritzera iristen eta hemendik gora jarraitu behar den bidea.


Haritzaren ondoan, nondik jarraitu pentsatzen.


Galtzada utzi eta mendian gora ezkerrerako joerarekin hasi ginen.

Galtzadatik mendian gora egindako lehen metroak.


Ezkerrera egindako 15 metro ingururen ondoren, basoaren mugatik gertu goraka zuzen jarraitu genuen garo artean bidea irekiz. Harkaitzetara hurbiltzen ari ginela ikusi genuenean ezkerrera hartu eta, basoan 30 metro eskas diagonalean egin ondoren, bidearen oinera iritsi ginen.

Basoan, bidearen oina bistan dugula.


Lehen luzearen paraboltak harkaitzaren ertzean eta bidearen oinean herdoildutako guraize batzuk ikusiko ditugu. Denera, Otietatik bidearen oinera 20-25 minutu inguru pasa genuen, lasai ibilita.

DESKRIBAPENA

Etxetik gertu izanda, normalean baino beranduago gelditu eta, aspaldiko partez, larunbat batean zazpiak eta erdi baino beranduago jaikitzeko aukera izan nuen.

Otietako aparkalekuan kotxea utzi ondoren, denbora luzea galdu gabe motxilak hartu eta martxan jarri ginen: "etxen zalantzan izan naiz 30 metrotako bi soka fin ekarri edo 30 metrotako deportibako soka zaharra" esan nion Asierri, "azkenen deportibakoa ekarriet, luzek nahiko zuzenak omen dielako". "Ea Reversotio zemuz dijon" erantzun zidan.

Hego haizearen eraginez hotzik ez izan arren, bidearen  oinera zapatilak hezeak genituela iritsi ginen: "ehiztarik dale ke te pego ai die" esan zidan Asierrek bidelagun izan genituen tiroei erreferentzia eginez. "Ordu hontan ziurrenik birigarrok ibilikoie" erantzun nion.

Materiala prestatzen genuen bitartean lehenengo luzea aztertzen aritu ginen: "helduleku onak dittula emateo" esan nion Asierri, "baña azpitio dena errex ikustea". "Bai" erantzun zidan, "halere hemendio norbait pasagabe daula emateo paretan armiarma sare ta goroldioa daulako".

Asierrek arrazoia zuen. Helduleku askotan armiarma sareak eta horma leku askotan goroldioz estalita zegoen: "ea ezdeten irris itten" esan nion eskalatzen hasi baino lehen.

Lehen luzea, 15 metro, 5c. Azpitik bertikala iruditu arren luzeak denbora osoan atzeraka egiten duen horietakoa da. Eskuak magnesiodun poltsan sartu ondoren eskalatzen hasi nintzen. Esku eta oinentzat helduleku ederrak dituen arren, luzeak ez du atsedenik ematen eta denbora osoan indarra eginez igo beharra dago.

Lehenengo bi paraboltetara nahiko erraz iritsi nintzen. Bigarrenetik gora hormak zertxobait gehiago atzeraka egin eta, oinak non jartzearen zalantzekin batera, besaurreetan azido laktikoa pilatzen joan zen: "gaur ez naiz ba expressera heldu behar" pentsatu nuen besaurretako minari eutsiz.

Lehenengo luzea azpitik ikusita.


Laugarren paraboltaren ondoren atsedena hartzeko aukera eman zidan erlaitz batera iritsi nintzen. Erlaitzaren gainetik dagoen paraboletik expressa jarri, soka pasa eta, oinak ongi kokatu ondoren, bi besaurreak astindu nituen odola iritsi ahal izateko.

"Zemuz dijo?" galdetu zidan Asierrek. "Konstantea" erantzun nion, "eztizu atsedenik hartzen uzten, ea hemendio gora zemuz".

Segundu gutxi batzuk iraun zuen "atsedentxoaren" ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Erlaitza eta bilgunearen arteko tartea, nahiz eta atzeraka egiten jarraitu, errazagoa iruditu zitzaidan. Hala ere, ordura arte egindako esfortzua somatu eta hormatik besaurreak gogor-gogor nituela atera nintzen, harkaitz batean bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Lehenengo bilgunea.


Bilgunea muntatu eta Reversotik 10,5 milimetroetako soka nekez pasa nuenean sokaren aukeraketan egindako hanka-sartzeaz ohartu nintzen. Izugarri kosta zitzaidan soka berreskuratzea eta soka tiran arituko banintz bezala aritu nintzen, esku batekin soka jaso eta bestearekin tira eginez.

Asier erlaitzetik gora dagoen tartetik ateratzen.


"Luze explosiboa, eh?" esan zidan Asierrek. "Joer, ia gehio nekau naiz soka jasotzen eskalatzen baño, jejeje" esan nion zainez puztutako besaurreak erakutsi nizkionean, "beste sokak ekarri izan banitu hobe, baña oain soluzioik eztau".

