blogak

Smithyrenbloga

IHABAR, URBEDEZ HEGOALDEA: "SAGARRA" BIDEA, 105 m, IV. 2022/01/15


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Aralarko hegoaldera isurtzen diren urek kareharriz zipriztindutako basoetatik iragazi ondoren Sakanak osatzen duen lautada luzean hartzen dute atseden, zarata handirik sortu gabe. Uraren ibilbide honek mendeetan mendia higatuz joan da kareharrizko paisaia leunak osatuz. Baina badira higadura honi ihes egin dioten horma bertikalik ere eta horma hauetan eskalatzaileek urteetan zehar beraien ametsak gauzatuz joan izan dira gaur egun ezagunak diren eskalada-eskolak sortuz: Laieneko Haitza, Aiztondo, Madalen Haitz edo Biaizpe besteak beste. Urteetan zehar eskalada-eskola hauek okupatutako horma luze eta nabarmenetan irekitako eskalada-bideak behin eta berriz errepikatzen diren bitartean, eskola hauen ondoko horma eta orratz xumeagoetan goroldioa, likena eta belarra pilatuz joan da, denboraren iraganean ahaztuta geratuz.

Duela urte gutxi batzuk horma eta orratz ahaztu hauetako batzuk argitara eman nituen arren, Aralarko isurialde honetako altxor hauek berraurkitzen eta partekatzen buru-belarri ari direnak bi mendizale dira: Christian Pau ("Montañas de Camille" blogeko kudeatzailea) eta Mikel Txintxa ("bergidak" blogeko kudeatzailea). Bietatik Mikel izan da Ihabarko Urbedez mendiaren hegoaldean dauden “Sagarra” (105 metro, IV), “Litos” (255 metro, V) eta “Elektrolitos” (80 metro, V) bideak irudikatu eta hormara pasa dituena. Hiru bide, hiru zailtasun maila ezberdin, baina filosofia bera: hormaren azpitik irekitzen hasi eta horman ahalik eta materialik gutxiena uztea.

Urbedez hegoaldean oraingoz irekita dauden hiru bideak.

Mendiko eskalada, bide oso gutxi ekipatuak eta leku bakarti eta basatiak gustatzen zaizkigunez, Mikelek eta Christianek beraien blogetan bide hauen berri eman zutenetik Asier eta biok errepikatzeko gogotsu geunden.

- Hobena Sagarratik hastea izangoa, gradu bajuna daukelako – proposatu zidan Asierrek nondik hasi pentsatzen ari ginela -, hola nola graduatzen duen ikusiko deu.

Honela ba, arratsalde baterako plan ederra izango zelakoan eta ilunabarra iritsi aurretik eskalada-bidea eskalatzeko denbora emango zigula pentsatuz urtarrilaren 15eko bazkalosterako hitzordua jarri genuen.

Asierrek proposatu zidan bezala, gomendagarria izaten da ezagutzen ez den eskalatzaile baten bide bat eskalatu behar denean berak irekitako bide errazenetik eskalatzen hastea, berak proposatutako zailtasun maila eta zuk ikusi duzuna alderatzeko. Modu honetan bide zailagoak eskalatzerakoan ezusteko “desatseginak” ekidin daitezke, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 105 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxa eta Asier Txibik 2021eko maiatza eta abuztua bitartean.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: III+ (30 m) eta 3ºL: III+ (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Hau guztia eraman arren, 5 express-zinta, zinta-uztai pare bat, Alien jokoa eta Totem morea erabili genituen bakarrik.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu bete eta hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokis zehatza paretik ikusita.

Krokis zehatza jaitsieratko bidetik ikusita.

DESKRIBAPENA

Arratsaldeko laurak laurden gutxitan Ihabar herrigunetik iparraldera doan zementuzko pista baten amaieran geunden, zaldiei babesa ematen dien abeletxe baten ondoan. Kotxea abeletxera iritsi aurretik pistaren bazter batean dagoen zementuzko zabalgune txiki batean aparkatuta utzi genuen, trabarik egin gabe, pistaren bidea eta sororako sarrera libre utzita.

