blogak

Smithyrenbloga

ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: "HURBIDEA" BIDEA, 100 m, PD/M2/III-. 2023/02/04.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Larrunarriko hego-mendebaldeko horma jolastoki ederra da negu giroan piolet eta kranpoiekin jolasteko, horren adibiderik garbiena Mikel Saez de Urabain ordiziar alpinistaren “non stop eskalada” blogean azaldutako zailtasuneko bideak, Eskoziako Ben Nevis mendia gogorarazten gaituztenak. Zailtasuneko bide hauetatik aparte, sasi-eskalatzaileak garenok badugu gure txokoa ere, Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriko gailurraren arteko horman batez ere. Hemengo bideak, oro har, ez dira hain bertikalak baina bai nahikoak alpinista izan nahiaren gosea asetzeko.

Honen adibide “Hurbidea” bezala izendatu dudan bidea. Bide honi begia botata nion aspaldi, baina era berean errespetua nion, bertan zer topatuko nuen ez nekielako. Hala ere, Mikelen blogean bide honen inguruko erreferentziarik ez dagoenez, bide “erraza” izan zitekela uste nuen. Baina zenbaterainoko erraza? Eskalatzen saiatzen ez banu ez nuen sekula jakingo.

Izena bidea ia bere osotasunean tapizatzen duten zuhaitzengatik (hurritzak horietako batzuk) bururatu zitzaidan “ur” eta “hur” (hurritzengatik) hitzen arteko jolasa egin nahian.

OHARRA: Bideak hain nabarmena izanda beharbada beste izen bat izango du; hala izango balitz eskertuko nuke esatea, nik emandakoa gustu handiz dagokion izenagatik aldatzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro inguru bidearentzat. Erlabeltzeko Puntara iristeko beste 100 metro inguru izango dira.
- Luze kopurua: sokarik gabe eskalatu nuen bidea da.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu baina litekeena da aurretik eskalatuta egotea.
- Zailtasuna: PD/M2/III- kanalaren amaiera arte. Kanalaren amaieratik Erlabeltzeko Puntara arte eskalatu nuen horma inklinatuaren zailtasuna PD inguruan dago. Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera iristeko honen ipar-hormara pasatzea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera bost ordu inguru lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu urdinez,Arrastrakuloskanala, puntu orlegiz aldiz "Eskuineko kanala".

Krokis zehatza, puntu zuriz "Eskuineko kanala".

DESKRIBAPENA

Larraitz behe-laino itxi eta astun batek estaltzen zuen, Larrunarri ezkutatuz. Kotxetik irten nintzenean iragarritako hotzik ez zegoela iruditu zitzaidan. Zalantza argitzeko, kotxera sartu berriro ere, kontaktuari eragin eta termometroaren pantaila ilunean 4 gradu adierazten zuten argitxoak piztu ziren: “Vaya por Diossss”, pentsatu nuen atsekabez. Termometroa ikusita eta zalantzak izan ondoren, azkenean kranpoi eta pioletak hartzearen alde egin nuen: “elurre ondo ez badau, gutxiñez pisuarekin bueltatxo bat emateko aprobetxatuko det”. Ez dut uste Larraitz atzean utzi nuenean laino artean dozena erdi bat kotxe baino gehiago aparkatuak egongo zirenik.

Izoztu gabeko lokatz busti batek bidea tapizatzen zuen; bidearen ertzean zegoen elurra aldiz, arroz aleen moduan askatzen zen, belar artean sakabanatuz. Hau gutxi ez bazen, behe lainoak ez zidan ezer ikusten uzten.

- Arropagatik pentsatu det zu izango ziñela!!!

Ahots ezezagun batek pentsamendu positibo eta eraikitzaileetatik atera ninduen. Begirada altxatu nuenean Iraitz Lazkanorekin egin nuen topo, sare sozialek eman didaten "lagun birtual" bat. Iraitzek “Arrastrakulos“ kanala eskalatzetik zetorrela esan zidan, baita baldintza oso onean topatu zuela ere. Bihotzez eskertu nuen bere informazioa, "Tximista" bidetik igotzea baloratzen hasita nengoelako.

