blogak

Smithyrenbloga

EGINO, "TXOMIN" BIDEA, 250 metro, 6a+ 2017/09/02

Ameslari profesionala naiz. Bizitza momentu eta emozioez osatuta dagoela dioten arren, ametsak dira, handiak nahiz txikiak, momentu berriak bizitzeko ilusioaren garra eta motibazioa piztuta mantentzen didatenak. Beste ameslari profesionalen moduan, badut pisu handia duen ametsez betetako karpeta. Mendiarekin zerikusia duten ametsek egunerokotasunaren hormetatik atera eta mendira joateko gogoa pizten didate: etxeko erosotasun eta errutinak ematen didan ustezko segurtasunetik ihes egin, norberak inposatutako muga psikologikoetara hurbildu eta ezezagunaren jakin-mina bizitzeko gogoa.

Ametsa egi bihurtzerakoan, esperientzia zoriontsu eta gozoa nahiz mingarri eta gordinaren ondorioz izan, sentitutakoa sakon gelditzen da, ahalik eta sakonago ametsa konpartitua denean. Sentimendu hauek, burua, bihotza eta mundua ikusi eta ulertzen lagundu eta laguntzen didate, eboluzionatzen dudala sentiaraziz. Ametsak ez dira eskaladak, mendi lasterketa edota urrutiko mendien igoerak bakarrik izaten, lagun arteko irteera bat, etxe ondoko mendi baten igoera edota egunsenti eder bat ikusteko ametsak ere bete izan ditut.

Ametsak karpetan dauden bitartean ameslari profesional izaten jarraitu eta etxeko erosotasun, errutinaren izararen segurtasun eta muga psikologikoen hormen artean segitzen dut. Horma hauetatik ateratzea askotan zaila da, errazagoa baita hormen barruan jarraitzeko aitzakiei kasu egitea: beroa dagoela, hotza dagoela, euria ari duela, eguzkia dagoela, zerua lainotuta dagoela, zerua oskarbi dagoela, giharretan molesti txiki bat dudala, bakarrik nagoela, ibilbidea luzea dela, eskalada bidea nire mugan dagoela... Eboluzionatzen jarraitu nahi badut, aitzakien gainetik, ametsak betetzen jarraitu beharra dauzkat.

Zorionekoa naiz zein amets bete aukeratzeko askatasuna dudalako, bizitzaren gakoetako bat aukeraketa hau norberaren esku dagoela sinesten baitut. Zorionekoa naiz amets hauek mendira joaten garen lagunon ametsak ere direlako. Eta zorionekoa naiz amesten jarraitzen dudalako.

Aspaldi amesten nuen "Txomin" bidea eskalatzea. "Xabier" bidearekin batera, Eginoko Larrenegiko haitzetako bide mitikotzat nuen, Antxon Gorrotxategi bertan bideak irekitzen hasi aurreko bide mitikoa. "Xabier" eskalatuta izan arren, "Txomin" bideari errespetua nion. Erdi-ekipatutako bidea, aseguruen arteko tartea luzea, eta eskalatutako askoren iritziz, lehenengo luze gogorra, nahiz eta bidearen zailtasunaren azpitik egon.

2017 urtean zehar Iker eta biok mendi lasterketak alde batera utzi eta, nahiz eta mendian korrika egiten jarraitu, gehiago eskalatzen hasi ginen. Gure helburua? Helburu zehatzik ez genuen baina gutxienez V zailtasun maila sendotzea.

Udak aurrera egin ahala zailtasun maila hau sendotzen eta kirol eskaladan 6a eta 6a+ zailtasuneko bideren bat edo beste ere eskalatu dugu. Hau ikusita, "Txomin" eskalatzeko moduan izango ginela hitz egin eta gutxienez saiakera bat egingo geniola adostu genuen: "ezin badeu, bidetio jatxi ta etxera itzuliko gea".

Honela ba, "Txomin"-i aukera bat eman eta, bide batez, joan den astean eskalatutako "Egunsentiko lainoen artean" bidearen sentsazio garratza kentzekotan Eginoko bidea hartu genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 250 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Juan eta Patxi Lasarte anaiak 2001 urtean.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 5c (50 m), 2ºL: 4c (40 m), 3ºL: 4c (35 m), 4ªL: 5b (40 m), 5ºL: 6a+ (45 m) eta 6ºL: III+ (40 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Eginon dagoen iturri batean hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera: Eginoko bide hauetatik jarraitzen dena, hau da, Aztorea eta Usoatik jaisten den bidea jarraituz. Bidearen amaieratik kotxera 35-40 minutu inguru pasako dugu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta (ez dut uste 10 baino gehiago erabili genituenik), zinta motz eta luzeak harkaitz zubi, orratz eta bilguneetarako, alien semaforoa (grisa ere bai), lincam hori eta gorria eta fisurero joko bat. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: hiru ordu eta berrogeita hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Puntu zuriz oinez egiten diren tarteak eta jaitsiera.


