blogak

Smithyrenbloga

LAKUNTZA: ESPILLETAKO ORRATZEN ZEHARKALDIA, 205 metro, IV+. 2018/04/15 eta 2018/04/22

Aralarrek Nafarroako Sakanarekin batzerakoan kareharrizko horma luzea osatzen du. Horma honetan, Laieneko Haitza, Aiztondo, Madalen Haitza eta Bi Ahizpetan, besteak beste, eskalada eskolak dauden bitartean, zatirik handienean ez da eskaladaren inguruko deskribapen edo azalpenik aurkitzen. Aipatutako eskalada eskola hauetatik kanpo dauden guneak dira aspalditik begiak jota ditugunak, Altsasu eta Irurtzun arteko A-10 errepidetik itxuraz eskaladarako interesgarriak izan daitezken horma eta orratzak ikusten baitira: “hor ezer irikita ez badau, harkaitze txarra edo debekauta daulako izangoa ”, pentsatzen genuen. Nafarroako Gobernuak 2018ko apirilaren 13an argitaratutako kirol jarduerak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait harkaiztitan” 80/2018 ebazpenean, eremu honen inguruko debekurik ez genuen topatu, Irañeta - Madalen haitza harkaiztian izan ezik. Hemen, martxoak 1 eta irailak 15 artean ezin da eskalatu. Hau irakurrita, horma hauetako harkaitza oso txarra izango zela buruan sartu zitzaigun. Baina hau baieztatzeko bertara hurbildu beharko genuen.

A-10 errepidean egindako joan etorrien poderioz, horma hauetako proiektu ezberdinak itsura hartzen joan ziren. Hauetako bat Lakuntzako San Sebastian baselizaren ipar eta Laba mendiaren hegoaldean kokatzen den horman zegoen. Basoaren gainetik altxatzen den kareharrizko horma honen eskuinean (ekialdean) hiru orratz nabarmentzen dira. Nafarroako mapa toponimikoan bila aritu eta leku hau Espilleta bezala izendatzen dela topatu arren, orratzek izen propiorik baduten ez dugu orain arte topatu, hortik “Espilletako orratzak” bezala izendatzea.

Argazki honetan San Sebastian baseliza (ezkerrean) eta Espilletako orratzak (eskuinean) ikusi daitezke.


Gure proiektua Espilletako hiru orratzak hego-ipar noranzkoan eskalatuz lotzea zen. Proiektu hau apirilak 15 eta 22 artean aurrera atera genuen. 15ean miaketa lanetan aritu ginen batez ere, hiru orratzak leku ezberdinetatik aztertuz. Miaketaren ondoren lehen eta bigarren orratzak eskalatzeko denbora izan genuen. Apirilaren 22an aldiz, hiru orratzak lotzea lortu genuen. Bi egunen arteko ezberdintasun bakarra lehen orratzaren eskaladan izan zen, lehenengoan orratzaren ezker gandorra eta bigarrenean eskuinekoa eskalatu baikenuen.

Apirilak 15eko miaketa lanetan, argazkian lehen orratza ikusi daiteke.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 205 metro.
- Luze kopurua: 5 edo 6 lehen orratza  nondik eskalatzen den arabera.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: IV+. Lehen orratza ezker gandorretik eskalatzen bada: 1ºL: IV- (35 m), 2ºL: III+ (25 m), 3ºL: IV- (35 m), 4ºL: II-III (50 m), 5ºL: IV+ (35 m) eta 6ºL: IV (25 m). Lehen orratza eskuin gandorretik eskalatzen bada: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: IV+ (30 m), 3ºL: II-III (50 m), 4ºL: IV+ (35 m) eta 5ºL: IV (25 m). Bidearen zailtasuna ekidin daitezken pausu isolatuetan dago.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Arruazu herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15 minutu inguru.
- Jaitsiera: Hirugarren orratzaren iparreko lepora jaitsi (ageriko destrepe bat egin beharko dugu) eta hemendik eskuinera (ekialdera) joko dugu. Errazak diren destrepetxo batzuen ondoren, bigarren eta hirugarren orratzen arteko lepora iritsi (bertan, animalien pausua ekiditeko xafla batzuk jarrita daude) eta, xaflak zeharkatu gabe, hemendik ekialdera doan bidexka jarraitzen hasiko gara. Bidexka hau orratzen ekialdeko hormatik gertu jaisten da igoerako bidearekin bat eginez. Hirugarren orratzaren iparreko lepotik San Sebastian baselizara 30 minutu eskas pasa genituen.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu (fisurero) jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2 ordu eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISAK

