blogak

Smithyrenbloga

BERIAIN (1.493 M), AKERREGIKO HAMABIETAKO BARGAKO OHIKO BIDETIK, III. 2019/10/27

Egunsentiko ikuskizuna.


Beriain, zimur erraldoi baten moduan, Ergoiena eta Arakil haranen artean irmo altxatzen da, ipar, hego eta mendebaldean horma bertikalak osatuz. Denbora da horma hauek erakarri nindutela, izan ere Sakana erdibitzen duen A-15 errepideko joan etorrietan, denbora-pasan, ipar horman igoera posibleak maiz irudikatu ditut, elurtuta dagoenean batez ere.

Itsura menperaezina duten arren, Andiako mendilerroa eusten duten horma hauek ahuldaderik badute, hauetako batzuk mendilerroaren gainetik altxatzen diren mendietako gailurretan amaitzen direnak. Mendebaldean adibidez, Beriainpuntako gailurretik gertu amaitzen den Bazkalaitz arrakala dago. Iparrean, Moteaundiko kanala dugu, Beriaingo gailurrera arte luzatzen dena. Amaitzeko, hegoaldean, erdi ezkutatua, badago San Donato baselizatik gertu amaitzen den kanal bat ere.

Azkeneko kanal hau 2019ko urrian “aurkitu” nuen, Akerregiko paxaren inguruko kronika prestatzen ari nintzen bitartean. Ibilbideko krokis orokorrak argazkietan marrazten ari nintzela, Gaandurdi pokala deituriko harritza eta Akerregiko paxa batzen diren lekutik gora hego hormak sakonune nabarmena osatuz bertikaltasuna galtzen zuela ikusi nuen. Argazki ezberdinak begiratuz sakonunea kanal mehartu batek goitik behera zeharkatzen zuela iruditu zitzaidan, irteera zuzen bat osatuz: “Eta hemendio igotzeik badau?”, izan zen burura etorri zitzaidan lehen galdera.

Galdera honi erantzuna emateko asmoz, urriaren amaieran bertara hurbildu eta Gaandurdi bidean mugarri gehiago eraikitzeko aprobetxatu nuen. Esploraziorako egun honetan irteera zuzen hau ia goraino miatu ondoren, honen ekialdeko saihesbidetik hego-horma eskalatu nuen, irteera zuzenaren goiko zatia zein itsura zuen ikusteko.

- Goizen indet rekonozimendue ta igotzea posible da. Nahiko goraño igo naiz baña azkeneko zatin destrepatzea erabaki det (bion proiektue da, ez legoke ondo bakarrik egitea) ta zeharkaldi bat egiñez goitio atera naiz. – zihoen egun berean Asierri bidalitako whatsapp mezuak.
- Ze ondo!!! Jungo gea!! – erantzun zidan mezua txaloz betez.

Kronika hau prestatzen hasia nintzela izugarrizko ilusioa egingo zidan ezustekoa jaso nuen. Telefonoak “plin” egitearekin batera Iñaki Lizarragaren mezu elektronikoa iritsi zitzaidan. Gipuzkoan bizi den dorrobarraren mezuan, bizitzaren kasualitateak, kanal honen berri ematen zidan bertatik igotzera animatuz. Artzain bidea dela esateaz aparte bertatik Unanuko artzain bat amildu zela esaten dela ere kontatu zidan. Hau gutxi ez bada, kanala “Akerrei hamabitako barga deritzon harkaitzean hasten da, gure Ergoienako zuloan ezaguna hamabietan iruzkiak bertan ematen duelakoz” ere kontatzen zidan. Iñakik emandako azalpen eta bidalitako argazkiak erreferentzi bezala hartuz, ordura arte izenik ez zuenari izena jarri eta esplorazio egunean Akerregiko hamabietako bargako ohiko bidea jarraitu nuela deskubritu nuen. Zenbat eskertu nituen zure mezuak Iñaki!!! Milesker bihotzez!!!


IBILBIDEA

Ibilbidea Unanun hasten da. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz Iturtxiki iturrira iritsiko gara. Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraituko dugu egurrezko langa bat atzean utzi ondoren pagadian sartu eta Gaandurdi bidea hartuz. Bide hau jarraituta, Lurgorri harritza nabarmena ezkerrean utzi ondoren Gaandurdiko pokala harritzara iritsiko gara.