Krokisa zehatzago. Hemen ere puntu zuriz oinez egindako tarteak azaltzen dira.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Oinera iristeko "Udaberri" nahiz "Susi" bideen oinera iristeko jarraitu beharreko bide bera jarraitu genuen.

Hormetara iristen, errekatxoa zeharkatzen den lekura hain zuzen ere. Hemendik "Txomin"-en bigarren eta hirugarren luzeak ikusi daitezke.


Bidearen oina aurkitzeko, errekatxoa zeharkatu eta basoan gora hasterakoan, basoaren erdian dagoen pinakulu bat identifikatu genuen, bidearen oina pinakulu honen atzean baitago.


Errekatxoa zeharkatu ondoren jarraitu genuen bidea. Argazkian, nahiz eta ondo ez ikusi, basoko pinakulua non dagoen atzeman daiteke.


"Susi" eta "Udaberri" bideetara doan bidea utzitako lekuan.


Hariztitik ateratzear geundela, "Susi" eta "Udaberri" bideetara doan bidea utzi eta eskuinera hartu genuen, basoko pinakulura zuzenduz.

Pinakuluaren parean eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.


Pinakulua atzean utzi eta parean "Elmer" bidearen ezkerrean dagoen monolito nabaria ikusi genuen. Haritz handi baten atzean harkaitz bloke eta honen ondoan plaka inklinatu bat ikusi genuen: "Txomin" bidearen oinean geunden.

"Elmer" bidearen ezkerreko monolito nabaria, bidearen hasiera eta honen ezkerrean dagoen harkaitz blokea.


Eginotik bidearen oinera 25 minutu eskas pasako dugu lasai joanda.

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpiak eta erdietan esnatu eta gosaltzen ari nintzela Ikerren mezua jaso nuen: "egualdi honekin jun behar gea?" galdetzen zidan. Leihora hurbildu eta zeru gris astuna eta kalean putzuak ikusi nituen. Segundo batzuen ondoren mugikorra hartu eta "bazpare deportibako soka hartukoet ta Eginoko pareta bustie badau Iruña jungo gea eskalatzea" erantzun nion. Mugikorraren pantailari une batean begiratu eta, Ikerri deitzekotan nengoela, "OK" erantzuna jaso nuen.

Zortzi milimetro eta erdiko bi sokak, hamar milimetrakoa eta aurten argitaratu den "Euskalarria" liburuaren edizio berria kotxean sartu eta Ikerren bila joan nintzen.

Etzegarateko mendatea igo ahala zerua irekitzen joan zen, urdinak grisari protagonismoa kenduz. Altsasura iritsi ginenean ezkerrera begiratu eta Iruña aldea lainotuta zegoela ikusi genuen. Eskuinera begiratu eta Gasteiz aldea oskarbi zegoela ikusita, Eginoko bidea hartu genuen.

Eginora iritsi, trasteak hartu eta, 15 gradurekin martxan arin jarri ondoren 20 minutu pasatxoan bidearen oinera iritsi ginen. Hurbilketan zeharkatzen den hariztia bustia egon arren, horman eguzkiak jotzen zuela ikusteak animatu gintuen: "pentsatzet pareta lehorra eongoela" esan nion Ikerri.

"Txomin"-en oinean, ezkerrean harkaitz bloke berezia ikusi daiteke.


Motxilak lurrean utzi eta dena bustia zegoela ikusi genuen. Katu oinak ahoz gora eta magnesio poltsa katu oinen gainean kontu handiz harkaitz blokearen gainean jarri ondoren materiala prestatzen hasi ginen. Friend handi eta fisureroak alde batean, friend txikiak bestean, express zintak atzeko uztaietan, zinta motzak lepoaren alde batera, luzeak bestera eta talkie-ak piztu ondoren, magnesio poltsa zintzilikatu nuen: "ea nola itteten katu oinak ez bustitzeko" esan nion anaiari.  Bidearen oinaren ondoko haritzaren sustrai bat lekurik lehorrena iruditu zitzaidan. Sustrai gainean malabarismoetan aritu ondoren katu oinak jantzi ondoren bidea eskalatzen hasteko prest nengoen.

Lehen luzea, 50 metro, 5c. Bustitako lurra zapaldu nahi ez nuenez, haritzaren sustraitik harkaitz blokera igo eta hemendik luzearen hasierako plaka inklinatuaren azpira pasatzeko ahalegina egin nuen.

Lehenengo luzearen nondik norakoak bidearen oinetik ikusita.


"Lenengo parabolta urruti zeola irakurrita nuen baña joer, kristoetxen dau" esan nion anaiari belar batzuen ondoan urrun ikusten zen parabolta adieraziz.

