blogak

Smithyrenbloga

IHABAR, URBEDEZ HEGOALDEA: "KORMORAN MOÑUDO" BIDEA, 125 m, IV. 2022/04/10


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Bihar eskalatzera?
- Bale.
- Noa jun nahizu?
- Igual zait, nahizun lekura...

"Elurre dator...", pentsatu nuen anaiak eskalatzeko baiezkoa erantzun zidanean, "... ta gañea nere esku utzi do nun ta nola eskalau...". Eta hau pentsatzea ez zen harritzekoa, hiru urte luzeetan eskalatu gabe egon ondoren anaiaren eskaladarako motibazioa segurtasun falta igotzen ari zitzaion abiadura berean jaisten ari zitzaiolako. Bi indar negatibo eta boteretsu hauei aurre egiten hasteko Ihabarko Urbedez hegoaldera eskalatzera joatera proposatu nion:

- Eskalada errexak, ez oso luzek ta katxarreatzen nola eskalatzen zenun gogoratzeko elegantek.

Baina konbentzitu zuena Urbedezen eskalada bakartiak gure zain izango genituela esateak izan zela esango nuke, bi anaiok bide berean eskalatzaile gehiago ditugunean ez dugulako lasaitasunez eskalatzen:

- Lasai hartuko deu, luze bakoitza eskalatzeko ordubete eon behar badeure... - esan nion kotxearekin etxeko atarian agertu zenean.

Anaia eskaladara itzultzeko "Kormoran Moñudo" eskalada bidea aukeratu nuen, Mikel Txintxak eta Christian Pauk beraien blogetan azaldutakoaren arabera anaiak inongo estutasunik gabe eskalatuko zuela uste nuena. Niretzat ere bide berria izango zen, eta eskalatzeko gogoa eta jakin-mina nuen gainera, duela hilabete eskas, eskaladako materialik gabe horma hauetako aukerak begiratzen ari nintzela, konturatu gabe bide honen bigarren bilgunean agertu nintzelako.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 125 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Mikel Txintxa eta Christian Pau, 2022eko otsailaren 2an.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: III+ (35 m), 2ºL: III (35 m), 3ºL: IV (25 m) eta 4ºL: IV (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Bidea "Elektrolitos" bidearen hasieratik 30-40 metro inguru ekialderago hasten da, bide honen eskuinean dagoen kanal belartsu nabarmenaren eskuinean.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express-zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Material hau guztia eraman arren, guk Totem horia, orlegia eta gorria, Alien orlegia, bilguneak muntatzeko eta harkaitz-zubi batetik pasatzeko bi zinta-uztai eta bost express-zinta "bakarrik" erabili genituen.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Urbedez hegoaldeko "beheko horman" irekitako eskalada bideetako batzuk eta "Kormoran Moñudo" bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Bost urte baño gehio die friend bat jarri ez detela... - esan zidan anaiak motxilatik ateratzen ari nintzen friend eta artaka-trabagailuei begira.
- Lasai, bide hontan lasai ibiliko zea nahizun guztie ta nahizun lekun sartzeko - erantzun nion -, ta gañea hemen iñor ibiltzen ez denez behar deun denbora guztie lasai asko hartu dezakeu.

"Kormoran Moñudo" non hasten den aurretik banekienez bertara zuzen-zuzen iritsi ginen, hormaren oinean arteek eta ezpelek osatzen duten labirintoan galdu gabe. Hasiera, "Elektrolitos" eskalada-bidearen hasten den lekutik 30-40 metro inguru ekialderago dago, bide honen ondoan dagoen kanal belartsu nabarmenaren eskuinean. Oinean mugarri bat topatuko dugu, baita eskaladaren lehen metroak aseguratzeko Mikelek harkaitz-zubi batean utzi zuen soka bat ere.

"Kormoran Moñudo" bidearen oinean, argazkian harkaitz-zubitik pasatako sokaren kokalekua ikusi daiteke (borobil gorri baten barruan), baita mugarria ere.