- Pareta bistan eukita, eztet uste hemendio hauntza galduko geanik – esan nion Asierri motxila bizkarreratzen nuen bitartean.
-Asuntoa bideik garbiña topatzea izangoa – erantzun zidan.

Abeletxea.

Abeletxetik ipar-ekialdera doan pistatik ibiltzen hasi ginen, urtarrileko eguzki ahulak urtu gabeko ur izoztuen gainetik “krak, krak, krak” kontu handiz ibiliz. Azkeneko egunetan egun eguzkitsu eta izoztuak izaten ari ziren nagusi, goizak izoztuak eta arratsalde eguzkitsuak mantenduz. Eguzkiak jo arren, leku laiotzetan izotza egun osoan zehar urtu gabe mantentzen zen.

Pistaren lehen metroetan.

Pistak bidegurutze batera darama, mendi-bide ezberdinen lotura dela adierazten duen poste tente bat eta eroritako beste bat duena.

Bidegurutzean, hemen ezkerrera hartzen da.

Bidegurutze honetan ezkerrera (mendebaldera) hartu eta pistatik jarraitu genuen beste 30-40 metroetan, eskuinera (ipar-ekialdera) zuzentzen den pista belartsu batekin topo egin genuen arte.

Pista belartsua hartzen den bidegurutzean.

Pista belartsua jarraituz, pista mozten duten zinta elektrifikatu batzuk saihesteko egurrezko pasabide bat pasa behar izan genuen zaldiak lasaitasun osoz belarra jaten ari ziren zelai zabal batera iritsi aurretik.

Zelaiaren iparraldean egurrezko pasabide bat dago, zelaiak mugatzen duen hariztira eramaten duena. Pasabidera iristeko, zelaiaren ezker hesitik gertu mantenduz igotzen jarraitu genuen, alderantzitako “L” bat eginez. Metro batzuk gehiago ibiltzen diren arren, animaliei eta baserritarrei zor diegun errespetuagatik bakarrik soro eta zelaiak zeharkatzerakoan hauen ertzetik ibiltzea da egokiena, erditik pasa gabe.

Zelaian gora, argakian egurreko pasabidea ikusi daiteke.

Egurrezko pasabidea zeharkatuz hariztian sartu ginen, baita, ipar noranzkoan 30-40 metro igotzen jarraituz, baso erdian pinu adarrez kamuflatuta dagoen ehiztarien txabola baten ondora iritsi ere.

Ehiztarien txabolaren parean.

Ehiztarien txabola ezkerrean utzita, beste 20 metro inguruan iparrean dagoen hormara zuzenean igotzen jarraitu genuen hormaren oinaren ondoan dagoen bidexka batera arte, ezker aldera (ekialdera) diagonalean igotzen jarraitzen duena.

Bidexkan gora...

Maldan gora jarraitzen den heinean nabarmenduz doan bidexka honek lehen metroetan hormaren oinaren ondoan mantentzen da. Ehiztarien bigarren txabola bat dagoen hartxingadi baten gainetik pasa ginenean (txabola azpian ikusiko dugu), haritzek ezpelei lekua utzi ahala aldapa gogortuz joan zen.

- Hemen nunbaiten ezkerreta pasa beharren gare, ez? – galdetu zidan Asierrek Mikelen kronika irakurtzen zuen bitartean.
- Bai – erantzun nion -, pentsatzet nubaiten hitoren bat eo jarrita eongoela…

Hormara hurbiltzeko ezpelen artetik pasatzeko ahaleginean egindako bi saiakera antzuren ondoren, bidearen ertzean dagoen haritz berezi baten ondoan, enborraren kontra harkaitz handi bat duena, bidea utzi genuen ezpelen artean sartuz. Mendebalderako noranzkoan 15-20 metro zuzen ibili eta gero, basoaren erdian dagoen ezpelik gabeko zelaigune batera iritsi, eta bukaera arte zuzen igotzen jarraituz, hormaren oinera iritsi ginen.