Argazki honetan zuriz hurbilketa, gorriz eskalada eta urdinez jaitsiera ikusi daitezke.


Hiru orratzen zeharkaldia gertuago ikusita.


Lehen orratzaren eskalada ezker gandorretik. Krokis zehatza.


Lehen orratzaren eskalada eskuin gandorretik. Krokis zehatza.


Hirugarren orratzaren eskaladaren krokis zehatza. 


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Kotxea Lakuntzako San Sebastian baselizan utziko dugu. Iruñeko noranzkoan bagoaz A-10 errepidea 14garren irteeran (Arruazu) utzi beharko dugu, Iruñetik bagatoz aldiz, 13garrena. 14garren irteera hartu eta herrira iritsi baino lehen, ezkerrera doan errepidea jarraituko dugu A-10 errepidearen azpitik pasatuz. Hurrengo bidegurutzean eskuinera hartu eta, NA-2410 errepidea 100 metro eskas jarraitu ondoren, ezkerrera doan errepide estua hartuko dugu trenbidearen gainetik doan zubia zeharkatu eta Albi gaztandegira iritsiz.

Albi gaztandegira (argazkian eskuinean) iritsi aurreko zubitik egindako argazkia.


Gaztandegian bi aukera ditugu: errepidetik jarraitu nahi badugu, ezkerrera hartuko dugu eta metro batzuen ondoren eskuinera. Errepidetik atera gabe San Sebastian baselizara iritsiko gara zuzen-zuzen. Bigarren aukera gaztandegitik hormetara zuzen doan lurrezko pista hartzea da hurrengo bidegurutzean ezkerrera hartu eta errepidearekin bat egiteko.

San Sebastian baseliza eta honen atzean hiru orratzak.


Baselizaren ekialdean, arkupe txikiaren azpian, tximini, parrilla eta, honen ondoan, 3-4 ibilgailu uzteko lekua dago.

Kotxea uzteko lekua.


Argazki honetan A-10 errepidetik San Sebastian baselizara jarraitu beharreko bideak ikusi daitezke.


LEHEN ORRATZAREN OINERA IRISTEKO

Baselizaren ekialdetik gora doan lurrezko pistan 40-50 metro eskas ibili ondoren eraikin batera iritsiko gara.

Hurbilketaren lehen metroetan.

Baseliza uzten...


Eraikinera iristen.


Eraikina ezkerretik inguratu eta ipar hormaren ondotik ekialdera doan bidexka hartuko dugu basoan sartuz.

Eraikinaren ipar horman hasten den bidexkaren lehen metroetan.


Metro batzuen ondoren, bidexkak bide zabal batekin bat egiten duenean, eskuinera joko dugu maldan behera hasiz. Bide zabala azpian ikusten den lurrezko pista batera iritsi behar denean utzi eta ezkerrera berriro ere basoan sartzen den bidexka hartuko dugu egurrezko pasabidea duen arantzadun hesi batera iritsiz.

Bide zabala uzten den lekuan.


Hesiaren bestaldera pasa eta, bidexka utzita, ezkerrera (iparrera) joko dugu metro gutxietan lehen orratzaren oinera iritsiz.

Egurrezko pasabidera irsiten. Pasabidea gurutzatu eta ezkerrera joko dugu.