Mikelen eta Christianen azalpenen arabera hirugarren luzea zailena zenez, Ikerri eskalada nik hastea proposatu nion:

- Bazpare hobe - erantzun zidan -, igual zuk bide osoa "de primero" eskalau beharkozu ta...

Arnesaren uztaiak materialez bete nituenean eskalatzen hasi nintzen. Dena alde genuela iruditu zitzaidan: zerua oskarbi, tenperatura freskoa eta erabateko bakardadea. Gaurkoan ezin zitzaigun ezer gaizki atera...

- Lehenengo luzea, 35 metro, III+. Metro gutxi batzuk eskalatu (III), hormaren eskuinean dagoen harkaitz-zubira iritsi eta bertatik bidearen lehen express-zinta pasatu nuen.

- Hasierako argazkie in beharko deu, ez? - Bota zidan anaiak.
- Nahizuna - erantzun nion -, hemen oso eroso nau...

Harkaitz-zubitik aseguratu ondoren egindako hasierako argazkia. Anaiaren sorbaldara igota nagoela dirudi, jejeje.

Harkaitz-zubitik gora, tarteka zertxobait inklinatzen den den harkaitz-plaka etzan bat eskalatzen jarraitu nuen, poliki, lasai, parean dagoen hormatxo bertikalera zuzenduz (III-). Orain arteko eskaladak, harkaitzaren kalitateari dagokionez,  aitzakirik ez zuela iruditu zitzaidan, harkaitz-plaka trinkoa delako. 

Metroak irabazten nituen heinean, zuzen jarraituz gero hormatxoaren erdian dagoen arrail txiki, bertikal eta nabarmen batera nindoala ikusi nuen, baina ez nuen gogoan ez Mikelek ezta Christianek ere beraien kroniketan arrail nabarmen honen inguruko aipamenik egiten dutenik.

Harkaitz-plaka etzana eskalatzen. Nire gainean hormatxo bertikala ikusi daiteke baita, nire eskuinean, arrail nabarmena ere.

Bitan pentsatu gabe, eta biderik zuzen eta logikoena hortik zihoala ikusita, arrailara zuzendu nintzen. Bertikala izan arren helduleku onak dituela ikusi nuenean Totem bat trabatu, eta harkaitza sendoa zirudiela egiaztatu ondoren, oinak hormaren azpiko eusleku batzuetan jartzearekin batera besoekin tira eginez gorputza altxatzen hasi nintzen.

Arrail bertikalean friend-a trabatzen.

Orduan alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Ezker eskuarekin helduta nuen harkaitz-bloke handia, arraila osatzen duena, mugitzen hasi zen. Inkontzienteki gorputzaren pisua bi oinetara eta eskuin eskura pasatu, eta arnasa sakon hartu ondoren, gorputza kontu handiz altxatu nuen hormatxoa eskalatuz (III+).

- Friend hau kendu inbehar det - esan nion anaiari Walkie talkie-tik.
- Kendu? Ze ba?
- Sartuta daun ezkerreko blokea kolokan dau ta eztakit ondo aguantaukoizun... - erantzun nion -, Hobezu paretan ezkerretio eskalatzea, nahizta errexago emateun...

Ikerrek geroago horma hau ezkerretik eskalatu eta erraza iruditu zitzaiola esan zidan, III zailtasunaren inguruan. Arrailaren irteeratik 6-8 metro oinez ezker noranzkoan ibili ondoren, parean dagoen horma tentean harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat ikusi nuen.

- Bidea hemendio dijo!!! - Oihukatu nion anaiari.

"Bidea hemendio dijo!!!" Arrailatik friend-a kendu nuenez, sokak bidea hormaren ezkerretik adierazten duela ikusi daiteke.