Bidea utzi genuen haritz berezia.

- Lehen luzeko paraboltak ikusteittut!!!! – Oihukatu nion Asierri.

Oraindik ez genekiena zen eskalada-bidean topatuko genuen zailtasunik handiena non hasten den topatzea izango zela, jejeje. Kotxetik "Sagarra" eskalada-bidearen hasiera arte berrogeita hamar minutu pasa genituen, galduta ibilitako denbora zenbatuta.

"Sagarra" bidea hasten den lekuan. Argazkian hiru parabolten kokalekua ikusi daiteke.

Eskalada-bidearen hasiera adierazten duen mugarri edo karteltxo bat ez topatzeak harritu gintuen, eskerrak hormaren azpitik lehen luzeko paraboltak erraz ikusten diren.

- Yosemiten eskalatzen duten batzuk guk baño material gutxigo eramango due, jejeje – esan zidan Asierrek irribarretsu, “badaezpada” ekarri genuen material guztia arnesetik zintzilikatu nuenean.
- Ya te digo… jejeje.

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV. Luzearen lehen metroak harkaitz-plaka etzan bat ezkerretik eskuinerako joeran eskalatzen dira. Harkaitz-plaka honetara igotzeko eskalatu behar den pasagune bertikal eta motza eskalatu ondoren (III+), ezker joerarekin eskalatzen jarraitu nuen lehen paraboltera zuzenduz (III). Harkaitz-plaka etzan honek helduleku oso onak ditu eta zailtasun berezirik ez dauka; izan ere, lehen paraboltera iritsi arte ez nuen asegururik jartzeko beharrik sentitu. Dena den, harkaitz-plakak harea edo hautsa bezalako zerbait dauka gainetik, bertatik ura erortzen den seinale, eta harkaitza itsaskorra bada ere lehen pausuetan zalantzak sortu zizkidan.

Lehen paraboltaren parean.

- Aiztondoko harrin antzekoa da – esan nion Asierri lehen paraboltetik -, jende askok plaka eskalatu izan balu bezalako sentsazioa emateu.

Lehen paraboltetik gora horma inklinatzen hasten bada ere, bertako helduleku onek eta beste bi parabolt jarrita izateak eskalada asko errazten zuela iruditu zitzaidan (III+).

Hirugarren paraboltetik gora horma puntu bat gehiago tentetzen da baina helduleku oneko bi arrail nabarmen daude autobabeserako aukera onak ematen dituztenak. Lehen arrailean Alien gorri bat trabatu ondoren zertxobait eskuinetik eskalatu nuen harlauza zorrotz batzuk aprobetxatu eta bigarren arrailaren azpian dagoen ezpel berezi batera iritsiz (IV-).

Ezpel bereziaren ondoan.

Bigarren arrailak helduleku onak dituen arren, eskalatzen hasi aurretik ahal izan nuen punturik altuenean Totem morea trabatzea erabaki ondoren, asegurua goitik izatea ematen duen segurtasunarekin arraila zuzen eskalatu nuen, zailtasunik gabe (IV), bertatik irteteko eskuinean dauden harkaitzak heldu nituen arte. Eskuin eskuarekin hainbat kolpe eman eta gero harri hauen sendotasuna zalantzazkoa iruditu zitzaidan, baina eskuin eskuarekin maitasun handiz heldu nituenean eta gorputza altxatzen hasi nintzenean harriek nire pisua ongi eutsi zuten.

Bigarren arraila eskalatzen.

Bigarren arraila eskalatuta, hormaren eskuin ertzera gerturatuz metro pasatxo bat eskalatu ondoren, harkaitz-plaka etzan batetik ezker aldera eskalatzen jarraitu nuen bi paraboltez osatutako bilgunera zuzenduz (III).

Lehen bilgunean.

Kotxea utzitako lekuan zegoen hotza ahaztuta, eguzkiak eta harkaitzak botatzen zuten epeltasunaz gozatuz soka jasotzen hasi nintzen.