DESKRIBAPENA

Deskribapenean lehen orratzari egindako bi eskaladak azaldu ditut. Lehen orratzetik aurrera kontaketa bakarra dago.

Lehen orratzaren eskalada ezker gandorretik, 2018/04/15.

Orratzei egindako lehen bisitan Asierri luzea hasteko eskatu nion: “nahizun bezela” izan zen bere erantzuna.

- Lehen luzea, 35 metro, III-IV. Luzea plaka trinko, etzan, itsasgarri eta erraza eskalatuz hasten da (II).

Lehen luzearen lehen metroen nondik norakoak azpitik ikusita.


Diedro txiki baten itsurako harlauza gure eskuinean utzi ondoren, harlauzaren gainera igo eta plaka tentetuz doa (II-III) sabai txiki batera iritsi arte. Ordura arte, harkaitz zubi txiki batetik pasatako zinta-uztai bakarra nuen aseguru moduan, plaka hain trinko izanda auto-babeserako ez bainuen aukerarik topatu. Sabaitxoaren azpira hurbildu eta, oso zaila ez zirudien arren (IV inguru), sabaitik gorako harkaitzaren kalitatearen beldurrez sabaiaren eskuinetik (III-III+) eskalatzen jarraitu nuen: “gero zuzen eskalatzen saiauko naiz” esan zidan Asierrek. Harkaitzak askeak daudela dirudien arren, ongi eusten dute eta, harkaitz-zubi batetik zinta-uztai bat pasatuz, pausu hau uste baino errazago eskalatu nuen.

Sabaitxoa eskalatuta gandorrera jo nuen arte batzuetara hurbilduz.

Gandorrean, argazkian luzearen hasierako sabaitxoa ikusi daiteke.


Hasiera batean bilgunea hemen muntatzear izan nintzen arren, Asierrek oraindik soka nahikoa nuela esan zidanean, arte baten enborretik zinta-uztai bat pasatu eta hemendik gora doan plaka bertikal eta trinkoa ertzetik eskalatzen jarraitu nuen (IV-). Auto-babeserako aukera handirik ez badu ere, plakaren erdian izugarrizko harkaitz zubia dago. Plaka bertikala eskalatuta, erlaitz eroso batean, iltze zahar bat topatu nuen: “hemen iltze zahar bat dau” esan nion Asierri, “banengoen ba hemendio norbait eskalatzen pasata izango zela” erantzun zidan.

Iltzea eta erlaitzaren ezkerreko arte txikien enborrak aprobetxatuz bilgunea muntatu nuen.

Lehen bilgunea.


Asierrek sabaitxoa zuzen eskalatu eta, aurreikusi bezala, IV zailtasunaren baitan izango zela baieztatu zidan: “harkaitza oso ona, eh?” galdetu nion. “Ya lo creo”, erantzun zidan, “ea hemendio gorakoa zemuzkoa den”.

Sabaia eskalatu ondoren.


Asierri soberan nuen materiala pasatu eta eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 25 metro, II-III. Materialaren txin-txinaren hotsaren artean, Asierrek gandorraren ertzetik (III) jarraitu zuen.

Bigarren luzearen lehen metroetan harkaitz-zubi batean aseguratzen.


Lehen metroak bete eta gandorra etzaten hasten den lekuan (II) bistatik galdu eta haize zakar bat altxatu zen: “Asier, etzaitut ikusten ta bakarrik talkitik aittukoizut” ohartu nion. Bilgunetik ikusten den harkaitz bloke handiaren azpira iritsi zenean, bloke hau segurtasun osoz babestu ahal izateko, gandorretik eskuinera 2-3 metro atera eta bilgunea bertako zuhaitz batean muntatu zuen: “ondo indezu” esan nion bilgunera iritsi nintzenean, “ze azpitio ez nizun ez ikusi ezta aitzen ere, ta gañea haize honekin aseguratzekore ez nintzen ondo ibiliko”.