Bilgunearen gaineko goroldioan egindako argazkia.


Asierri jarri gabeko express zinta parea eman eta denbora askorik galdu gabe eskalatzen jarraitu zuen.

Bigarren luzea, 25 metro, 5b. Asierrek eskalatzen jarraitu zuenean soka ematea askoz errazago zela ikusi nuen: "gutxiñez soka emateko hain zaile eztauuuu!!!" bota nion.

Bilgunetik ertz antzekoa osatzen duten bloke handi batzuen gainetik 5-6 metro jarraitu ondoren, aurrean dagoen horma bertikalaren oinera iritsi zen bertan dagoen paraboltetik aseguratuz.

Lehenengo paraboltaren parean.


Goroldioz estalitako harkaitz baten arrailaren laguntzarekin eskalatzen jarraitu, bloke txiki batzuk eskalatu eta horma bertikala bihurtzen den erlaitzera iritsi zen.

Erlaitzean.


Leku beretik lehen bilgunera egindako argazkia.


Erlaitzetik gora, nahiz eta horma oso bertikala izan helduleku ederrak ditu eta asko estutu gabe igotzen jarraitu zuen sabai baten azpira iritsi arte. Sabai honetan dago luzearen pausurik zailena.

Soka geldirik zegoela sentitzen nuen, Asier pausua nondik eskalatu ongi aztertzen ari zenaren seinale. Segundo batzuen ondoren soka poliki-poliki mugituz, luzea amaitzen den orratzaren gainera igo eta lurrean bi paraboltez osatutako bilgunea iritsi zen: "reunionnnnn!!" esan zidan talkietik. Soka Reversotik askatu eta "libreeee" erantzun nionean "luze hau zenbatekoa da?" galdetu zidan. "Kinto b" erantzun nion, "ze ba?". "Eztakit ba baña aurreko luzea baño gorragoa iruittu zait" erantzun zidan. Soka jaso eta igotzen hasteko eskatu zidanen bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.

Bilgunetik atera aurretik egindako argazki "artistikoa".


Bigarren luzea lehenengo paraboltetik gora ikusita. Sabaia non dagoen argi ikusten da.


Sabaiaren arteko tartea V mailako zailtasunean egon zitekeela iruditu zitzaidan, bertikala baina gogorra izan gabe. Sabaiaren azpira iritsi nintzenean, soka nondik zihoan ikusi eta pausua gogorra izango zela pentsatu nuen: "hemendio gora dijo? galdetu nion Asierri. "Bai" erantzun zidan bilgunetik, "nik gora zuzen jo det pasoa aseguratzen duen parabolta eztelako azpitio ikusten".

Aurreko luzea erreferentzi bezala hartuta, pausu honetan izugarrizko heldulekuak izango nituelakoan eskalatzen jarraitu nuen. Sabaiaren pausua motza baina gogorra iruditu zitzaidan, gainera eskuentzat dauden heldulekuak ez dira oso handiak eta behatzetatik ongi tiratu behar da. Besaurreak berriro ere puztuta nituela bilgunera iritsi nintzen: "joer, a ze meritue tetxu gañen parabolta nun zegoen jakin gabe zuzen jotzea" esan nion, "Hasieran eskubiagotio ematekotan izan naiz baña azkenen gora jun ta parabolta ikusietenen ondo nijola pentsau det" erantzun zidan.

Aurreko luzea erreferentzi bezala hartuta, pausu isolatu hau 5c ere izan zitekeela pentsatu genuen. Bigarren bilguneko paraboltetatik mailloi bat eta altzairuzko uztai handi bat jarrita daude, orratzatik aurrera errapelatu nahi izanez gero errapelatzeko.

"Mendia eta eskalada" blogean errapel motz hau egin eta hirugarren luzea orratzaren azpitik aseguratzea hobe dela jartzen duenez, guk horixe egin genuen.

Errapelak 3-4 metro izango ditu. Gure kasuan, soka altzairuzko uztaietik pasatu eta Asierrek bilgunetik jaitsi ninduen. Behin lurrean, nik bera jaisten saiatu arren soka nonbaitean trabatzen zela ikusi genuen. Pare bat saiakeren ondoren Asierrek sokatik askatu, nik soka jaso eta, azpitik eutsiz, Asierrek orratza destrepatu zuen.

Hirugarren luzea, 27 metro, 4c. Asier nengoen lekura iritsi zenean soka ongi zegoela ikusi eta eskalatzen jarraitu nuen.

Hirugarren luzearen nondik norakoak. Argazkia bigarren bilgunea dagoen orratzaren gainetik egina dago. Asier bigarren bilgunean ikusi daiteke.


