blogak

Smithyrenbloga

IHABAR, URBEDEZ HEGOALDEA: "TXINTXAKO KALEA" BIDEA, 100 m, V-. 2022/04/15


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Pasa berria den apirilean gustua hartu diogu Ihabarko Urbedez hegoaldeko horman Mikel Txintxak ireki dituen eskalada bideak eskalatzeari. Gehienetan Christian Paurekin eta batzuetan Asier "Txibi"-rekin, Mikelek orain arte ireki dituen bideen joera beretsua da: bertikalak ez diren bide "motzak" ("Litos" ezik), zailtasun baxukoak eta aseguru gutxikoak. Orokorrean harkaitza ona duten arren, zenbait lekuetan harri eta harkaitz ezegonkorrak topatuko ditugu, baita belar, zuhaixkak eta lurra ere, honegatik arretaz eskalatu beharko ditugun bideak dira. Bideak errepikatzen diren heinean harri ezegonkor, lur eta belarraren "arazoa" konpontzen joango da ziurrenik.

Baina bide hauetatik gehien erakarri gaituena bertan bizi eta arnasten den bakardadea da. Oraindik ez dira bide ezagunak eta honek eragina dauka inongo zalantzarik gabe, baina badira, nire uste apalean, beste arrazoi batzuk ere: aseguru gutxiko bideak izateagatik ez dut uste kirol-eskaladara ohituak dauden eskalatzaileak erakarriko dituztenik, ondoan dauden Aiztondoko eskalada eskolarekin gertatzen ez den bezala. Zailtasun baxuko bideak izateagatik eta zailtasun hau orokorrean pasagune motzetara mugatzeagatik aldiz, ez dut uste eskalada klasikoan zailtasuna bilatzen duten eskalatzaileak ere erakarriko dituztenik. Honek bide hauen erakargarritasuna eskalada klasikoan hasi nahi dutenengan edota eskalada klasikoa bideen zailtasunetik haratago gustuko dutenengan egon daitekela esango nuke. Bai batzuk eta bai besteek asko gozatuko dutelakoan nago...

Kronika honetako bideari dagokionez, "Ari" bidea eskalatu ondoren, eta Aste Santuko oporraldia eguraldi onaren eraginpean hasi zela aprobetxatuz, Ikerrek Ostiral Santurako "Txintxako Kalea" eskalatzea proposatu zidan, Urbedez hegoaldeko "beheko horman" eskalatzeko falta zitzaidan azken bidea: "Baleee!!!" Ez nuen asko pentsatu behar izan baiezkoa erantzuteko.

Plana goiz ibiltzea izango zen, Ostiral Santua bijili-eguna dela aprobetxatuz barbakoa bat eginez ospatzeko asmoa genuelako, txerri-saihets, oilasko-hego, solomillo eta txuletan oinarrituta noski. Infernura joango diren erremediorik gabeko bekatariak gara, jejeje...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxa, Asier "Txibi" eta Christian Pauk 2022ko martxoan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III+ (25 m), 2ºL: IV (40 m) eta 3ºL: V- (35 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Bidea "Kormoran Moñudo" bidearen hasieratik 25-30 metro inguru ekialderago hasten da. Bidearen oinean dagoen zuhaitz baten enborrean soka bat jarrita dago eta bertatik lehen luzean dagoen parabolta ikusiko dugu.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Material hau guztia eraman arren, guk Alien gorria, pare bat artaka-trabagailu, bilguneak muntatzeko eta hainbat harkaitz-zubitik pasatzeko lau zinta-uztai eta zortzi express-zintak (azken luzea guk eskalatu dugun moduan eskalatzen bada) "bakarrik" erabili genituen.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ihabarko Urbedez hegoaldeko "beheko horman" irekitako eskalada bideetako batzuk eta "Txintxako Kalea" bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Hasiera hemen dauuuuu!!! - Oihukatu zidan Ikerrek arte eta ezpelen adarren artean erdi ezkutaturik.
- Banijoooo!!! - erantzun nion zuhaitzen erdian sartuz.

Oraingoan ere, inguruko beste bideekin gertatu zaigun moduan, "Txintxako Kalea"-ren hasiera topatzea izan zen eskalada jardunaldian topatu genuen zailtasunik handiena. Hasiera topatzeko "Kormoran Moñudo" bidearen hasieraren eskuinean arteek eta ezpelek hartutako leku itxi bat identifikatu beharko dugu, urrutitik erraz ikusten dena. "Txintxako Kalea"-ren hasiera leku itxi honen eskuineko (ekialdeko) ertzean dago, basoa irekitzen hasten den lekuan, "Kormoran Moñudo"-tik 25-30 metro eskasera.

