blogak

Smithyrenbloga

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "IMSERSO EXTREM" BIDEA, 225 m, V. 2021/08/24

"Imserso Extrem" bidearen hasiera adierazten duen kordel urdina.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Artistek dohain berezia dute margotu gabeko mihise zuri bat edo formarik gabeko harkaitz bloke bat arte bihurtzeko, gizaki gehienok ezer berezirik ikusten ez dugun horretan edertasuna aurkituz. Nire ustez hau bera aplikatu daiteke horma handi batean eskalada-bideak irudikatu eta irekitzeko dohaina duten eskalatzaileekin. Dohain berezi hau duten eskalatzaile hauek ez dira asko, eta eskalatzen dugun gehienok eskalatzaile dohaintsu hauek irudikatu eta ireki dituzten bideak eskalatzen ditugu, bidea duela aste batzuk edo duela ehun urte irekita badago ere.

Baina artisten moduan, eskalatzaile berezi hauek pasio eta gorrotoak pizten dituzten pertsonak izaten dira, askotan iraultzaileak direlako: eskalada-bidea irekitzeko jarraitu duten estiloa, bidearen seguru kopurua, eskalada-bidea irekitzeko garaian izan den naturarekiko errespetua, bidearen arriskugarritasuna, eskalada-bidea ireki den ingurunean eskalada-bideak irekitzeko moduari errespetua, etab, hizpide izaten dira bideak errepikatzen dutenen/dugunon artean eta honen inguruan liskar sinestezinak piztu izan dira, sare sozialetan batez ere.

Mota honetako liskarrak irakurtzen ditudanean tristura handia sentitzen dut, eskalada gustuko dugun guztiok, dugun maila edo eskalatzeko modua dena delakoa bada ere, mendian lekua dugula uste baitut. Artista/eskalatzaile hauek nire miresmen osoa merezi dute, kirol-eskaladako bide erraz bat Aiztondon edo hainbat luzeetako muturreko eskalada-bide bat Peña Montañesan ireki badute ere, baldin eta eskalada-bidea irekitzeko baimena izateaz gain ingurumena errespetatzen badute. Hauek dira nire baldintza bakarrak.

Artista-eskalatzaile talde aukeratu honen barruan kronika honetako bidea ireki duten Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz daude.

Dagoeneko dena irekita zirudien Eginoko Doña Eusebia horman eskalada-bide berri bat irudikatzeak badu bere meritua, baina irudikatzeaz gain bidea lehen saiakeran behetik gora eskalatu eta eskalada gustuko dugunok eskalatu ahal izateko txukundu eta egokitzea preziorik ez duen lan altruista da. Modu honetan, pasa den uztailean “Imserso Extrem” bidea jaio da, Doña Eusebia hormaren mendebaldean Rafak, Antxonek, Juancarrek eta Sergiok ireki duten bide zoragarria. Eta bide zoragarria diot, gure uste apalean, eskaladari dagokionez, horma berearen ekialdean dagoen "Barraskiloen ertza" ospetsua baino hobea delako, baita zailagoa ere.

Eskalada-bide hau eskalatzeko proposamena MAT taldera luzatu eta Asierrek baiezkoa erantzun zidanean izugarri poztu nintzen. Hilabete luzeetako lesio baten ondoren beretzat aukera ona izango zen eskaladari berriro ere gustua hartzeko, baita niretzat aukera ona berriro elkarrekin eskalatu eta bere konpainiaz gozatzeko ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 225 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz, 2021eko uztailaren 2an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III, 2ºL: III+, 3ºL: V, 4ºL: V eta 5ºL: IV+.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo La Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena La Lezetik egitea da. Hemendik 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 10 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, Totem eta Alien jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkiaren eskuinean "Barraskiloen ertza" ikusi daiteke.

Bidearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

La Lezeko zuhaiztia kanpamendu nomada bat zirudien. Zuhaitzen artean barreiatuta, furgonetak, auto-karabanak, mahaiak, aulkiak eta arropa zintzilikatzeko sokak zeuden. Soketatik zintzilikatutako neoprenozko jantzien artean, garagardoak eskutan, alai, kanpamenduko okupatzaileak kontu kontari ari ziren, beraien kezkarik handiena La Lezeko putzuetan bizitako bizipenak behin eta berriz kontatzea izango balitz bezala.