Haritzaren gerizpean egoteagatik lehen metroetan eskalatu behar den plaka inklinatu leuna zeharo bustia zegoen. Harkaitz bloketik plakara pasatzen saiatu eta eskuin oina behin eta berriz irrist egiten zidan. 3-4 aldietan saiatu eta katu oinak erabat busti ondoren, plakaren ezkerrean fisurero "psikologiko" bat jartzeko arrakala bat topatu eta plakaren erdian zegoen adar estu batetik tiraka oinak hala nola plakan mantendu, gorputza luzatu eta, eskuentzat helduleku bat topatu nuenean, besoetatk tiraka eta oinak goroldioan irristaka plaka eskalatu nuen.

Harkaitz lehorrarekin zailtasun handirik ez duen plaka honetan nahi baino gehiago estutu behar izan nuen. Plaka leunaren amaieran zegoen harkaitz-zubi txiki batean fisurero bat babesgarri moduan trabatu eta eskalatzen jarraitu nuen.

Goroldioa atzean utzita plakaren hurrengo metroak esku nahiz oinentzat belar eta lurrez betetako helduleku eta harlauzaz josita daude. Tarte honetan metroak azkarrago irabaziz, lurretik hain urrun zirudien lehen paraboltera iritsi nintzen.

Lehenengo paraboltetik express zinta pasatzen.


Lehenengo paraboltean express zinta pasatzeak izugarri lasaitu ninduen: "oain al loro ibili, eh?" esan nion anaiari. Luzearen pasagune zailaren azpian nengoen, plaka bertikal baten gaineko sabai itsurako harlauz alderantzikatu bat. Eskuin eskuarekin harlauz alderantzikatua heldu eta oinak plakan dauden helduleku leun batzuetan jarri ondoren gorputza igotzen hasi nintzen. Baina gorputza altxatzearekin batera oin batek irrist eta pasagunearen azpira itzuli nintzen.

Bi katu oinen zorua lurrez betea nuen: "ea gutxiñez txapatzea iristen naizen" pentsatu nuen. Berriro ere posizio berean jarri, besoa luzatu eta, ezker eskuarekin pausuaren gaineko paraboltetik express zinta pasatzea lortu nuenean, express zintari heldu eta oinak altxatzearekin batera sokak pasa nituen.

Sokak pasa ondoren, express zinta eskuin eskuarekin heldu, ezkerrarekin harlauza ezkerrretik heldu eta, gorputza orekatu ondoren, eskuin eskua askatu eta pasagunearen gaineko zuhaixkaren eskuinean dagoen erlaitzatik heldu nintzen bertara igoz.

"Teorikoki okerrena bukau da" esan nion anairi pasagunearen gaineko erlaitz erosotik. "Zemuzkoa?" galdetu zidan. "Lehorren eztet uste oso zaile izangoenik baña joer, pasoa ia pultsoan atera behar izan det oinek irrist ittezuelako", erantzun nion.

Pasagunearen gaineko erlaitz erosotik behera egindako argazkia.


Pasagunearen gaineko parabolt batean aseguratu eta, arnasa bere lekura itzuli zenean, eskalatzen jarraitu nuen.

Pasagunearen gaineko paraboltetik gora egindako argazkia.


Pasagunetik gorako eskalada bertikala eta V zailtasun mailako zailtasun jarraitua dauka. Lehenengo metroak zuzenean eskalatu nituen sabai antzeko batera iritsi arte. Hemen eskuinera diagonalean metro pare bat egin eta lurrez estalitako erlaitz eroso batera iritsi nintzen. Erlaitz honetan katu-oinen zoruak berriro ere lurrez zikindu zitzaizkidan.

Erlaitzetik gora diedro itsurako horma bertikala eskalatuz hasi nintzen, ahal nuen guztietan oinak koskadun heldulekuetan jarriz, helduleku leunetan jartzen nituen bakoitzean irrist egiten baitzuten.

Diedroaren hasieran dagoen zuhaixka txikiaren enbor estuaren ingurutik zinta bat pasatu eta diedroa hala nola eskalatzen jarraitu nuen, jartzen nuen edozein asegurutik tiraka, oinetan inongo konfidantzarik ez nuelako. Eskerrak eskuentzat helduleku onak dauden.

Diedroaren amaieran iltze batez babestutako sabaitxo bat dago. Oinak ahal izan nuen goienen jarri, gorputza poliki-poliki altxatu eta, eskuin eskuarekin sabaiaren gaineko helduleku bati heltzen nion bitartean, ezkerreko eskuarekin iltzetik express zinta bat pasa nuen. Sokak jasotzen hasi nintzela Ikerrek soka ematen ez zidala ikusi nuen. Nik ez nekien noski, baina Ikerrek sokak trabatuta zituen eta ahal zuen azkarren ari zen sokak askatzen. Oin eta eskuin besoarekin atzeraka nuen gorputza eusten nuen bitartean, ezker eskuarekin soka zentimetroka biltzen hasi nintzen "sokaaaa, sokaaaa" Ikerri erregutuz.

