blogak

Smithyrenbloga

HIRU HAITZAK EDO HIRUAITZ (1.130 m), BAKAIKUTIK, 2020/02/22

Bi une ezberdin argazki berean... Mendebaldeko Haitzaren zuloetako magia ote?.


- Eunen baten horrea igo beharren gare…
- Seguro jentil-begi, sorgin-zulo edo holako izen mitologikon bat izangoula – esaten nion beti Asierri.
- Bai, hain karakteristikoa izanda seguro holako izenen bat izangoula.

Zenbat aldiz errepikatu izan da hizketa hau Iruñeatik A-10 errepidean etorri eta, Bakaiku parean, hegoaldera begiratuz bi zulo nabarmen dituen haitz erraldoi bat ikusten genuen bakoitzean. Eta ez da gutxiagorako.

Askotan hitz eginda genuen hara nola iritsiko ginen eta plan bat ere egina genuen. Egia esan, plana ez zen oso konplikatua, ezta sofistikatua ere, eta Bakaikutik basoan zehar harkaitzetara ahalik eta zuzenen igotzean zetzan. Baina orduan ez genekien ezer monolito misteriotsu horiei buruz …

Bakaikuren hegoaldean, Andia-Urbasa Parke Naturalean kokatuta, Sakana zaintzen duten hiru monolito berezi daude, Hiru Haitz edo Hiruaitz izena jasotzen dutenak. Gasteizko noranzkoan, A-10 errepidetik nabarmen ikusten dira, batez ere Mendebaldeko Haitza. Monolito honek, bi begi erraldoien moduan, bi zulo ditu eta hauetatik zerua eta sakana zaintzen ditu, haitzari nolabaiteko kutsu magiko edo mitologikoa emanez.

Otsailaren 22ko goiza oso hotz esnatu zen, “hotzegi” esango nuke. Peñartea eskalada eskolako aparkalekuan gelditu eta kotxetik atera ginenean, tenperatura jaistearekin batera eskalatzeko gogoa ere hoztu egin zitzaigun. Kotxeak gradu bakarra adierazten bazuen ere, eskalada eskola honetan etengabe jotzen duen haizeak sentsazio termikoa jaisten zuen. Ez genekien zer egin: zain egon harkaitza epeltzen hasi arte edo beste leku batera eskalatzera joan?

- Ta Bakaikuko harkaitz hoita juten batea? – Proposatu nion Asierri.
- Eztiazu siñistuko baña hoixe bea pentsatzen ai nintzen – erantzun zidan – bazkaldu aurreko plan ona izan leike.

Ez genuen bitan pentsatu. Kotxea martxan jarri eta, Peñarteako hormak atzean utzita Bakaikuko noranzkoa hartu genuen.

Errepidetik behin eta berriz begiratzen genien haitz horien misterioa argitzear zegoen …

IBILBIDEA

Ibilbidea Bakaikun hasi eta amaitu genuen. Herrian, NA-2410 errepidearen 25garren kilometroaren ondoko bidegurutzean hegoaldera zuzentzen den Portuko kalean gora hasi ginen SL marka zuri eta orlegiak jarraituz.

2 kilometro eskaseko igoera etengabearen ondoren, haitzetatik gertu ginenean, SL bidea utzi eta, zapaldutako bidexka bat jarraituz, Hiru Haitzetara iritsi ginen.

Jaitsiera igoeran jarraitutako bide beretik egin genuen. Dena den, ibilbide zirkular bat egin nahi bada, SL bidea jarraitu daiteke, Santa Marina baselizatik pasatuz Bakaikura itzultzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbide osoaren luzera: 4,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Bakaiku, 510 metro.
- Punturik altuena: Hiru Haitzak, 1.130 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 630 metro inguru.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun teknikorik ez badu ere, haitzen arteko bidexka estuetan kontu handiz ibili beharko dugu. Haitz edo zuloetara igo nahi badugu ere kontuz ibili, batez ere bustiak badaude, denetan II inguruko eskaladatxo bat egin beharko dugulako. Mendebaldeko Haitzara
- Orientazioa: Iparra.
- Ura: Bakaikun hartu daiteke, baita bidean topatuko dugu Urdinbideko iturrian ere.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: bi ordu eta erdi inguru, goien pasatako denbora luzea barne.

