blogak

Smithyrenbloga

IRAULE, ORRATZAREN KANALETIK, 2018/01/28

Joan den igandean anaia eta biok 2018ko lehen kanala eskalatzeko aukera izan genuen, 2018ko urteari (ez neguko denboraldiari, jejeje) hasiera emanez.

Kronika honek bi zati dauzka: lehenengoan kanalaren datu "hotzak" irakurgai dituzue, bigarrenean aldiz, Ikerrekin egindako eskaladaren argazki eta kontaketa, espero dut gustuko eta baliagarri izatea.

Aizkorriko kanalak 2018ko urtarrilaren 28an, ederrak benetan.


IBILBIDEA

Ibilbide honen inguruko azalpen zehatza hemen irkaurtzeko aukera dago.

Ibilbidearen krokisa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 4,4 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 540 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiagako bordaren ondoan iturri bat dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Nahi izanez gero soka luze pare bat egiteko aukera dago, orratzean bertan muntatutako bilgune bat baitago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta hiru ordu eta laurden pasatxo pasa genuen.

Bidea mugibili web orritik deskargatu nahi baduzue. Kanalaren barruan behin baino gehiagotan GPS seinalea galdu nuenez, ez dakit zer nolako track-a izango den.

alpinismo



DESKRIBAPENA

Urtearen hasieratik ez du eguraldi oneko astebururik egin. Larunbat goizean, Euskadi Irratian eguraldia iragartzen duen Peio Zabala frantziskotarrak ere urtarrilean zehar Arantzazun euririk bota gabeko hiru egun jarraian izan ez direla esan zuen.

Panorama honekin jarraituz, astean zehar Euskal Telebistako eguraldi iragarleek euria erruz botako zuela esaten aritu zuten. Itsasertzean izugarrizko olatuak eta mendian, 1.000 metroetatik gora, 15 eta 50 zentimetro arteko elur pilaketak. Larunbatean aldiz, arratsaldean zeruak garbitzen hasi eta iganderako zerua oskarbi eta egun hotza iragarri zuten.

Larunbat osoan zehar terrazan etxe barruan baino denbora gehiago pasa nuen Txindoki eta Aizkorriri begira. Nahiz eta lainoek estalita izan, Txindokiko elur maila 1.000 metro inguruan eta Aizkorriko kanalen oinak zuriak zeudela ziruditen. “Elurre mila metrotan hasita, nahikoa eongoa?” galdetu nion anaiari telefonoz hitz egin genuenetako batean. “Hemen botaun ebie goien elurre bada kristona eongoa” erantzun zidan.

Egoera ikusita Aizkorriko kanaletara joatea erabaki genuen. Bagenekien elurra topatuz gero ziurrenik eraldatu gabe egongo zela, bagenekien ziurrenik arrastoa ireki beharko genuela eta bagenekien ziurrenik ibilbide tekniko bat eskalatzeko aukerak urriak izango zirela. Bagenekien ere, eta hau ezin dugu ukatu, elur-jausien arriskua izan zitekeela, honegatik Nardasakonera joatea erabaki genuen, kanal guztietatik gure ustez seguruena. Seguruena eta aldi berean Iralarrainardearen jendetzatik urrunen dagoena ere. Jendetzatik ihes egitea gustuko dugu, edo gutxienez, jendetza bildu daitezken lekuak ekiditen saiatzen gara. Urteak betetzearen kontua izango da, zenbat eta zaharrago ahalik eta bakarti eta arraroago bihurtzen ari garelako, jejeje.

Igande goizean, etxetik irten aurretik, badaezpada eskalatzeko material guztia motxilan sartu genuen: “zeñek daki, igual elurre zeoze elegante itteko modun dau, jejeje”. Eguna argitzearekin batera Itzubiagako bordatik atera ginen.

Ateratzeko prest.


Eguna hotza esnatu zen, eskuetako hatz mamietan sentitzen den horietakoa, baina inguruko putzuak izoztu gabe zeuden. Hala ere, Itzubiagako bordatik gora doan pistatik igotzen hasi ginenean, tarteka zapaltzen genuen elurra patata frijituak zapaltzen ariko baginen moduan apurtu eta “krak-krak” egiten zuela ikusi genuen: “joer, hemengo elurre izoztuta dau” esan zidan anaiak. “Pentsatzet indako ebigatik busti ta gauen zeoze izoztuko zela” erantzun nion.

Itzubiagaren gaineko pagadira iritsi arte ez genuen elur iraunkorrik topatu. Fantasiazko filmetan gertatzen den moduan, laritz basoaren iluntasun berdetik atera eta bat-batean mundu berri batean sartuak geundela zirudien. Pagoak, behetik gora esprai batekin zurituak bezala zeuden eta 15-20 zentimetro elur geruza zapaltzen hasi ginen, pagadi eta laritz basoaren arteko aldea erabat bananduz: “joer, telebistan esandako mila metron mugan eongo gea” esan nion anaiari.