Metro batzuetan txilarrez estalitako ertz zabala zuzen jarraitu eta parean nuen hormaren eskuinaldera jo nuen bertan dagoen arraila eskalatzeko. Arrailak zertxobait atzera botatzen duen arren helduleku paregabeak ditu eta bi paraboltez babestua dago.

Okerrena arrailatik ateratzea izan zen: "joer hau dena sasi, txilar ta belarrez betea dau" esan nion Asierri. Harkaitzean heldulekurik gabe, Aizkorrik askotan aritzen garen moduan, belar eta sastraketatik tiraka arrailetik atera nintzen.

Arrailaren gaineko erlaitzetik behera egindako argazkia. Bigarren bilgunearen kokalekua eta bertatik egiten de errapel motza adierazi ditut. Ikusten denez erlaitz osoa begetazioak hartua dago.


Krokisetik banekien luzeak erlaitzaren ezkerrean dauden harkaitztetatik gora jarraitzen zuela. Honetarako, sasien gainetik metro pare bat ezkerrera jo eta eskalatzen nondik jarraitu aztertzen aritu nintzen dena txilar eta sasiez beteta baitzegoen.

Erlaitzean eskuin-ezkerreko zeharkalditxoa egiten.


"Eskubitio ez da hobe?" galdetu zidan Asierrek bilgunetik. "Buenooo, dena sasiz beteta dau ta krokisen harkaitz hauetan bi parabolt omen darela jartzeo" erantzun nion.

Txilar eta sasiekin borrokan harkaitzetara igo eta eskalatzen jarraitu nuen gain batera iritsi nintzen arte. Krokisean azaltzen diren bi paraboltak ez nuen topatu baina hala ere tarte hau eskalatzeak zailtasunik ez duela iruditu zitzaidan.

Gainetik 3-4 metroetara harkaitz batean bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuen: "asko falta zaizu?" galdetu zidan Asierrek talkietik, "bost-sei metro soka geatzen dieta". "Reunioa bertan dauket" erantzun nion, "3-4 metrota".

Asier hirugarren luzeko gainan.


"Goien omen daren paraboltak ikusituzu?" galdetu nion bilgunera iritsi zenean. "Ez, ta propio begira jun naiz" erantzun zidan, "kriston txilar pila dau".

Hirugarren bilgunean. Puntu zuriz laugarren bilgunetik hirugarrenera iristeko egin behar den destrepadatxoa.


"Bueno azkeneko luzea" esan nion Asierri. Hasiera batean zalantzan izan ginen laugarren luzea hormaren zein aldetik zihoan baina azkenenean eskuin aldera pasa eta paraboltak ikusi genituen: "ta lehenengo paraboltetio txintxilik aseguratzen baizut?" esan nion Asierri, "bateze sokak ez tiratzeko". "Ba ez da txarra" erantzun zidan, "ta zutik eoteko lekuere eztu txarra ematen".

Bitan pentsatu gabe lehen paraboltetik express zinta bat pasatu eta, goiko mosketoiatik zinta luze bat pasa ondoren, harkaitz eroso baten gainean erdi zintzilik jarri nintzen.

Hirugarren "bis" bilgunetik hirugarren bilgunera egindako argazkia.


Hirugarren "bis" bilgunean.


Asier nengoen lekura jaitsi eta material guztia hartu ondoren azkeneko luzea eskalatzen hasi zen.

Laugarren luzea, 20 metro, 6a. Luzeak, atzeraka egiten duen horma ezker eskuin zeharkatzen du. Lehen metroak, bidearen lehen luzean bezala, ez dira gogorrak baina denbora osoan indarra eginez joan behar da. Asierrek eskuak baino oinak non jarri eskalatzen joan zen: "kanposantun eskalatzea bezela da" esan zidan Beasaingo hilerriko hormari erreferentzia eginez.

Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren, hirugarrenetik aseguratzeko zertxobait igo eta sabaitxo baten parera iritsi zen.

Hirugarren paraboltetik aseguratu ondoren sabaitxoaren parean.


Hasieran zalantzan aritu zen sabaitxoaren azpitik zeharkaldiarekin jarraitu edo bere ezkerretik zertxobait igo ondoren eskuinera pasa. Bitan pentsatu gabe gora zuzen jarraitu eta metro pare bat eskalatuak zituenean okerreko aukera hartu zuela konturatu zen: "Ajjj, ezta hemendio" esan zidan. Paraboltera kontu handiz itzuli eta sabaitxoaren azpitik pasatuz zeharkaldiarekin jarraitu zuen.