DESKRIBAPENA

Bakaikura goizeko hamarrak aldera iritsi ginen. “Google maps” aplikazioa martxan jarri eta herritik hegoaldera pista nabarmen bat zihoala ikusi genuen, haitzen ingurura zuzentzen zena.

- Igual pista hontan nunbaitten aparkau ta inbestigatzen hasiko gea.

Pistan gora hasi eta malda gogor baten ondoren panel-adierazle batekin topo egin genuen.

- Hemen harkaitzen informazioa dau – esan zidan Asierrek leihotik begiratuz.
- Harritzekoa zen ezer ez eotea, deskuidauezkeo goraño bide ta guzti eongoa.

Panel-adierazletik gorako pistaren ertzean kotxea uztea zaila izango zela izango ikusita, maldan behera hasi eta herrian bertan aparkatzea erabaki genuen: “Oain gutxiñez nundio igo behar den bakigu…”.

Kotxetik argazki kamerak bakarrik hartu genituen. NA-2410 errepidearen bazterretik 25garren km arte jarraitu eta, oraingoan oinez, minutu batzuk lehenago kotxearekin igotako Portuko kale maldatsua igotzen hasi ginen.

NA-2410 errepidea uzten den bidegurutzean.


Portuko kalea, ezetz asmatu izena nondik datorkion... jejeje.


Hasierako metro hauek malda handikoak dira. Egoera normal batean sen onak igoera hau lasai hartzea gomendatuko balu ere, arin hasi ginen, tenperatura baxuaren eraginez gorputzak hoztuta genituenez, nolabait berotzen hasteko.

Portuko kalearen maldaren erdian, eskuinean Hiru Haitzak.


Zazpi minutu eskasean panel-adierazlera bigarrenez iritsi ginen.

- Hiru Haitzak daukea izena – esan zidan Asierrek – ta bertaño bide bat dijo.
- Bueno oain gutxiñez bakigu bidea markauta eongoela – erantzun nion panelari argazki bat eginez.

Panel-adierazlea. Guk igo eta jaisteko jarraitutako bidea ezkerrekoak da, ez genuen ibilbide zirkular osoa egin.


Paneletik gora pistak maldatsu jarraitzen du, atsedenik eman gabe, lagun gutxiko aurpegia duten katez lotutako lau zakurrez babestutako eraikin batera arte.

Paneletik gora ere maldak ez du atsedenik ematen.


Eraikin hau atzean utzi eta, noizik eta behin dauden SL marka zuri eta orlegien atzetik, ezkerrera doan pista hartu genuen, metro gutxietara dagoen bidegurutzean eskuinera hartzeko.

"... metro gutxietara dagoen bidegurutzean eskuinera hartzeko".


Pagadiaren gainetik, Hiru Haitzak zerura zuzendutako hortzen moduan nabarmentzen ziren.

- Tri cime di Bakaikua, jejeje – bota nion Asierri txantxetan.

"Tri cime di Bakaikua".


Zelai bat zeharkatu ondoren pagadian sartu eta orain arte jarraitutako pista zabal eta garbia mendi-pista bihurtu zen.

"... orain arte jarraitutako pista zabal eta garbia mendi-pista bihurtu zen".


Aspaldi itxi gabeko langa zahar eta herdoildu bat zeharkatu ondoren, Bakaikutik atera eta hogei minutu pasatxora, pagadiaren erdian dagoen iturri batera iritsi ginen.

Irekitako langa zaharraren parean.


- Urdinbide – esan zidan Asierrek iturriaren ondoko pagoaren oinean zegoen karteltxo bar irakurriz
- Urdinbideko Exelar eo holako zeoze - erantzun nion ondoan zegoen bigarren karteltxo batean idatzita zegoena irakurri nahian.


Mendiaren erraietatik isuritako ur freskoa edan ondoren gorako bidearekin jarraitu genuen.

Urdinbideko iturriaren parean.