Harritza zuzen igoko dugu, zatirik erosoenak bilatuz. Harritzaren goiko zatian komeni da honen eskuinetik( belarra dagoen lekutik) igotzen jarraitzea, erosoagoa baita. Akerregiko paxara iristea zailtasun handirik ez dauka (II), azken metroetan eskuak oreka mantentzeko erabiliz.

Akerregiko paxa, iparreko noranzkoan zeharkatu, 5-6 metro inguruko irtengune bat eskalatu (II+) eta bertatik gora doan kanal/tximinia mehartua eskalatzen jarraituko dugu (II+/III) paxa zintzilikatu batera iritsiz. Paxa zintzilikatua iparreko noranzkoan zeharkatu eta 4-5 metro inguruko bigarren irtengune bat eskalatu ondoren (II+) bigarren paxa batera iritsiko gara, aurrekoa baino estuagoa, pareko horma bertikalaren oinean dagoena.

Bigarren pasa hoetan eskuinera (ekialdera) bota eta honen amaierara zuzenduko gara eskuinean harritza bat utzita. Pareko ezproira iritsi gabe gora bota eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu hormatik atera aurretik harkaitz oneko plakatxo bat eta hormatxo txiki bat eskalatuz (II-II+). Iñakik esan zidan moduan, ezproiaren ertzetik igotzeko aukera ere badago.

Hormatik aterata, ipar-mendebaldean, 120-150 metro eskasera San Donatoko baseliza dago. Bertara iritsi aurretik I zailtasuneko hormatxo txiki bat eskalatuko dugu.

Jaitsiera Unanutik Beriainera doan ohiko bidetik egingo dugu.

Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz irteera zuzena.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 9 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 631 metro.
- Punturik altuena: Beriain, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dut topatu, baina mendeetan artzainek jarraitutako bidea da.
- Zailtasuna: III.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Unanu herrian eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Eramandako materiala: Kaskoa.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Akerregiko Hamabietako bargako ohiko bidearen krokis zehatza. Gorriz, irteera zuzena.


DESKRIBAPENA

"Egunsentia ikuskizun ederra da; hala ere ikusleriaren gehiengoa oraindik lo dago" dio John Lennonen esaldi batek. Goiz ibiltzeak egunsenti itzel batez gozatzeko aukera eman zidan. Kotxea gidatzen nuen bitartean Beriainen inguruko zerua gorritu zen edozein momentuan suak hartuko balu bezala.

A-10 autobidea utzi bezain pronto, NA-7100 errepidearen bazterrean topatu nuen lehen lekuan kotxea gelditu eta begien parean nuen ikuskizunaz gozatzeko unea hartu nuen argazki kamera sutan jartzen nuen bitartean.

Zerua sutan...


Laranja eta gorri koloreak kolorea galtzen hasi zirenean motorra martxan jarri eta Unanura bizi berrituta zuzendu nintzen. Une magiko hauengatik bakarrik merezi du mendira joatea.

GPS-ak sateliteak aurkitzen zituen bitartean Unanuko kale estuen artetik ihes egindako haizeak eguna fresko izango zela ohartu zidan. Ez nuen bitan pentsatu ere egin martxan jarri aurretik haizerako txamarra jartzeko. GPS-ak sateliteak harrapatu eta "pit" egitearekin batera martxan jarri nintzen.

Iturtxiki iturrira iritsi aurretik.


Iogera lasai hartu nuen, haizeak ez hozteko izerdiaren mugatik pasa gabe. Iturtxiki iturria atzean utzi nuenean inkontzienteki atzera begiratu nuen. Beriainen itzala Sakanan metroak galtzen zituen heinean Aizkorri urre kolorez janzten zihoan, zeruko hodeiekin kolore-paleta ikusgarria osatuz.


Beraien itzala Sakanatik ezkutatzen Aizkorri pizten den heinean.


Zeruak eskeinitako bigarren momentu magikoaren ondoren gaurko eguna borobila izango zenaren sentsazioak hartu ninduen: "ez da posible gaur ezer gaizki ateatzeik" pentsatu nuen.