Bigarren bilgunean, gainean harkaitz bloke handia.


“Fijau zea pareta hortan?” galdetu zidan irtengunea seinalatuz, “nik esango nuke pertsonek induela”. Asierrek adierazten zuen lekura begiratu eta zur eta lur gelditu nintzen. Harkaitz blokea estalitako zulo handi bat zela zrudien, harri eta porlan edo lurrez estalitako zuloa. “Gañea ertzen daun blokea ere esango nuke zementukin pegauta daula” esan zidan. Harkaitz blokera hurbildu eta hala zirudiela baieztatu zidan. Miaketa honetan ari zela, irtengunearen eskuin aurpegiaren (igoerako noranzkoan) oinean bigarren iltze bat topatu genuen: “joer ba honaño igo dena harrizko horma hau ittekore bauke meritue” esan nion. “Ez dakit hemengo bloke ta harkaitzek eusteko edo animalik hemendio behera ez eroitzeko inda eongoan” esan zidan Asierrek.

Harkaitz blokea nondik eskalatu begiratzen. Argazkian iltzearen kokalekua adierazita dago.


Itsuraz porlanez jositako harkaitz blokea.


Harkaitz blokeari begira ari ginela nik babuino tximuaren buruaren itxura hartzen niola esan eta biok barrez hasi ginen.

Blokea alde batetik ikusita. Ez al dauka babuino baten buruaren antzik? Jejeje.


Harrizko horma eta blokea porlanez eutsita egoteak harkaitz blokea ertzetik eskalatzeko ideia kendu zigun. Hau ikusita, honen eskuineko plaka trinkoa eskalatuz jarraituko genuela erabaki genuen.

- Hirugarren luzea, 35 metro, IV-. Asierrek harkaitz blokearen eskuineko plaka eskalatu (III) eta honen gainera igo zen.

Plakaren erdian.


Plaka eskalatu ondoren.


Berriro ere gandorrean, bi aukera genituen: eskuinera jo, harkaitz bloke batzuk eskalatu eta gandorretik jarraitzea, edo harkaitzek osatzen duten erlaitz antzeko batetik arte batzuetara zuzen jarraitzea: “eskubiko aristako harkaitza hemengoa bezelakoa bada, arista hoi eskalatzen deunen eskubiko aukera eskalauko deu” esan nion Asierri. Bera ere zuzen jarraitzea nahiago zuela esan zidan.

Zuzen jarraituz arteen artean sartu eta eskuinera jo zuen 3-4 metro inguruko hormatxoa eskalatu ondoren gandorrera iristeko (IV- zailtasuneko pausu bat).

Asier gandorrean.


Behin gandorrean, metro erraz batzuk egin eta, zuhaixka batzuen azpiko harkaitz zubi handi bat aprobetxatuz, bilgunea muntatu zuen.

Hasierako plaka eskalatu ondoren arteetara zuzen jo genuen lekuan. Leku honetan eskuinera hartuz gero eskalada garbiago bat eginez gandorrera iritsiko gara


“Oaingoz ze ona, ez?” bota nion bilgunera iritsi nintzenean. “Ba bai, pentsatzenun harrie Oilaxkakoa bezelakoa izango zela” erantzun zidan Madalen Haitzaren hegoaldeko Oilaxka orratzetan pasatako estutasunak gogora ekarriz: “beno, ea hirugarren orratzaño iristegean” bota nion bilgunetik atera aurretik.

Lehen orratzaren eskalada eskuin gandorretik, 2018/04/22.

- Lehen luzea, 40 metro, IV. Joan zen astean bezala, Asierri luzea nik hastea eskatu nion: “eskalatzaile profesionalek bidek irikitzen dituztenen gu baño material gutxio eramaten due” esan nion irribarretsu. “Bai, baña hoik eroitzeien lekutan erorketa garbie izatea, gurea aldiz…” erantzun zidan. Luzea harkaitz oneko plaka trinko eta inklinatua eskalatuz hasten da, oinekin bakarrik eskalatu daitekeen horietakoa. Auto-babeserako aukera handiak dituen arren, plaka erraza izanda, ahalik eta seguru gutxien jartzea pentsatu nuen, modu honetan soken marruskadura gutxitzeko.