Hankak dardarrean hastear zeudenean, sokak express zintatik pasatu eta eskuin besoarekin tira eginez sabaitxoa bere eskuinetik eskalatu nuen.

Sabaitxoa eskalatu ondoren, luzeak diagonalean ezkerrera doala ikusi nuen. Ezkerrera egin beharreko zeharkaldi diagonal honetan parabol pare bat topatu nituen eta, nahiz eta bertikala izan, helduleku onak ditu. Zeharkaldia amaitu, metro pare bat zuzen eskalatu eta gainean nituen arteen artetik sartu nintzen harri txikiz jositako erlaitz inklinatu zabal batera iritsiz. A zer nolako poza hartu nuen erlaitzaren bukaerako plakan uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuenean!!!

Lehenenengo bilgunea.


Lehenengo bilgunetik behera egindako argazkia. Harri askez jositako erlaitza ikusi daiteke baita "Elmer" bidearen ezkerrean dagoen monolito nabaria ere.


Iker bilgunera zurbil iritsi zen: "kriston tenso nator, iltzen ere eroi naiz", esan zidan. "No jodas!!" erantzun nion. "Expressari eutsi ta ez naiz behera eroi baña a ze tensioa pasaeten, hankak ezin nittun iñun jarri irris ittezielako ta burue lanen denbora guztin" esan zidan. "Nire enaiz bate komodo ibili ta azkenen ahal izan deten guztie A0-n ateraet" esan nion "besok petau xamar nitula iritsi naiz". Materiala arnesatik ateratzen hasi nintzenean Ikerrek aurretik ez zuela eskalatuko esan zidan: "burue eztauket eskaladan ta blokeauta nau". Anaia ezagututa banekien honelako egoeratan hobe dela zirikatu gabe ixilik gelditzea. Ikerrek luzean berreskuratutako materiala arnesean zintzilikatu ondoren gora begiratu nuen bigarren luzeko nondik norakoak identifikatu nahian.

Bigarren luzea, 40 metro, 4c. Lehen bilgunetik bigarren luzeko puntu bereziak identifikatzen hasi nintzen, lehen parabolta dagoen enborra, zinta batekin babestu daitekeen orratza eta izkutuan dagoen diedroaren bila ezproiaren bestaldera pasa behar dudan zuhaixka.

Bigarren eta hirugarren luzeak lehen bilgunetik ikusita. Argazkian bigarren luzean identifikatu nituen puntuen kokalekua ikusi daiteke.


Bilgunearen ezkerretik atera eta, oso egonkorrak ez zeuden harkaitz bloke batzuk eskalatu eta, zuhaixka baten enbor estutik zinta bat pasatu ondoren, ezproiaren ertzera igo nintzen. Luze honetan dagoeneko harkaitza lehorra zegoen eta, lehenengo harkaitz blokeetan katu-oinen zoruetatik lurra kendu ondoren, eskaladaz gozatzen hasteko aukera izan nuen.

Ezproiaren gainean egindako lehen metroak ere sendoak ez diruditen harkaitzen gainetik egin nituen lehenengo paraboltaren ondoko enborrera iritsi nintzen arte. Enborraren gainetik metro batzuk egin eta ezproiaren kontra eskuinean dagoen orratz itsurako harkaitz bloke handi batera iritsi nintzen: "ze pena friend handiak ez eukitzea" pentsatu nuen orratza eta ezproiak osatzen duten arrail bertikala ikusi nuenean.

Hasiera batean zalantzan izan nintzen ezproitik edo orratzatik eskalatzen jarraitzea, baina azkenean bigarren aukera hartu nuen, niretzat errazena, orratza eskalatuz. Orratzaren ingurutik zinta luze bat pasatu eta honen ezkerrean dagoen zuhaixkara zuzendu nintzen ezproiaren bestaldera pixkanaka pasatuz. Zuhaixkaren ondoan dagoen luzearen bigarren paraboltetik exprress zinta bat pasa nuen.

Ezproiaren bestaldera pasa nintzenean luze honek duen altxor izkutua topatu nuen: erdian arrail estua duen 5-6 metro inguruko diedro inklinatua. Diedroan helduleku ederrak topatu eta gainean neramatzan bi Lincam-ekin babestu nuen, eskalada zoragarri batez gozatuz.

Diedroa eskalatu ondoren ezproiaren ertzera itzuli eta, helduleku ederretako plaka eskalatuz, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen. Bilgune hau ere leku eroso batean kokatua dago.

Bigarren bilgunea gertutik ikusita.


Behera begiratu, Ikerri bilgunean nengoenaren keinu egin eta sokak jasotzen hasi nintzen.

Bigarren bilgunetik lehenengora egindako argazkia. Ikerren atzean "Elmer" bidearen ezkerrean dagoen monolito nabaria ikusi daiteke.