Ez da ohikoa abuztuaren amaierako egun eguzkitsu bateko arratsaldean Eginon hegoaldeko orientazioa duen horma bat eskalatzea, eta uste dut horixe bera pentsatu zutela nomadek ere, kotxetik motxilak atera eta oinez hasi ginenean begiratu ziguten modua aintzat hartzen badut. Guk aldiz bagenekien haize goxo batek eskalada "freskatuko" gintuela, edo behintzat hori zen gure itxaropena eguraldiaren iragarpena interneten irakurri genuenean.

Baina, zortearen aurpegirik maltzurrena erakutsiz, La Lezeko aparkalekutik lehen monolitora doan pista maldatsuan haize goxo hori ez zen agertu, eta txapelaren azpitik ihes egiten zuten izerdi tanta potoloek ezpainetan uzten ziguten zapore gaziak arratsalde bero eta luze baterako prestatzen hasi gintuen.

Lehenengo monolitoa...

... bigarren monolitoa...

... hirugarren monolitoa...

... eta laugarren monolitoa.

- Hemen nunbaittetio gora igotzen hasi beharra daukeu - esan nion Asierri laugarren eta bosgarren monolitoen arteko hartxingadi nabarmenaren ertzera iritsi ginenean.

Hartxingadiaren goikaldean, laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasilloaren atarian, mugarri bat ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe mugarriraino igo eta pasilloan barrena beste mugarri batzuk tarteka jarraitzen zutela ikusi genuen.

Laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasilloa hartxingaditik ikusita. Argazkian lehen mugarria ikusi daiteke.

Lehenengo mugarriaren parean, laugarren monolitora hurbiltzen.

Ehiztariek animalien arrastoak jarraitzen duten moduan, mugarriak jarraituz, hurbilketa-bideak ezkerrera bota eta laugarren monolitoaren ipar hormaren itzalpetik eraman gintuen, mendi-lepo itxura duen urkila batera iritsi ginen arte.

Laugarren monolitoaren itzalpean.

Urkilan, laugarren monolitoko puntari bizkarra emanez eta ipar-ekialdeko noranzkoa hartuz, txilar eta arteen artean erdi-ezkutaturik dagoen bidexka jarraitzen hasi ginen. 25-35 metro inguru ibili ondoren Asier geratu zen:

- Hemen dau bian hasiera – esan zidan harkaitz batetik zintzilik dagoen kordel urdin bat seinalatuz.

Laugarren monolitoa atzean utzi ondoren. Argazkiaren ezkerrean bosgarren monolitoa ikusi daiteke.

Bidearen hasiera ertza baten oinean dago, urteek okertu dituzten arte batzuen itzalpean. Motxila izerdituak lurrean utzi, eta eguzkipean lehortzen ziren bitartean ura edateko aprobetxatu genuen:

- Eskerrak eguzkitako-krema etxen eman deten.
- Baita nik ere - erantzun zidan Asierrek.

Bidearen hasiera.

Asierrek trago bat ur edaten zuen bitartean eskalatzailez mozorrotzeko errutinarekin hasi nintzen: kaskoa eta arnesa jantzi, express-zintak arnesaren bi aldetan banatu, artaka-trabagailuak arnesaren atzeko uztaitik zintzilikatu, Totem-ak arnesaren alde batean, Alien-ak arnesaren beste aldean, talkie-a lepotik zintzilikatu, katu oinak jantzi, zapatilak motxilan sartu, motxila jarri, eta bukatzeko, zinta-uztaiak lepotik zintzilikatu, handiak alde batera, txikiak beste aldera. Denbora apur bat eramaten duen arren materiala arnesaren inguran ongi ordenatuta eramatea gustatzen zait, materiala behar dudanean batera eta bestera bila ez aritzeko.

