blogak

Smithyrenbloga

EGINO, "DOÑA EUSEBIA" HORMA: "LUCA" EZPROIA, 60 m, V. 2023KO UDABERRIA


"Luca" ezproiaren oinean muntatuta utzi dugun harkaitz-zubia eta bidearen izena.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Jaiotzen garenean harea-erloju bat martxan jartzen da. Goitik behera erortzen den harea-pikor bakoitza bakarra da, errepikaezina, berreskuraezina; hauei zukurik handiena ateratzea bizitzak eman diezagukeen gauzarik handienetako bat izan daiteke.

Lucaren erlojua martxan jarri zenean inork ez genuen espero hain azkar hustuko zenik, azkarregi, bizitza maltzurra izan daitekeela sinesten dutenei arrazoi emanez. Azken harea-pikorrak ihes egin zuenean, bihotza erdibitu eta urratutako arimaren barrenetik malkotan isuri zen tristurak begiak estali zizkigun. Bi urteren ondoren, “zergatik” galderek erantzunik ez dute eta bere aulki hutsak mina eragiten jarraitzen du.

Lucak harea-pikor bakoitza intentsitate osoz bizitzen duenaren distira zuen begietan. Behin idatzi nion moduan, epe laburrean mila bizipen izan dituenaren begirada zuen, infinitutik gertu bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi nahi duenaren begirada. Eta begirada hau izan zen eman zidan oparirik handiena, egunerokotasunak ematen dituen zartadei aurre egiteko askotan gogoratu izan dudana.

Lucaren begirada.


Lucarekin zorretan sentitzen nintzen. Eta zor hau kentzeko modurik ederrena eskalada-bide bati bere izena ematea izan zitekeela bururatu zitzaidan:

- Egunen batean gu ez gea Luca gogoratzeko egongo baina bidea ederra bada eta errepikatzen bada, errepikapen bakoitzarekin bere oroipena mantenduko da – esan nion Asierri buruan nenbilen ideia proposatu nionean.
- Ona!!! “Ayestaepeldekin” egin genuen bezela – erantzun zidan Asierrek Xabi Ayestaran eta Miren Epelderen oroimenez ireki genuen bidea gogoratuz.

Barraskiloen gandorra” eskalalatu nueneko batean, bere eskuinean dagoen ezproi txiki batek atentzioa eman zidan, eguzkiaren izpiek eragiten dioten unearen arabera nabarmendu edo ezkutzaten dena. Etxean honen eskaladaren inguruko informazioa bilatzen hasi nintzen baina ez nuen ezer aurkitu. Eta honek harritu ninduen:

- Edo oso errexa da, edo oso harkaitz txarra dauke – esan nion Asierri ezproia inbestigatzeko proposamena luzatu nionean.

Ezproiara oinez hurbildu ginen lehen egunean. Bidexka nabarmen batek bertaraino eramango gaitu. Asierren atzean Barraskiloen gandorra ikusi daiteke.

Apirilaren 11n egin genion lehen bisita, “Barraskiloen gandorraren” eskuinetik sigi saga igotzen den bidexka batetik bere oinera iritsiz. Alde batetik zein bestetik begiratu ondoren, ezproia lehen aldiz eskalatu genuen, harkaitz asko kolokan zeudenez, gainetik soka bat bota eta bertatik zintzilikatuz.

- Eskalada politte geratu leike – esan zidan Asierrek ezproia eskalatu zuenean.

"Eskalada politte geratu leike".

Egun hartatik aurrera, beste dozena erdi bat egunez gorputz eta arima ezproia garbitzen aritu ginen, maiatzaren 6an garbiketa lanak amaitutzat eman eta, goitik sokarik izan gabe, lehen aldiz eskalatu genuen arte.

Ezproia ia 60 metro dituen eskalada motz eta xumean geratu da, baina intentsitate eta nortasuna duen eskalada dela iruditu zaigu, batera eta bestera mugiaraziko gaituena. Ez da kasualitatea izan ezproiari “Luca” izena jarri izana, bere izateko modua eta izpiritua islatzen duela iruditu zaidalako.

Eskalada bitan banatu daiteke: lehenengo erdian harkaitz-plaka inklinatuak dira nagusi, eskalada V arte zailtzeko aukera ematen digutenak. Bigarren erdian aldiz ezproiak bertikaltasuna irabazten du, zailtasun maila V inguruan mantenduz, batzuetan zertxobait gutxiago.

Bi iltze jarrita eta 10 harkaitz-zubi prestatuta utzi ditugu, errepikatu nahi dutenei eskalada errazteko asmoz. Goiko bilgunea ere harkaitz-zubi pare batetik pasatako soka lodi batez muntatuta utzi dugu, erlaitz eroso batean. Ezproiari garbiketa sakon bat eman diogun arren, baliteke oraindik ere harri solteren bat topatzea.