Sokak jaso ondoren eskalatzen hasteko keinua egin nion. Ikerrek metro batzuk eskalatuta zituenean, ezproira igo aurretik, eskuin eskuarekin helduta zuen harkaitza askatu eta lehen luzean behera erori zen: "Piedraaaaaa!!!!". "Ikusi dezu?" Oihukatu zidan lehen parabolta dagoen enborrera iritsi zenean. "Bai" erantzun nion, "a ze sustoa". "Ya te digo!!!" erantzun zidan.

Iker ezproian, lehen parabolta dagoen enborraren parean. Sokak ezproiaren eskuinean galtzen diren lekua diedroaren irteera da.


Iker aurpegi lasaiago batekin bilgunera iritsi zen: "zemuz?" galdetu nion. "Hobe baña oaindio etzait aurreko agobioa pasau" erantzun zidan. Sokak eskuin oinaren inguruan bilduta eta material asko Ikerrek zuela ikusita, berari eskalatzen jarraitzeko eskatu nion: "eztauket gogoik, segi zuk" erantzun zidan. "Soka osoa hanka baten gañen bilduta dauket ta gañea hurrengo luzeko lehenengo bi paraboltak bertan dare" erantzun nion goraka seinalatuz. "Bueno benga, ekarri materiala ta nik emangoiot" erantzun zidan gogo gutxikin.

Hirugarren luzea, 35 metro, 4c. Bilgunetik zuzen atera eta, helduleku onak dituen plakatik 3-4 metro inguru eskalatu ondoren, lehenengo paraboltera iritsi zen. Metro batzuk gorago, bigarren paraboltean aseguratu ondoren, sabaitxo txiki baten azpian kokatu zen.

Hirugarren luzean, bigarren paraboltetik express zinta pasa ondoren.


Sabaitxoan Alien bat jarri eta honen eskuinean eskuin-ezker doan kanal/tximinia belartsuan sartu zen.

Nahiz eta tximinia honek belarra izan eskalada garbia egin daiteke eta gainera friend-ak jartzeko aukera handiak ditu. Ikerrek beste Alien bat eta Lincam gorria jarri ondoren tximiniatik atera eta, plaka tente batean metro batzuk eskalatu zituen. Alien grisa jarri eta gorago ezproiaren gainera iritsi aurreko sabaia babesten duen paraboltetik aseguratu zen. Ikerren mugimenduak lasaiak eta konfidantzaz egindakoak ziren, burua eskaladara itzultzen ari zela adieraziz.

Ezproiaren gainera iristeko, sabaiaren eskuin aldera jo eta, bistatik galdu nuen denboran, eskuinetik metro batzuk eskalatu eta, berriro ere ezkerrera itzuliz, ezproiaren gainera iritsi zen, bertako uztaidun bi paraboltetatik bilgunea muntatuz.

Hirugarren bilgunea. Hau ere leku erosoan dago.


Talkie-tik "nahizunen" entzun nuenean Ikerren ahotsa lasaia zen, bere onera itzulita zegoenaren seinale. Bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.

Iker hirugarren bilgunean. Bere azpian eskuinetik saihesten den sabaia eta eskuin ezker eskalatzen den kanal/tximinia "belartusa" ikusi daitezke.


Kanal/tximinia bilgunetik dirudiena baino tenteagoa izan arren, heldulekuak ederrak ditu eta lasai eskalatu nuen. Bilgunearen azpiko sabaiaren eskalada aldiz, nahiz eta bertan ere helduleku ederrak izan, uste nuena baino gehiago kosta zitzaidan eta, inongo momentuan larri sentitu ez banintz ere, eskuetatik nahi baino gehiago tiratu behar izan nuen: "aurretio nijonen atzetio baño lasaiago nijo" esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi nintzenean. "Neire gauza bea pasatzen ai zait, luze hau aurrekoa baño okerro eskalau det" erantzun nion.

Bilgunetik laugarren luzeak igotzen duen monolitoa bere osotasunean ikusten da. Monolitoaren ezkerrean bi parabolt eta kate batez osatutako bilgunea eta hemendik gora paraboltez babestutako luze bat dago, "Txomin" bidearen ezkerretik doan izenik gabeko bidearena hain zuzen ere. "Txomin"-en laugarren luzea monolitoaren erditik doa, hormaren erdian dagoen artea zeharkatuz. Luzearen lehenengo parabolta identifikatu ondoren, hirugarren bilgunea utzi eta hirugarren "bis" bilgunera zuzendu nintzen.

Hirugarren bilgunea utzi ondoren Ikerri egindako argazkia.


Hirugarren "bis" bilgunera iristeko ezproiaren amaiera arte iritsi eta, bertako harkaitz-bloke batetik zinta bat pasatu ondoren, monolitoaren oinera arte destrepatu nuen, 25-30 metroren ondoren luzearen oinera iritsiz.