Sokadun horma tente hau azpitik dirudiena baino errazagoa eta harkaitz hobeagokoa dela iruditu zitzaidan. Dituen helduleku onak aprobetxatuz ez nuen zailtasun handirik izan horma eskalattzeko (III+), luzearen zailtasunekin amaituz. Egiari zor, horma motza geratu zitzaidan, pena metro gehiago ez izatea.

Metro batzuk oinez ibili ondoren zuhaitz baten enborrean soka batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehen bilgunea.

- Ze iruittu zaizu? - Galdetu nion Ikerri burua hormatik atera zuenean.
- Oso ondo, errexa - erantzun zidan -. Honi ze emateie?
- Kuarto menos - erantzun nion.
- Kuarto menos? - erantzun zidan erantzunak harritu izan balu bezala -. Ta bigarrenai?
- Terzero mas.
- Benga ba ordun nik emangoiot... - esan zidan ziurtasun osoz.
- Primeran,!!! Seguro oso errex eskalaukozula, pareta hau inbestigatzea etorri nintzenen zapatilekin eskalau nulako, jejeje - erantzun nion.

Lehen bilgunera iristen.

- Bigarren luzea, 35 metro, III. Iker bilgunetik zuzen atera, eta harkaitz-plaka etzan bat eskalatu ondoren (III-), erlaitz belartsu batera iritsi zen. Tartean, aseguruak nola jartzen ziren gogoratzen joateko, harkaitz-plaka etzan honen arrail batean friend bat trabatu zuen.

- Bakit errexaela baña trankilloa hartzen juteko... - esan zidan friend-etik express-zinta pasatuz.
- Tranki, denbora guztie daukeu eta - erantzun nion -. Oain eskubin ikustean zuhaitzea jun beharren zare, soka bat jarrita daula ikusikozu...

Erlaitz belartsuan harkaitz-plaka etzana eskalatu ondoren. Eskuinean soka pasatuta dagoen zuhaitza ikusi daiteke.

Goiko argazkiko leku beretik lehen bilgunera egindako argazkia.

Erlaitz belartsutik eskuinera erdi-oinez igotzen zuhaitzera iritsi daiteken arren, poza sentitu nuen Ikerrek parean zuen harkaitz-plakan friend bat trabatu eta bertatik eskalatzen jarraitzea erabaki zuenean, gustura eskalatzen ari zen seinale.

Zuhaitzera daraman harkaitz-plakatxoa eskalatzen (III).

Harkaitz-plaka inklinatu hau erraztasun osoz eskalatu ondoren (III), zertxobait eskuinera bota eta zuhaitzaren enborretik pasatutako sokatik express-zinta luze bat jarri zuen.

- Ta oain? - Galdetu zidan.
- Hor ikustean hagin itxurako blokek eskubin diedro antzeko bat osatzeu - erantzun nion -. Hortio dijola esango nuke.
- Ta zuzen ematen badiot?
- Zuk nik baño hobe ikustezu - erantzun nion -, nahizuna.

Hagin edo karratu itxurako harkaitz-blokearen azpian.

Mikelek eta Christianek bidea ireki zuteneko diedroa ikusi zuenean, bertatik eskalatzen jarraitzea baztertu zuen. Diedroa baztertuta, harkaitz-blokearen erdira itzuli, eta bertako arrail batean Alien horia ongi trabatu zuenean, zuzen eskalatzen jarraitu zuen (III).

- Zemuzkoa? - Galdetu nion.
- Errexa - erantzun zidan.

Argazki hau harkaitz-blokearen azpitik egina dago. Guk Alien-a trabatuta dagoen lekutik (sokaren ezkerretik) eskalatu genuen.

Harkaitz-blokea eskalatuta, erdi-oinez ezker joerarekin igotzen jarraitu zuen, harkaitz-plaka inklinatu eta nabarmen baten oinean bi harkaitz-zubietatik pasatako soka eta zinta-uztaiaz osatutako bilgunera iritsi zen arte (II/II+).