Luzean jarritako lehen asegurua jartzen.


Luzearen erdian gutxi gora behera eskuinetik zailtasunik gabe ekidin daiteken 2-3 metro inguruko hormatxo bertikala dago eta honen oinera iritsi aurretik eskalatu beharreko irtengune motz bat. Irtengunea eskalatzen ari nintzela eskuin oina jarria nuen harria askatu eta plakan behera erori zen: “a ze sustoa eman diazun!!!!” esan zidan Asierrik. “Lasai, ez larrittu” erantzun nion “beste hanka ta eskuk ondo eutsita neuzken”.

Hormatxoaren oinetik behera egindako argazkia.


Hormatxoan zeuden harkaitz solte pare bat kendu eta, seguru bat jartzeko leku bat topatu ondoren, bertako helduleku onak aprobetxatuz, erditik eskalatu nuen (IV).

Hormatxoa eskalatzen.


Hormatxoa eskalatuta, arte nabarmen baten azpira iritsi nintzen: “oaindio soka asko dauket?” galdetu nion Asierri. “Bai, oaindio bai” erantzun zidan. Gora begiratu eta artearen eskuinetik jarraituz gero aurretik nuena zailtasunik ez zuela ikusita, ezkerrera metro batzuk egin eta kanal batzuk dituen plaka trinko eta etzana eskalatzen jarraitu nuen (II-III). Artearen ezkerretik pasatu, bertako enborrean zintai-uztai bat jarri eta, zailtasun guztiak amaituta, “babuino” itsura duen harkaitz blokearen pareko erlaitz erosora iritsi nintzen. Bertako plakan, bi harkaitz-zubi elkartuz bilgunea muntatu nuen.

Lehen bilgunea.


Asier hormatxoa eskalatu ondoren.


Argazki honetan lehen bilgunearen kokalekua eta arte nabariaren ezkerreko plaka inklinatuaren azken metroak ikusi daitezke. Ezkerrean, adar artean, babuino itxurako harkaitz blokea ikusi daiteke.


- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Asierri materiala pasa eta eskalatzen jarraitu zuen. Luzeak zuzen jarraitzen du harkaitz oneko plaka inklinatu batetik. Bilgunetik atera eta 8-10 metro ingurura eskuinetik ekidin daiteken sabai txikia dago. Asierrek harkaitz onekoa zela baieztatu eta zuzen eskalatu zuen (III+).

Sabaitxoa eskalatu ondoren.


Sabaitxoa eskalatuta, zuzen eskalatzen jarraitu eta bilgunetik nabaria den horma bertikalaren oinera iritsi zen. Horma eskuinetik saihestu daitekeen arren, Asierrek, bertako heldulekuak aztertu eta “zuzen ematen saiau behar naiz” esan zidan, “kantoa oso ona dauke”.

Heldulekuak sendoak zirela ongi begiratu eta gorputza altxatu ondoren, atzeraka egiten duen horma zailtasunik gabe eskalatu zuen (IV+). Gero ikusiko nuen bezala pausu hau babesteko arteka-trabagailu bat trabatu daiteken harkaitz-zubi txikia dago.

Horma eskalatzen.


Hormatik ateratzen.


Horma eskalatuta gandorrera igo eta, metro batzuen ondoren, bilgunea joan den astean muntatutako leku berean muntatu zuen.

Gandorretik lehen bilgunera egindako argazkia, eskuinean ezker gandorra ikusi daiteke.