Pagadian metroak irabazi ahala elur geruza handituz joan zen Nardasakonen oinean 30-35 zentimetroetara iritsiz: “Bueno, gaur arrastoa irikitzea tokatzea” esan nion anaiari kanalean gora poliki-poliki hasiz. Gora begiratu eta irekitako arrastorik ez ikustean zirrara bat sentitu nuen: “kanal osoa gutzat!!!” pentsatu nuen.

Nardasakon azpitik begiratuta.


Gustuko dut arrastoa irekitzea. Igotzen ari zaren lekutik pasatzen lehena izateak eta atzetik etorriko direnei bidea irekitzeak izugarri motibatzen nau eta pazientzi eta patxadaz hartzen dudan lana da, ahalik eta arrasto garbi eta erosoena utziz.

Zerain egunaren lehen argipean.


Atzean utzitako arrastoa.


Elurra bigun bazegoen ere lehen metroak zailtasunik gabe irabazi genituen, igoera pazientzia handiz hartuz. Eguna elegantea zetorren: Goierriko bailara osoa behe laino batek izara zuri baten moduan estaltzen zuen bitartean, izararen gainetik zeruak mendien inguruan kolore laranja zuen, eguzkiaren lehen izpiek tindatuta. Haizerik ez zebilen eta goizaren isiltasunaren gainetik gure pausuen “krap-krap-krap-krap” hotsa besterik ez zen entzuten.

Iker arrastoa irekitzen.


Irauleko orratza zuhaitzen artean agerian.


“Aralarren dexente botau, eh?” esan zidan Ikerrek atzera begiratuz. Izoztutako adarren artetik Aralar zuri-zuri ikusi nuen: “harkaitzak ere eztie ikusten”. Mendiak elurte handi baten ondorengo itsura zuen: Zuhaitzen adarrek koral zuria ziruditen, harkaitz hormek aldiz, izotz eta elur geruza fin batez estaliak, denborak gelditutako ur-jauziak. Negu-ikuspegi honek kontraste polita egiten zuen 100 metro eskas beherago zegoen mundu berdearekin.

Txindoki eta Aralar pagoen adarren artetik.


Tarteka Iker, tarteka ni, arrastoa irekiz pagaditik atera eta Nardasakonek osatzen duen sakan zabalera iritsi ginen.

Orratzari begira.


Nardasakonek osatzen duen sakan zabalera iristen.


"Joer, mendie espektakularra dau” esan zidan Ikerrek. “Ya lo creo” erantzun nion, “Pirineo edo Alpetan garela emateo”. Eta horrela zen; beheko haran berdeengatik izango ez balitz Alpeetan geundela zirudien, zuriz jantzitako mendietako horma eta zuhaitzek inguratzen gintuen edertasunari Eguberrietako postalaren itsura emanez.

Horma eta pago izoztuak, Eguberrietako postala.


Txindoki izoztutako pagoen gainetik.


Kontrasteak: izotzaren zuria, laritzen berdea eta ostoa galdutako pagoen marroia.


Nardasakonek osatzen duen sakan zabalean.


“Ze ingodeu?” galdetu nion, “irteera normaletio edo orratzetio?”. “Orratzetio saiatzea daukeu ta egoera txarren badau buelta hartu ta normaletio ateako gea” erantzun zidan. Argazki batzuk egin eta Nardasakonen irteerara doan bidea pixkanaka ezkerrean utziz jarraitu genuen, orratzaren sarrera defendatzen duen hormaren azpira zuzenduz. Hormatik gertu geundenean harkaitz handi baten gaineko elurra zapalduz erlaitz bat egin, motxilak kendu eta eskaladarako trasteak ateratzen hasi ginen: “Hara, atzetio bi datoz” esan zidan anaiak behera seinalatuz. Pagoen artetik, gure arrastoa jarraituz, bi mendizale zetozen. “Ondo etorriko zitzaien gure arrastoa, jejeje” esan nion anaiari.

Hormara hurbiltzen.


Atzera begirada...


Prestaketa lanak lasai hartu genituen: “Zemuz ikustezu?” galdetu zidan anaiak. “Eztakit” erantzun nion, “beheko parte hau biguñe daula emateo, baña goikoa gogorrago daun itsura dauke”. Pioletak atera, kaskoa eta kranpoiak jarri, makuluak motxilan jaso eta, gutxi gora behera nondik igoko ginen horman irudikatu ondoren, eskalatzen hasi ginen.

Egurre ematen hasteko prest.


Orratzaren azpira iristeko eskalatzen den lehen hormatxoan Iker aurretik zihoan. Elur bigunarekin borrokan metroak pixkanaka irabazten zituen, txilarren sustrai eta harkaitzen koska txikietan pioleten puntetan kontu handiz eutsiz. Lehenengo hormatxo edo irtengunea eskalatu ondoren aurrea hartu nion: “joer, hobe eongo zela uste nun” esan nion ondotik pasa nintzenean. Bigarren hormatxo edo irtengunea pioletak lurrean sendo sartuz eskalatu (tartean harkaitzen arteko zulo batean ia gerriraino sartu nintzen) eta orratzaren azpian kokatu nintzen.