Iturriaren ondoko pagoaren oinean eroritako karteltxoak.


Iturria atzean utzi ondoren, badirudi bideak haitzetatik urrun desbideratu nahi gintuela, kontrako noranzkoa hartzen baitu. Dena den, metro batzuen ondoren, eskuinera hartzen den bidegurutze batean berriro ere noranzko zuzena hartu zuen.

"...eskuinera hartzen den bidegurutze batean berriro ere noranzko zuzena hartu zuen".


"... baita haitzetara zuzendu ere!!!".


Eguzkia pixkanaka indarra hartuz zihoan, neguak biluztutako pagoen adarren artetik gu arte iristen ziren izpien berotasuna senti araziz. Sentsazio atsegina izaten da neguko goiz hotzetan eguzkiaren berotasunaren eraginez gorputza nola berotzen hasten den sentitzea. Berotasun sentsazio hau handitzen hasi zenean, izerditzen hasi aurretik, abiadura zertxobait jaitsi genuen.

Pixkanaka gerturatzen... Mendebaldeko Haitzaren bi zuloak ikusi daitezke.


Lokaztutako bihurgune batean Etxarri Aranatzera doan bide bat hasten den bidegurutzea dago (egurrezko kartel txiki bat dago bertan). Zapatilak ez zikintzeko kontu handiz ibiliz, bidearen bazterretik jarraitu genuen hemendik gorako aldapa lasaitasunez hartuz. Maldaren amaieran, gurutze bat ondoan duen langa batekin topo egin genuen.

Etxarrira doan bidea hasten bidegurutzetik gorako aldapa.


"Maldaren amaieran gurutze bat ondoan duen langa batekin topo egin genuen".


- Fantxiko gurutza, Bakaiku – esan zidan Asierrek gurutzera arrimatuz.

Fantxiko gurutza.


Argazki batzuk egin ondoren gorako bidearekin jarraitu genuen. Bat batean pagoen artean irekitako argiune txiki batean, behe-behean Bakaiku ikusteko aukera izan genuen.

- Joer, metro gutxitan altura haundie irabazteala – bota nion Asierri.
- Hasi geanetio denbora guztin goraka ai gea - gogorazi zidan.

"Bat batean, pagoen artean irekitako argiune txiki batean, behe-behean Bakaiku ikusteko aukera izan genuen".


Konturatzerako, pagoen artean Hiru Haitzak oso gertu ikusi genituen. Bidea utzi eta zuzen igotzen hastea pentsatzen hasita geundenean bidegurutze bat azaldu zen.

"... pagoen artean Hiru Haitzak oso gertu ikusi genituen".


Bitan pentsatu gabe orain arte jarraitutako SL bidea utzi eta bidegurutzetik gora hasi eta pagoen artean galtzen den bidexka estu eta zapaldua igotzen hasi ginen, Hiru Haitzetara zuzenduz.

SL markadun bidea utzitako lekua, gainean Mendebaldeko Haitza.


Bidexkak tarte motzean metroak lotsagabe irabazten baditu ere, eroso igotzen den horietakoa da.

Haitzetara zuzentzen, argazkian Mendebaldeko Haitza.


Azken pago ilarak osatzen duen mugara iristearekin batera lehenengo haitzak azaldu ziren.

Aratz eta Aizkorri lehenengo haitzen begiradapean. Aurtengo negua, elurraren aldetik, triste doa.


- Zulok ikusteie?
- Oaindio ez – erantzun zidan Asierrek.

Bidexkatik metro gutxi batzuk gorago igo eta, Erdiko Haitzaren oinera iritsi ginenean, ezerezetik Mendebaldeko Haitzak agerian dituen bi zulo erraldoiak azaldu ziren.

- Aurreatzen bazea hemendio argazkin bat ingoizut – esan zidan Asierrek.
- Bale – erantzun nion – hola nik gero jaixtekon zurire bakarren bat ingoizut.

Asierri kasu eginez, Erdiko eta Mendebaldeko Haitzen arteko belaztian gora hasi nintzen.

"... belaztian gora hasi nintzen".