Lehen bilgunetik behera egindako argazki honetan Asierren kasko laranja adarren artean ikusi daiteke.

Asierrek luzea lasaitasun osoz eskalatzen hasi zen, pausu bakoitza eman aurretik esfortzu txikiena suposatuko zion heldulekua ongi aukeratuz.

Paraboltak dauden harkaitz-plaka inklinatuan.

- Ze iruittu zaizu?
- Errexa… - erantzun zidan -. Eta oaingoz harkaitze oso ona.

Bigarren arrailetik irteten.

Bigarren arrailaren irteeratik egindako argazki honetan bilgunera arteko harkaitz-plaka etzana ikusi daiteke.

- Bigarren luzea, 30 m, III+. Bilgunearen eskuinean dagoen arrail txiki bat eskalatu ondoren, bilgunearen gainetik eskuinetik ezkerrera diagonalean luzatzen den ezproi txiki batera igo zen (III+).

Ezproiaren gainean.

Behin ezproiaren gainean, bere ezker aldetik eskalatzen jarraitu zuen, goian ikusten den parabolt batera zuzenduz (III). Paraboltera iritsi aurreko horma beldurgarria dirudi, erabat apurtuta dagoen itxura duelako. Horma "apurtu" honetako arrailetako batean “badaezpada” Alien horia trabatu, eta dirudiena baino harkaitz hobea duen tarte hau eskalatu ondoren paraboltera iritsi zen (III).

- Zemuzkoa? - galdetu nion.
- Bueno, harkaitze emateuna baño hobea da - erantzun zidan paraboltetik express-zinta pasatuz.

Paraboltetik express-zinta pasa zuenean metro eskas bat gorago igo eta horizontalean eskuin aldera 3-4 metroetako zeharkaldia egin zuen horman dagoen arte nabarmenaren azpian kokatuz. Zeharkaldia kontu handiz hartu zuen, helduleku bakoitza ongi begiratuz, harkaitz batzuk oso sendoak ez daudelako.

Zeharkaldiaren amaieran. Argazkian paraboltaren kokalekua ikusi daiteke.

Artearen ezkerrean 4-5 metro inguruko diedro etzan bat dago. Diedroaren azpiko arrail batean Alien orlegia trabatu eta eskalatzen jarraitu zuen. Hasieran oin bakoitza diedroaren horma bakoitzean jarrita eskalatu bazuen ere, artearen enborrean jarrita dagoen sokatik express-zinta pasa bezain laster eskuin hormara pasatu zen, helduleku oneko harkaitz-plaka trinkoa, ezker horma oso fidagarria ez dirudielako.

Diedroa eskalatu ondoren.

Diedroaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.

Diedroa azpitik ikusita.

Diedroa eskalatuta (III), artearen gainetik horma etzaten da. Zuzen eskalatzen jarraituz, azken metro erraz batzuen ondoren bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen (III-).

Bigarren bilgunean. Argazkia diedroaren irteeratik eginda dago.

- Hirugarren luzea, 40 metro, III+. Mikelen azalpenak jarraituz, bilgunetik 2-3 metro eskuinera dagoen harkaitz-plaka batera igotzea zen egin beharra nuen lehenengo gauza. Honetarako harlauza eta harkaitz-bloke ezegonkorrenez estalitako kanal antzeko bat zeharkatu behar izan nuen eskuak eta oinak non jartzen nituen ongi begiratuz (III-). Asierrek geroago kanaltxo honetatik kolokan zeuden harkaitz batzuk kenduko zituen pasagunea seguruagoa bihurtuz.

Harkaitz-plaka zuzenean eskalatzen jarraitu nuen. Etzana izanda, harkaitz-plaka honek zailtasun handirik ez daukala iruditu zitzaidan eta metroak arin irabazi nituen. Hala ere, "bazpare" plakaren amaieran dagoen harkaitz-zubi nabarmen batetik zinta-uztai bat pasatu nuen luzearen lehen asegurua jarriz (III-).