Bigarren bilgunean. Iker aseguratzen ari den harkaitz-zubiaren eskuinean zintz-uztai horidun harkaitz-zubia ikusi daiteke, lehen mailloi bat zuena.

Mota honetako eskaladetan dugun ohiturari jarraituz, atzetik eskalatzen nindoanez kolokan zeuden harri eta harkaitz batzuk kenduz eskalatu nuen, luzea "seguruagoa" bihurtzeko helburuarekin. 

- Ondo, ez? - esan nion anaiari bilgunera iritsi nintzenean -, komodo ikusi zaittut.
- Oaingoz de puta madre - erantzun zidan -, disfrutatzen.

Bilgunera iritsi nintzenean eskuineko harkaitz-zubian jarritako zintari mailloia falta zitzaiola ikusi nuen, horma nolakoa zen ikustera etorri nintzenean zintzilik zuena. "Bakarren batek ez zuen beharrezkoa ikusiko ta eraman egin du..." pentsatu nuen.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 25 metro, IV. Eskalatzen hasi aurretik harkaitz-plaka inklinatuan jarrita dagoen parabolta identifikatu genuen, 5-6 metro ingurura jarrita dagoena. Bilgunetik zuzen atera eta berehala honen ezkerrera bota nintzen, heldulekurik handienak bertan daudelako. Helduleku ezberdinak konbinatuz ez nuen aparteko lanik behar izan paraboltera iristeko (III+).

Paraboltaren parean.

Paraboltetik gora harkaitz-plaka etzan egiten da. Metro erraz batzuk eskalatu ondoren erlaitz batera iritsi nintzen.

- Goien soka bat ikustea!!! - Oihukatu zidan Ikerrek bilgunetik.

Ikerrek seinalatzen zidan lekura begiratu eta parean nuen hormaren gainean sabai txiki batean zintzilik zegoen soka ikusi nuen. Bertara iristeko harlauza erraldoi batek osatzen duen arrail bertikal bat eskalatu beharko nuen, Mikelek bere kronikan dioen moduan artaka-trabagailu eta friend-ekin ongi babestu daitekeena.

Bertikala izan arren arrailak helduleku oso onak ditu, metroak zailtasunik gabe irabazteko aukera ematen dutenak. Hala ere, gutxi gora behera erdia eskalatua nuenean arrailaren ezkerrean dagoen harkaitz-zubi handi batetik zinta-uztai motz bat pasatu nuen, heldulekuren bat apurtuz gero balitz ezustekorik ez izateko.

Harkaitz-zubian aseguratu ondoren.

Arraila eskalatuta (IV), soka jarrita dagoen sabai txikiaren azpian kokatu nintzen.

Sabai txikian.

- Zemuz zare? - Galdetu zidan anaiak.
- Ze ba?
- Argazkin bat ateatzeko.
- Oso komodo nau - erantzun nion sokatik express-zinta pasatuz -, hemen kriston kazok dare.

"Oso komodo nau!!"

Ikerrek argazkiak egiten zituen bitartean sabaia nondik eta nola eskalatu begira aritu nintzen. Arrailan bezala hemen ere izugarrizko heldulekuak daudenez, ez nuen estutasunik pasatu behar izan sabaia eskalatzeko (IV). Sabaia eskalatuta, nire eskuinean parabolt bat ikusi nuen. Bertara iristeko, harkaitz-plaka tente batean pixkat igo eta eskuin aldera zeharkaldia egin nuen (III+, helduleku onak). Paraboltaren eskuinetik jarraitu eta parean dauden zuhaixketara iritsi nintzenean, eskuinean dagoeneko bilguneko paraboltak ikusi nituen. Bilgunera iristeko, erlaitz estu eta belartsu batera igo (III/III+ pasagune motz bat) eta eskuinera horizontalean 3-4 metroko zeharkaldia egin behar izan nuen.