Luzea oso ona iruditu zitzaidan eta hormaren eskalada, nahiz eta atzeraka egin, elegantea. Hormaren eskalada errazten duen oinetarako helduleku paregabea dago eta eskuen heldulekuak ere oso onak dira. Nire kasuan, altuagoa izanda, ezker besoa luzatu eta erdi-aske dagoen harkaitz bat heldu nuen, pausuari emozio pixka bat emanez. Gandorrera igo aurretik lurrera begiratu eta “hemen iltze bat dau” esan nion Asierri. “Eztet ba ikusi” erantzun zidan, “aurretio igo zienak aristatio eskalauko zuen ta ez gu jun dan asten bezela”.

Gandorreko iltzea, atzean ezker gandorra.


Bigarren bilgunea.


- Hiru edo laugarren luzea, 50 metro, II-III. Hemendik aurrera kontaketa bakarra da. Luzeen zenbaketa lehen orratza eskalatutako aukeraren araberakoa da.

Bilgunetik atera eta gandorraren eskuinetik zeharkaldia eginez jarraitu nuen gandor gaineko zuhaixkak ekidinez.

Zeharkaldiaren lehen metroetan.


Zuhaixkak atzean utzi bezain pronto gora jo eta lehenen orratzaren gailurrera iritsi nintzen. Bertako arte txiki baten enborretik zinta-uztai luzea pasatu eta aurrera jarraitu nuen, gandorraren ertzean ahalik eta gehien mantendu eta bigarren orratzaren gailurrera iritsiz. Zeharkaldi hau ez zitzaidan zaila iruditu (II) baina, komeni da soken marruskadura ekiditeko seguru gutxi jartzea. Gure kasuan, luze osoan hiru seguru jarrita ere soken marruskadura sentitu genuen. Aukeran luzea hau “ensanble” moduan eskalatuz gero, erosoago izango daiteke.

Bilgunea bigarren orratzaren gailurreko bloke baten ingurutik pastako zinta-uztai eta artaka-trabagailu batekin muntatu nuen.

Bigarren orratzaren gailurrean muntatutako bilgunea.


Bigarren orratzaren gailurrera iritsi nintzenean, hirugarrenaren gailurrean atseden hartzen ari zen putre taldea hegan hasi zen. Putre bakarra gelditu zen hegan atera gabe eta honek harritu ninduen.

Asier lehen orratzaren gailurrean.


Lehen orratzaren gailurretik bigarrenera egindako argazkia, atzean hirugarrena ikusi daiteke.


Asier iritsi zenean horixe komentatu nion: “ez da ba zaurittuta edo gaixo egongo?” esan nion, “eztakit ba”, erantzun zidan, “baña bai da harritzekoa hegan ez ateatzea”. Gure helburua orratzaren gailurrera iristeko biderik zuzenena arte handi batean amaitzen den belarrezko kanala eskalatzea zen arren, putrea artearen ondoan zegoen geldi-geldi: "bueno igual hurbiltzen geanen aldeingo du", pentsatu nuen.

Bigarren orratzaren bilgunean, atzean, hirugarren orratzaren ertzean, putrea ikusi daiteke.


Bigarren orratzaren gailurretik hirugarren orratza eskalatu ezina dirudi. Gandorra zuzen jarraituz gero gogorra dirudi eta honen mendebaldeko hormak atzeraka egiten du.


Sokak jaso eta bigarren orratzaren gailurretik honen eta hirugarrenaren arteko lepotxora (bertan animaliak ez pasatzeko xafla batzuk jarrita daude) zailtasunik gabe destrepatu genuen (II).

Argazki honetan bigarren orratzaren destrepea ikusi daiteke.


- Lau edo bosgarren luzea, 35 metro, IV+. Luzea eskuin-ezker doan harrizko kanal antzeko batetik hasten da. Orain arteko harkaitz itsaskor eta latzera ohitua, lehen metroetako harkaitz leun xamarrak harritu ninduen: “seguruen ebie itteonen hemendio behera ude eroikoa” esan nion Asierri. Nahiz eta labainkor izatearen itsura izan plakak ongi eusten du eta metroak estutasunik pasa gabe irabazi nituen sabaitxo bat osatzen duen harkaitz bloke handi batera iritsiz.