Tarte honetan ibilbidea oso argia ez denez, iruditu zitzaidan bide erosotik igotzen jarraitu nuen: “hau bustita topau ezkeo kontuz ibili beharkoa” pentsatu nuen, belar luzea irristakor egongo dela pentsatuz.

... azken metroetan.


Goizeko hamaikak eta hamar ziren Mendaldeko Haitzaren azpiko zulora iritsi eta, bertan zutitu nintzenean, Asierrek argazkiak egiten hasi zenean. Bakaikutik hona ordu bete eskasean igo ginen.

Mendebaldeko Haitzaren azpiko zuloan.


Asier txiki gelditzen da Erdiko Haitz ikusgarriaren itzalpean.


Asierrek metroak irabazten zituen bitartean goiko zulora igo nintzen. Igoerak zailtasun handirik ez dauka eta metro pare bateko hormatxo bat igotzea besterik ez da (II zailtasuna).

Nor da nor?


Lekua magikoa iruditu zitzaidan, bertan eseri eta meditazioa egin daiteken horietakoa. Zulo txikian beste argazki batzuk egin ondoren, postuak aldatu genituen, Asier bi zuloetara igoz.

Goiko zulora igotzeko jarraitu beharreko bidea, atzetik (mendebaldetik) ere igotzeko aukera dago.


Mendebaldeko Haitzaren goiko zuloan.


Mendebaldeko Haitzaren goiko zulotik Erdiko Haitzera egindako argazkia. Ni ere, Asier bezala, txiki gelditzen naiz haitz hauen handitasunean.


- Misterio resuelto!! – Bota nion Asierri berriro ere elkartu ginenean.
- Bai – erantzun zidan – ez nun uste bide bat honaño iritsiko zenik.
- Ezta nik ere, bestela ziur leheno etorrita izango giñela.

Aizkorri, Mendebaldeko Haitzaren beheko zulotik ikusita.


Misterioa argituta, Hiru Haitzen ikusmira ikusgarriaz gozatzeko denbora hartu genuen, presarik gabe, leku honek eskatzen duen bezala. Mendebaldeko eta Erdiko Haitzen arteko belarrezko kanaletik igo ondoren, Mendebaldeko Haitzaren hego-puntara igo ginen.

Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko belarrezko kanalean, azpian Bakaiku.


Mendebaldeko Haitzaren ipar-puntara iristeko zulo handiaren gaineko zubia pasatu behar da. Hasieran tentatua izan bagina ere, harkaitzaren kalitatea nolakoa den ez jakiteak atzera bota gintuen, leku honetan erortzea aukera bat ez delako: "beste egunen baten sokakin saiauko gea”.

Mendebaldeko Haitzaren hego-puntan.


Aratz, Aizkorri, Anboto, Udalatx... Haitzetatik dagoen ikusmira ederra da.


Eguzkiaren epeltasunaz blai, presarik gabe, Hiru Haitzen arteko zeharkaldia egin eta, Erdikoa ezik, beste biak igotzeko denbora hartu genuen. Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko bidea ez zitzaigun erosoa iruditu. Belar eta harri askez estalitako inbutu itsurako kanal zabal bat zeharkatzea besterik ez bada ere, oso maldatsua denez, bertan irrist edo eroriz gero mina hartu daitekela iruditu zitzaigun.

Erdiko Haitzaren punta eta Bakaiku.


Beriain Ekialdeko Haitzaren hego-puntatik ikusita.


Ekialdeko Haitzak ere, Mendebaldekoak bezala, bi punta ditu, hegokoa eta iparrekoa. Iparreko puntara igotzeko eskuak erabiliz 3-4 metroetako hormatxo tente bat jaitsi behar da (II), zailtasunik ez duena baina kontu handiz ibili beharrekoa, bertatik erortzerik ez dagoelako.

Ekialdeko Haitzaren ipar-puntatik Mendebaldeko Haitzari egindako argazkia. Bi zuloak basoarekin kamuflatuak gelditzen dira.


Hiru Haitzen itzala Sakanan luzatzen.