Hostoek hartzen hasitako Gaandurdiko bidea jarraituz, goizeko bederatziak eta erdietan Gaandurdiko pokala harritzara iritsi nintzen, kotxetik atera nintzenetik ordu betera, gutxi gora behera. Tartean bidea mugarri gehiagoz adierazteko aprobetxatu nuen, atzetik etorri daitezkenaren bidea erraztu asmoz.

Gaandurdiko pokala esmeralda, urre eta kuprez jantzitako basoaren erdian pasillo grisa zirudien.

Gaandurdi pokalaren oinean.


Harritza zuzen igotzen hasi nintzen. Hasierako metroetan harriak handiak eta lurrari sendo lotuak daude, igoera erosoa bihurtuz. Zatirik erosoenak bilatu eta hauspoa gehiegi ez berotzeko “zetak” eginez, metroak arin irabazi nituen.

Harritzaren lehen metroetan, aurrean Akerregiko Hamabietako barga ikusi daiteke.


Pagadia behean geldituz zihoan hein berean harrien tamaina ere txikituz zihoan igoera pixkanaka ezerosoa bihurtuz. Makulurik gabe, izterretatik tiraka hasi nintzen oinazpietan beheraka korrikan hasten ziren harri txikien gainetik metroak irabazi nahian.

Akerregiko Hamabietako barga gertuago. Gorriz eskuak erabiliz igo beharreko zatiak eta zuriz oinez ibili beharrekoak-


Atzera begirada, pagadia pixkanaka azpian geldituz.


Metroak irabazi ahala igoera oso deseroso bihurtu zen. Azkenean harritzaren goiko zatian honen eskuin ertzera pasatu eta honen eskuinetik, belarrak harriari nolabaiteko itsasgarritasuna ematen dion lekutik, igotzen jarraitu nuen, metroak berriro ere arin irabaziz. Goiko tarte honetan, nahiz eta harkaitza sendoagoa izan, zenbait lekuetan kontuz ibili behar izan nuen harriren bat edo beste solte dagoelako.

Harritzaren amaieran. Parean Akerregiko paxara iristeko igoko nuen zatia eta honen gainean hormak duen koba eta Akerregiko Hamabietako bargaren hasierako kanal mehartua.


Akerregiko paxara iristea zailtasun handirik ez dauka (II), eta azken metroetan eskuak “eskalatzeko” baino oreka ez galtzeko erabili nituen. Izan ere, Akerregiko paxara lehen aldiz igo eta 12-15 metro eskas eskuinerago nuen hormatxo inklinatutik igotzea baino errazagoa iruditu zitzaidan.

Gaandurdiko pokala goitik ikusita.


Behin Akerregin, Hamabiko bargako sarrera duen kanal/tximini mehartua identifikatu eta bertara iristeko biderik errazena bilatzen hasi nintzen. Batera eta bestera begiratu ondoren, Akerregiko paxa iparreko noranzkoan zeharkatu eta 5-6 metro inguruko irtengune bat ahal izan nuen leku errazenetik eskalatu nuen kanal/tximiniara zuzenduz. Irtengune edo hormatxo honek zailtasun handirik ez duen arren (II+) zuhurtziaz eskalatu nuen, harriaren sendotasuna erabatekoa ez baita.

Lehen irtengunea eta kanalera iristeko jarraitu nuen bidea. Argazkiaren ezkerrean horman dagoen koba ikusi daiteke.


Kanala oinetik ikusita.


Kanalaren oinetik behera egindako argazkia.


Kanal/tximiniak Txindokiko “Arrastakulos” gogoratu zidan eta bertako harkaitza, hormaren gainetik amildutako harri, elur eta urek zizelkatua, orokorrean ona eta trinkoa da.

Kanaleko lehen metroak  eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Lehen metroen ondoren, monolito batek kanala bitan banatzen du. Ezker adarra belarrez estalia zegoela ikusita eskuinekoa hartzea erabaki nuen. Hankak bi hormetan zabaldu eta tximiniarako teknika erabiliz metroak eroso irabazten hasi nintzen (II+/III). Igoera hau garbi ikusten ez bada, kanal/tximiniaren ezkerrean monolitoak osatzen duen horman friend eta artaka trabagailuak sendo trabatzeko primerako kokalekuak daude.

Kanalaren eskuin adarra, nire ustez bietatik eskalatzeko errazena.