Lehen asegurua jarri nuen lekuan.

Leku beretik bilgunera egindako argazkia.

Harkaitz-plaka eskalatu nuenean (III-) hormaren eskuinetik datorren erlaitz inklinatu batekin topo egin nuen, txirrista baten itxura duena.

Erlaitz inklinatuan.

Erlaitza zeharkatu nuenean parean dagoen ezproira zuzendu nintzen, harkaitz ona duenaren itxura daukana, luzeak bertatik jarraitzen zuela pentsatu nuelako.

- Largoa kuarto menos-ekoa dela esateu – esan zidan Asierrek bilgunetik.
- Ordun hemendio ez dijo – erantzun nion ezproiari begira – espoloi honek kuarto baño gehio daukela esango nuke.

Ezproiaren eskalada baztertuta, begirada bere eskuinean dagoen kanal itxurako batera zuzendu nuen, eskaladarik errazena hortik zela iruditu zitzaidalako. Kanaltxoari begira nengoela bere eskuineko horman zerbaitek atentzioa deitu zidan:

- Kordino bat ikusteet!! – oihukatu nion Asierri.

Bitan pentsatu gabe harkaitz trinkoa duen horma hau eskalatzen hasi nintzen harkaitz-zubi batetik pasatuta dagoen kordelera iritsi nintzen arte. Bigarren kordel batera iritsi nintzenean eta hormaren zailtasunak amaitzen zirela (III+) ikusi nuenean Asierri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Asierri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Argazki kamera gorde ondoren bigarren kordeletik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen harkaitz-zubi nabarmen baten ondotik pasatuz. Zailtasun guztiak amaituta, metro batzuk gorago parabolt bakarreko azken bilgunera iritsi nintzen, ondoan harkaitz-zubi bat duena indartu ahal izateko.

Azken bilgunean...

Azken bilgunea.

Asier aseguratzen nuen bitartean mendebaldera begiratu eta parean Oilaxka orratzak ikusi nituen, eguzkiaren izpi inklinatuek zeruertzean mozten zituztela. Orratz hauek ikusten ditudan bakoitzean Asierrekin eskalatu nitueneko eguna burura datorkit. A zer nolako beldurra egun hartan pasa genuena!!!

Oilaxka orratzak, eder bezain beldurgarriak.

Asierrek eskalada-bidea hasi zuen moduan amaitu zuen, lasaitasun osoz eskalatuz eta harkaitzaren zentimetro bakoitzaz gozatuz.

Erlaitz inklinatura iristen...

- Azkeneko zatie hemendio ittea bazutela emateu – esan zidan ezproiaren oinera iritsi zenean -, eztu ematen harkaitz txarra daunik…
- Neire hala iruittu zait – erantzun nion bilgunetik – baña hortio sartu ez badie zerbaitegatik izangoa, irteera logikona hortio delako.

Argazki honetan ezproia eta kanaltxoa ikusi daitezke baita, sokari jarraituz gero, luzea nondik doan ere.

Itzalak infinitura arte luzatu eta munduak urre kolorea hartzen hasten den momentu horretan material guztia motxiletan sartu eta argazki bat egin genuen, ekialdean zeuden pagoen adarren artetik ilargi betea irteten zen une berean.

Urre koloreak bidearen amaieran.

Hormatik jaisteko ekialdean dagoen Urbedez mendiaren gailur harritsura joan ginen, ilargia irteten ari zen pagoetara zuzenduz.

Urbedez gailurrera iristeko jarraitu genuen bidea. Ilargia pagoen artean ikusi daiteke.

Ilargia gertuago...

Urbedez gailurrera iritsi ginenean "Litos" eskalada-bidearen azken bilgunearen arrasto baten bila aritu ginen batera eta bestera begiratuz, baina ez genuen ezer topatu.

- Pareta politte honaño iristeko, ez? - esan nion Asierri hormaren ertzetik behera begiratuz.
- Bai, hala emateo - erantzun zidan.