Luzearen lehen paraboltetik express zinta eta sokak pasa nituen Ikerren destrepea nolabait babesteko. Destrepea berez ez da zaila (II mailako zailtasuna izango du) baina erorketa bat ez da posible eta gainera harri askez josita dago.

Laugarren luzearen oinean, lehenengo bi parabolten kokalekua ikusi daiteke.


Soka osoa jaso eta lehen paraboltaren express zintatik pasa nuenean Iker hirugarren bilgunea utzi eta nigana iritsi zen.

Iker hirugarren bilgunetik irteteko prest eta hemendik gora jarraitu zuen bidea.


"Nahi al dezu honi zuk ere eman?" galdetu nion umorea itzultzen ari zitzaiola ikusita. "Pentsatzenun etzenidala esango" erantzun zidan irrifar maltzur batekin. Gainean nuen materiala eman eta, bigarren parabolta identifikatu ondoren, eskalatzen hasi zen.

Laugarren luzea, 40 metro, 5b. Laugarren luzea monolitoa zuzen eta erditik eskalatzen du. Helduleku oneko arrail bertikal bat eskalatuz hasten da. Arraila, nahiz eta zertxobait atzeraka egin, bi paraboltez babestua dago eta bertatik ateratzeko pausu arraro bat egin behar da.

Laugarren luzearen(puntu gorriz) nondik norakoak. Monolitoaren ezkerrean paraboltez babestutako izenik gabeko bidea (puntu zuri txikiz margotutakoa) doa. Puntu zuri handiz hirugarren "bis" bilgunera iristeko egin beharreko destrepea marraztua dago.


“Hau bai aderentzie, eh?” esan zidan Ikerrek bigarren paraboltera iritsi zenean, “ta ez lenengo luzekoa”. Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren, arrailetik atera eta gainean dugun artera iritsi zen, helduleku eta harlauzetan eskuzabala den plaka bertikala eskalatuz. Ikerrek plakatik zuzen eskalatu bazuen ere, nik plakaren ezkerretik eskalatu nuen, zikinagoa badirudi ere errazagoa iruditu zitzaidan eta.

Artearen enbor artetik pasa ondoren, honen eskuinetik gora zuzen doan arraila eskalatzen hasi zen, tarteka friend bat edo beste jarriz, tarteka bertako aseguru bakartietatik express zintak pasatuz. Artetik gorako lehenengo metroetan plakan egiten den pasagune arraro bat dagoen arren, eskalatzeko ez zuen zailtasun handirik izan. Monolitoaren amaierara iritsi zenean bistatik galdu eta, handik denbora gutxira, talkie-tik “Reuniónnnn!!!” entzun nuen.

Luzearen hasieran eskalatu beharreko arrail bertikala azpitik ikusita.


Laugarren luzea oso ona iruditu zitzaidan, denbora osoan V mailako zailtasun jarraitua duena, estutu beharreko pausurik gabe eta pasagune zailetan heldulekuak ederrak dituena. Luze hau eskalatzen izugarri gozatu nuen.

“Ostia, ze ona luze hau, eh?” esan nion anaiari bilgunera iritsi nintzenan. “Ya te digo, oain arte gehien disfrutau detena izan da” erantzun zidan, “gutxiñez oain arteko txinada jun zait”.

Bilgunetik seigarren luzeak igotzen duen horma identifikatu eta bertara iristeko zein bide jarraitu hitz egiten aritu ginen. Monolitoaren gainera igo, bertako leku eroso batean sokak bildu eta, Iker iritsi zenean, katu oinak erantzi eta zapatilak jantzi genituen: “bestela hemendio hauntza blai inda iritsiko gea”.

Laugarren bilgunean.


Laugarren bilgunetik laugarren “bis” bilgunera iristeko 100 metro eskaseko ibilaldia egin genuen.

Bosgarren luzeak igotzen duen monolitoa identifikatzea ez da zaila, bere eskuinean haritz handi bat dagoelako. Honetaz aparte, 6a+ pasaguneko plaka bertikalaren alboetako arrailak ere nabariak dira. Hau gutxi ez bada, "Elmer" bidea eskalatuta izanez gero, ez dugu arazorik izango bosgarren luzea identifikatzeko, "Elmer" bidearen ezkerretik doalako.

Laugarren luzea amaitzen den monolitoaren gainetik laugarren "bis" bilgunera arte oinez egin beharreko zatia. _Argazkian haritz nabaria ikusi daiteke.


Oinez egindako zeharkaldiaren amaieran, luzearen oinean dauden harkaitz blokeetako batean, katu oin lehorrak berriro ere jantzi eta urrun ikusten den paraboltari begira jarri nintzen: “bueno, iritsi da momentue” esan nion anaiari, “irakurritauket ezkerreko pitzaduratio eskalatzea errexagoa omen dela, baña paraboltetio aparte gelditzen zeala”. “Zuk al dezun lekutio igo ta listo” animatu zidan Ikerrek.