Harkaitz blokean.


Hasiera batean blokea zuzen eskalatzekotan izan nintzen arren, pausua babesteko aukera segururik ikusten ez nuenez, artaka batean lincam gorria trabatu eta blokearen eskuinetik eskalatzen jarraitu nuen bere gainera iritsiz (IV).

Blokea eskalatuta (argazkian goian ikusten da), sokak honela gelditu ziren.


Blokea eskalatuta, bigarren lincam bat trabatu eta ezkerrera zeharkaldia egin nuen, atzeraka egiten duen 2-3 metroko horma edo sabai nabariaren oinean kokatuz. Horma eskalatzea ez da beharrezkoa eta inongo zailtasunik gabe eskuinetik saihestu daiteke, harkaitz blokearen gainetik zuzen eskalatzen jarraitzen badugu.

Hormak oin eta eskuentzat helduleku sendo eta ederrak dituen arren, aseguratzeko aukerarik ez nuen topatu, hormaren ezkerrean dagoen harkaitz-zubi bat ezik. Harkaitz-zubia urrun gelditu eta soken marruskadura handia izango zenaren beldurrez, horma aseguratu gabe eskalatzea erabaki nuen: “Asier, bazpare oain azti ibili” ohartu nion. Oinak ongi kokatu eta esku eta oinekin helduleku sendoetan indarra eginez atzeraka egiten duen horma uste baino errazago eskalatu nuen (IV+ pausu bat).

Horma eskalatu eta zailtasun guztiak amaituta, metro batzuk gorago harkaitz-zubi pare bat aprobetxatuz bilgunea muntatu nuen.

Hirugarren orratzeko lehen bilgunea.


Asier iritsi zenean harkaitz blokea eskuinetik eskalatu beharrean ezkerretik eskalatu zuela esan zidan: “zemuzkoa?” galdetu nion, “bestea bezela, kuarto ingurun” erantzun zidan.

Hirugarren orratzaren lehen bilgunean, nire gainean, artearen ezkerrean, putrea ikusi daiteke.


Bilgunetik gora begiratu eta putrea guri begira eta geldirik zegoela ikusi genuen: “putrea hor eonda hobe deu kanaletio ez igotzea” esan nion Asierri gainean genuen belar tximini/kanala seinalatuz. Hau ikusita, bilgunetik 4-5 metro inguru eskuinera dagoen erlaitz nabari batera pasatu, bertako harkaitz zubi batetik aseguratu eta astebete lehenago aztertzen aritu ginen bigarren aukera bat eskalatzea adostu genuen. Aukera honetatik, putreak ez gintuen ikusiko eta guk ere ez genuen putrea aztoratuko. Honetaz aparte, Asierrek ere aukera hau nahiago zuen, belarrez betetako kanal/tximinia katu oinekin eskalatzeak ez baitzuen gehiegi motibatzen.

- Bost edo Seigarren luzea, 25 metro, IV. Asier bilgunetik gora doan harkaitz oneko plaka inklinatua eskalatzen hasi zen zuhaixka batera iritsi arte. Zuhaixkaren enborretik zinta-uztai bat pasatu eta eskuinera metro eta erdiko zeharkaldi horizontala egin zuen oinentzat dagoen helduleku batean mantenduz. Gainean dagoen plaka zuzen eskalatuz jarraitu zuen (hasieran IVko pausu tonto bat) ezkerrean duen arraila aprobetxatuz.

Zeharkaldi horizontala egin ondoren plaka inklinatua eskalatzen.