Gailurra atzean utzita mendebaldera zuzenean doan bidexka batetik jarraitu genuen, zulo handi batek alderik alde zeharkatzen duen punta berezi batera zuzenduz.

Zulodun puntara hurbilduz...

Zulodun puntara iristear geundela (20-25 metro eskas), bidexka utzi eta 15-20 metro behera zuzenean jaitsi ondoren mendebaldeko noranzkoan jaisten jarraitu genuen, harkaitz-plaka motzak belar tartekin tartekatuz.

Zulodun puntara iritsi aurretik jarraitu genuen bidea.

Jaitsiera hasieran iruditu zitzaiguna baino erosoagoa da eta metroak arin galdu genituen zulodun punta atzean berehala geratuz.

Zulodun punta atzean berehala geratuz...

Arteak ugaritzen hasi zirenean mendebaldera doan bidexka bat ikusi eta bertatik jarraituz mendi-lepo batera iritsi ginen, "Elektrolitos" eskalada-bidea dagoen harkaitz-plaka handiaren amaierarekin lotzen dena.

Mendi-lepora iristen...

Egunaren argitasuna pixkanaka desagertzen ari bazen ere bide zuzenetik jaisten ari ginela ziur geunden, are gehiago mendi-lepoaren bestaldean mugarri pare bat topatu ondoren. Bi mugarri hauek atzean utzi eta altuerarik galdu gabe (zertxobait irabazten dela ere esango nuke) mendebalderako noranzkoan zuzen jarraitu genuen, "Litos" eskalada-bidearen bi zatiek osatzen duten mendi-lepoarekin topo egin genuen arte.

- Hemendio eskalau deun bidea ondo ikustea... - esan zidan Asierrek harkaitz baten gainetik.

Asier zegoen harkaitzera igo eta eskalatutako hormari argazki bat egin nion, baita "Litos" bidearen bigarren zatian eskalatzen den hormari ere.

- Hortiore eskalau beharko deu ba... - proposatu nion Asierri.
- Bihar etorri gaitezke - erantzun zidan.
- Bai, baño hortako badeu lehenago bidea nun hastean ondo beidatzea, gaur bezela ez ibiltzeko, jejeje...

Bigarren mendi-lepo honen bestaldera pasa eta pixkanaka nabarmenduz zihoan bidexka jarraituz ezpelen artean sartu ginen, hurbilketan jarraitu genuen bide bera zela konturatu ginen arte.

Eskalatutako horma egunaren azken argiekin argituta...

Ilundu aurretik "Litos" eskalada-bidearen hasiera non dagoen bilatzera joan ginen. Hasiera topatu genuenean (hau ere topatzea zertxobait kosta zitzaigun, jejeje) hurbilketan egindako bidea deseginez eguzkiaren azken izpiekin kotxera itzuli ginen.

Oilaxka orratzak egunaren azken argien konpainian...

"Sagarra" bidea asko gustatu zitzaigun eta gainera harkaitza oso ona eta trinkoa dauka. Duen zailtasun maila kontutan izanda mendi-eskaladan hasteko bide itzela iruditu zitzaigun, autobabeserako aukera apartak dituelako. Baina ezin duguna ahaztu da ez garela eskalada-eskola batean eskalatzen ari eta argi izan behar dugula non sartzen garen, aseguruak ez daudelako gertu eta beharbada aseguruen artean hainbat metroetako tarteak utziko ditugulako.

Autobabeseko eskaladan hasiberriak direnentzat bide oso gomendagarria da inongo zalantzarik gabe, zorionak eta milesker bihotzez Mikel eta Asierri bide hau irudikatu, egi bihurtu eta partekatzeagatik!!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Bergidak bloga. 2021/10/03. Sagarra bidea (105 m; IV). Urbedez.Ihabar Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2021/10/03/sagarra-bidea-105m-iv-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. Sagarra bidea (105,AD,IV), la nueva de Urbedez. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2021/09/sagarra-bidea-105m-ad-iv-la-nueva-de.html


jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07