- Joer, estutu behar izan det paraboltea iristeko!!!! - esan zidan Ikerrek luzearen lehen paraboltera iritsi zenean.
- Serion? - erantzun nion -. Nundio igozu ba?
- De segundo junda bakizu, zuzen eman diot - erantzun zidan -, adherentziko pasok eginez, jejeje.

Lehen paraboltean.

Arrail bertikalaren azpian dagoen erlaitzetik egindako argazki honetan bilgunera arteko bidea ikusi daiteke, baita, zinta-uztai hori batekin, arraila aseguratzeko dagoen harkaitz-zubia ere.

Ikerrek luzea oso erraz eskalatu zuen, gozatuz, eskilara bertikal bat igotzen ariko balitz bezala.

Bilgunera iritsi aurretik jarrita dagoen paraboltera iristen.

Leku beretik bilgunera egindako argazkia. Hormaren erdian ikusten diren belarrak dira erlaitz txikia tapizatzen dutenak. Argazkian azken parabolta ere ikusi daiteke.

- Azkeneko largoa... - esan nion Ikerri materiala eman nionean.
- Lau bakarrik dittu? - erantzun zidan bidea motz geratzen ari zitzaiola nabarmen geratuz.
- Bai - erantzun nion -. Baña ustet azkeneko hontan zuk aukerau beharkozula reuniora nundio iritsi.
- Ah bai?
- Bai, bukaeran murete bat omen dau eskalatzeko pitzadura diferentek dittunak...

Hau entzundakoan anaiaren begiek distira berezi bat islatu zuten, bazkari batean postrearen zain egon ondoren gustukuen duzun postrearen izena entzuten duzunean bezala.

- Laugarren luzea, 35 metro, IV. Iker bilgunetik eskuinera zeharkaldia eginez atera zen, eskuinean dagoen ezproian dagoen koska txiki batera zuzenduz (III). Ezproira iritsi baino lehen, hormak duen arrail nabarmen batean Totem orlegia trabatu zuen zeharkaldia aseguratzeko .

Zeharkaldian Totem orlegia trabatu aurretik.

- Dudatan nau espoloiaño jun eo hemendio zuzen eman - esan zidan Totem-a trabatu zuen arrailari begira.
- Nahibazu zuk espoloitik igo ta nik zuzen emangoiot - proposatu nion.
- Perfektooo!!! - erantzun zidan ezproiaren ertzera igoz.

Ezproira igo zenean bere ertzetik eskalatzen jarraitu zuen bilgunetik ikusten den zuhaitz txiki batera zuzenduz (III-). Atzetik eskalatzeak ematen duen lasaitasunarekin geroago horma zuzenean eskalatuko nuen (III+), nire uste apalean aukera hobea, ezproian harri askeak daudelako.

Argazki honetan gorriz Ikerrek zuhaitz txikira arte jarraitutako bidea ikusi daiteke, zuriz aldiz nik jarraitutakoa, nire ustez seguruagoa eta aseguratzeko aukerak dituena.

Zuhaitz txikitik aurrera Iker begi-bistatik galdu nuen. Metro batzuk erdi-oinez ibili ondoren bidearen amaiera den horma tentearen azpian kokatu zen. Azken horma hau arrail ezberdinez osatuta dago, nahi den lekutik eskalatu ahal izateko. Ikerrek denetatik zailena iruditu zitzaiona eskalatu zuen, ezkerretik hasita bigarrena, friend-ak trabatzeko lekuak eta helduleku onak dituena.

Bilgunera iritsi aurreko horma tentea eta horma hau eskalatzeko izan ditzazkegun aukera ezberdin batzuk. Nire ustez arrail zailena ezkerrekoa izan daiteke, baina sokaren eraginez ezin izan nuen eskalatu.

Horma eskalatuta (IV), harkaitz-plaka erraz eta etzan batzuk igoz (II+) bidearen azken bilgunera iritsi zen, zuhaitz baten enborrean muntatuta dagoena.