- Gaur bai ona, zerue urdin, eguzkie, beroa... - esan zidan Ikerrek bere ondoan motxila utzi nuenean -, eta ez atzo bezela...

Bezperan "Ari" bidea eskalatu genuenean eguraldia bestelakoa izan genuen: zerua ilun, langarra eta tenperatura freskoa. Hala ere horma ez genuen bustia topatu eta eskalada atsegin batez gozatzeko aukera eta zortea izan genuen.

- Gaur manga motzen ta eguzkitako betaurrekokin eskalau beharko deu - erantzun nion -, nik etxen bazpare eguzkitako krema eman det, jejeje...
- Ta gutxiñez bide honen hasierako zuhaitzen soka bat utzi due - esan zidan hormaren oinean dagoen zuhaitzetako baten enborrean jarrita dagoen soka seinalatuz -, ta hor goien parabolt bat ikustea.

Urbedez hegoaldeko bideen hasiera topatzea zailtzen duen gauzetako bat bideen hasierak bere izenekin adierazita ez egotea da. Hala ere, bideak errepikatu diren heinean batzuen hasieran mugarriak azaltzen hasi dira bilaketa lana erraztuz.

Bidearen hasieran. Argazkian zuhaitzaren enborrean utzitako soka eta lehen luzean jarritako paraboltaren kokalekuak adierazita daude.

- Gaur zu hastezea, eh? - bota nion materiala pasatuz -, Atzo nik bukau nun ta...
- Baleeee - erantzun zidan gogotsu, materiala hartuz.

Urteak ziren, eskalada klasikoari dagokionez behintzat, anaia ez nuela hain motibatuta ikusten. Aseguru finkorik gabeko eskaladk ez da gehien motibatzen diona eta nahiago izaten du ongi aseguratutako bideak eskalatzea. Honegatik materiala hain gogotsu hartzeak poztu ninduen, azken egunetan ederki gozatzen ari zen seinale zelako.

- Lehenengo luzea, 25 metro, III+. Luzea hormaren oinetik altxatzen den "kanalizo" nabarmen eta tentea eskalatuz hasten da, lehen paraboltera zuzentzen dena. Oinentzat dauden eusleku onak topatuz Ikerrek metro hauek konfiantza osoz eskalatu zituen, paraboltera berehala eta tarteko asegururik jarri gabe iritsiz (III).

Paraboltaren parean.

Paraboltetik gora itsasgarritasunezko pasagune errazak dituen harkaitz-plaka etzan bat eskalatzen hasi zen (III-). Plaka etzan hau eskuin alderako noranzkoan eskalatzen jarraitu ondoren, Iker lehen bilgunearen azpian dagoen harkaitz-plaka tentearen oinera iritsi zen, harkaitz-zubi batetik pasatuta dagoen soka batekin aseguratua dagoena.

Paraboltaren gainetik lehen bilgunera jarraitu behar den bidea, Ikerren azpiko harkaitz-plaka tentean topatuko dugu luzearen zailtasunik handiena (III+).

Harkaitz-plaka tente honetan itsasgarritasunezko pasagune zailago bat topatuko dugu, plakaren erditik eskalatzen badugu behintzat. Gero ikusiko nuen bezala, itsasgarritasunezko pausurik egin nahi ez bada, harkaitz-plaka ezkerretik errazago eskalatu daiteke, bertan helduleku hobeak daudelako. Baina gaurkoan Iker konfiantza osoaz eskalatzen ari zenez erditik eskalatzeko erabakia hartu zuen: oinak diruditena baino gehiago eusten duten eusleku leunen gainean jarri, orpoak zertxobait jaitsi, gorputza altxatu, eta plakaren irteeran dagoen harkaitz-zubian (azpitik oso ondo ikusten ez dena) jarritako sokatik luzeko bigarren express-zinta pasatu ondoren, harkaitz-plaka eskalatu zuen (III+).

Harkaitz-plaka tentearen irteeran. Nire parean harkaitz-zubian jarritako soka ikusi daiteke.