Iraitzek arrazoi zuen. Behe lainoak marrazten zuen muga horizontaletik irten nintzenean, irabazten hasi nuen metro bakoitzeko elurra gogorragoa zegoela iruditu zitzaidan. Konturatu nintzenerako elurrari ostikoak ematen ari nintzaion igotzen jarraitu ahal izateko. Honelako egoeratan konturatzen naiz zein gutxi behar dudan mendian zoriontsu izateko.

Hormara hurbiltzen nintzen heinean, bazirudien “Arrastrakulos“ ez zela jarraitutasuna izango zuen kanal bakarra. Baina momentu hartan ikuskizuna ez nuen aurrean, atzean baizik.

Argazkian puntu gorriz marraztuta jarraituko nuen lerroa.

Behe-lainoak sortutako itsaso gris eta itxiaren gainetik, Aizkorrik zeruertza harkaitz eta elurrez mugatzen zuen. Eguzkiaren lehen izpiek urre-kolore ahulez koloreztatzen zituzten kanalak, eder, erakargarri, desafiatzaile erakutsiz. Zenbat amets ditudan oraindik ere han betetzeko!!!

Aizkorriko mendilerro elurtua lainoaren gainetik.

Aizkorriri bizkarra eman nionean ikusi nuen: "Plaka Gorriak" sektorearen ezker hormaren ertzetik, elurrezko diagonal perfektu batek zuhaitz batzuen artean zerura zuzentzen zen, elur jarraitutasuna zuen lerro zuri bat marraztuz. Begia botata nion lerro honi aurretik ere, baina baldintza onean topatzeko zorterik izan gabe. Iraitzek esandako aintzar hartuz “Arrastrakulos“ egoera onean bazegoen, gaur aukera ederra izango nuen lerro zuri hori eskalatzeko.

"Plaka Gorriak" sektorera hurbiltzen.

..."Plaka Gorriak" sektorearen ezker hormaren ertzetik, elurrezko diagonal perfektu batek zuhaitz batzuen artean zerura zuzentzen zen...

Mendian bakarrik ibiltzeak duen gauzarik onenetakoa denbora zure gustura maneiatzeko aukera duzula da. Honegatik, diagonalaren azpira iritsi nintzenean, ez aurretik ezta atzetik ere inor ez nuela ikusirik, eskalatzen hasteko prestaketa lasaitasun osoz hartu nuen, denbora mugagabea izango balitz bezala. Prestaketa lasai honek behe-lainoaren gainean eguzkiaren lehen izpiek sortzen duten efektu eder bat ikusteko aukera eman zidan. Lainoen gainean proiektatutako Larrunarriko itzalaren punta Brocken espektru batek koroatzen zuen bere osotasunean, ostadar koloreko begi erraldoi bat izango balitz bezala. Espektruari ergel baten moduan ahozabalik begiratzen nion bitartean, eskalatzen hasi aurretik argazki batzuk egin ahal izan nizkion.

Brocken espektrua Larrunarriko gailurraren inguruan.

“krak-krak-krak”; kanal estuaren lehen metroetako elurraren hotsak zirraratu ninduen, gogorra zegoelako; “krak-krak-krak”.

"Hurbidea"-ren lehen metroak.

Baina zirrara honen iraupena udaberrian eroritako elurraren iraupenaren parekoa izan zen. Kanalean dauden lehen zuhaitzetara iristeko igo behar den irtengune motza pioletekin zuhaitzen enborretatik tira eginez igo behar izan nuen, elurra bat-batean bigundu zela zirudielako. Zuhaitzen adarren artetik motxila ez trabatzeko kontu handiz pasatuz, igotzen jarraitu nuen.

Lehenengo zuhaitzak atzean geratu ondoren.