Biok prest geundenean talkie-ak piztu eta eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 50 metro, III. Bidearen hasiera adierazten duen soka urdinetik gora, helduleku oso onak dituen 4-5 metro inguruko horma bertikala eskalatzen hasi nintzen, gainean dagoen ertzaren ahora zuzenduz (III). Metro hauetan egin den garbiketa nabaria da, Eginoko harkaitz grisarekin kontrastatuz eguzkiak ilundu gabeko harkaitz argia ageri delako. Nahiz eta zailtasun handirik gabeko tartea izan, badaezpada metro hauek harkaitz batetik pasatako zinta-uztai batekin babestu nuen.

Luzearen hasierako metro bertikaletan.

Lehen metro bertikal hauen ondoren horma inklinatuz doa. Metro hauek errazago eskalatu nituen ertzaren ahora iritsi nintzen arte.

Ertzatik behera egindako argazkia.

- Hemen haize goxo bat dabil!!!! – oihukatu nion Asierri bigarren seguru bat jartzen nuen bitartean.

Azkenean hainbeste itxarondako brisa bertan genuen, bazterrei tenperatura zertxobait lapurtuz.

Behin ertzaren gainean, jarraitu beharreko bideak galtzeko arriskurik ez dauka, ertzaren ahotik jarraitu behar delako. Lehen metro etzan batzuk eskalatu ondoren (II) ertzak osatzen duen gain batera igo (II+) eta bertatik argazki batzuk egiteko aprobetxatu nuen.

Ertzak osatzen duen gainara igotzen.

Ertzaren gainatik behera egindako argazkia.

Bosgarren monolitoa eta Egino.

Gain honetatik aurrera ertza etzaten da, metroak arinago irabazteko aukera emanez (II).

Gainatik gora dagoen zatia. Argazkian lehen bilgunearen kokalekua ikusi daiteke.

Bizkarrezur erraldoi baten gainetik joango banintz bezala, metroak arin irabazi nituen, Asierrek sokaren 50 metroak amaitzear zeudela esan zidan arte. Orduan, bi harkaitz-zubietatik pasatako sokez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehenengo bilgunea.

Asier ertza zeharkatzen.

Ertzaren gainatik bilgunera egindako argazkia.

- Bigarren luzea hor gañen ikustean monoliton azpin bukatzeala esango nuke – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean -, ez dakitena da horrea iristeko luzea nundio dijon.
- Bueno, zeoze ingodeu – erantzun zidan lasaitasun osoz.

- Bigarren luzea, 45 metro, III+/IV. Asierrek ertzaren ahotik eskalatzen jarraitu zuen 15 metro ingurura dagoen arte batekin topo egin zuen arte (II/II+). Zuhaitza saihesteko ertzaren ezkerrera pasatu, eta metro batzuetan belarretan oinez ibili ondoren, luzea amaitzen den monolitoaren oinera iristeko eskalatu behar den horma inklinatuaren oinera iritsi zen.

Horma inklinatuan.

Horma inklinatu hau eskalatzeko aukera ezberdinak badira ere, Asierrek logikoenetik jo zuen, hau da, horma garbitu den lekutik. Gutxi gora behera hormaren erditik eskalatzen jarraituz, hormaren hasierako metro tenteak erraztasun osoz atzean utzi zituen (III+/IV). Lehen metro hauek tenteak badira ere, helduleku onekoak dira, eta friend-ak trabatzeko aukera handiak ematen dute.

Horma inklinatuaren amaieran.

Atzera begirada...

Lehen metro tente hauek eskalatuta horma etzanez doa (III). Azken metroak erdi-oinez eginez bidean eskalatzen den lehen monolitoaren oinera iritsi zen eta honen oinean harkaitz zubietatik pasatako sokak aprobetxatuz bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea.


Asierrek lehenengo luzean egin zuen moduan, bigarren luze hau bidea harkaitz soltez garbitzeko aprobetxatu nuen.

- Lasai, ez naiz erori ta, jejeje!!! – botatzen nion irribarretsu harkaitz bat bota eta sortutako burrunbak hormetan oihartzun egiten zuen bakoitzean.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+/V.

- Hemendio gora ebidentena hor ikustean kanaletio eskalatzea izangoela ustet – esan zidan Asierrek monolitoa eskuin-ezker mozten duen kanal nabarmen bat seinalatuz – gañea han goien parabolt bat ikustea.