Kanal/tximiniaren zatirik tenteenak eskalatu eta malda belartsu bat igo ondoren, tximinia azpian utzi eta paxa zintzilikatu batera iritsi nintzen.

Tximiniaren irteera.


Etxetik mugikorrean ekarritako argazkia aztertu eta paxa zintzilikatu honen eskuin eta ezkerretik irteerarik ez nuela ikusi nuen. Aukera bakarra aurrera jarraitu eta paxa honen gaineko paxa estu batera iristea zen.

Mugikorra poltsikoan gorde eta paxa iparreko noranzkoan zeharkatu nuen, 4-5 metro inguruko irtengune inklinatu baten oinera iritsiz. Bigarren irtengune edo hormatxo hau eskalatu ondoren paxa estura iritsi nintzen, behean utzitakoa baino estuagoa, parean nuen horma bertikalaren oina alderik alde zeharkatzen duena. Bigarren irtengunea, lehenengoaren moduan, zailtasun handik ez dauka, II+ inguru, baina hemen ere harriren bat edo beste aske topatu nuen.

Bigarren irtengunea eta ohiko bideak jarraitzen duen bidea (puntu zuriz). Puntu gorriz, irteera zuzena.


Bigarren paxatik gorako aukerak aztertzen hasi nintzen: ezkerrera botaz gero kanal itsurako horma tente bat zuzen-zuzen hego horma igotzen zuen bitartean. paxa eskuinera amaiera arte jarraituz irteera errazago bat topatuko nuela ikusi nuen. Gaurko eguneko helburua irteera zuzena esploratzea zenez, paxan metro batzuk ezkerrera bota eta belarrez estalitako horma baten azpian kokatu nintzen.

Bigarren irtengunearen gainetik behera egindako argazki honetan tximiniaren irteera eta paxa zintzilikatua ikusi daitezke.


Gainean nuen hormak bi adar ditu, biak monolito batez bananduak. Ezker adarrak gainetik zer zuen erakusten ez zidan pasabide estu bat zuela ikusita, eskuin adarrera zuzendu nintzen. Lehenengo metroetan belarrari helduz metroak irabazi eta zuhaixka zabal bat ezkerean utziz belar eta harriak tartekatzen dituen horma bertikal batera iritsi nintzen.

Eskalatzen nuena eskalatzen nuela jaisteko kapaz izan beharra nuela argi nuen, goian pasabide zail bat topatuz gero ez aurrera ez atzera ez gelditzeko. Ideia hau buruan hormaren lehen metroak eskalatzen hasi (III) arren berehala beheko bidea hartzea erabaki nuen. Gainetik nuena segurtasunez jaisteko kapaz izango nintzen ez nuen argi.

Lehen saiakeraren ondoren zuhaixka zabalera itzuli eta, zeharkaldi horizontal bat eginez, ezker adarra eskalatzen hasi nintzen. Kanal hau ere, eskuinekoa bezala, tentea da, tarte askotan belarrari heldu beharrekoa eta aseguratzeko aukera gutxikoa. Zailtasunaren aldetik III/III+ inguruan izan daitekela iruditu zitzaidan. Belarra luzeagoa izanda txarrenetik erdi arrastaka jaitsiko nuela pentsatuz metroak irabaziz joan nintzen. Baina kanala estutzen den pasabidetik 8-10 metrora nengoela, hormaren amaiera gertu ikusi arren, estutasunetik gora zer zegoen ez ikusteak eta bertan ez aurrera ez atzera geldituko nintzenaren beldurrak hormatik jaistea behartu ninduen, hormaren oineko paxa estura itzuliz. "Hau hurrengon hobe sokakin saiatzen bagea" pentsatu nuen. Honetaz aparte, Asier ondoan ez izateak ere erabakia hartzeko garaian pisua izan zuen, irteera zuzen hau eskalatzea bion proiektua baitzen.

Irteera zuzena paxa estutik ikusita. Lehen saiakera itzalpean dagoen belar eta harrien artean eskalatu nuen.


Kanalaren oinean, paxan bertan zuhaitz bat ikusi nuen. "Sokakin etortzen geanen hemen reunioa montauko deu" pentsatu nuen.

Bilgune posiblea muntatu ahal izateko zuhaitza.