Maiatzak 6an, zerua kotoizko hodei zuriek zipriztintzen zuten bitartean haize goxo batek udaberriak berpiztutako loreak kulunkatzen zituen. Garbiketak iraun duen denboran hazten ikusi dugun putre-kumeak ere amaren hegalpearen babesetik begiratzen gintuen, kuriositatez, jaio zen egunetik begiratu gaituen moduan. Bidea prestatzearen amaiera eta naturaren biziberritzea une beretsuan izan zirela gertatzeak hunkitu ninduen; beharbada Lucarekin gogoratu nintzelako, beharbada kasualitate huts bat izan dela ez dudalako sinestu nahi. Ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 55-60 metro artean.
- Luze kopurua: 1. Soka motzagoak eramaten baditugu, ezproiaren beheko zatian muntatutako (edo muntatu gabeko) harkaitz-zubietako batean bilgune bat muntatzeko aukera dugu.
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko informaziorik aurkitu. Asier Izagirre eta Xabi “Smithy” Mujikak 2023ko maiatzaren 6an?
- Zailtasuna: V.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan eguzkiak gogoz jotzen du.
- Ura: Abiapuntuaren arabera, Egino edo La Lezen dagoen iturrian.
- Hurbilketa: Eskalada-bide propio bat izan dezan lanean ari garen arren, oraingoz bi aukera ditugu: oinez iristeko “Barraskiloen gandorrera” doan bide bera jarraitu beharko dugu. Gandorra azpitik zeharkatu eta bere eskuinetik doan bidexka batetik igoko gara ezproiaren oinera iritsiz. Bigarren aukera “Bidearin” edo “Placas del Pájaro Loco” bideak eskalatzea da. Bi bide hauek partekatzen duten hirugarren bilgunetik bidexka batetik 40-50 metro inguru ibili ondoren ezproiaren oinera iritsiko gara. Luzearen hasieran mugarri bat, harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat eta “Luca” izena idatzita utzi ditugu.
- Jaitsiera: Abiapuntuaren arabera, La Lezera jaisten den ohiko bidetik edo “Aztorea” eta “Usoa”-ren artean jaisten den bidetik. Bigarren aukera hau hartuz gero, kontutan izan babestutako espezien habiagintzagatik bertatik jaistea debekatuta dagoela apirilak 1 eta abuztuak 31 artean.
- Eramandako materiala: Bidea prestatuta utzi dugun moduan eta, burua hotz eramanez gero, 60 metroko bi soka eta 12 express-zintekin nahikoa izan daiteke. Dena den, badaezpada luzera ezberdineko 15 express-zinta eta Totem eta artaka-trabagailu sorta bat eramatea ez legoke gaizki. Harkaitz-zubietan jarritako sokak zahartzen diren heinean zinta-uztaiak ere eraman beharko dira. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu erdi eskas.

BIDEAREN KROKISA

"Luca" ezproiaren kokapena (gorriz).

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Zailtasun maila ezproia dozena erdi bat aldiz eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak non dauden jakinda, alegia. Eskalada errepikatzen den heinean ikusiko dugu gure proposamena berresten den edo zailtasuna beste bat den. Hainbeste eskaladen ondoren, denak kontaketa bakarrean sartzea ezinezkoa zaidanez, ezproiaren deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo.

Bidearen oinean jarritako mugarria, harkaitz-zubitik pasatako soka eta bidearen izena.

Izena margotuta duen horma inklinatua zuzen eskalatuko dugu, 8-10 metro ingurura dagoen harkaitz-zubira zuzenduz(III- hasieran, III harkaitz-zubira iritsi aurretik). Nahiz eta konfiantza handirik ez eman, harkaitza dirudiena baino hobea dela ikusiko dugu.

Lehenengo harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren gainetik ezker aldera eskalatzen jarraituko dugu lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian kokatzeko (III).

Lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzeko bi aukera ditugu: plakatik bertatik edo bere eskuin ertzetik. Bietatik politena plakatik bertatik eskalatzea da, gutxi gora behera harkaitz-plakaren erdian dagoen inkrustazio marroi baten laguntzarekin. Eskalada ez da zaila (IV+/V), baina harkaitz-plakan ez dugu asegururik jartzeko aukerarik izango. Bigarren aukera plakaren eskuinetik eskalatzea da, plakaren eskuin ertza aprobetxatuz (III+).

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzen. Asierrek eskuin oina inkrustazio marroian jarrita dauka.

Lehenengo harkaitz-plakaren amaieran.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatu ondoren, metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta bigarren harkaitz-plakak osatzen duen sabai txikiaren eskuinera zuzenduko gara (III+).

Bigarren harkaitz-plaka nabarmena eskalatzeko ere bi aukera ditugu, plakatik edo bere eskuinetik. Plakatik eskalatzen badugu zertxobait estutu beharko dugu, itsasgarritasunezko pasagune baten ondoren muntatuta utzi dugun harkaitz-zubira iristeko (V); plakaren eskuinetik eskalatzen badugu aldiz, zailtasuna gehiago jaisten da (III).

Bigarren harkaitz-plakara igotzen.

Estualdi motz baten ondoren, harkaitz-zubiaren parean.

Bigarren plaka eskalatu ondoren harkaitz-zubi batera iritsi eta hemendik gora berriro ere bi aukera izango ditugu: harkaitz-zubiaren ezkerretik gora doan hormatxo bertikala eskalatzea (IV+) edo harkaitz-zubitik eskuin aldera belarrak hartuta duen kanal etzan bat igotzea gainean dagoen horma bertikalaren oinean dagoen harkaitz-zubira iritsi arte (II).