Sabaitxoa ezkerrean utzi ondoren zuzen gora eskalatzen jarraitu zen bigarren sabai baten azpian dagoen parabolta arte. Bertatik express zinta eta soka pasa, ezkerrera metro eta erdi diagonalean eskalatzen jarraitu eta, diedro antzeko bat zuzen eskalatuz, hormatik atera zen. Bilgunea hormaren gainean dagoen harkaitz bloke batetik pasatako zintarekin muntatu zuen.

Hormatik ateratzen.


"Lehenengo luzen antzekoa iruittu zait" esan zidan bilgunetik, "nik ustet ondo atakozula". Hori entzuteak animatu ninduen eta igotzen hasteko esan bezain pronto eskuak magnesio hautsetan sartu eta eskalatzen hasi nintzen.

Asierren moduan oinak non jarri joan nintzen zeharkaldiari metroak janez. Ongi nindoan, baina lehen bi luzeetan besaurreei emandako astindua somatzen hasi nintzen. Lehenengo sabaitxoa zeharkatu nuenerako besaurreak gogor-gogorrak nituen.

Bi sabaitxoen arteko zatia da zatirik zailena. Eskalatzen hasi aurretik ahal izan nuen moduan besaurreei atseden ematen saiatu nintzen. Hala ere bigarren sabaia babesteko dagoen paraboltera iritsi nintzenean besaurreak berriro ere guri-guri nituen. Express zintaren mosketoia askatzeko ia indarrik ere ez nuen eta behatzek amore ematen hasi zirenean Asierri eusteko eskatu nion sokatik zintzilik geldituz:"Bufff, petauta nau" esan nion, "nahizta hankak nun jarri beitu, azkenen besotatik tiraka igo naiz".

Segundo batzuetan atseden hartu, soka askatu, express zintatik tira egin eta, zinta arnesetik zintzilikatu nuenean, besoetatik tira egin nuen.

Besaurrekoetako mina hortzak estutuz jasanez, azkeneko metroak eskalatu eta bilgunera iritsi nintzen. Bilgunetik atzean utzi eta hormaren bestaldera pasa nintzen erosoago egoteko.

Hormaren bestaldetik laugarren bilgunera egindako argazkia.


"Buff, aspaldi sokan korapiloa ez zitzaidala hainbeste askatzea kostatzen" esan nion Asierri korapiloa askatu nahian nenbilela. "Hoi estutu dezun señale da", erantzun zidan. "Ya te digo, pena eman dit azkeneko luzen petatzea, beste bateako indarrak ondo gorde beharkoittut".

Traste guztiak lasai-lasai jaso eta motxilak prest genituenean jaisten hasi ginen.

Bidearen oinera itzultzeko lehenik hirugarren bilgunera jaitsi behar da. Honetarako, laugarren bilgunea doan horma gure ezkerrean utziz destrepe erraz batzuk egin genituen.

Jaisteko prest.


Hirugarren bilgunera eramaten duen destrepean.


Krokisetan hirugarren bilgunearen eskuinean (beherako norantzan) dagoen urkitik 30 metroetako errapel bat egitea badagoela jartzen duen arren, guk ez genuen argi ikusi, berez errapela amaitzen den lekua sasi zulo bat delako. Hala ere errapel hau ezin izango genuen egin 30 metroetako soka bakarra genuelako.

Guk bilgunea atzean utzi eta, hirugarren "bis" bilgunearen ondotik pasatuz, ezker aldera zeharkaldi bat egin genuen hormaren azpira jaitsiz.

Hirugarren bilgunetik behera jaisten.


Behin "lurrean", "Jannu" bidea gure eskuinean utziz, ahal izan genuen leku garbienetik jaisten jarraitu genuen, garo, sasi, sastraka, eroritako zuhaitz eta zuhaixken gainetik.

Bigarren luzearen azpian


Hanka guztiak sasiengatik urratuta bidearen oinera iritsi ginen: "joer urrengoako galtza luzek eta sasik mozteo goraizak ekarri beharkoitteu" esan nion Asierri. "Ya te digo" erantzun zidan, "notatzea bide hau aspaldi eztuela eskalau".

Bidearen oinean berriro ere.


Hemendik behera igoeran jarraitutako bide bera jarraitu genuen, garoen artean bidexka egina genuela aprobetxatuz. Behin galtzadan jaitsiera azkarragoa izan zen, kotxea utzitako aparkalekura di-da batean iritsiz.

"Pena bidea garbie ez egotea, bestela kriston bide earra da" esan zidan Asierrek kotxean sartu zenean. "Ya te digo" erantzun nion "bidea sasi ta txilarretio garbittuzkeo kriston bide elegantea geldituko zen". Bidea orokorrean asko gustatu zitzaigun, errepikatzeko modukoa eta erabat gomendagarria, baina bidea gehiagotan errepikatzen ez bada txilar eta sasiek azkenean erabat estaliko dutenaren susmoa daukat. Animatu benetan merezi du eta!!!!!!!


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07