Tartean, arraila garbitzeko ere aprobetxatu zuen bertan zeuden harkaitz aske handi pare bat kenduz. Arrailaren amaieran zalantzan izan zen gaineko horma zuzen eskalatu edo ez baina, putrea zegoen lekutik gertu aterako zelakoan, lincam horia artaka batean trabatu eta eskuinera metro pare bateko zeharkaldia egin zuen enbor estuko zuhaixka batera iritsiz.

Zuhaixkaren ondoan.


Zuhaixkaren eskuinetik eskalatzen jarraituz gero orratzaren gailurrera “errazegi” iritsiko zela ikusita, gainetik zuen horma zuzenean eskalatzea erabaki zuen. Pausua artaka-trabagailu batekin babestu eta, konfiantza osoz, helduleku eta harkaitz oneko horma eskalatu zuen (IV), orratzaren gailurrera iritsi ea bertako harkaitz blokeetan bilgunea muntatuz.

Horma eskalatu aurretik egindako argazkia.


Luzea polita iruditu zitzaidan, belarrezko tximinia/kanaletik igo izan bagina baino politagoa, eta orratzaren gailurrera oso zoriontsu iritsi nintzen: “Ze onaaaaa, beste amets bat bukautaaa!!!” bota nion gailurrera iritsi nintzenean. “Bai, ona, ez nun espero hain harkaitz ona topatzea” erantzun zidan. Elkarri bostekoa eman eta soketako bat biltzen hasi nintzen.

Bitartean Asier orratzaren gailurrera igo eta bestaldera begira hasi zen: “ostia, putren kabie dau” esan zidan hegan atera ez zen putrearen misterioa argituz. Asierren ondora hurbildu eta, artearen ondoan egindako habian, geunden lekutik 3-4 metroetara, putre ama kume jaioberriarekin ikusi genuen. Ama adi zegoen guri begira, kumea lasai zegoen bitartean. Putrea ez urduritzeko argazki pare bat egin eta begi bistatik galduz, metro batzuk behera egin genituen sokak jasotzeko.

Putrea eta kumea habian.


Hirugarren orratzaren gailurrean zoriontsu.


Orratzak miatzen aritu ginen egunetik bagenekien hirugarren orratz hau iparretik destrepatzeko aukera zuela. Bi sokak bildu eta orratza destrepatu genuen iparreko lepora iritsiz. Destrepea ez da zaila (II), baina bai agerikoa. Lekuk esaten duen bezala: “erortzea ez da aukera bat”.

Orratzaren destrepean.


Lepora iristen.


Lepoan eseri, merezitako atsedena hartu eta traste guztiak jaso ondoren, beherako bidea hartu genuen, ahalik eta bide errazena aukeratu eta orratzen ekialdeko hormatik asko urrundu gabe. Plaka erraz batzuetatik jaitsi eta bigarren eta hirugarren orratzen arteko lepora iritsi ginenean, hemendik ekialdera doan bidexka metro batzuetan jarraitu eta berriro ere basoan behera egin genuen hormetatik gertu mantenduz. Nahiz eta basoaren erditik jaitsi jaitsiera eroso eta garbia da eta zailtasunik gabe igoerako bidearekin bat egin genuen berriro ere baselizara itzuliz.

Hirugarren orratzaren iparreko lepotik San Sebastian baselizara guztira 25-30 minutu inguru pasako genituen, lasai-lasai ibiliz.

Hiru orratzak mendebaldetik ikusita.


Baselizaren atearen detailea. Sugandilen "boulder" txapelketa omen zegoen.


Asierrek eskaladaren amaieran esan zidana baieztatuz, hiru orratz hauen eskalada oso atsegina izan zen, harkaitz trinko eta onean egiten dena, konpromiso gutxikoa eta guk deskribatutako zailtasun gehienak ekiditeko aukerak dituena. Duen zailtasun apalean, auto-babeserako eskaladan hasteko edo saltsan ibiltzeko ibilbide aparta izan daitekeela esango nuke. Nire uste apalean, bide gomendagarri eta dibertigarria zalantzarik gabe.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07