“Oain bazpare hemen etxoin, ze pentsatzet elurre ta izotza botakoetela” esan nion anaiari. Iker hormaren babesean, orratzera daraman zatirik bertikalena eskalatu eta orratzaren oinean dagoen bilgunera iritsi nintzen: “libreeee!!!” oihukatu nion.

Iker poliki eta segurtasun osoz eskalatu zuen, eskailera batetik igotzen arituko balitz bezala. Ordurako eguzkiak Irauleko ipar horma berotzen hasita zegoen, hormetako izotza askatu eta gainera eroriz, orratzaren irteera zuzenetik batez ere: “Bufff, gaur hortio ateatzeik eztau” esan zidan Ikerrek bertatik etengabe erortzen ziren elur eta izotz pusketak ahal zuen moduan ekidinez.

Orratzaren kanal ezkutuan sartzear.


Geunden lekutik ahalik eta azkarren ateratzearren, denbora asko galdu gabe Ikerrek gora jarraitu zuen, orratzaren kanal ezkutuan sartuz: “sarrera bere gauza daukeee!!!” ohartarazi zidan hasierako tarte motz eta bertikala eskalatu zuenean. Ikerrek kanalari metroak irabazten zizkion bitartean argazki kamera atera eta, izotz pusketen euripean, bideo bat grabatu nuen. Gora iritsi zenean kamera lehortu, zorroan gorde eta kanala eskalatzen hasi nintzen: “buenooo, hasieran bazeuken bai bere gauza” bota nion. “Atzeko beste bik hemendio datoz?” galdetu zidan. “Ez dakit, baña balitteke”, erantzun nion, “guk trastek ateatako lekun motxilak kentzen ai zielako”.

Apenas gelditu gabe kanalaren irteeran sartu eta eskalatzen jarraitu nuen. Hemengo elurra ere biguna zegoen eta gandorrera ateratzeko eskalatzen den azken metro pare bertikala ez nuen oso modu elegante eta erosoan eskalatu. Irauleren ipar hormaren itzalpean izan ondoren, gandorrera atera nintzenean eguzkiaren argitasunak ia itsutu ninduen: “hemen goien kriston giroa dauuu!!!” oihukatu nion anaiari.

Iker kanaletik atera zenean, ondoan dagoen porlanezko gurutzea ukitu eta denbora askorik galdu gabe Nardasakonen irteerara hurbildu ginen eguzkiaren goxotasunean atsedena hartzeko.

Orratzaren kanalaren irteeratik (gurutzea ikusi daiteke) Nardasakonen irteera arte jarraitu genuen bidea.


Nardasakonen irteeratik Aketegi aldera egindako argazkia.


Kontrasteak berriro ere.


Eguna itzela zen, distiratsua eta isila, harkaitz batean eseri eta meditatzera gonbidatzen duen horietakoa. Ikerrek motxilan zuen barratxoa bion artean partekatu eta poliki jan genuen, egunean zehar jango genuen gauza bakarra izango balitz bezala. Ongi hidratatu, igoera osoan jantzita eramandako txalekoak motxilan gorde eta beherako bidea hartu genuen.

Zegama eta Txindoki Nardasakonen irteeratik ikusita.


Nardasakonen irteera kontu handiz destrepatu eta honen azpian sortzen den elurrezko erlaitzetik beherako lehen metro tenteak hormari begira jaitsi genituen, izan genuen lehen aukeran buelta hartu eta maldari begira Nardasakonek osatzen duen sakan zabalera iritsiz.

Elur erlaitzaren detaile bat.


Erlaitzetik beherako lehen pausuan.


Jaitsieran egindako argazkia, kontrasteak berriro ere.


Ikusitako bi mendizaleak gure atzetik igo ziren ala ez jakin gabe, azken argazki batzuk egin eta, bidean topatu genuen beste mendizale batekin solasalditxoa izan ondoren, jaitsierarekin jarraitu genuen ibilbideari amaiera emanez.

Laritzen artean egindako argazkia.


Kotxean trasteak jasotzen ari ginela bi mendizale pasa ziren: “hok izango al zien atzetio etorri zienak?” galdetzekotan izan bagina ere azkenean “aupaaa!!” bat besterik ez genien bota, euskaldun petoen moduan, beraiek zer edo zer galdetuko zigutenaren esperoan, jejeje. Trasteak jasota, kotxean sartu eta beherako bidea hartu genuen, betiko moduan eta betiko lekuetan kanalei hainbat argazki egin ondoren etxera itzultzeko.

Oazurtza ingurutik egindako argazkia.


Gertuago...


Zegamatik egiten den argazki tipikoa.


Zegamako etxeak eta Aizkorriko kanalak.


Amaitzeko, irteeraren bideoa partekatzen dut, espero dut gustuko izatea.




jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07