Laugarren "bis" bilgunera iristen.


Bosgarren bilgunetik egindako argazki onetan laugarren eta laugarren "bis" bilguneen arteko ibilbidea ikusi daiteke.


Bosgarren luzea, 45 metro, 6a+. "Elmer" bidearen plakatxoa eskuinean utzi eta aurretik nuen plaka etzana eskalatzen hasi nintzen.

Bosgarren luzearen nondik norakoak. Argazkian puntu zuriz "Elmer" bidea ikusi daiteke.


Esan bezala lehen parabolta urrun dago, 12-15 metro ingurura. Hasierako plaka etzanean eskalatzen diren metroek zailtasunik ez dute eta arin-arin iritsi nintzen plaka bertikal bihurtzen den lekura arte. Ezker eskuin nituen arrailak begiratu ondoren plaka zuzen eskalatzerik banuela pentsatu nuen. Plakaren oinean fisurero bat sendo jartzeko aukera eman zidan arrakala bat topatu eta plaka zuzen eskalatzen hasi nintzen.

Bosgarren luzearen oinetik egindako argazki honetan fisureroa jarri nuen lekua eta lehen parabolta ikusi daitezke. Puntu zuriz "Elmer" bidea..


Plaka bertikala izan arren eskuentzat dauden heldulekuak ederrak dira eta lehenengo paraboltera uste baino errazago iritsi nintzen. Helduleku onak izan arren plaka hau ezin da gutxietsi, eroriz gero, nahiz eta oineko fisureroa sendo jarrita izan, lurrean amaitzen delako. Paraboltetik express zinta eta sokak pasatu eta Ikerri begiratu nion: “bueno oain kontuz, pasoa oain dator eta”.

6a+ pasagunea lehen parabolta eta honen gaineko erlaitz erosoaren artean dago. Pasagunea motza da, heldulekurik gabekoa. Laguntza bakarra plakaren eskuineko arrail zabalaren ertzan izango dugu.

Arrailaren ertzari eskuin eskuarekin heldu eta, gorputza altxatu behar nuenean, paraboltaren azpira itzuli, express zintari heldu eta, bitan pentsatu gabe, pasagunea A0 moduan eskalatu nuen erlaitz erosora igoz: “bestela bidea bukatzeako gaue ingo zaigu” esan nion Ikerri irrifartsu. Pasagunea A0 moduan eskalatzea ez zitzaidan gogorra iruditu eta IV+ edota V zailtasunaren baitan dagoela esango nuke (kontutan izan pasagune honetan altua izateak asko laguntzen duela).

6a+ pausuaren gaineko erlaitz erosoan, kanal itsurakoa eskalatzen hastear.


6a+ pasagunea atzean utzi ondoren erlaitzetik ezkerrera diagonalean doan helduleku oneko kanal itsurakoa 3-4 metro inguruan eskalatu nuen kanaltxoan dagoen erlaitz eroso batera iritsi arte. Hemen kanaltxoa utzi eta eskuin aldera beste 3-4 metroetako zeharkaldi diagonala egin nuen sabai txiki baten azpira iritsiz. Sabaira iritsi aurretik zinta bat pasatzeko aukera ematen duen harkaitz-zubi elegantea dago.

Arraila eskalatu eta eskuinera egiten den zeharkalditxoaren ondorengo erlaitz erosoan, sabaia nondik eskalatuko dudan erabakitzen.


Bilgunetik egindako argazki "artistikoa".


Sabaia, zuzen edo sabaia osatzen duen harlauz handiaren eskuinetik eskalatuko nuen pentsatzen izan nintzen. Eskuinetik errazagoa izan zitekeela ikusita sabaiaren eskuinera pasatu eta, harlauzak plakarekin osatzen duen diedro itsurakoa eskalatzen hasi nintzen tarteka friend bat edo beste jarriz.

Sabaiaren eskuinetik harlauz bertikala eskalatzen.


Primerako diedroa da, oso ona, helduleku paregabe eta aseguruak jartzeko aukera onak dituena. Zailtasunari dagokionez V inguruan izango dela esango nuke. Ia denbora osoan "babaresa" moduan eskalatzeko aukera ematen du.

Harlauzaren bi herenak eskalatuta nituenean, ezkerrean nuen plakaren erdian luzeko bigarren parabolta ikusi, express zinta eta sokak bertatik pasatu eta, diedroa utzi ondoren, plakara pasatu nintzen. Plaka lasaitasunez eskalatu eta honen amaieran dagoen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Luzearen amaieran.


Bosgarren bilgunetik behera egindako argazkia.