Izoztu gabeko belarrez estalitako irtengune motzak eta zuhaitzez betetako tarteak tartekatuz eta, noizik eta behin elur gogorra topatu nuen arren, gehienetan elur biguna zen nagusi, zuhaitzak zeuden lekuetara iristen nintzenean batez ere, elurra zuhaitzen azpiko adarretan modu faltsuan pilatuta baitzegoen.

"Irtengune motzak eta zuhaitzez betetako tarteak tartekatuz...".

Metro asko zuhaitzen adar eta enborretatik tiraka irabazi nituen, soka batetik tiraka ariko banintz bezala. Momentu batean kanaltxoaren ezkerrean dagoen harkaitz-plaka zimurtsura igo eta bertatik eskalatzen jarraitzea ere bururatu zitzaidan, baina ideia hau berehala baztertu nuen: "kanala igotzera etorri banaiz, kanaletik igo beharra dauket!!!".

Eskerrak elurretatik irteten ziren zuhaitzen adarretatik tira egitea erosoa zela.

Bat-batean zuhaitzen adarren artean, ez oso urrun, irtengune bertikal bat ikusi nuen. Orain artekoa ikusita, ez nengoen oso itxaropentsu bertan topatuko nituen baldintzetaz eta, badaezpada, irtengunea nondik ekidin nezaken begiratzen hasi nintzen. Honetan ari nintzela, nire eskuinean denborak eta eguraldiaren gordinak zahartu eta okertutako bi hagin zahar ikusi nituen, sustrai zaharrek hormari lotuz bizitzari eusten ziotenak. Haginen moduan sentitu nintzen, punta metaliko batzuekin besterik ez lurrera lotua, eta honek bizitzaren iragankortasuna gogorazi zidan. Gaur, orain, lekurik onenean nengoen baita unerik onenean ere, aprobetxatu beharra nuen beraz; elurra ez zegoela baldintzarik onenean? Bizitza beti baldintzarik onenean egoten al da? Haginek bizitzak ekartzen dizkigun gauzak ekartzen dizkigun moduan hartu eta zukurik handiena atera behar zaiela gogoratu zidaten, hormari lotuta mantentzen dieten sustrai zaharrek urteetan egin duten moduan.

Haginak...

Irtengune bertikalera hurbildu eta, zentimetro eta helduleku bakoitzari zukurik handiena ateraz, ez nuen arazo handirik izan bere 2-3 metroak eskalatzeko (M2).

Irtengune bertikala goitik ikusita.

Irtengune bertikaletik gora, kanala inklinazioa galduz doa, amore ematen hasiko balitz bezala. Zuhaitzez betetako azken tarte bat zeharkatu eta belar hezez estalitako pare bat irtengune erraz eskalatu ondoren kanalaren amaierara iritsi nintzen.

Irtengune bertikalaren gainetik kanalaren amaiera aldera egindako argazkia.

Kanalaren amaieratik behera ikusmira honelakoa da.

"Hurbidea"-ren misterioa argituta nuen jada, eta hau oso zoriontsu sentitzeko nahikoa izango balitz ere, sentimendu gazi-gozo bat nuela sentitzen nuen, beharbada elurraren baldintzak eragindakoa. Sentsazio hau iraultzeko asmoz kanalaren ezkerrean dagoen ezproi harritsura zuzendu nintzen, oraindik ere itzalpean jarraitzen zuena, honen eskuineko horma inklinatua eskalatzeko.

Ezproi harritsura arte egindako zeharkaldia eta honen ondotik egindako igoera.

Harkaitz-plakez eta belarrez osatutako horma inlinatu honetan nuen jarrita elur ona topatzeko azken itxaropena.

Horma inklinatuaren azpian.

Horma estaltzen zuen elurretan lehen pioleta sartzerakoan entzun nuen "krok" hotsak irribarre bat piztu zidan; bigarren pioletaren "krok"-ak aldiz, mendian zoriontsu izateko gauza handirik ez dudala behar berriro ere gogorazi zidan, irribarrea biderkatuz. Ez nuen bitan pentsatu ere egin elur gogorrean sartutako bi pioletei argazki bat egiteko.