Hirugarren luzeko nondik norakoak.


Rafak bere blogean idatzitako kronika irakurri eta Asierrek adierazitakoa baieztatu genuen. Bilgunearen gainetik atera eta zertxobait eskuinera bota nintzen, harkaitz-zubi txiki batetik zinta bat pasatuz lehen segurua jarri eta monolitoa eskuin-ezker diagonalean mozten duen kanal nabarmenera sartuz (III).

Kanala eskalatzen hasi (III+) eta kordel gorri bat zuen harkaitz-zubi bat ikusi nuenean, luzeko bigarren segurua jarri nuen.

Kordel gorria duen harkaitz-zubitik aseguratu ondoren.

Kanaletik bilgunera egindako argazkia. Kordel gorria ikusi daiteke.

Hemendik gora, monolitoak duen sabai nabarmen bat ekiditen duen kanala pixkanaka tentetu eta estutzen da harkaitz-plaka tente batean urtzen den arte. Metro hauek lasai eskalatu (IV) eta kanalaren amaierara iritsi nintzenean handik gora nituen aukerak aztertzen hasi nintzen.

- Pentsatzet asuntoa hemen hasikoela – Bota nion Asierri -, kontutan izanda hortxe parabolta daula…

Harkaitz-plakara pasatu eta paraboltetik aseguratu nintzenean (IV+) monolitoaren ezker hormatik gertu mantenduz eskalatzen jarraitu nuen, hormaren oinean ddagoen arrail nabarmenak babariar moduan eskalatzeko ematen duen aukera aprobetxatuz (V). Harkaitz-plaka tentea bada ere, arrailak lasaitasunaren mesedetan friend-ak trabatzeko aukera handiak ditu.

Harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu nuen ipuru batekin topo egin nuen arte. Ipuruaren atzean erlaitz apurtu batek jarraitzen zuela ikusi nuenean, aurrera nondik jarraitzearen zalantza piztu zitzaidan.

- Nik esango nuke goraka zuzen eskalau beharren zarela – esan zidan Asierrek Rafaren kronika kontsultatuz – zuhaitzen atzetio harrik suelto darela jartzeo.

Asierrek esandakoari kasu eginez, ipurua dagoen lekutik gorako horma bertikala zuzen eskalatzen hasi nintzen.

Zirrara eta beldur pixka bat ematen badu ere hormak helduleku oso onak ditu. 2-3 metro eskalatuak nituenean (IV+) eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egiten hasi nintzen monolitoaren sabaiaren gainetik kokatu nintzen arte (IV+).

- Zaile baño gehio inpresionau itteo – bota nion eskaltzen jarraitu aurretik.

Hemendik gora, hormak dituen helduleku onak aprobetxatuz zuzen jarraitu nuen eskalatzen (IV), monolitoaren gainera iritsi nintzen arte.

Monolitoaren gainera iristen.

Parez-pare gaurkoan eskalatuko genuen hurrengo monolitoa azaldu zen, sabai nabarmen eta beldurgarri bat duena. 5-6 metro erdi-oinez ibili ondoren bigarren monolitoaren oinera iritsi nintzen. Bilgunea ezker aldean dago, uztaidun bi paraboltez osatutakoa.

Hirugarren bilgunean. Argazkian laugarren luzearen nondik norakoak adierazi ditut.

- Laugarren luzea, 40 metro, IV+/V. Monolitoaren sabai nabarmena honen ezkerrean dagoen 5-6 metro inguruko diedro bertikal bat eskalatuz saihesten da.

Asier lehenengo 2 metroak eskalatu, eta diedroa babesten duen paraboltetik aseguratu ondoren, beste metro pare bat eskalatu zituen diedroaren ezker aldean dagoen erlaitz batera iritsiz (IV).

Diedroaren lehen metroetan.

- Zemuz?
- Oaingoz ondo – erantzun zidan aurretik zuena baloratzen zuen bitartean.

Erlaitzan.