Laugarren, eta azken, bilgunean.

- Azkeneko murete hau ona, eh? - bota nion hormatik irten nintzenean.
- Bai - erantzun zidan -, pena luzegoa ez izatea.
- Ez zaizu iruittu ezkerreko pitzadura zailegoa zela?
- Ez naiz fijau, baña polittena hau iruittu zait - erantzun zidan -, beste bateako utzi beharko deu, jejeje.

Hormatik irteten: hau bukatu da!!!

Goizeko hamaikak ziren biok bilgunera iritsi ginenean:

- Beste bide bat eskalau nahizu?
- Igual hobe etxea jutea, hola gehio eskalatzeko gogokin geatuko naiz... - erantzun zidan, piztu zitzaion bihotza eta buruaren arteko barneko eztabaidari amaiera emanez -, bihar bueltauko gea...

Soka biltzen nuen bitartean Ikerrek ezin zuen aupegitik irribarrea ezabatu. Urte batzuk hainbat luzeetako eskalada-bide bat eskalatu gabe egon ondoren asko gozatu zuela nabaritzen zitzaion, hortik barnean izan zuen eztabaida hori. Gozatu arazi zaituen horretatik "gehiegi" hartzea ere ez da ona izaten, nazkatzeko arriskua dagoelako. Eta hori izan zen etxera itzultzearen erabakiaren arrazoirik nagusiena, ongi hartua gainera.

Taldeko argazkia.

Jaitsieran Aste Santuko oporraldian Urbedezeko beste bide batzuk eskalatzeko aukeraz hitz egiten aritu ginen. Anaia eskaladarekin hain animatua ikusteak izugarri poztu ninduen eta gaurko plan bera jarraituz, beste eskalada bideak eskalatzeko goizean goiz etorri eta eguerdirako etxean egon gintezkeela komentatu nion.

- Gañera nei oaindio eskalatzeko hemengo beste lau bide falta zaizkit...
- Ba nahibazu hoik eskalauko ditteu... - proposatu zidan, kotxera itzuli ginenean.
- Primeran, baina pena emateit Asier gurekin ez egotea - aitortu nion -, lesiogatik agobiauta eongoa...
- Asier ezagututa seguro baietz - erantzun zidan kotxearen motorra martxan jarriz -, rekuperatzen denen errepikauko ditteu...
- Hola izan beharkou, bai...

"Kormoran Moñudo" Urbedezen Asierrekin eskalatu nituen beste eskalada bideen antzekoa dela iruditu zitzaidan, zailtasunaren aldetik estutasunik pasatuko ez dugun eskalada bide bat, auto-babesa praktikatzen hasteko aproposa izan daitekeena, eta gainera leku lasai eta bakarti batean. Mikelek esaten duen moduan, Urbedez hegoaldeko eskalada bideak "pretentsio handirik gabe irekitako eskalada-bideak dira". Hau dela eta, inork dezepziorik ez hartzeko, ez dut uste eskalada klasikoan eskarmentua duten eskalatzaileek bide hauetan gozatuko dutenik eta ez dut uste ezta ere Mikelek bide hauek eskalatzaile hauei zuzenduta ireki dituenik, eskalada klasikoan hasiberriak diren eskalatzaileei zuzenduta baizik. Baina tira, hau eritzi pertsonal bat besterik ez da eta beharbada oker nabil, horregatik eskalada bide hauek frogatzea bezalakorik ez dago, jejeje.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Bergidak bloga. 2022/03/13. Kormoran Moñudo bidea (130 m; V). Urbedez. Ihabar. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2022/03/13/kormoran-monudo-bidea-130m-iv-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. 2022/02/22. Kormoran Moñudo (130m, IV+), nueva vía en Urbedez. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/02/kormoran-monudo-130m-iv-nueva-via-en.html


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07