Ez nuen bitan pentsatu ere egin elur gogorrean sartutako bi pioletei argazki bat egiteko.

Erlabeltzeko puntara arte luzatzen den horma inklinatu hau heriotza zigorrera kondenatua dagoenaren azken bazkaria izango balitz bezala gozatu nuen, elur arrasto bakoitza azkeneko mokadua izango balitz bezala biziz.

Horma inklinatuan gozatzen.

Konturatu nintzenerako, eguzkiaren epeltasuna aurpegian nuen eta Erlabeltzeko Puntako gurutzearen distirak hormaren amaierara iritsi nintzela ohartarazi zidan: "Earraaaaaa!!!!"

Erlabeltzeko Puntako gurutzearen distira.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarri lotzen dituen gandorrean betiko legez zuhurtzia eta buru hotza mantentzea izan zen nire zereginik handiena, igoerak sortarazitako euforiaz harrapatua izatea ez nuelako nahi. Mendian, neguan batez ere, kotxera iritsi arte adi egoteari ezin zaio utzi. Tirriki-tarraka, burua hotza mantenduz eta heldulekuak ongi aukeratuz, Larrunarriko gailurrera iritsi nintzen.

Eta Larrunarriko gailurrera iritsi eta egindako bideari begiratu nuenean han jarraitzen zuen goizean ikusitako Brocken espektru ikusgarria, oraindik itxia jarraitzen zuen behe-lainoaren gainean pelikula zahar baten moduan proiektatua.

Brocken espektrua Larrunarriko gailurraren inguruan.

Askotan ikusita nuen Brocken espektrua, baina sekula ez hain handia. Txundituta nengoen, ahozabalik, parean nuen ikuskizunari gailurrean geundenen artean begiratzen zion bakarra nintzela iruditu zitzaidalako. Iristen ari ziren mendizaleak gailurrean argazkiak egiten zituzten bitartean, nire argazki-kamerak Erlabeltzeko Puntako gailurrera eta Larrunarriko itzalera apuntatzen zuen.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren itzala gainean Brocke espektrua duela.

Gertuago...

Bizitako une magikoaz oraindik txundituta, materiala pazientzia eta lasaitasun handiz itzuli nuen motxilara, bi piolet, kaskoa eta kranpoiak jantzita edukitzeagatik arraro begiratzen ninduten begiraden artean. Mendi batera ohiko bideetatik igotzen ohituta zaudenean zaila izaten da igotzeko beste aukera batzuk egon daitezkela irudikatzea. Baina beste aukera hauek dastatzen dituzunean mendiak begirada berri batekin ikusten hasten zara eta, lehen harkaitz eta elur arrastoak bakarrik ikusten zenituen lekuan, igotzeko lerro posibleak ikusten hasten zara.

Jenderik gabe geratu zen une labur batean, orain metalezko mendizalerik ez duen gailurrari argazki bat egin nion beherako bideari ekin baino lehen. Azkeneko urteotan Larrunarriko irudi bihurtu zen metalezko mendizale txikiaren desagerketa misterio bat da oraindik ere, inork ez dakielako (edo ez duelako esan) zer gertatu den. Elurrak ihes egiten duenean agertuko delakoan nago.

Mendizalerik gabeko gailurra.

Jaitsiera, betiko moduan, hausnarketarako aprobetxatu nuen: ondo egindakoak, egindako akatsak, topatutako zailtasunei aurre egiteko modua, bizitako emozioak, intentsitate handiz bizitako uneak, haginek irakatsitakoa, Brocken espektrua... Honetan guztian pentsatzen ari nintzela Larrunarriko hego-mendebaldeko aurpegiari azken aldiz begiratu nion, baita eskalatzeke ditudan lerroen zuritasuna behetik gora jarraitu ere, nire irudimenean horma lerro zuriz bete nuen arte.

Espero dut indarra eta zortea falta ez izatea lerro horiek guztiak eskalatu ahal izateko.

Larrunarriko hego-mendebaldeko horma.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07