Iker eskalatzen hasi zenean 6a+ pasagunea askean eskalatzen saiatuko zela esan zidan. Pasagunera iritsi zenean, soka gainetik zertxobait tinkatuta izateak ematen duen konfiantzarekin, eskuin eskuarekin arrailaren ertzari heldu eta, gorputza altxatu ondoren, pasagunea garbi atera zuen: “Ze onaaaaa!!!” oihukatu nion bilgunetik.

“Luze haure earra, eh?” galdetu nion belarritik belarrira arteko irribarrea zekarren anaiari. “Joe baietz” erantzun zidan “goizen hasi naizen bezela ikusita ez nun uste hain ondo bukauko nunik”. “Batzutan georrek jartzeitteun mugei aurre inbehar dieu” esan nion.

Iker plakan dagoen paraboltaren parean, zoriontsu 6a+ pausua askean ateratzeagatik.


Seigarren luzea, 40 metro, III+. “Bueno, azkenekoa” esan zidan Ikerrek soberan nuen materiala eman nionean. “Honek ze dauke?”. “Ba ustet tercero masekoa dela” erantzun nion, “errex ingozu”.

Bilgunetik zuzen eskalatuz dagoen plaka inklinatua eskalatzen hasi zen plakaren pinakuluaren gainera iritsi arte. Plaka honetan oinentzat helduleku paregabeak daude eta eskuak apenas jarri gabe eskalatu daitekeen horietakoa da. Iker pinakulua eskalatu eta gero bistatik galdu nuen.

Bosgarren bilgunea eta Iker urrun.


Lehenn pinakuluaren gainean.


Sokak gelditzen ez zirela ikusteak kezkatzen hasi ninduen: 30 metro, 35, 40, 45… Ia 50 metrora iritsi eta Ikerri talkie-tik deitzekotan nengoela, soka gelditu eta minutu batzuetara “Reuniónnn” entzun nuen.

Lehen pinakulua eskalatu ondoren, III+ zailtasuneko pasagune bertikala duen bigarren pinakulu bat eskalatu nuen. Bigarren pinakulutik burua atera nuenean, “bilgunea ikusi al dezu?” galdetu zidan Ikerrek, nengoen lekutik 10-15 metro ingurura. Lurrera begiratu eta pinakuluaren atzeko plakan uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea ikusi nuen: "hemen dau" esan nion. "Joer, ba eztet ikusirein" erantzun zidan, "ta hemen bi zuhaitzekin bilgunea indet".

Seigarren bilgunearen kokalekua (uztaidun bi parabolt) eta Iker gorago, muntatu zuen seigarren bilgunean.


Ikerrek muntatutako bilgunera iritsi nintzenean, bere ondoan “Elmer” bidearen azken bilgunea ikusi nuen, harkaitz zubi batetik pasatako soka: "ta haure eztezu ikusi?" galdetu nion. "Joer, ba ez" erantzun zidan irrifartsu.

Bi anaiok zoriontsu geunden. Egia da lehen luzea ez genuela batere gozatu (pena bustia topatzea), baina bigarrenetik aurrera geroz eta gehiago gozatu genuen. Material guztia jaso eta, azken bilgunea utzi aurretik argazkia egin genuen.

Bi anaiok zoriontsu bidea amaitu ondoren.


Jaitsieran "Aztorea"-ren hego-mendebaldeko ertza eskalatzen ari zen sokada baten irudi ikusgarriaz gozatzeko aukera genuen: "haure egunen baten eskalatu beharko deu" esan nion anaiari.

"Aztorearen" hego-mendebaldeko ertzan zegoen sokada.


Sokadari argazki batzuk egin ondoren, beherako bidea hartu genuen, egunari amaiera emanez.

"Txomin" bidea eskalatzearekin beste amets bat bete dut. Onartua daukat ametsen karpeta ez dudala sekula hustuko. Hau gutxi ez bada, mendi-gosea asegabea da, amets bat gauzatu eta karpetatik irten bezain laster, mendiaren magia eta liluraz engainaturik, betetako ametsaren lekuan amets gehiago gordetzen ditudalako. Behin baino gehiagotan esan eta idatzi dudan moduan, mendizaletasuna partxis partida bezalakoa da, bat jaten denean hogei zenbatzen direlako. Honegatik, betetako ametsek bizi eta irakatsitakoa egunerokoan aplikatu eta betetzear ditudan ametsen arteko orekan bizi naiz. Batzuetan batera eta besteetan bestera noan arren, oreka hau mantendu beharra daukat, bizitako une bakoitzari zuku osoa ateraz, bestela iragan edota etorkizunean erortzeko arriskua dagoelako.

Amesten jarraituko dut eta amestutako ametsak egi bihurtzeko askatasun eta ausardia izatea espero dut. Eta bitartean, eman eurreeeeeee!!!!


Argazki honetan "Aztorearen" mendebaldeko ertzan dagoen sokada hobe ikusi daiteke.Egunen batean amets hau ere beteko dudanaren itxaropena daukat.



jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07