Zailtasunak amaituta, harkaitz-zubitik eskuin noranzkoan jarraitu ondoren (II+), zuhaitz fin batzuetatik zertxobait gorago dagoen harkaitz-zubi handi batean jarritako soka aprobetxatu zuen lehen bilgunea muntatzeko.

- Luze politte, ez? - Bota nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Motza iruittu zait - erantzun zidan.
- Reuniora iritsi zeanen sokan erdiko marka bizpahiru metrota zeon - erantzun nion -, horregatio pentsatzet luzek 23 metro inguru izangoittula.

Lehen bilgunean...

- Ta oaingok ze dauke?
- Kuarto mas ta 40 metro inguru dittula ustet - erantzun nion hormari begira, luzearen lehenengo metroen nondik norakoak deskubritu nahian.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV. Christianen kronikako argazkiak erreferentzia bezala hartuz, bilgunetik gora metro gutxi batzuetan zuzen eskalatu ondoren eskuin aldera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen hormatxo bertikal batera zuzenduz (III-).

- Hemen kordino naranja bat dau!!! - oihukatu nion anaiari.

Hormatxo bertikalean. Argazkian lehen bilgunea ikusi daiteke.

Hormatxoa betikala izan arren, bertan dauden helduleku onak aprobetxatuz ez nuen zailtasun handirik izan kordela dagoen lekura igotzeko (III+).

Kordel laranja dagoen lekutik lehen bilgunera egindako argazkia.

Kordeletik gora horma pixkanaka etzanez doa erlaitz belartsu batera arte, sabel itxura duen horma nabarmen baten azpian dagoena. Sabeldun horma honetan paraboltik ikusi ez nuenez, bidea ireki zutenean horma hau erditik eskalatu ez zutela pentsatu nuen:

- Partea hau eskalatzeko leku errexen bat eongoa!! - esan nion talkie-tik Ikerri.

Batera eta bestera begiratu ondoren, harlauza bertikal batzuk aprobetxatuz horma ezkerretik zailtasun handirik gabe eskalatzeko aukera nuela iruditu zitzaidan. Harlauzetako batean artaka-trabagailu bat trabatu, eta harkaitza oso sendoa zela baieztatu nuenean, sabeldun horma uste baino errazago eskalatu nuen (III+), harkaitz-plaka inklinatu batera igoz.

- Han goien parabolt bat ikusteet!!! - esan nion Ikerri harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi nintzenean.

Harkaitz-plaka hau eskalatzen izugarri gozatu nuen. Sekulako heldulekuak eta sekulako harkaitz trinkoa duenez, azpitik ikusi nuen paraboltera zailtasun handirik gabe eta asegururik jarri gabe iritsi nintzen (III/III+).

Paraboltetik express-zinta pasatu nuenean berehala konturatu nintzen hemen dagoela luzearen pasagunerik zailena. Paraboltaren eskuinetik eskalatuz gero oinetan fede handia izatea eskatzen duen itsasgarritasunezko pasagune bat eskalatu behar da, eskuentzat helduleku argirik ez duena. Ikerrek geroago esango zidan pasagune honek IV+ zailtasuna izan dezakeela. Nik paraboltaren ezkerretik eskalatzen jarraitzea erabaki nuen, harkaitz-plakaren ertzeko helduleku ederrak aprobetxatuz (III+). Parabolta atzean utzi ondoren gainean dagoen zuhaitz nabarmena eskuinetik inguratu (Mikelek, Christianek eta Asierrek bigarren bilgunea bertan muntatu zuten), eta zertxobait ezkerrera botaz, parean dagoen horma tentera oinez zuzendu nintzen.

Bigarren bilgunea muntatu aurretik behera egindako argazki honetan eskuinetik inguratzen den zuhaitza eta Iker lehen bilgunean ikusi daitezke.

Horma tentearen eskuinetik metro pare bat eskalatu ondoren (II+), erlaitz eroso baten ondoan dagoen harkaitz-zubi batetik pasatako soka batean bilgunea muntatu nuen.

Bigarren bilgunea lehenengo bilgunetik ikusita: non dago Wally?

- Ze esatezu? - Galdetu nion Ikerri zuhaitzaren parera iritsi zenean.
- Parabolteko adherentziko pasito hoi... - erantzun zidan -, kuarto mas daukela esango nuke...
- Nik ezkerretio eman diot ta etzait hain zaile iruittu - erantzun nion.

Zuhaitzaren parean...