Diedro hau eskalatu ondoren, hormaren ertzeraino iristen den bigarren diedro bat eskalatzen da, eskuinera diagonalean doana. Asier metroak pixkanaka eskalatzen hasi zen, harkaitz bakoitza eutsi aurretik hormara itsatsia zegoela konprobatuz. Gero nik ere baieztatuko nuen moduan, bigarren diedro honek helduleku on eta sendoak ditu, nahiz eta harkaitzaren itxurak hori ez adierazi. Hemen ere garbiketa lana handia egin dela nabaria da.

Bigarren diedroa eskalatzen.

Diedroa eskalatu eta hormaren ertzara igo zenean, bertan aseguru bat jarri zuen (IV).

- Errexa da baña harkaitzek eztu konfiantza haundik ematen… - esan zidan talkie-tik.

Hormaren ertzean.

Hormaren ertzetik metro gutxi batzuk eskalatu ondoren Asierrek ertzaren ezkerretik eskalatzen jarraitu zuen (IV+), bigarren monolitoak atzean osatzen duen ezproiaren gainera iritsiz. Bertan, lurrean dauden bi harkaitz-zubietatik pasatako sokak aprobetxatuz bilgunea muntatu zuen.

- Hemen nundio jarraittuzu? – Galdetu nion bigarren diedroa eskalatu ondoren hormaren ertzara iritsi nintzean.
- Nik zertxobait ezkerretio jarraittuet – erantzun zidan.
- Erditio eskalatzea pentsatzen ai naiz.
- Segi lasai, segundo junda etzea eroiko ta…

Ezproiaren gainera iristeko eskalatu behar den zatia. Asierrek sokaren ezkerretik eskalatu zuen, nik aldiz sokaren eskuinetik, ezproiaren erditik.

Asierrek animatuta ezproiaren erditik eskalatzen jarraitu nuen. Itsasgarritasunezko pasagune pare bat dituen arren, soka gainetik izateak ematen duen konfiantzarekin ezproiaren metro hauek uste baino errazago eskalatu (V) eta bilgunera iritsi nintzen.

Ezproiaren gainara iristen.

Azken luzeak zeharkatzen duen ertza nabarmena eta laugarren “bis” bilgunea identifikatu genuenean, bertara zuzendu ginen. Laugarren “bis” bilgunea ertzaren ezkerrean dagoen arte nabarmenaren enborrean pasatako soka batez osatuta dago. Bertara iristeko, 10-12 metro besterik ez ginen ibili.

Bosgarren luzearen nondik-norakoak.

Asier laugarren bilgunean.

- Ea azkeneko largo hau zemuzkoaen – esan nion Asierri soka pasatuz.
- Seguro pare bat jartzeittuzunen atzeagotio aseguraukoizut hobe ikusteko.
- Ados!!!

- Bosgarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunea osatzen duen arteren eskuinera pasatu, eta eskuinerako joerarekin eskalatuz, gainean dagoen ertzera igo nintzen (III). Behin ertzaren gainean, aseguru bat jarri eta ertzaren ahotik mantenduz metroak eskalatuz jarraitu nuen parabolt bat topatu nuen arte (III). Paraboltetik aseguratu ondoren ertza zertxobait tentetzen da, punta batera iritsiz (IV).

Ertzaren puntan.

Ertzaren puntati behera egindako argazkia.

Puntara igo nintzenean (IV), luzea amaitzeko falta zitzaidan zatia aztertzen hasi nintzen: parean nuen horman parabolt eta kordel gorri bat identifikatu nituenean argi gelditu zitzaidan horma zeharkaldi bat eginez zeharkatu beharko nuela. Hau ikusita eta eskuinera jo beharko nuela jakinda, puntaren inguruan zinta-uztaia jarri eta express-zinta bat pasatu nion, sokak nik jarraitu behar nuen bide bera jarraitzeko. Modu honetan, soka jasotzeko garaian ez nion Asierri amildegira tira egingo.

Azken bilgunera iristeko egin behar den zeharkaldia.

Puntaren bestaldean dagoen arrakalara jaitsi, zeharkatu, eta hormara pasa nintzen.