Bigarren harkaitz-plaka eskalatu ondoren. Asier dagoen lekutik "erdi-oinez" belarrak jarraituz horma bertikalaren oinera iritsiko gara.

Hormatxo bertikalaren aukera aukeratzen badugu, horma bertikalera iristen garenean eskuin aldera zeharkaldi bat egin beharko dugu (IV/IV+) horma bertikala eskalatzen hasteko.

Hormatxo bertikala eskalatzen.

Eskuin aldera egin behar den zeharkaldiaren hasieran.

Zeharkaldiaren amaieran, horma bertikala eskalatzen hasita.

Horma bertikala bi modura eskalatu daiteke: horma ixten duen sabaia ezkerretik saihestuz (V) edo ezkerrean dagoen ur-tantadun plaka nabarmenetik (V+/6a). Bi aukerak frogatu ondoren, bietatik ederrena lehenengoa dela iruditu zaigu, errazagoa bada ere. Honetarako harkaitz-zubi batera aseguratu eta horma zuzen eskalatu beharko dugu sabaiaren azpian kokatuz (V). Sabaiaren azpitik ezker aldera mugituko gara (V, iltze distiratsu bat) eta ezkerrera zeharkaldi bat eginez saihestuko dugu ongi garbitu dugun zulo batean kokatuz. Sabaiaren ezkerreko hormak osatzen duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke, baita zeharkaldiaren amaieran garbitu dugun arrail motz batean "friend" ertain bat ere.

Sabaia saihesten. Asierrek ezker eskua duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke.

Ezkerrera egin behar den zeharkaldian. Ezker eskua garbitu genuen zuloan dauka.

Zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzea erabakitzen badugu, bigarren plakaren ondoren eskalatu daiteken hormatxo bertikala eskalatuko dugu (IV+), ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan kokatuz. Ur-tantadun plakaren pasagunea pausu isolatu bat bada ere, goian dagoen zulora iristeko estutu beharko dugun horietakoa da (V+/6a).

Ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzen.

Behin zuloan, zuloaren gainetik pixkat zuzen eskalatuko dugu erlaitz estu batean kokatuz.

Erlaitz estuan.

Eta erlaitz estutik ezker aldera desbideratzen hasiko gara, ia gainean egon arte ikusten ez den iltze beltz batera iritsi arte (V-).

Iltze beltzaren parean.

Iltzearen gainetik, horma bertikal bihurtzen den arren helduleku onak ditu, baita bi harkaitz-zubi ere (V-), eskuin aldera diagonalean doan diedro inklinatu batera iritsi arte, harlauza erraldoi baten ezkerrean dagoena.

Iltze beltza eta bertatik ikusten den horma bertikala.

Horma bertikala eskalatzen.

Horma bertikala eskalatu ondoren, diedro inklinatura zuzentzen. Asierrek oinak jarrita dituen harkaitz-blokeak kendu behar izan genituen kolokan zeudelako.

Diedro inklinatua eskalatuz harlauza erraldoiak goian osatzen duen erlaitzera iritsiko gara (IV+). Garbiketa lanak egin genituenean harlauza erraldoi hau hormara itsatsia nola dagoen harritu ginen, bere zati ez dela dirudielako.

Diedroaren erdian.

Erlaitzera igotzen.

Erlaitzaren gainetik zuzen eskalatzen hasi (IV+) eta zeharkaldi horizontal bat ezker aldera egingo dugu tximinia/arrail batean sartzeko (V). Pasagune hau oso ongi segurtatua geratzen ez zenla iruditu zitzaigunez, tximinia/arrailaren azpialdean ia gainean ez zauden arte ikusten ez den harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu.

Erlaitzetik ateratzen.

Pasagune horizontala egin aurretik.

Pasagune horizontalean. Asierrek ezker oina jarrita duen lekuan dago pasagunea segurtatzen duen harkaitz-zubia.

Amaitzeko, tximinia/arrail hau eskalatuko dugu, bere amaierara iritsi aurretik ezker aldera pasatu eta pasagune bertikal bat eskalatu ondoren ezproiaren gainera iristeko (IV+).

Tximinia/arraila eskalatzen.

Azken pasagune bertikalean.

Luzea amaitu ondoren.

Goiko bilgunea bi harkaitz-zubi handietatik pasatako soka lodi batekin muntatuta utzi dugu, erlaitz eroso batean.

Ezproiaren gainean muntatuta utzi dugun bilgunea.

Goian idatzi dudan bezala, ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea. Hau gerta ez dadin, ezproira eskalatzen iristeko aukera bat begiak jota dugu, "Luca" errepikatzeko aukera handiagoak emango dituena. Aldekoak eta kontrakoak neurtu eta aukera hau gauzatzen badugu ezproiaren eskalada gehiago errepikatuko dela ziur gaude.

Eginoko haitzak arratsaldeko azken argitan. "Luca" ezproia Barraskiloen gandorraren itzalpean ikusi daiteke.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07