- Largo bat falta da, ez?
- Bai - erantzun nion materiala pasatzen nion bitartean.

Bigarren bilgunean. Bilgunearen eskuinean hirugarren azken luzearen lehen metroetan eskalatzen den harlauzaren ertza ikusi daiteke.

- Hirugarren luzea, 35 metro (guk luzeari egindako metro "extrak" zenbatuta), V-. Azkeneko luzea esaldi bakarrean laburtuz, bilgunearen gainean dugun horma tentea zuzen eskalatuko beharko dugu; hormaren erditik eskalatuz gero V-/V, eskuinetik eskalatuz gero aldiz IV+ inguru.

Iker bilgunearen eskuinean dagoen harlauzaren ezker ertza aprobetxatuz babariar moduan eskalatzen hasi zen harlauzaren gainera igo arte (III+). Harlauzaren gainetik metro eskas bat eskalatuz hormaren eskuinean dagoen harkaitz-zubi handi batetik zinta uztai bat pasatu eta bertatik luzeko lehen asegurua jarrri zuen (III+).

- Oain ze? - Galdetu zidan.
- Hok plakaren eskubitio eskalau zuten - erantzun nion Christianen kronikaren argazkiak begiratuz.
- Ta plakan erditio banijo? - Galdetu zidan -, zaile badau eskubira pasako naiz.
- Nahizun bezela - erantzun nion -, zu zea aurretio zoazena...

Hormaren erdira pasatzeko harkaitz-zubia dagoen lekutik ezker aldera 3 metro inguruko zeharkalditxoa egin behar da. Pasaguneak ez dauka eskuentzat helduleku handiegirik eta Ikerrek kontzentrazio osoa behar izan zuen hormaren erdian kokatzeko (V-/V).

Pasagunea burutu ondoren. Ikerren eskuinean harkaitz-zubia ikusi daiteke.

Behin hormaren erdialdean kokatu zenean, hormaren amaieran dagoen zuhaixka batera zuzenduz eskalatzen jarraitu zuen (V-), noizik eta behin hormaren ezkerretik eskalatuz. Zati hau oso polita iruditu zitzaigun, gozagarria, helduleku txiki baina politak dituena. Zati hau eskalatzeko txanda iritsi zitzaidanean horma harlauz ezegonkor, belar eta lurrez garbitzeko aprobetxatu nuen.

Azken luzeko horma zoragarria eskalatzen.

Zuhaixkaren parera iritsi zenean hormaren zailtasunak amaitzen direla ikusi zuen. Zuhaixkaren enborretik zinta-uztai bat pasatu ondoren eskuin aldeko noranzkoan igotzen jarraitu zuen erlaitz zabal batera iritsi arte.

- Azkeneko reunioa han eskubin ikustet - esan zidan - zuhaitz baten enborren...

Zuhaixkaren ondoan.

Hormaren gainetik bigarren bilgunera egindako argazkia.

Erlaitzaren eskuin aldera oinez jarraituz zuhaitz batzuetara zuzendu eta zuhaitz hauetako baten enborrean "Txintxako Kalea" bidearen hirugarren bilgune "ofiziala" muntatzeko soka aprobetxatuz bilgunea muntatu zuen.

Hirugarren bilgune "ofiziala" muntatzen den zuhaitza.

Hormaren amaieran dagoen zuhaixkaren paretik (argazkian ezkerrean ikusten da) hirugarren bilgune "ofizialera" egindako argazkia.

- Reunioa zuhaitz hortan montau due? - Galdetu nion anaiari hormaren amaierara iritsi nintzenean.
- Bai - erantzun zidan Ikerrek -, ze ba?
- Harritzen naiz paren daun pitzaduratio jarraitu ez izana - esan nion -, ta goien ikustean zuhaitzen reunioa ez montatzea.
- Bai, ni ere fijau naiz baña soka zuhaitzen ikusietenez... - erantzun zidan.

Hormaren amaieran dagoen zuhaixkaren ondoan.

Erlaitz zabalaren bestaldean dagoen horma bertikala arrail bertikal batek bitan erdibitzen du. Hain nabarmena izanda Mikelek, Asierrek eta Christianek bertatik eskalatzen ez jarraitzeak harritu ninduen. Gainera, eskalatutako horma tentearen gainean geratzen denez, bigarren horma hau eskalatzeak sokaren marruskaduran eragin handirik izango ez zuela iruditu zitzaigun.