Irteera zuzena eskalatzearen beroaldia atzean utzita bigarren aukera hartzea erabaki nuen. Paxa estuan eskuinera (ekialdera) bota eta, oinez, honen amaierara zuzendu nintzen eskuinean harritza txiki bat utzita.

Paxa estuan jarraitutako bidea.
 

Hasierako asmoa pareko ezproiraino iritsi eta bertatik gora igotzen jarraitzea zen. Baina bertara iritsi baino lehen zuzen igotzen jarraitzea posible zela ikusi eta zuzen igotzen hastea erabaki nuen, tarteka belarrari helduz (II).

Atzera begirada. Argazkian bi paxen arteko irtengunea eta irteera zuzena (ezkutuan) ikusi daitezke, baita paxa estuan jarraitutako bidea ere.


Zuzen eskalatzen jarraitzea erabaki nuen lekua.


Metroak irabazi ahala horma ere zertxobait tentetzen zihoan baina zailtasun handirik gabe. Hormatik atera aurretik harkaitz oneko plakatxo bat (II) eskalatu eta metro pare bat pasatxoko hormatxo txiki baten azpira iritsi nintzen.

Harkaitz-plakatxoaren oinetik behera egindako argazkia, panorama ikusgarria da.


Argazki pare bat egin ondoren hormatxoa eskalatzen hasi nintzen.

Azken hormatxo honetako eskalada orokorrean, nahiz eta harriren bat kolokan izan, segurua da eta zailtasunaren aldetik II+ inguruan izan daitekeela iruditu zitzaidan. Iñakik bidalitako mezuan beraiek eskuinean utzi nuen ezproiaren ertzetik igotzen zirela esan arren, pentsatzen dut zailtasunaren aldetik antzera ibiliko dela.

Azken hormatxoa eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Hormatxoa eskalatuta, ipar-mendebaldean, 120-150 metro eskasera San Donatoko baseliza ikusi nuen.

Pombie aterpea atzean utzi ondoren


Harlauz ezberdinen gainetik zeharkaldi horizontala eginez irteera zuzenaren irteerara zuzendu nintzen pasabide estuaren gainetik zer zegoen deskubritzeko irrikan. Bertara iritsi nintzenean ezkutuan gelditzen den zatia erraza zela egiaztatu nuen. Alde batetik pena sentitu nuen pasabide estua eskalatzen saiatu ez izanagatik baina alde berean. Asier eta bion proiektua dela kontutan izanda, ez nintzen ongi sentituko irteera zuzena bakarrik eskalatu izan banu.

Irteera zuzenaren azken metroak, azpian pasabide estuaren irteera ikusi daiteke.


Irteera zuzenaren amaieran kaskoa motxilan jaso eta, “ohiko mendizalez” mozorrotuta, San Donatoko baselizara zuzendu nintzen, bertara iritsi aurretik I zailtasuneko hormatxo txiki bat eskalatuz.

San Donatoko baseliza.


Goian haizeak bazterrak ederki hozten zituen bitartean, baselizan gelditu gabe Beriaingo buzoi eta gailurrera zuzendu nintzen.

Beriaingo buzoi eta gailurra.


Gailurraren ekialdeko aurpegian babes bat aurkitu eta harri artean eseri nintzenean igoeraz gozatzen hasi nintzen. Beriaingo hego hormaren atea ireki berria nuen baita irteera zuzenaren misterioa ere. Ezin nuen gehiago eskatu. Zoriontsu, ekialdera begira, begien aurrean nuen ikusmiraz gozatzea besterik ez nuen.

Ekialdeko bista zoragarriak. Pirinioak zeru-ertzean.


Jaitsiera pozaz zoratzen egin nuen, Asierri egindako aurkikuntzaren berri emateko irrikan. Etxera iritsi bezain pronto whatsapp mezu bat bidali nion:

- Goizen indet rekonozimendue ta igotzea posible da. Nahiko goraño igo naiz baña azkeneko zatin destrepatzea erabaki det (bion proiektue da, ez legoke ondo bakarrik egitea) ta zeharkaldi bat egiñez goitio atera naiz. - esan nion Akerregiko Hamabietako Bargaren ohiko bidea eskalatu nuela oraindik jakin gabe.

- Ze ondo!!! Jungo gea!! – erantzun zidan mezua txaloz betez.

"Noski jungo geala" pentsatu nuen.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07