Leku berezi honetan txundituta geunden, argazki kamerak eskuetan, batera eta bestera argazkiak eginez. Ekialdera begiratu eta Beriaingo hego-horma bere osotasunean ikusi genuen. Asierri kanal eta irteera ezberdinak non zeuden adierazten nion bitartean, Beriaingo Hamabietako bargako ohiko bidean tragedia bat gertatzen ari zen. 34 urteko gasteiztar batek istripua izan eta bertatik amilduta zendu zen. Igande beltz bat euskal mendizaletasunarentzat. Nire doluminik sentikorrenak Mikelen lagun, famili eta ezagunei. Urte hasieratik Beriainen izandako bigarren erreskatea izan da, lehenengoa Bazkalaitz arrakalan gertatu zen eta hainbat hezur apurtu zituen mendizale gasteiztar bat bertatik atera behar izan zuten. Istripu bat izatearen arriskua gutxitzea neurri handi batean norberaren esku dago, baina tamalez, segurtasun neurri asko hartu arren, mendian inor ez dago istripu bat izateaz salbu, mendian "0" arriskua ez baita izaten.

Bi putre haitz bakarti batean Beriaingo hego-hormaren handitasunaz gozatzen. Egun tristea izango zen.


Hiru Haitzen arteko zeharkaldia egin ondoren, hauen hegoaldean dagoen hormatxora oinez igo eta hegoaldean zabaltzen den lautadara iritsi ginen.

Beriain eta Iruaitzeta mendiak.


Haize leun eta goxo batek aurpegiak freskatzen zizkigun bitartean lautadari begira gelditu ginen, ezertan pentsatu gabe, pagoen artetik mirari baten zain izango bagina bezala. Kontenplazioari eskeinitako une honen ondoren, lautadak hormarekin osatzen duen ertzaren ondotik mantenduz mendebaldera jarraitu eta berriro ere Mendebaldeko Haitzera itzuli ginen, oraingoan argazkia mendebaldetik eginez.

Hiru Haitzak. Argazkiaren erdian Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko kanal belartsua ikusi daiteke.


Erdiko Haitzaren puntako detailea.


Erdiko Haitzaren beste argazki bat. Puntaren forma ikusgarria da, atzera begiratzen ari den animali baten itsurakoa.


Mendebaldeko Haitzaren azpiko zuloa mendebaldetik ikusita.


Mendizale pare bat agurtu ondoren beherako bidea hartu genuen. Goien pasatako denbora kontutan izanda, bazkaltzera garaiz iritsi nahi genuenez, igotako bide beretik jaistea erabaki genuen, Bakaikura ziztu bizian itzultzeko.

Azken argazkia. Itzuliko gara!!!!!


Lekua itzela iruditu zitzaigun, ikusgarria inongo zalantzarik gabe. Bertara itzultzeko garai aproposa urria izan daitekeela pentsatu genuen, pagadia urre eta gorri kolore biziz jantzita dagoenean.

- Buahh, ta gañea eguzkie zulotio sartze bada argazkie izugarrie izan leike.
- Holako leku bat Dolomitetan eongo balitz jende pila jungo zen bisitan – esan zidan Asierrek kotxean.
- Esan dizut ba, Tri Cime di Bakaikua, jejejeje!!! – Erantzun nion irribarretsu.

Asierri arrazoi ez zaio falta. Etxe ondoan “ezkutuko” paradisu edo paradisu “ezezagun” asko ditugu, bertakoek ezik jende gutxik ezagutzen dituztenak. Turismoaren inguruan, Euskadiko hainbat hiri eta mendietan eztabaida handia dago eta ez dut eztabaida berririk piztu nahi baina batzuetan ditugun altxor geologiko batzuen nahiko “propagandarik” egiten ez dugula iruditzen zait, kanpoan ikusten dugunari balio handiagoa emanez. 0 km-ko produktuak modan dauden honetan, 0 km-ko turismo naturala ere sustatzea proposatu nahiko nuke. Modu honetan, masifikatuak ditugun dozena erdi mendi, iturburu eta leizeak beharbada arnas pixka bat hartuko lukete. Edo, beharbada masifikatu gabeko gune natural lasai eta basatiak masifikatzen hasten dira …

Nork daki…


jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07