- Eta eskalatzen badeu? - Proposatu nion - Ia material guztie zuk daukezunez emaiozu lasai...
- Primeran!!! - Erantzun zidan bitan pentsatu gabe, oraindik eskalatzen jarraitzeko gosea zuela agerian geratuz.

Erabakia hartuta, hirugarren bilgune "ofiziala" desmuntatu eta arrail bertikalaren azpira zuzendu ginen.

Arraidun horma bertikalaren oinean. Argazkian arrail bertikala nabarmena ikusi daiteke.

Arrailaren bi aldeetan oinak kokatuz, gorputza altxatu eta Ikerrek ahal izan zuen lekurik altuenean Alien gorria trabatu zuen.

- Hemen belar asko dau, baita harri suelton bat ere - esan zidan.
- Lasai - erantzun nion -, gero ni igotzen naizenen ahal deten guztie garbittukoet.

Oinak euslekurik sendoenetan kokatuz hormari metro pare bat gehiago irabazi eta harkaitz-zubi batetik zinta uztai bat pasatu ahal izan zuen. Honen ondoren ez zuen zailtasun handirik izan horma eskalatzeko (IV).

Bigarren asegurua jarri ondoren. Dagoeneko zailtasun guztiak amaituta.

Arraila eta horma eskalatuta, 5-6 metro inguru erdi oinez ibili behar izan zituen hormaren gainean dagoen zuhaitz bakartiaren enborrean "gure" hirugarren bilgunea muntatzeko.

Ikerri agindu bezala, arraila eta horma ahal izan nuen gehiena garbituz eskalatu nuen, eskaladatxo hau segurtasunez errepikatu ahal izateko ahalik eta txukunen utzi nahian. Hirugarren luzeak, guk amaitu genuen lekuan amaituz gero, 35 metro inguru izango dituela kalkulatu genuen, beti ere luzea guk hasi genuen harkaitz-zubitik hasten bada. Modu polit bat izan zen luze eder eta gozagarri bati amaiera izateko.

Iker "gure" azken luzean.

- Ba krokisen luzea honaño luzaukoet - esan nion Ikerri bilgunera iritsi nintzenean -, bukatzeko modu txukune iruitzen zait.
- Neire bai - erantzun zidan Ikerrek.
- Halere azken reunio originala nun daun ere jarrikoet bazpare iñor ez nahasteko jejeje...

Materiala jasotzen ari ginen bitartean "Kormoran Moñudo" bidearen amaieran pertsona bat ikusi nuen:

- Hor tipo bat dau niki naranja batekin - esan nion anaiari.
- Eskalatzen?
- Eztakit, bizkarrez dau ta eztet ondo ikusten...

Materiala jaso genuenerako mendizalea joanda zegoen. Oraindik ez genekien baina sare sozialek batzuetan egiten dituzten mirariei esker mendizale hura Jaime ("labargorri") zela jakingo genuen beranduago, 2009 urtetik "Mendiak"-en antolatu zen irteera batetik ikusten ez genuena. Jaimekin harremanetan jarri eta igande goizean beharbada itzuliko zela esan zidan: "...dudarik gabe inoiz topo egingo dugula", amaitzen zen bidali zidan azken mezua. "Ziur naiz hortaz, ondo bizi Jaimeeeee!!!" izan zen nire azken erantzuna.

- Iganden juten bada igual ikusiko deu - esan zidan anaiak Jaimeren berri emateko deitu nionean.
- Ea egie den... - erantzun nion.

"Txintxako Kalea" eskalada bideari dagokionez, ondoan dituen besteen moduan, asko gustatu zitzaigun, eskalada lasai, bakarti eta erraz batez gozatzeko aukera ematen duena. Mota honetako bideak eskalatzen ditugunean ohikoa dugun moduan bidea ahal izan genuen gehien garbitzen saiatu ginen, atzetik etorriko direnen segurtasunabermatu nahian. Hala eta guztiz ere bide honek oraindik garbiketa gehiago behar du eta honegatik eskalatzeko asmoa baduzue zuhurtziaz eskalatzea gomendatuko genuke.

Milesker Mikel, Christian eta Asierri bide gozagarri hau irudikatu eta irekitzeagatik!!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Montañas de Camille bloga. 2022/03/29. "Txintxako Kalea" (100m, IV+/V), la 8 de Ihabar. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/03/txintxako-kalea-100m-ivv-la-8-de-ihabar.html


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07