Horma ezker-eskuin noranzkoan zeharkatzen hasi nintzen, hasieran horizontalean, eskuak baino oinak non jarri ongi begiratuz, parabolt batera iritsi nintzen arte (IV+). Zeharkaldia ikusgarria bada ere ez zitzaidan zaila iruditu heldulekuak oparoak dira eta, oinentzat batez ere. Paraboltetik aurrera zeharkaldia horizontal izatetik diagonal izatera pasatzen da, baina zailtasunari dagokionez ez da zailagoa (IV).

Kordel gorri batetik zeharkaldiaren bigarren asegurua jarri ondoren, IV zailtasuneko pasagune motz bat eskalatu, eta zailtasun guztiak amaituta, harkaitz baten harkaitz-zubietan jarritako bi kordel motz aprobetxatuz bilgunea muntatu nuen.

Bosgarren, eta azken, bilgunea.

Bosgarren bilgunea muntatzen.

Asierrek azken luzea presarik gabe eskalatu zuen, lasaitasun osoz, hilabeteetako lesioaren ondoren galdutako sentsazioak berreskuratu nahiko balitu bezala.

Ertzaren lehen metroetan...

Ilusio handia eman zidan kontzentratuta eta gozatuz zihoala ikusteak.

Ertzaren puntan.

Ertzaren puntatik egindako argazki honetan seguruak non dauden hobe ikusi daiteke.

- Zemuz jun da? – Galdetu nion bilgunera iristear zegoela.
- Asko gustau zait, oso estetikoa – erantzun zidan – hau dron batekin grabatuzkeo kriston irudik grabatukoie…
- Ya lo creo…

Bilgunera iristen...

Harkaitz zabal batean eserita, trasteak jaso eta motxilan gordetzen genituen bitartean, lehen luzearen hasieratik bidelagun izan genuen brisaren bultzadarekin putre pare bat hegan pasa ziren, hegoen mugimendua brisaren kapritxoetara egokituz. La Lezetik gora pasatako beroaldia ahaztuta, eskalada tenperatura onean egin genuen, bero handirik pasa gabe.

- Bide earra, eh? – bota nion Asierri kantinplorari azken ur tantak lapurtzen nizkion bitartean.
- Bai, asko gustau zait – erantzun zidan -, esango nuke ezagune itteanen Arista de los Caracoles-i protagonismoa kendukoiola…

Kronikaren hasieran idatzi dudan moduan, "Barraskiloen ertzaren" estiloko bidea iruditu zitzaigun, teknikoki zailagoa eta estetikoki basatiagoa, “hemen gehio eskalatzea”, Asierrek esan zidan moduan. Ekipatuta dagoen moduagatik eta jarraitzen duen ibilbideagatik guri bide hau gehiago gustatu zitzaigun, beharbada berria delako, beharbada "Barraskiloen ertza" askotan eskalatu dugulako. Gure uste apalean Eginon eskalatu beharreko bidea izango litzateke, gomendagarria ehuneko ehunean.

Bidea eskalatu ondoren biok zoriontsu.

Eguzkia arratsaldeko itzalak luzatzen hasi zenean beherako bidea hartu genuen. Bidearen amaieratik gora mugarri txiki batzuk jarraituz, Doña Eusebia hormaren gainera iritsi, eta hormaren ertzetik asko aldendu gabe, ezkerrera hartu (mendebaldea) genuen, bidexka bat iristen den mendi-lepo batera iritsi ginen arte. Bertatik jarraituz, Olano mendira doan ohiko bidearekin bat egin eta La Lezera itzuli ginen, hormari argazki batzuk egiteko denborarekin. Nomadak kontu kontari jarraitzen zuten, denbora gelditu izan balitz bezala. Zein ederrak diren mendiko abenturak lagunen artean partekatzen direnean!!!

Oharra: Jaitsiera honen inguruko azalpen zehatza irakurri eta “track”-a jaitsi nahi baduzue, hemen klik egin dezakezue.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- viejas zapatillas bloga. 2021/07/14. Imserso Extrem. Egino, 225 m 5a.. Eskuragarri: https://viejaszapatillas.com/2021/07/14/imserso-extrem-egino-225m-5a/


jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07